ZORTZIGARREN KAPITULUA
Kixote jaun bihozdunak
haize-erroten gertaldi izugarri eta
inoiz pentsatu gabean eduki zuen egokiera onaz,
oroitzapen zoriontsuaren merezient diren
beste zenbait gertakarirekin
Bat-batean, hogeita hamar edo berrogei haize-errota ikusi zituzten, zelai hartan daudenak, eta ikusi zituen bezain laster, honela esan zion Kixote jaunak ezkutariari:
Gutiziatzen genuen baino hobeki gidatzen ditik patuak gure urratsak; hor ikusten baituk, Anso Sabel adiskide horrek, non agertzen diren hogeita hamar edo zenbait gehiago gigante amorratu, eta horiekin sartu nahi nauk guduan, eta bizia kendu nahi dirauedak, haien hondakinez has gaitezen aberasten, hau gerra ona baita, eta Jainkoaren zerbitzu leiala lurraren azalaren gainean hain hazi gaiztoa kentzea.
Zein gigante? esan zuen Anso Sabelek.
Han ikusten dituan haiek ihardetsi zuen Kixote jaunak, beso-luzeok, batzuk bi legoakoak.
Begira beu berorrek erantzun zuen Ansok. Han agertzen diren haiek ez direla giganteak, haize-errotak baizik, eta bertan beso diruditen horiek haizearen indarraz errotarria mugitzen duten adarrak direla.
Ongi zirudik erantzun zuen Kixote jaunak mentura-bila ibiltzea zer den ez dakiala; horiek erraldoiak dituk; eta beldur bahaiz, hortik ken hadi, haiekin gatazka odoleztatu eta desberdinean sartzen naizen bitartean, otoitz egik.
Eta hau esanik, Rozinante bere zaldiari ezporeekin jo zion, Anso bere ezkutariak egiten zizkion deiadarrei konturik eman gabe, honek gaztigatzen ziola atakatzera zihoakien haiek dudarik gabe zirela haize-errotak, eta ez giganteak. Baina giganteak zirela hain iritzi finkoan zebilenez gero, ez zuen Anso bere ezkutariaren aldarririk entzuten, oso hurbil egon arren, egiazki zer ziren ez zuen ikusten; gainera bere eztarririk lodienarekin ziotsen:
Ez egizue ihesik, izaki kobarde eta etoiok; bakarrean atakatzen baitzaituzte zaldun batek.
Bat-batean aire bolada bat etorri zen, eta eiheraren adar haundiak mugitzen hasi ziren; hau ikusirik esan zuen Kixote jaunak:
Briareo erraldoiak baino beso gehiago mugituko baldin badituzue ere, pagatu egin beharko dizkidazue.
Eta hau esanik, bihotz guztitik bere andere Dultzineari gomendatuz, halako trantzean sokorritzea eskatuz, bere ezkutuak ongi babesturik, lantza galtzarbean, Rozinanten lau-oinka, aurrean zeukan lehen eiherari oldartu zion; eta adarrean lantzakada emanez, haserre haundiz astindu zuen haizeak, eta lantza apurtu zuen, zaldia eta zalduna berekin eraman zituela, zelaitik zilipurdika kolpe haundiekin erori zirenak. Laguntzera hurbildu zitzaikan Anso Sabel, bere astarraren abiadurarik haundienean, eta heldu zenean ezin mugi zitekeela aurkitu zuen; hain deskalabro haundia hartu zuten Rozinantek eta biek.
Jainkoa balia bekit! esan zuen Ansok. Ez al nion esan berorri, zer egiten zuen begira zezala, haize-eiherak baizik ez zirela, eta burua haizez beterik zeukana baizik ezin ahantz zitekeela horretaz?
Isil hadi, Anso Sabel erantzun zuen Kixote jaunak gaurrerakoak baino areago mutatzen direla gerrako gauzak; are gehiago, nik pentsatu egiten dudalako, eta hala baituk egia, gela eta liburuak ebatsi zerauzkidan Freston jakintsu hark, haien bentzueraren gloria ostearren, eiheretan bilakatu dituela giganteok: hain ziadukadak etsaitasun haundia; baina azken fin batean nire ezpataren ondadearen kontra guti ahal izanen dik haren arterio gaiztoak.
Ahal duen bezala begi Jainkoak erantzun zuen Anso Sabelek.
Eta jaikitzen lagundu ziola, berriz ere jarri zen Rozinanteren gainean, hau bizkarraren erdia galduta egon arren. Eta gertatutako nahigabeaz mintzatzen zirelarik, Portu Lapitzera hartu zuten bidea, han esaten baitzuen Kixote jaunak ez zitzaiela trantze bakan eta ugaririk faltako, pausaje sarriko lekua baitzen, eta damu haunditan zihoan, lanzak huts egin ziolako; eta honela esan zion haren ezkutariari:
Orain gogoratzen nauk nola behin irakurri nuen, Diego Perez Vargas izeneko espainiar zaldun batek, gatazka batean ezpata apurtu zitzaion behin, arte batetik adar edo enbor astun bat pikatu zuela, eta egun hartan hainbeste balentria egin zuelako eta hainbeste mairu hil zituelako Maxukaren goitizenez bir-bataiatu ziaten, eta hala egun hartatik aurrera, hari eta haren ondokoei Vargas eta Maxuka iritzi zaie. Hala esan derauat suertatuko zaidan lehen arte edo haritzetik beste enbor bat pikatuko dudalako nik ere, gogoan daukadan bezain on bat; eta hartaz hain gogoangarrizko egitateak bururatuko ditudanez geroz, haiek ikustera etortzearen merezient izan haizelako, eta nekez sinetsiko diren gauzen lekuko izan haizelako, hire burua zoriontsutzat edukiko duk.
Jainkoaren eskuetan gera bedi esan zuen Ansok; nik guztia berorrek esanda bezala sinesten dut; baina pixka bat zuzen bedi, alde batera makurturik baitoa, hartutako palizari eskerrak, noski.
Hala duk egia erantzun zuen Kixote jaunak, baina hala ere ez nauk minagatik kexatzen, zaldun ibiltariok ez baitiagu gure minengatik kexatzeko eskubiderik, nahiz eta edekitako zauritik hesteak jalgiko badira ere.
Hala baldin bada, ez dut nik zer ihardetsirik erantzun zuen Ansok; baina badaki Jainkoak, berori, doloreren batek min egiten dionean, gogoz kexatu balitz, nik atsegin hartuko nukeela. Niregatik esana behar dut, hartutako minik apurrenagatik ere eginen naizela kexatu, zaldun ibiltarien ezkutariok halako eskubiderik badugu, behintzat.
Bere ezkutariaren sinplekeriaz barre egin zuen Kixote jaunak; eta honela esan zion edonola eta edonoiz kexa ahal zitekeela, nahiz gogoz eta nahiz desgogara ere; kontrakorik ez zuela oraindik irakurri zaldierizko liburuetan. Ansok bazkaltzeko ordua zela kontuan har zezala esan zion. Ugazabak ordukotz jatekoaren beharrik ez zuela erantzun zion; nahi adina jan zezala berak. Baimen honekin, ahalik eta gogaren gertatu zen Anso bere astoaren gainean, eta bertan zeukana alprojetatik ateraz, ibiltzen eta jaten zihoan bere ugazabaren atzean, oso geldiro, eta noizean behin zahatoa makurtzen zuen, hain gustura eta atseginera, non Malagako tabernaririk aberatsena haren bekaizkerian egonen zen. Eta hain modu egokian zurruta gozoetan zebilen bitartean, bere ugazabak egindako promesez ez zen oroitzen ere, eta nahiz oso arriskutsuak izan, menturen bila joatea ez zuen neketzat hartzen, atseden haunditzat baizik.
Azken delibero batean, gau hura arbolarte batean igaro zuten, eta haietatik batetik Kixote jaunak adar ihar bat hartu zuen, ea hartaz lantza batez bezala balia zitekeen, eta apurtu zitzaionaren berdina jarri zuen bertan. Gau hartan guztian ez zuen Kixote jauna loak hartu, Dultzinea beraren andereaz egiten zuela gogoeta, hala irakurrita baitzeukan liburuetatik, loak hartu gabe igarotzen zituztela zaldunek gau ugari asko lorategi eta deserrietan, beren andereen oroitzapenen entretenimenduan. Hala ez zuen Anso Sabelek igaro; urdaila beterik, eta ez zikuri-urez, zeukanez gero, loaldi batek harrapatu zion osorik, eta nahikoa ez ziren izanen, bere ugazaba iratzarri ez balu, ez aurpegiaren gainean erortzen zitzaizkion eguzkiaren printzak, ez eta egun berriaren etorrera salutatzen zuten hegazti ugari eta alaien kantuak ere. Jaiki zenean, musu bat eman zion zahatoari, eta bezperan baino argalago aurkitu zuen, eta bihotza tristatu egin zitzaion, huts hura erremediatzeko medio bizkorrik ediroko ez zuela iruditu baitzitzaion. Kixote jaunak ez zuen gosaldu nahi ukan, zeren, esanda daukagun bezala, oroitzapen gozoez alimentatzen baitzen. Portu Lapitzera ekin zioten berriz ere lehenengo bideari, eta haren aurrean aurkitu ziren eguerdiko hiru orduak jo orduan.
Hemen esan zuen Kixote jaunak, hura ikusi zuenean sartuko ditiagu Anso Sabel ene anaia, eskuak ukalondoetaraino mentura deitzen dioten gauza horretan. Baina kontu har ezak, munduko arriskurik haundienetan ikusten banauk ere, ni defenditzearren ez duala hire ezpataren gainean eskurik ipini behar, ofenditzen nautenak jende likits eta doilorra dela ikusten ez baduk behintzat, kasu horretan ederki defendi bainazakek; baina zaldunak balira inola ere ez zaik ez zilegi ez sori izanen zaldieriaren legeen arabera, hi ere zaldun arina hadien arte, niri laguntzea.
Egia esan behar deraukat arrapostua eman zuen Ansok, berorri arras ongi izanen dela horretan obeditua, are gehiago, ni neronez txit baketsua naizela, eta nire burua iskanbiletan eta erriertetan sartzearen etsaia; egia da berriz, nire pertsona defenditu behar baldin badut ez dudala lege horiez kontu haundirik eginen, gizonarenak eta Jainkoarenak esku ematen baiteraukate norberari iraindu nahi duenarengandik defenditzeko.
Ez zioat nik gutiagorik erantzun zuen jaun Kixotek; baina zaldunen kontrako defentsa honetan alde batera utzi behar dituk hire barreneko entregu horiek.
Bai, horrela eginen dudala diot ihardetsi zuen Anso Sabelek, eta agindu hori igandearen festa bezala gordeko dudala.
Argudio hauetan hari zirela Jaundone Beneditoaren bi fraile agertu ziren, gamelu biren gainean zamaldun; haien azpiko mandoak gameluak baino tipiagoak ez baitziren. Beren anteojoak eta parasolak zekartzaten. Haien atzean kotxe bat zetorren, eta honen inguruan lau edo bost zaldizko, eta bi manda-zain oinezko. Kotxean zetorren gero jakin zuten bezala, andere euskaldun bat, Sebillara zihoana, beraren senarrarengana, han, oso kargu ohoredun batekin igaroko baitzen. Fraileak, bide berean bazetozen ere, ez zihoazen berarekin; Baina Kixote jaunak biak ikusi zituen bezain fite, honela esan zeraukan bere ezkutariari:
Asko engainatuko nauk hemen presentatzen ez bazait inoiz ikusi ez den menturarik sonatuena; hor agertzen diren bi itzal beltz horiek, agian baitira, eta seguruan baitira, kotxe horretan arrobaturik printzesaren bat daramaten enkatari batzuk, eta bidegabe hau nire botere guztiaz desegin behar baitut.
Gertakari hau haize-errotekilakoa baino gaitzagoa izanen da esan zuen Ansok. Begira beu, jauna, horiek Jaundone Beneditoaren fraileak direla, eta kotxea jende igarolariarena izanen dela. Begira beu nola diodan ongi begira duela zer egiten duen, ez dezan deabruak engaina.
Esan derauat, Anso erantzun zuen Kixote jaunak, guti dakiala mentura-gaietan; nik diodana egia duk, eta agudo ikusiko duk.
Eta hau esanik, aurreratu egin zen, eta fraileak zetozen bidearen erdi-erdian baratu zen, eta esanen zuena entzunen zuten lekura igarri zuenean, boz lodiaz esan zuen:
Jende deabrutu eta neurririk gabekoa, utz ezazue berehala kotxe horretan bortxaturik daramatzazuen printzesa gorenak; bestela, heriotza sarri bat errezibitzera gerta zaitezte, zuen egintza gaiztoetarako zigor merezia.
Fraileek zamariak geldiarazi zituzten, eta miretsirik geratu ziren, nola Kixote jaunaren itxuraz hala haren arrazoiez, eta honela erantzun zuten:
Zaldun jauna, gu ez gara ez deabrutuak ez neurririk gabekoak, gure bidean goazen Jaundone Beneditoaren anaia bi baizik, eta kotxe horretan batere printzesa bortxaturik datozen ala ez datozen ez dakigu.
Nirekin ez dute balio hitz bigunok; ongi ezagutzen baitzaituztet, likits alaenok.
Eta besterik iguriki gabe, ezproiez akuilatu zuen Rozinante, eta bere lantza galtzarbean, hain amorru eta arrabia haundiarekin oldartu zen lehen frailearen kontra, non, honek bere burua mandotik behera bota ez balu, Kixote jaunak erorraraziko baitzuen lurrera, haren borondatearen kontra eta gaizki zauriturik gainera, edo guztiz hilik. Bigarren fraileak, bere lagunak hartuta zegoen tratamendua ikusi ondoren, bere mando gazteluan ihes egin zuen, eta haizea bera baino bizkorragoa, korrika hasi zen zelai hartatik.
Anso Sabel frailea lurrean eroririk ikusita, bere astotik arinki jautsirik, haren gainean oldartu zen, eta jantziak eranzten hasi zitzaion. Bien bitartean fraileen morroi bi etorri zitzaizkion, eta zergatik eranzten zuen galdatu zeraukaten. Honela erantzun zerauen Ansok, hura legez zela berea, bere jaun Kixotek irabazitako guduaren bahimenduz. Morroiek txantxa-gaietan jakintsu ez zirenak, gatazkak eta bahimenduak zer diren ere ez zekitenak, Kixote jaunak kotxean zetozenekin mintzatzen handik apartaturik zegoela ikusirik, Ansoren kontra oldartu ziren, lurrera amildu zuten, eta bizarrean bilorik utzi ez zeraukatelarik, ostikoka jo zeraukaten, hatsik eta konorterik gabe abandonatu zuten lurrean atinik; eta pixka batean ere gelditu gabe, bere zamarira itzuli zen frailea, beldur eta herabe haundiarekin, aurpegian kolorerik ez zuela; eta bere burua mandoaren gainean ikusi zuen bezain fite, bere lagunaren gibelera abiatu zen, handik ez oso urruti zain zeukana, eta asaldu hura zertara etorriko zen itxaronean, eta gertakari haren bukaera ikusi nahi gabe, bere bideari ekin zeraukaten, atzean deabrua bera utziko baitzuten baino puies gehiago egiten zutela.
Esana dugun bezala, kotxeko anderearekin mintzatzen zen Kixote jauna, honela ziotsala:
Berorren edertasunak, nire anderea, zure buruarekin gogoen duena egin dezake, beso indartsu honek erorrarazirik berorren arrobatzaileen harrokeria lurretatik baitatza; eta berorren salbatorearen izena ez ezagutzeagatik minik har ez dezan, jakin beza Mantxako Kixote jauna deritzodala, zaldun ibiltari eta mentura-bilatzailea, eta Tobosoko Dultzinea andere paregabe eta ederraren gatibua; eta niregandik errezibiturik dagoen mesedearen paguan, ez dut besterik nahi ezpada bihur dadila atzera berriz Tobosora, eta nire partetik presenta dakiola andere horri, eta esan diezaiola berorren libertatearen alde egin dudana.
Kixote jaunak zioen guzti hau kotxearen laguntasunean zetorren ezkutari batek aditzen zuen, euskalduna bera, eta kotxea aurrera igarotzen utziko ez zuela eta bai atzera Tobosora bihurraraziko zuela ikusirik, Kixote jaunari joan zitzaion, eta, lantzatik eutsirik, molde honetan esan zeraukan erdal gaizto edo euskal gaiztoago batean:
Adi ezak, urrats gaitzeko zalduna; hala hazi ninduen Jainkoagatik, kotxe hori uzten ez baduk, hil eginen haut euskaldun honek.
Ongi konprenitu zuen Kixote jaunak, eta sosegu haundiarekin erantzun zeraukan:
Zalduna bahintz, eta agerian zagok ez haizela, hire ergelkeria eta ausartzia zigortuko nuke, urrikari hori.
Euskaldunak honela ihardetsi zeraukan:
Ez naizela ni zalduna? Jainkoagatik zin egiten diat kristauok ez bezala dioala gezurra. Alde batera uzten baduk lantza, eta ezpata ateratzen baldin baduk, sarri ikusiko duk zein den katua daraman ura! Lehorrez euskalduna, itsasoz zalduna, deabruaren bertutez nauk zalduna, eta besterik badiok, gezurra diok.
Orain ikusiko duzu, esaten omen zizun Agrajesek erantzun zuen Kixote jaunak.
Eta lurrera lantza botaz, ezpata atera zuen maginatik, ezkutuaz estali zuen besoa, eta bizia kentzeko asmoarekin, euskaldunaren kontra abiatu zen. Etortzen ikusi zuen bezain sarri, alokatua baitzen fidatzekoa ez zen bere mandotik jautsi nahi ukan bazuen ere, bere ezpata atera baizik ezin egin ukan zuen ezer; baina nola kotxetik guztiz hurbil zegoen, bururdi bat hartu zuen bertatik, eta ezkutu gisa baliatu zen hartaz, eta hara non joan zitzaizkion biak elkarri, etsai amorratuak balira bezala.
Aldameneko jende guztiak baketu nahi izan zituzten; baina alferrik, hala esaten baitzuen euskaldunak bere gaitzei konpondutako arrazoiekin, gatazka hura bukatzen uzten ez bazeraukaten, berak bere eskuez hilen zituela bere ugazabanderea eta gainerako guztiak. Kotxean zegoen andereak, ikusten zuenaz miretsi eta herabeturik, kotxe-gidariari handik pixka batera apartatzeko agindua eman zeraukan, eta urrutitik ikusten zuen gudu bortitz hura, nola euskaldunak ezpatakada haundi bat eman zeraukan Kixote jaunari sorbaldaren gainean, ezkutuaren gainetik, hain haundia, non, ezkuturik ukan ez balu, gerriraino irekiko zeraukan gorputz guztia. Kixote jaunak, golpe haundikaitz haren oinazea sentituz, aldarri haundi bat egin zuen, honela esan zuela:
Ai, ene nire arimako anderea, Dultzinea, edertasunezko lorea, sokorri nazazu zure zaldun hau, zure ondade haundiari amore emateagatik, trantze gogor honetan edireten naizena!
Hau esan, ezpata gogorrik astindu, ezkutuaz begiratuki bere burua estali, eta euskaldunaren kontra oldartu, oro egin zuen batera, gatazka hura kolpe bakar batera menturatzeko deliberoz.
Euskaldunak, honela bere kontra ikusi zuenean, ederki konprenitu zuen bestearen adorea, eta Kixote jaunak egin zuena berbera egitera deliberatu zen; eta horrela itxaron zeraukan, bere bururdiaz ongi ezkutaturik, mandoari ez batetik ez bestetik mugiarazi ezinik, mandotik nekazioaren indarrez eta halako haurkerietara ez ohiturik, ez baitzezakeen urratsik egin. Bazetorren, beraz esana daukagun bezala, Kixote jauna euskaldun zuhurraren kontra, ezpata buruaren gainetik, erdi bitan haren gorputza zatitzeko asmoz, eta euskaldunak halaber horrela igurikitzen zeraukan, ezpata goian eta bururdia inguruan, eta ikusle guztiak ikaraturik zeuden eta biek elkarri mehatxatzen zeraukaten kolpe izugarriotatik gertatuko zenetik zintzilika; eta kotxean zegoen andereak eta beraren neskame eta nerabeek mila otoi eta erregu egiten zerauzkieten Espainiako Ama Birjina eta santutegi deboziozko guztiei, Jainkoak libra eta gorde zitzala bere ezkutari eta haiek guztiak ederiten ziren arrisku hain perilos hartatik.
Baina honek guztiok tamala du puntu eta momentu honetan berton beste egun baterako uzten dudala historia honen autoreok gudu hau, gatazka hau, desenkusak ematen ditudala eskributan ez bainuen Kixote jaunaren beste azañarik aurkitu, hemen kontaturik uzten ditudanak baizik. Egia da, halaber, obra honen bigarren autoreak ez zuela sinetsi nahi ukan honen historia jakingarri hau ahaztearen legeetara entregaturik aurkituko zenik, ez eta ere Mantxako buru argiak ez zirela hain ardura gutikoak izanen, non ez zuten edukiko beren artxibo edo eskributegietan zaldun famatu honez tratatuko zuten zenbait paper; eta honela, uste honetan, historia atsegingarri honen akabantza kausitzeko esperantza ez nuen galdu, eta zerua mediante izanen bazait, bigarren partean kontatuko dut.