SOLDADO DENBORAN
I
Zunbait bertsu berrien hasten niz khantatzen
Düdarik gabe ez beita gezürrik izanen
Amorekatik eta denek jakin dezen
Soldaduek nulaz dugün denbora baliatzen
II
Kasernako bizia zer izate ederra
Lan gütien egiteko hanixko afera
Manhatzeko badügü gradatüz leherra
Beldurrez ez dezagun egin lan sobera
III
Goiz huntan nintzalarik ohian phausüki
Amets eijer batetan Eskual-Herriari
Ordre bat ükhen dizüt behar niala jeiki
Kartiereko korbealat dejaik berantegi
IV
Bethi berrak ginenez hasi murmuzikan
Ez date sarriegi klasa jin denian
Brigadierak diote ez othoi sar phenan
Denak Eskualdün gira egünko ekipan
V
Hitz horik entzünik gira süsmetitzen
Eta batx batxa hasten tresnen bibilkatzen
Bi erhatz zankho mutzak besterik ez beitzen
Manera hunez dügü lan baliusa abiatzen
VI
Karriola bat badügü laur errotetako
Bekhatüxe bezala ofizio hortako
Bi zaldi ez beitira ez ambalatüko
Hen adina so eginik beita pharkatzeko
VII
Itzüli bat eginez karriola kargatü
Jaunak beharko dügü bigen artian hüstü
Dürrüti nahi bahiz lanaz esküsatü
Jin ordüko behar duk pinta gomendatü
VIII
Goxoki plantatürik karriola gañian
Batx batxa sarthü gira Bègles-ko kharrikan
Nexka gazte saldo bat irrikaz onduan
Arauz izan behar gira planta ederrian
IX
Barnetxe gaizua dago eni kheñüz ari
Behazak «Xübero» nexka pollit horik
Trüka nezake gaurko sala polizari
Gaur baten pasatzia horietarik bateki
X
Debrü gizun zirzilla zer leite hitarik
Zehe bat zorro eta gehiago iphurdi
Nahi dena fidatü hire itxurrari
Ez liok sinhets zuiñen hizan andrekari
XI
Lana akaba eta nun dago Dürrüti
Kantinala juranik debriak hartürik
Adjudant alü batek auher atzamanik
Bost sei egün kuntsiña batüzke segürik
XII
Etxebest kosinera erri bat hortzetan
Gure gana heltü da bi lapin kholkuan
Zer debrü ari zizte hor phentsamentükan
Afaltü behar gira oro algarrekilan
XIII
Arno pinta bederaz lapina arrosatü
Jaunak beharko dügü besterik phentsatü
Bigik-biga mus-ian eta beharko dû
Bi pinta arno xuri galtzalik phakatü
XIV
Zunbat phartida eginez zunbat pinta edan
Denak hasten girade khantan eta dantzan
Mutxikuk eman dütügü xiberoko mudan
O! zer phüntü goxuak moxkortü onduan
XV
Trunpeta hasi zaikü apelan sonatzen
Khuntia phaka eta laster dügü egiten
Irritzin eder batez kartiera anatzen
Gai hun bat dügülarik dener suhetatzen
XVI
Jinkuak lagünt beza soldado eskualdüna
Ahal oroz kuntserbiz gure lan egina
Etxebestek ekharriz üsüxko lapina
Laster heltüren zaikü klasako egüna
Ahaidia: Kattalin arhina.
Eginik 1938 urthian.
© Etxahun-Iruri
"Etxahun-Iruri: Khantan" orrialde nagusia