AITZIN-SOLAS

 

        Etxahun, badizü denbora hanitx lehentze entzün zütüdala khantatzen, eztei egün batez, Ziboze-Sibasian. Ene anaiak ordünkoz estimü handitan züntian eta harek jinerazirik zinen espus-espusa elibati kobla zunbaiten emaitera.

        Denbora hetan enizün ikhusten zer huntarzün paregabia zen gure mintzajia; gure etxekuek ber denboran erakasten zeiküien bai elhestan eta bai bizitzen behar den bezala.Geruan baizik eztit enthelegatü, ene bi anaiek argitürik, eta haiekin dit üskal gaizetan zerbait ikhasi.

        Eta zü bethi khantüz... Ni Sibase huntan etxenko zaharrek ützi fediaren eta mintzajiaren begirale nündüzün. Zü aldiz mündüko gaiza ederren: amodio, familia, zelü, lür eta gure üngürünetako gaiza oroen.

        Begia argi, izpiritia zorrotz, erri eijer bat ezpañetan. Iruri Etxahuneko etxeko-jaun, zure büriaren eta lanaren nausi, mündüko ofiziorik ederrenian zure familiaren ogia geilhatu düzü.

        Kabalen onduan, phertika bizkarrian edo makhila eskian, khorpitza txüt phensamentükan, bardin koblakan, zankhuak eta enthelegia ber denboran ebil-eraztez, hola zütügü maite, faizurik gabe, laborari sinple düzün gano amiagarria izana

gatik.

        Arren guatzan aitzina, Etxahun adixkidia, Üskal-Herriko txori khantari eta maithagarria, Jinko Jaunak plaser diano, zü koblakari ni aldiz begirale, etxenko zaharren xender jarraikitzez baztertü gabe.

        Azkar bizi bedi haiñ eijerki khantatü düzün mündüko xokhorrik eijerrenian: XIBERUA.

 

Madalena de Jauregiberri

 

 

 

© Madalena de Jauregiberri

 

 

"Etxahun-Iruri: Khantan" orrialde nagusia