I.EKITALDIA

 

 

I. AGERRALDIA

 

Nora, Elena eta mutil bat. Gero Helmer

 

Zapia irekitzean txilina entzuten da atzean. Elena, bakarrik trasteak txukuntzen ari zen eta eskubiko atea irekitzera azkar doa. Orduan sartzen da Nora, kaleko jantziz pakete batzuk eskuetan dituela. Ondoren mutil bat datorkio eguberri-zuhaitz eta saski batekin. Norak, ahopean kantari, eskubiko mahai gainean uzten ditu paketeak. Mutilak Elenari ematen dizkio zuhaitz eta saskia.

 

NORA: Gorde ezazu ondo eguberri-zuhaitz hori, Elena. Haurrek ez dezatela ikusi, txukundu eta apaindu arte. (Mutilari.) Zenbat eman behar dizut?

MUTIL: Bost txakur handi (Hiru pezeta.)

NORA: (Tori korona bat.) Tori duro bat (Mutila agur egin eta doa. Norak atea ixten du. Beti ere irribarrez sonbrerua eta abrigua eranzten ditu. Gero patrikatik xorroka bat almendra ateratzen du eta bi edo hiru janez atzeko ezkerreko atera doa hanka-punttetan eta belarria entzuten jarririk.) A! lan-gelan dago. (Ahopean kantari berriz ere eskubiko mahaira doa.)

HELMER: Nire larratxoria al da kantari?

NORA: (Paketeak irekiz.) Bai.

HELMER: Nire katagorria al dabil harantz eta horrantz?

NORA: Bai.

HELMER: Aspaldi etorri al zen nire katagorria?

NORA: Iristea egin dut. (Goxoen-xorroa gorde eta ezpainak garbituz.) Hator onera Torwaldo. Begira ze erosi ditudan.

HELMER: Etzaidazu nire jardunaren haria eten. (Geroxeago atea ireki eta pluma eskuan alde guztietara begira.) Erosi? Hau dena erosi al duzu? Berriz ere bilatu al du gure umeak dirua gastatzeko era?

NORA: Baina Torwaldo! Aurten eskua zabalxeago ibil nezake. Lehenbiziko eguberriak, exkaxian ia zuhurrrean ibili beharrik gabe.

HELMER: Bai... baina ez genezake dirua firri-farra bota ere...

NORA: Pitin bat Torwaldo, pitin bat. Ez? Orain jornal handia jasoko duzun honetan... eta dirua asko irabazi, dirua erruz...

HELMER: Bai, urte berriak, baina hiru hilabete joango dira lehenengo xoxa jasotzeko.

NORA: Ba... baina horregatik ze axola dio. Bitartean ordaintzekotan eskatu norbaiti!

HELMER: Nora! (Inguratzen zaio Norari eta berriketan belarritik heltzen dio.) Zu beti kaskarina. Egizu kontu mila duro eskatzen ditudala gero ordaintzekotan, eta zuk eguberri-jai honetan gastatu baina ni urtezahar arratsaldean teila batek burutik behera jo eta...

NORA: (Eskuaz ahoa ixten dio.) Ixo, ixo, ixo..., ez ezazu holakorik aitatu ere!

HELMER: Baina egizu kontu halaxe gertatzen dela! Eta orduan zer?

NORA: Hara, hori gertatuko balitz berdin-berdin lidake zorrak izan edo ez izan...

HELMER: Bai eta gero hartzekotan dirua emandako haiek?

NORA: Ba, zertarako arduratu haietaz. Arrotzak dira.

HELMER: Ai, Nora, Nora, ondo emakumea zara. Benetan ari naiz. Badakizu gai horretan ze iritzi ditudan. Inori zorrik ez, ordaintzekorik eta emanbeharrik ez. Hipotekaturik edo zorpean bizi diren etxean inoren mende eta morroi daude beti eta halako itzal hotza nabaritzen da. Orain arte gogor egin diegu zorrei eta burua tente darabilkigu eta falta zaizkigun egun apur hauengatik halaxe jarrai behar dugu.

NORA: (Tximinira inguratuz.) Ondo da, ondo da, zuk nahi duzun bezala, Torwaldo.

HELMER: (Atzetik doakiola.) Bueno, bueno. Larratxoriak ez du ibili behar hegoak txintxilik... Hara orain berriz katagorriak muturra okertzen al du? (Kartera ateraz) Nora, zer daukadala hemen?

NORA: Dirua! (Bizkor jiratuz.)

HELMER: Tori (billete mordo bat eman bezaio), eguberriak inguratzean, etxean gastu asko izaten da.

NORA: (Kantatzen.) Hamar, hogei, hogeita hamar... Eskerrik asko Torwaldo, honekin badut estuasunetik ateratzeko adina.

HELMER: Beharko: ez dago besterik.

NORA: Konponduko naiz horrenbesterekin. Baina aizu, atoz hona. Begira zenbat gauza erosi ditudan eta bai merke. Hara Ivar-entzat traje berria eta sablea. Bob-entzat zaldia eta tronpeta bat eta muñekatxoa bere sehaska eta guzti Emmy-entzat, merkenetik hori bai, segituan hausten duelako. Hara hemen berriz, neskameentzako mantalak eta oihala. Mariana gajoak gehixeago merezi zuen baina...

HELMER: Eta pakete horretan zer dago?

NORA: (Garraxi pitin bat eginaz.) Ez Torwaldo, ez, hori gauera arte ez duzu ikusi behar.

HELMER: Bueno, bueno. Eta zuk ere zabartxo horrek zer nahi zenuke?

NORA: Ba niretzat ez dut behar ezer ez.

HELMER: Horren benaz badiozu, sinistu egingo dizut. Baina esadazu, zer gustatuko litzaizuke?... garestiago gabe...

EMMA: Ba... ba... ez dakit ba. Honetara ezkero... aizu Torwaldo...

HELMER: Zer?...

NORA: (Txaketaren botoiak behatzekin darabiltzala baina aurpegira begiratu gabe.) Erregalo bat egitea erabaki baduzu...

HELMER: Esadazu ba behin. Zer?

NORA: (Dena segidan.) Dirua eman zeniezakedala Torwaldo. Ezta beharrezko asko izatea ere, esku artean duzuna, eta nik zerbait erosiko nuke...

HELMER: Baina Nora...

NORA: Bai horixe. Emango didazu e? Torwaldotxo mesedez eskatzen dizut. Zuhaitzetik txintxilik jarriko dut dirua, urrezko paper batean bilduta oso poliki...

HELMER: Zer izena du beti alferrik gastatzen ari den txoriak?

NORA: Bai. Badakit bai: zozonabarra. Baina egizu esaten dizudana, eta bitartean pentsatuko dut zer erosi. Ez al zaizu ondo iruditzen?

HELMER: (Irribarrez.) Nik emandako dirua ondo gastatzen eta fundamentuzko zerbait erosten bazeneki, bai, baina huskeria batzuetan dirua ezkutatzen da eta gero berriz ere nire patrikatik zer aterako.

NORA: Oi gauzak esaten dituzu Torwaldo.

HELMER: Egia huts-hutsa. Noratxo nirea (besoarekin gerria inguratuz). Zozonabarra oso ederra da baina hainbeste diru behar du... Ezin liteke pentsa zenbat kostatzen zaion gizon bati etxean zozonabar bat edukitzea...

NORA: Hori ere bai, nola esan zenezake hori? Nik ahal dudan guztia ahorratzen dut, hau argia den bezalaxe.

HELMER: O... horretan ez dago zalantzarik. Ahal duzun guztia bai, ahal ote duzu ordea batere?

NORA: (Alai ahopean kantari eta irribarrez.) Bazeneki zenbat gastu ditugun larratxori eta katagorri.

HELMER: Besterik ez bezalakoa zara! Aitaren antzeko hura ere eginahal guztian ariko zen nondik eta nora pilatuko eta eskutan zeukan ordukoxe ezkutatzen zitzaion. Behatz tartean aingirak bezala ihes egiten dizu eta nora joan zaizu ez dakizula gelditzen zara. Bai, bai Nora; gauza horiek odolean daramatzazu, ez dago dudarik. Baina ze egingo dugu ba, holakoxea hartu zintudan eta holakoxea beharko zaitut.

NORA: Nahiago nuke nik ere odolean gauza on asko aitarengandik ekarri banitu.

HELMER: Nik zaren bezalakoxea nahi zaitut, larratxori maitea (itxoin aldi baten ondoren). Baina aizu. Gaur nabaritzen zaitut halako, zerbait... hala-holako aurpegia daukazu... um...

NORA: Nik?

HELMER: Bai, zuk. Begira zaidazu begietara. (Begiratzen dio.) Ez ote kaxkarin onek ihesalditxoren bat hirira egin?

NORA: Ez, zergatik diozu?

HELMER: Ez ote da sudur hori goxotegiren batera sartu?

NORA: Ezetz Torwaldo, ezetz.

HELMER: Goxoak usnatu bederen egingo zituen?

NORA: Ezta pentsatu ere.

HELMER: Ez ote dituzu, bi edo hiru almendra hortz-tartean dastatu.

NORA: Ezetz ba, ezetz.

HELMER: Ondo da, ondo da. Berriketan ari nintzen, emakumea.

NORA: (Eskubiko mahaira inguratuz.) Ezta ametsetan ere, ez zait burura etortzen atsegin ez zaizunik egiten. Horretan ziur egon.

HELMER: Bai emakumea bai, badakit. Ez al zenidan ba agindu...? (Norarengana inguratuz.) Gorde itzazu, errege-erregalia horiek gauean zuhaitzetik txintxilik ikusiko ditugula.

NORA: Rank sendagile jauna gonbidatu al duzu?

HELMER: Ez, baina ezta beharrik ere, badaki-eta. Hala ere etortzen denean esango diot. Ardo zahar ederra enkargatua dut. Nora, ez dakizu zeinen pozik eta zaleturik nagoen gaurko gaua iristeko.

NORA: Bai ni ere. Eta haurrek izango duten poza, Torwaldo.

HELMER: A, zer poza ematen duen etorkizuna seguratua eta behar hainbat diru badaukagula jakiteak. Ez al da hala?

NORA: Bai zoragarria da, ametsa dirudi.

HELMER: Gogoratzen al zara azkenengo eguberritan nola genbiltzan? Hiru aste aurretik hasita gauero hor sartzen zinen gelan gauerdi edo gerogo arte eguberri-zuhaitzerako loreak egin eta guri ustegabeko erregaliak prestatzen... aritzeko. Ze luze eta aspergarri ziren egun horiek.

NORA: Nik ez nuen ba aspertzeko betarik izan.

HELMER: (Irribarrez.) Hala ere, ez genuen ba azkenean gauza handirik ikusi...

NORA: Horra ba, oraindik ere lelo horrekin ernegarazten behar ari al duzu, xiri eta xiri. Nik al dut errua, katuak sartu eta denak porrokatu eta txikitu bazituen?

HELMER: Ez Noratxo nirea, ez. Borondate guztiarekin jardun zinen denok izan genezan eta ahal duena egiten duenari ezin gehiago eskatu. Baina pozgarri da garai txar haiek joanak izatea.

NORA: Bai horixe, oraindik ezin dut sinistu, ametsa dirudi.

HELMER: Aurten ez naiz asper-asper egingo bakarrik egoten eta zuk ere ez daukazu begi eder eta esku-polit horiek penatu beharrik.

NORA: (Txaloak joaz.) Ez horixe, ez al da hala Torwaldo? Hau poza, Jainko maitea! (Helmerri besotik heltzen dio.) Eguberri jaiak pasatakoan ze egin behar dugun esango dizut orain (deitu egiten dute). Deika da bat edo bat (butakak txukunduaz). Zein ote dator? Ez genuen orain inoren beharrik.

HELMER: (Despatxura sartzera doala.) Nire galdez bada ez zaiztez ahaztu gero inorentzat ez nagoela.

 

 

II. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Elena

 

ELENA: (Sarrerako atetik.) Etxekoandre, emakume bat, zu ikusi nahi zaituala.

NORA: Sartzeko ba.

ELENA: (Helmerri.) Sendagile jauna etorri da.

HELMER: Sartu al duzu nire lan-gelara?

ELENA: Bai jauna. (Helmer despatxura sartzen da. Neskameak Kristina pararazten du, atea itxi eta doa.)

 

 

III. AGERRALDIA

 

Kristina eta Nora

 

KRISTINA: (Biajeko jantziz. Beldurtu xamar, zalantzan bezala.) . Egun on Nora.

NORA: Egun on. (Zalantzan.)

KRISTINA: Ez al naun ezagutzen?

NORA: Ez ba... edo bai... a, inondik ere ez haiz ba izango Kristina!

KRISTINA: Bai berbera.

NORA: Ene! Kristina, eta ez hindudan ezagutzen. Izan ere zeinek esan... ez daukan lehengo antzik.

KRISTINA: Ez den harritzekoa. Izan ere baditun bederatzi... hamar urte...

NORA: Elkar ikusi ez dugula. Hainbeste bai e? Bai, bai izango ditun bai. O azkeneko zortzi urteok, bai ederrak, zoragarriak! Bahekinake! Honako etorrita beraz? Neguaren bihotzean egin dun bai, ba, biaje luzea? Korajea behar din!

KRISTINA: Ikusten dun ba. Gaur goizean iritsi naun baporez.

NORA: Eguberri jaiak pasatzeko noski. Hau poza. Ederki ibiliko gaitun! Baina, eranztan neska abrigo hori! Ez dun noski, hotzik eukiko e? (Kristinari abrigoa eranzten laguntzen dio.) Holaxe. Orain tximini-ondoan eseriko gaitun biok patxara ederrean. Edo... ez, jar hadi butaka honetan, hor egon ohi naun ta. (Eskuak eskuartean hartuz.) Orain bai ikusten dinat hire orduko aurpegi atsegina baina lehenbizian... kolpetik..., ezin. Zurbilago, txuriago ote hagonan iruditzen zaidan eta argalago ere bai.

KRISTINA: Asko zahartu naiz, asko.

NORA: Ba pitin bat, pitin bat beharbada baino asko, asko ez. (Bat-batean ixiltzen da eta gero benaz eta serio.) A...txoroa nago. Ni hemen ari naun berritsuketan eta zu... Nire bihotzeko Kristina, barkatu nazazu.

KRISTINA: Zer esan nahi dun, Nora?

NORA: (Behatzetara begiratuz ezin sinistuz bezala.) Ea, alargundu al hintzenan ba?

KRISTINA: Bai, orain hiru urte.

NORA: Bai, banekinan. Izparringietan irakurri ninan. O! Kristina benetan esaten dinat. Egun haietan behin baino gehiagotan egon nitxonan karta mutur bat idaztekotan baina egun batetik besterako uzten ninan eta gero baninan beti zerbait.

KRISTINA: Ez naiz harritzen batere.

NORA: Oso gaizki egin ninan ba. Bihotzeko lagun gaixoa izaki-eta. Ze estuasun eta nahigabe ez ote ditun pasa! Gelditu al zain sikiera zerekin bizirik!

KRISTINA: Ez.

NORA: Semerik?

KRISTINA: Ezta.

NORA: Orduan ezer ez?

KRISTINA: Ezer ez, ezta bihotzean penarik ere, ez behintzat bihotza malkoz urtuarazteko moduko saminik.

NORA: (Ezin sinistu bezala begiratzen dio.) Nola izan ziteken?

KRISTINA: (Irribarre garratzez eta eskuarekin ileak atzeratuaz.) Zorionez edo txarrez hori askotan gertatzen dun, neska.

NORA: Bakar-bakarrik munduan! Penagarria izan behar din ba horretxek ba! Nik hiru ume ederrak zeuzkanat. Orain ezin erakutsi dizkinat, inudearekin atereak ditun eta. Baina esanazu dena.

KRISTINA:Ez, gero; lehenengo esan iezazkidan hik...

NORA: Ez, hik hitz egin behar dun. Gaur ez dinat nirekoia izan nahi, ez dinat higan bestetan pentsatu nahi. Gauza bat bakarrik esango dinat segituan. Ba al dakin egun hauetan aberastu garela edo aberasteko bidean sartu?

KRISTINA: Esan ezan, nola, nola?

NORA: Pentsa ezan. Bankuko direktore eta nagusi egin diten nire senarra.

KRISTINA: Hire senarra, hori dun suertea!

NORA: Ba horixe. Izan ere, abogatu batek hain urri biltzen din dirua, batez ere arrazoirik ez duenari arrazoirik ez duela esaten badio. Eta horixe egiten zinan gure Torwaldok, hala behar ere din eta. Orain pentsa ezan kontentu egongo ote garen! Urte berritan hartzen din kargua eta ordutik jornal polita izango din... orain arte ez bezala biziko gaitun, nahi bezala. Denean. Hau poza eta atsegina Kristina! Sinistu zaidan ederra dela nahi adina dirurekin eta ardura gabe bizitzea; ez al dun uste?

KRISTINA: Bai noski, behar hainbat edukitzea ederra izango huke.

NORA: Ez, behar hainbat bakarrik ez, ugari, ugari dirua. (Irribarrez.) Torwaldok oraindik ere hala egiten dudala uste din. Baino (behatzarekin amenazatuz) Nora ez dun uste duzuen bezain kaxkarin eta txoroa. Egia esateko hemen ez dinat izan ze gastatu handirik. Bizitzeko biok lan behar izan dinagu.

KRISTINA: Hik ere bai?

NORA: Bai huskeria batzuk: eskulana, gantxillua, bordatzen eta abar (doinua aldatuz). Eta gainera beste gauza bat ere bai. Badakin, Torwaldok ezkondu ginenean. Ministerioan lehen zuen lana utzi egin zuela, ez baitzuen espero igotzerik eta diru gehiago irabazi beharrean hunan. Lehenengo urtean izugarrizko lana izan zinan. Edozeri heltzen zionan eta goizetik gaueraino gelditu gabe aritzen hunan. Lehertu egin hunan azkenerako eta zeharo gaixotu. Sendagileak hego aldera joan zedila agindu zionan.

KRISTINA: A, Italian pasa zenuten urte bete?

NORA: Bai, ez hunan ba erraxa orduan etxetik ateratzen... Ivar jaio berria gainera, baino ez zegonan beste erremediorik. O! Ibili aldi zoragarria, izan diteken ederrena, eta Torwaldori bizia salbatu zionan. Baina zenbat sos kosta zitzaigunan, Kristina.

KRISTINA: Bai pentsatzen dinat.

NORA: Mila eta berrehun ezkutu... lau mila zortziehun korona. Badun dirua e!

KRISTINA: Bai neska, eta ez dun suerte makala behar denean izatea.

NORA: Aitak eman zigunan.

KRISTINA: A bai, eta oker ez banago hil aurretixe.

NORA: Bai Kristina, orduantxe hain juxtu, eta horra, ez nitxonan azken orduetan lagundu. Egun batetik bestera jaiotzeko neukanan Ibar eta Torwaldo gizagajoa hil zorian. Nire aita maitea! Ez ninan gehiago ikusi. Ezkondu nintzen ezkero horixe dinat saminik garratzena.

KRISTINA: Bai, bazekinat bai, asko maite huela. Horratx, Italiara joan zinaten?

NORA: Bai, dirua bageninan eta sendagileak, hartaraino behartu gintuztenan... Handik hilabetera irten gitxonan.

KRISTINA: Eta hire senarra, zeharo sendatu al hunan?

NORA: Bai neska, miraria zirudin.

KRISTINA: Eta... sendagile hori?

NORA: Ze esan nahi den?

KRISTINA: Nirekin batean, gizon bat etorri dun, neskameak, sendagile jauna esan dizute.

NORA: A bai, Rank jauna dun hori. Ez dun etortzen mediku bezala, lagun bezala baizik, egunean behin etortzen zaigun gutxienez. Ez, Torwaldo ez dun gaixotu geroztik. Haurrak ere osasuntsuak dizkinagu, ni ere ondo nabilen. (Altxatzen da salto batean eta txaloka.) Jainko maitea! Bai ederra dela, bizitzen eta pozik egotea. A baino neska, lotsa ematen zidan, nire kontutxoekin ari naun beti. (Esertzen da aulkitxo batean. Kristinaren ondoan haren belaunetara makurtuaz.) Ez haiz haserretuko e? Esadan: ez al hunan hire senarra maite? Orduan, zergatik ezkondu hintzenan?

KRISTINA: Nire ama gaixo zegonan, inortxoren laguntzarik ez ninan, eta gainera gure bi anaia txikiak nire kontu zeudenan. Ezkontza eskabideari uko egiteko ez neukala eskubiderik pentsatu ninan.

NORA: Bai, bai; ederki egin hunan. Aberatsa hunan beraz, ezkondu zinetenean?

KRISTINA: Lasai eta errax bizi hunan behintzat; baina haren aberastasunak ez zinatenan oinarririk eta bera hil zenean deabruak eraman zizkinan ezertxo ere utzi gabe.

NORA: Eta orduan?

KRISTINA: Lanean hasi behar izan ninan, eskola batean maistra... Eta zer ez. Azkeneko hiru urte hauek lanean gelditu ezinezko egun luze bat izan ditun niretzat. Orain denak bukatu dizkinat. Nire ama gajoak ez din nire beharrik hil baita, anaiak ere ez, hazi baitira eta bere buruaren jabe ditun.

NORA: Lasaitasun ederra nabarituko den.

KRISTINA: Ez neska. Bizimodu honetan ezin dinat etsi. Inori ezer egin beharrik ez! (Ezin egonez altxatzen da.) Zoko hartan, ezin nindunan bizi, ezin ninan etsi. Hona etorri naun, hemen erraxago izango delakoan zerbaitetan ari, pentsamentuak burutik kendu, ahaztu... Besterik ez bada lantoki bat bilatuko banu, ofizina batean edo sartuko banintz...

NORA: Asmo horiek al ditun? Lana ez baina deskantsua behar dun hik. Hobe bainuak hartzera joan.

KRISTINA: (Leihora inguratuz.) Nik ez zaukanat aitarik txangoa ordaintzeko.

NORA: (Altxatuz.) Ba ez hadi erresumindu.

KRISTINA: Hi haiz nirekin erresumindu behar ez duena. Nire egoerak duen gauzarik txarrena horixe dun: minberatu eta erresumindu egiten dela bat... Ez zaukanat inortxo ere, harentzat lanean jarduteko eta hala ere irabazi egin behar bizitzeko. Bizi egin behar horrek berekoi bihurtzen din persona. Horra zer nahi dun lehentxeago aberastu zaretela esan didananean niregatik poztu naun hiregatik baino gehiago.

NORA: Nola ordea? A bai sumatzen dinat! Torwaldoren hori hiretzako ere ondo datorrela pentsatuko hunan.

KRISTINA: Bai, horixe bururatu zaidan.

NORA: Izango dun-eta Kristina. Nik ekarriko dizkinat urak errotara poliki, poliki. Sumatuko dinat. Torwaldori zer esan; hiri laguntzeko amorratzen nagonan eta.

KRISTINA: Estimatzen dinaat bihotz-bihotzez Nora. Gainera hik egitea, beste zenbaitek egitea baino meritu gehiago din. Hik ez baititun ezagutzen bizitzako estuasunak, larrialdiak eta garraztasunak.

NORA: Nik ez, e? Hala uste aldun.

KRISTINA: (Irribarrez.) Eskulanak, gantxillua eta holako huskeriak... umea haiz oraindik Nora.

NORA: (Buruari eraginaz eta alde batetik bestera joanez.) Ez ezan horren arinki eta txoro hitz egin.

KRISTINA: Ze ba?

NORA: Besteak bezalakoa haiz hi ere, ez dudala ezertarako balio uste duzute.

KRISTINA: Tira, tira.

NORA: Ez dakidala bizimoduko berririk.

KRISTINA: Baina bihotzeko Nora, ez al dizkidan ba arestian esan hire estuasunak...

NORA: Ba, huskeria horiek... (Ixilago hitz eginez.) Ez dinat handiena esan.

KRISTINA: Zer dion?

NORA: Hire handitasunaren gailurretik begiratzen didan Kristina eta ez huken hori egin behar. Harro habil amari horrenbeste lagundu dionelako.

KRISTINA: Nik etzionat inori goitik behera begiratzen. Hori bai, pozik natxion amak azkeneko urteak lasai pasa zitzan egin nuena egin nuelako.

NORA: Eta harrotu egiten hau, hire anaiagatik egin dunanak.

KRISTINA: Arrazoiz gainera.

NORA: Halaxe uste dinat. Baina gauza bat esan nahi ninaken. Nik ere badinat zertaz harrotu eta pozik egon.

KRISTINA: Izango dun. Sinisten dinat. Jakin al nezake zer den.

NORA: Hitz egin dezagun ixil-ixilik Torwaldok ezer aditu ez dezan, ez niken nahi munduko urre guztiagatik ere... Ez din inortxok jakin behar Kristina hik besterik.

KRISTINA: Nigandik ez din inortxok jakingo.

NORA: Hator honaxeago. (Inguratuaraziz.) Ba... Nik ere badinat zertaz egon pozik edo harro. Nik salbatu nitxonan bizia Torwaldori.

KRISTINA: Bizia... salbatu? Nola?

NORA: Esan dinat ba nola joan ginen ba Italiara. Ba Torwaldo gaur ez hunake bizirik egongo Italiara joan al izan ez balu.

KRISTINA: Bai hala dun baino eta hire aitak eman zizuen behar hainbat diru.

NORA: (Irribarrez.) Bai hori dun Torwaldok uste duena, mundu guztiak ere bai baino...

KRISTINA: Zer baino?

NORA: Aitak ez zigunan eman zentimorik ere. Nik atera ninan dirua.

KRISTINA: Hik? Horrenbeste diru?

NORA: Mila eta berrehun eskudo.

KRISTINA: Nondik edo nola? Loterian? Tokatu al zitzainan?

NORA: (Aurpegi mukerrez.) Loteria? Ez niken meritu izpirik izango.

KRISTINA: Orduan nundik atera hunan ba?

NORA: (Irribarrez eta erdi kantari.) Je... ta ra ra ra ra.

KRISTINA: Gero ordaintzekotan emana ere ez hunan ba erraz.

NORA: Zergatik ez?

KRISTINA: Emazteak senarraren baimenik gabe ez dezakeelako gero itzultzeko dirurik hartu.

NORA: (Buruari eraginez.) O! Gauzak egiten dakien emakumea izan ezkero... Moldatzen jakin ezkero...

KRISTINA: Ezin dinat ba inola sumatu, muina urtzen jardunda ere.

NORA: Ez hadi horretan alferrik nekatu. Ez dinat esan aurreratu zidatenik: beste era batera atera nezakean. (Sofan esertzen da.) Maitale batek eman balit? Zer?

KRISTINA: Txoroa haiz neska.

NORA: Aitortu ezan jakiteko amorratzen hagoela.

KRISTINA: Aizan, Nora maite horrek. Ez al hunan arinki eta txoro, txoro jokatuko.

NORA: (Zutituz.) Txorakeria al da senarrari bizia salbatzea.

KRISTINA: Txorakeria iruditzen zaidan haren ez jakinean...

NORA: Ez zinan ezertxo ere jakin behar. Hori lehenbiziko. Ez zinan konturatu behar hiltzeko arriskuan zegoenik, aditzen al didan? Sendagileek niri osan zidatenan eta ez hari arriskuan zegoela eta hegoaldean denbora aldi bat egiten ez bazuen ez zela bizirik aterako. Kezkatxoetan ibili behar al ninan? Atzerrian zehar beste emakume asko bezala ibili nahi nuela esaten nion. Negarrak, zotinak, losintxak, xerak, zer ez nizkionan egiten. Halako batean behin gero ordaintzekotan dirua hartu zezakeela aditzera eman nitxonan. Orduan, Kristina, ta, ta, izutu hunan. Txoratu egin al nintzen esan zidanan eta bere senar eginkizuna nire gutiziarik ez egitea zela. Ba, ba, esan ninan nire baitan sendatuko dinat ba kosta ahala kosta. Eta orduantxe burura etorri zitzaidanan dirua nola sortu.

KRISTINA: Senarrari ez al zionan ba esan hire aitak, dirurik ez zizuela eman?

NORA: Ez, neska. Egun gutxi barru hil hunan eta. Nola bazinan asmoa aitari dena aitortu eta ez nezala salduta utzi eskatzeko, baino hain gaxo zegonan! Ez ninan premiarik izan.

KRISTINA: Eta geroztik ez al dion ezer esan senarrari?

NORA: Ze esan behar nitxonan, ezta buruan pasa ere holakorik. Gainera, gai horretan bera den bezain estu eta txorrotxa izan da! Zaila izango huke senarraren nagusitasunarentzat bizia niri zor didala jakitea. Ezin orain bezain goxoak izan gure hartu-emanak eta etxeko bakea.

KRISTINA: Eta ez al dion behin ere esango?

NORA: (Pentsatuz eta irribarrez.) Beharbada... egunen batean... urte asko, asko pasata gero... orain bezain polita ez nagoenean... Ez ezan barrerik egin! Alegia Torwaldok orain bezala niri begira, ni dantzan ikustearekin zoratzen ez denean, orduan beharbada, ondo etorriko zaidan ni maita nazan arrazoi berri bat eta... ni zergatik maitatu izan dezan... (Gelditu.) Ba! egun hori ez dun sekula iritxiko. Eta Kristina, zer iruditzen zain ba nire sekretua? Nik ere zeozertarako balio dinat. Buru hauste eta lo... galtze franko ekarri zidan arazo honek. Alajainkoa! Izan ere ordaintzeko eguna kunplitzean alperrik ditun berriketak eta askotan larri ibiltzen naun, hemen pitin bat eta handik igurtzi. Etxeko gastuetan ezin ba kendu Torwaldok eroso bizi behar din eta, haurrak ere ezin zarpa-zaharrekin ibiliko hitunan bai gaxoak, nire aingerutxoak!

KRISTINA: Hortaz dena heure gastutarako huenetik?

NORA: Jakina ba. Torwaldok nire gastutarako ematen didanetik erdia gastatzen dinat gehienaz ere, beti merkeenetik erosiaz. Eskerrak edozein jantzi ondo etortzen zaidala.

NORA: ...Torwaldo ez dun konturatzen. Baina batzuetan, Kristina, latza dun horixe. Hain atsegin zaigun apain-apain ibiltzea. Ez al da ala?

KRISTINA: Horixe bai neska.

NORA: Badinat beste iturri bat ere. Joan den neguan idazki batzuk hartu nizkinan makinaz kopiatzeko. Atea itxi eta goizaldera arte jarduten nindunan jo eta ke, Izugarri nekatzen nindunan hori bai, baino atsegin zitzaidanan oso dirua irabazteko lanean jardutea. Ia gizon nintzala zirudianan!

KRISTINA: Zenbat ordaindu ahal izan dun honela?

NORA: Ez zekinat ba juxtu-juxtu esateko. Hari-mataza nahastu ezkero ez errax askatzen... Ahal dudan guztia ordaindu dinat. Askotan gelditzen nindunan noraezean eta (irribarrez) orduan bururatzen zitzaidanan agure-zahar aberats bat nitaz maitemindu zela... ta

KRISTINA: Ze agure zahar?

NORA: Txorakeria... Eta hil egiten zala bere testamentuan hauxe azaltzen argi eta garbi. «Ditudan ondasun guztiak Helmerren andre politarentzat ematen ditut eta eman dezaizkiotela berehala».

KRISTINA: Aizan Nora zein dun agure hori?

NORA: Neska, neska, ezt dun inon holako agurerik. Ordaintzeko eguna gainean eta dirua nondik sortu e znekinanean niri bururatzen zitzaidala. Honezkero berdin dun. Ez zitzaidan batere axolarik ez agureagatik eta ez haren testamentuagatik... (zutitzen da bizi). Jainko maitea hau poza ematen du pentsatze hutsaz, lasai bizi, haurrekin jolasean ibili, etxea txukun eduki apain Torwaldori gustatzen zaion bezala. Gero udaberri... zerua urdin-urdin... txoriak kantari... Gero uda... berba txango luze bat egin, itsasoa ikusi berriz... o hau zoriona, hau poza (zintzarria entzuten da).

KRISTINA: Ate-joka baten bat; joan egingo al naun?

NORA: Ez, egon hadi. Ez dinat inor espero. Torwaldoren galdezka izango dun baten bat...

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Lehengoak, Elena eta gero Krogstad

 

ELENA: Barkatu etxeko andre. Jaunen bat dago atean... abokatuarekin hitz egin nahi duela.

NORA: Bankuko direktorearekin esan nahiko duzu.

ELENA: Bai andrea, horixe. Baina sendagile jauna ere hor barruan da-eta... enekian.

KROGSTAD: (Azaldu nahian.) Ni naiz andrea. (Elena ezkutatzen da.) (Kristina aztoratzen da, zuritu, gorritu, moretu eta berdetu egiten da batera eta leihora begira gelditzen.)

NORA: (Aurreratzen zaio hari, aztoratua hau ere ixil-xamar.) Zu? Ze gertatzen da? Ze esan behar diozu nire senarrari?

KROGSTAD: Bankuko asunto batzuetaz hitz egin nahi nioke. Han ari naiz lanean, eta aidanean zure senarra izango dugu nagusi...

NORA: Bai hala da.

KROGSTAD: Asunto gogaikarriak, andrea, besterik ez.

NORA: Horretan egizu mesede bere lan gelara sartzea. (Hotz eta motz agurtzen die, antekamarako atea itxi eta tximiniara inguratzen da.)

 

 

V. AGERRALDIA

 

Nora eta Kristina

 

KRISTINA: Zein dun gizon hori Nora.

NORA: Abokatu bat, Krogstad izena din.

KRISTINA: Huraxe den orduan...

NORA: Ezagutzen al dun ba?

KRISTINA: Aspaldi, luzaro izan hunan gure etxearen arduradun.

NORA: Huraxe den bai.

KRISTINA: Zeharo aldatua zegon.

NORA: Ezkonduta oso gaizki bizi zela uste dinat.

KRISTINA: Orain alargun dun noski.

NORA: Bai eta seme-alaba asko dizkin. Uf, kixkaltzen ari naun (estufa ixten du eta metedora urrundu).

KRISTINA: Guztietako negozioak omen zebilzkin aidanean.

NORA: Bai? Baziteken, ez zekinat. Utzi ditzagun negozio-kontuak, neska; alde batera, gogaikarriak ditun...

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Rank

 

KRISTINA: (Helmer'en despatxutik irtenaz eta atea erdi-irikitan uzten duela.)

RANK: Ez, ez; ez dizut galarazi nahi. Zurekin egongo naiz pitin batean. (Atea ixten du eta konturatzen da Kristina ere, han dagoela.) A, barkatu. Hemen ere enbarazoan gaude ba.

NORA: Ezta gutxiagorik ere... (batek bestea presentatuz.) Rank sendagile jauna; Linde jaunaren alarguna.

RANK: Izen hori sarri aitatu ohi da etxe honetan. Zu zinen noski, sartzerakoan ezkerretan pasa dudana.

KRISTINA: Bai ni mantso igotzen naiz, nekatu egiten naiz-eta.

RANK: Ez al zabiltza ondo?

KRISTINA: Nekatua aurkitzen naizela, horixe.

RANK: Besterik ez? Hortaz festarik-festa ibiliaz atseden hartzera etorriko zinen noski?

KRISTINA: Lan bila etorri nauzu.

RANK: Lehen nekatua eta akitua zaudela eta lan bila al zatoz? A ze erremedioa gaitz hori sendatzeko.

KRISTINA: Ez da ederra izango baina bizi egin behar da, jauna.

RANK: Bai ala diote denek: bizi egin behar dela.

NORA: Zuk ere jauna, ondotxo maite duzu bizia.

RANK: Bai. Halaxe da. Errukarri bat naizen ere nire oinazeak al dudan guztia luzatzen saiatzen naiz gogor. Eta beste hainbeste egiten dute nire gaixoek ere. Baita sentimentuz, bihotzez eta espirituz gaixo daudenek ere berdin egiten dute. Hortxe gelditu da horietako bat Helmerren lan-gelan. Kurak egiten dabilen bat, gaixo klase horientzat ere bai baitira ospitaleak.

KRISTINA: A! (Harrituaz.)

NORA: Ze esan nahi duzu?

RANK: Krogstad legegizon horregatik ari nintzan. (Kristinari.) Zuk ez duzu ezagutzen baina. Horra hezurretaraino usteldua dago eta hala ere, munduari izugarrizko gorabehera balio bezala, bizi egin behar duela dago erabatean.

NORA: Hara? Zertaz ari zen ba Helmerrekin.

RANK: Justu-justu esateko ez dakit baino banku kontuak zituzten zerbait ere.

NORA: Hara, ez nekien Krogstad jaunak bankuan zer ikusirik bazuenik.

RANK: Bai, bankuan lana eman diote zeozertan. (Kristinari hitz eginaz.) Ez dakit hau zuen artean ere izango diren holako gizonak baino hemen badira batzuk, inor gaiztotua eta okertua sentimentuz gaixotua bilatzen badute, puestorik onena berari emango diote zuzentzen edo sendatzen ote den eta bitartean sanoak lanik gabe gelditzen dira.

KRISTINA: Izan ere gaixoak dira arretarik handienaz zaindu behar direnak.

RANK: (Bizkarrari eraginaz.) Ederki diozu. Baina horretatik hara zer datorren: gizarte guztia gaixotuegi bihurtzen dela. (Norak orain arte bere batean zegien algara egiten du eta txaloka hasi.) Zeri barre egiten diozu? Zuk ba ote dakizu gizartea zer den ere?

NORA: Ba, zein mintzatu da bururatu ezin daiteken zure gizarte horretaz? Beste zerbaitek ematen dit barregurea, hain da ederra... Esadazu Jauna, bankuko langile guztiak hemendik aurrera nire senarraren mende egongo al dira?

RANK: Horrek ematen al dizu barregurea?

NORA: (Irribarrez, hara eta hona dabilela.) Pentsatzen jarri eta ere... guk... Torwaldok hainbeste gizon bere esku eduki... Benetan polita da, pozgarri, ezin leike sinistu... (poltsikutik almendrak ateratzen ditu zorroan.) Nahi al dituzu almendrak?

RANK: Hara almendrak? Hori etxe honetan ez al da ba kontrabandoa?

NORA: Bai baino hauek Kristinak ekarri dizkit.

KRISTINA: Nik?

NORA: Ez hadi ikaratu, neska. Hik zer hekinan ba niri Torwaldok goxoak jatea galarazten didan ala ez! Ba behingoagatik... Ez dio axolarik izango e, sendagile jauna? Tori ezazu zuk ere... (bat ahora ematen dio). Eta hik ere bai. Kristina. Nik txiki-txiki bat jango dut, bat bakarra, bi gehienaz... (hara eta hona dabilela). Bai jauna oso pozik nago, zorioneko naiz. Gauzatxo bat nahi nuke gogo biziz.

RANK: Ea ba zer den hori?

NORA: Torwaldoren aurrean gauzatxo bat esateko horrenbesteko gogoa daukat.

RANK: Eta zeinek galarazten dizu ba esatea?

NORA: Ez naiz ausartzen itsusia basta.

KRISTINA: Itsusia?

RANK: Horratx hobe izango duzu ez esan baina guri... zer da honenbesterainoko gogoarekin Torwaldoren aurrean esan nahi duzuna?

NORA: Sekulako gogoa daukat deiader egiteko. Tximistak, trumoiak, hodeiak, erauntsia.

RANK: Bai txoroa zarela.

KRISTINA: Tira Nora.

NORA: (Almendrak ezkutatuz.) Ixo!

 

(Helmer «paleto» bat besoan eta sonbrerua eskuan duela despatxutik dator.)

 

RANK: Egizu deiadar hori, hemen da.

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Helmer

 

NORA: (Helmerrengana inguratuz.) Bialdu duzu horratik gizon hori?

HELMER: Bai, oraintxe joan da.

NORA: Zure baimenaz aurkeztuko dizut: Kristina orain kanpotik etorri da...

HELMER: Kristina? Barkatuko didazu baina ez naiz ba gogoratzen...

NORA: Linde jaunaren andrea, gizona, Kristina Linde...

HELMER: A! bai; bai. Umetako lagunak nire emaztea eta biok ezta?

KRISTINA: Bai jauna, bai, antzina elkar ezagutu genuen.

NORA: Ea horra, ni ikusteagatik egin du horren ibilaldi luzea, dauden eguraldiekin.

HELMER: Ez eta izango?

KRISTINA: Horregatik bakarrik ez...

NORA: Kristin, ofizina kontuetan asko jakina eta oso ohitua da jakin dezazun eta gainera gizon jakintsu eta iaio baten eskuetan jartzeko asmotan dabil gehixeago ikasi ote dezakeen...

HELMER: Ederki egingo duzu, andrea.

NORA: Holaxe ba, izparringietan irakurri zuenean zu bankuko direktore egin zintuztela, honantza abiatu zen... Aizu Torwaldo, niri gustua emateagatik egingo duzu zerbait Kristina hartzeko ezta?

HELMER: Ezinezko ez da. Alargun al zaude?

KRISTINA: Bai.

HELMER: Eta ofizinan lanean aritzen ohitua?

KRISTINA: Bai polliki...

HELMER: Orduan ez da zaila izango zuretzat leku bat bilatzen.

NORA: (Txalo-joka.) Ikusten al dun?

HELMER: Garai onean etorri zara andrea.

KRISTINA: Ez dakit nola estimatu...

HELMER: Ez dezagun holakorik aitatu (abrigoa jantziz). Gaurkoagatik barkatu egin beharko didazu.

RANK: Zaude. Ni ere banoa. (Larruzko bufanda hartu eta tximinian epeltzen du.)

NORA: Ez berandu arte egon, e Torwaldo?

HELMER: Ordubete barru hemen naiz.

NORA: Hi ere ba al hoa Kristina?

KRISTINA: (Abrigoa jantziz.) Ostatua bilatu behar dinat.

HELMER: Elkarrekin joan gintezke bide puxka batean.

NORA: (Janzten lagunduz.) Hain estu ez bagendu! Lastima! Ezin zitekeen ba inola ere.

KRISTINA: Zer esaten ari haiz neska. Ikusi arte Nora hori eta eskerrik asko.

NORA: Gero arte, gaur gauean etorriko haiz noski? Eta zu ere bai sendagile jauna. Ezetz? Bai, bai. Ez hasi hemen aitzakiatan...

        Jantzi arropa gehixeago. (Bihoaz hizketan eskubiko atze aldetik.) (Haurren hitz-hotsa entzuten da eskaileretan.)

NORA: Badatoz, hemen dira haurrak! (bihoa bizkor-bizkor atea irekitzera eta Mariana aurrekin da).

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Lehengoak Mariana eta haurrak

 

NORA: Zatozte, zatozte (musuka hartzen ditu) nire zeru zatiak. Begiraien Kristina, ez al ditun ba ederrak!

RANK: Ez zaitezte gelditu hor haizetan.

HELMER: Goazen, andre Linde, ama ez denak une honetan Norarekin egotea, ezin burutu lezake. (Helmer, Rank eta Kris, bihoaz eskaileretan behera. Mariana eta haurrak barrura sartzen dira, Norak atea itxi eta gero.)

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Nora, Mariana eta haurrak

 

NORA: Aurpegi alaiak dakarzkizute, horiek dira muxu gorriak. Sagarrak edo marrubiak dirudite. (Haur gehienek batera hitz egiten diote agerraldiaren hasieratik bukaera arte.) Ondo ibili al zarete ba. Ederki. Hara. Zuk txinrotik tira eta Emmi eta Bob eraman al dituzu? Biak bai? Indar asko daukazu e? Ivar. Ekatzu pittin bat Mariana (hartzen du neska txikiena) Ai nire muñekatxoa! (aberearekin dantzan). Bai, bai amatxo Bobekin ere dantzatuko da bai. Hara. Elur pilotak egin dituzute e? Ni ere joango nintzen pozik zuekin. Ez, utzi zaidazu Mariana, erantziko ditut nik, utzi, utzi, utzi jolastu egiten naiz bitartean-eta. Zoaz sukaldera bitartean. Hotz aurpegia daukazu eta kafe bero-bero pixkat izango da zuretzat. (Bihoa Mariana ezkerreko atetik. Norak eranzten ditu haurrak, abrigoak txanoak eta abrigoa eroritako tokian nonahi sakabanatuak gelditzen dira. Bitartean umeak ixildu ere gabe ari dira hizketan.) Txakur handi batek segitu dizutela. Ezta izango, baina koskarik egingo e? Zuek bezalako haur txikitxoei, txakurrak ez die koskarik egiten! E Ivar, ez paketerik miatu e? Ez, ez gauza txarrak daude barruan! Zer, jolasean ibili nahi duzuela! Zertan ibiliko gara ba! Buleketan, bai, buleketan bai, Bob gorde dadila lehenbizi. Ni? Ala gordeko naiz ba ni?

 

Nora eta haurrak jostaketan dabiltza, barrez eta iskanbilan. Azkenik Nora mahaiaren azpian gordetzen da. Haurrak korrika etorri eta zoko miran aurkitu ezinik. Ez dute ikusten baino nola barreari eutsi ezinik dagoen haren barre-soinua entzuten dute eta mahai-azpia jasorik azkenean ikusten, zalaparta eta algarak.

Nora piko-txikoka irtetzen da, ikararazi nahirik bezala. Berriz algara eta zalaparta. Bitartean atea jo dute baina inork ez du kasurik egingo. Erdi irekitzen da eta Krogstad azaltzen. Pittin bat itxoiten du. Besteek jolasean segitzen dute.

 

 

X. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Krogstad

 

KROGSTAD: Barkatu etxeko andrea.

NORA: (Karraxi bat egiten du eta erdi altxatuaz.) Zer behar duzu hemen?

KROGSTAD: Atea erdi irekia zegoen eta... Ikusten denez ahaztu egin zaio ixtea.

NORA: (Altxatuaz.) Nire senarra ez dago etxean Krogstad jauna.

KROGSTAD: Bai badakit.

NORA: Orduan zer behar duzu?

KROGSTAD: Zuri hitzerditxobat esan.

NORA: (Haurrei alde batera.) Zoazte Ana Maria'rekin. Ez, ez, jaun honek ez dio amatxori espik egingo. Joaten denean segituan jolastuko gara. (Laguntzen die haurtxoei ezkerreko egontoki aldera eta atera.)

 

 

XI. AGERRALDIA

 

NORA: Nirekin hitz egin nahi al duzu.

KROGSTAD: Bai horixe nahi nuke.

NORA: Gaur? Oraindik ez gaude hilaren lehenengo egunetan.

KROGSTAD: Ez gaur gabon da, eta zure esku dago eguberri hauek nola igaro.

NORA: Zer esan nahi zenuke.

KROGSTAD: Utzi dezagun hori orain alde batera, beste zerbait dabilkit buruan. Bai al du betatxo bat niri entzuteko?

NORA: Bai... Bai... Ez dakit ba...

KROGSTAD: Ondo da. Ni Olsen ostatuan eserita nengoalarik, zure gizona pasatzen ikusi dut.

NORA: A! Bai!

KROGSTAD: Andre batekin.

NORA: Bueno eta... eta...

KROGSTAD: Galderatxo bat egin al nezake? Andre hori Linde andrea zen noski.

NORA: Bai.

KROGSTAD: Kanpotik etorri berria al da?

NORA: Bai gaur iritsi da hain zuzen.

KROGSTAD: Zure laguna da noski?

NORA: Bai, baina ez dakit ba horrenbeste galderarekin...

KROGSTAD: Nik ere garai batean ezagutzen nuen.

NORA: Bai badakit.

KROGSTAD: Hara, jakinaren gainean zeunden. Pentsatzen nuen bai. Horretan galdetu diezazuket Linde andreak bankuan lana izango duen ala ez?

NORA: Nolatan ausartu zara hori galdetzen Krogstad jauna? Zu nire senarraren morroi bat besterik ez zara eta... Baina galdetu duzun ezkero esango dizut. Linden andreak bankuan lana izango du eta gainera niri eskerrak Krogstad jauna. Horra ba, orain badakizu.

KROGSTAD: Asmatu egin dut berriro.

NORA: (Batera eta bestera doan bitartean.) Senarra nire esanera jar nezake eta, andre naizen aldetik zerbait esan badiot... Ai Krogstad, bat inoren mendeko denean begiratu behar luke inori minik eman gabe edo minberatu gabe...

KROGSTAD: Horretan senarra zure esanera itzultzen da...

NORA: Bai jauna.

KROGSTAD: (Esateko modua aldatuz.) Andrea, egingo al zenidake mesede zure senarrari nire alde hitz egitea?

NORA: Zer? Ze esan nahi duzu? Zein dabil zuri lantokia kentzeko asmoan?

KROGSTAD: A! Alferrik da itxurak egitea. Zure lagunari ez zaio atsegin nirekin batean lanean jardutea. Konprenitzen dut hori eta horrelaxe nire lana galdu dut.

NORA: Aizu ematen dizut nire hitza...

KROGSTAD: Bai hitz bitan. Oraindik garai da eta ahalegin guztia egin ezazu, lantegitik bota ez nazan. Konseju horixe ematen dizut.

NORA: Nik ez dezaket ezertxo ere egin Krogstad jauna.

KROGSTAD: Hara, ba arestian oso beste aldera mintzatu zara...

NORA: Baina zuk zer uste duzu, senarra nire nahietara menderatua daukadala?

KROGSTAD: Ezagutzen dut zure senarra; elkarrekin, ikusten ibili ginen ezkero eta ez dut uste bankuko direktore jauna senarra baino egoskorragoa denik.

NORA: Nire senarrarengatik gaizki esatera bazatoz... Kanpora.

KROGSTAD: Andrea bai kementsua.

NORA: Ez dut zure beldurrik. Urte berri hauetan zure atzaparretatik askatuko naiz.

KROGSTAD: (Bere buruari eutsiz.) Adi ezazu hau andrea. Beharrezko balitz nire lantoki apalari eusteko hil edo bizi jokatuko nuke.

NORA: Bai, hil edo biziko kontua baita.

KROGSTAD: Ez da soldatagatik bakarrik. Bada beste zerbait inportanteago. Zuk badakizu, jakina, mundu guztiak badaki eta nik orain dela urte mordo bat hala-holako zerbait egin nuen.

NORA: Bai zerbait entzuna badut.

KROGSTAD: Ez zen epailekura iritsi baina ate guztiak itxiak gelditu zitzaizkidan. Orduan, zerbaiti heldu behar eta zuk dakizun negozio klase horietara sartu nintzen eta ausartzen naiz esaten, ez naiz besteak baino gaiztoago. Orain negozio horiek utzi egin nahi ditut. Nire semeak hazten ari zaizkit eta haien aurrean izen ona ez nuke galdu nahi. Bankuko enpleoa zen horretarako lehenengo maila, lenengo pausoa; orain maila hori kendu egin nahi didazue eta berriro ere lokatzetan lepahezurreraino sartu.

NORA: Krogstad ahal banu nik pozik lagunduko nizuke.

KROGSTAD: Ahal banu ez, nahi banu, ez duzu nahi, ordea; hala ere nik dakit hau nola behartu.

NORA: Esan egingo al diozu nire senarrari dirua zor dizudala.

KROGSTAD: Arraioa! eta esango banio?

NORA: Bilaukeria bat litzateke (erdi negarrez), sekretu horixe da nire poza, nire harrokeria eta hark jakin... Zeinengandik eta zure bidez gainera. Nahikoa litzateke nahigabe izugarriak ekartzeko etxera.

KROGSTAD: Nahigabeak bakarrik?

NORA: (Oldarki.) Nahi baduzu egin zenezake; zerorri aterako zara galduan, horrela jakingo baitu nire senarrak zer gizon klase zaren (beste gabe altxa).

KROGSTAD: Etxe barruko nahigabeak bakarrik uste al duzu hortik etorriko zaizkizula?

NORA: Nire gizonak jakiten badu berehala ordainduko du zorra eta zure atzaparretatik libre geldituko naiz.

KROGSTAD: (Norarengana pauso bat inguratu bedi.) Ai andrea; edo, zu ez zara oroitzen edo negozio kontu horietan oso gutxi dakizu eta jakinaren gainean jarri egin beharko zaitut.

NORA: Zer ba?

KROGSTAD: Zuk senarra gaixo zegoenean mila eta berrehun ezkuturen ezkutuko prestamua eskatu zenidan.

NORA: Ezpainun besterik ezagutzen.

KROGSTAD: Eta nik dirua emango nizula agindu.

NORA: Eta eman ere bai.

KROGSTAD: Dirua ematerako kondizioak jarri nizkizun baina zuk ez zenuen zeure senarren gaixotasuna beste ardurarik eta hain larri zenbiltzan, diru hori eskuratu arte ez dut uste asko begiratu zenienik kondizio hauei, horregatik ez zara harrituko orain gogorarazten badizut. Hara: neronek idatzi nuen erreziboa zuk izenpetu zenezan.

NORA: Bai eta izenpetu nuen.

KROGSTAD:Bai eta beheraxeago beste lerro batzuk erantsi nizkion. Lerro horietan jartzen du zure aitak erantzungo zuela diru horretaz eta errenkada haiek hark izenpetu behar zituen.

NORA: Behar zituen eta egin zituen.

KROGSTAD: Izenpetzeko eguna zure aitaren esku utzi nuen eta berak jarri behar zuen ze egunetan izenpetzen zuen, gogoratu al zinen horretaz.

NORA: Bai noski, hala zen.

KROGSTAD: Gero erreziboa zuri eman nizun aitari korreoz bialdu zeniezaion, ez al zen hala?

NORA: Bai halaxe zan.

KROGSTAD: Gauzak itxura dutenez. Berehala bialdu zenion aitari, handik bost edo sei egunera itzuli baitzenidan errezibua aitaren firma eta guzti. Eta orduan jaso zenuen dirua.

NORA: Bueno bai, eta ez al dizut itzuli esan bezala?

KROGSTAD: Gutxi gorabehera bai baina. (Lehengo harira itzuliaz.) Egun haiek zuretzat tristeak ziren noski andrea.

NORA: Bai egia da hori.

KROGSTAD: Zure aita, uste dudanez oso gaixo zegoen.

NORA: Hilzorian.

KROGSTAD: Egun gutxi barru hil al zen?

NORA: Bai jauna.

KROGSTAD: Aizu andrea, gogoratzen al zara oraindik ere zure aita ze egunetan hil zen.

NORA: Bai. Agorraren hogeita bederatzian.

KROGSTAD: Halaxe da jakin dudanez eta horregatik gauzatxo batek harritzen nau. (Papertxo bat patrikatik atereaz.) Alegia zure aita hil eta handik hiru egunera izenpetu zuela paper hau. Nora, esango al zenidake hori nola daiteken. (Nora ixilik jarri.)

KROGSTAD: Begien bistan dago gainera «urriaren» hitza ez dagoela zure aitak idatzia baizik eta ustez ezaguna dudan beste baten letra da. Hartara ezkero horrek ez du garrantzi handirik zure aitari ahaztu egingo zitzaion ze egunetan izenpetzen zuen jartzea eta besteren batek hil zela jakin baino lehenago jarriko zituen hitz horiek. Asuntoaren giltza, firma da. Benetan, zure aitarena al da firma hori? Zure aitak berak jarri al zuen hor izena?

NORA: (Pittin batean ixilik dago gero burua altxatzen du eta borrokarako prest bezala begiratzen dio.) Ez, ez zuen hark jarri. Nik idatzi nuen hor aitaren izena.

KROGSTAD: Begira andrea. Ohartzen al zara ze gorabehera ekarri liezazukeen aitorketa honek?

NORA: Zergatik! Egun gutxi barru hor izango duzu dirua.

KROGSTAD: Barkatu zaidazu beste galderatxo bat. Zergatik ez zenion zure aitari erreziboa bidali?

NORA: Ezin zitekeelako. Hain gaixo zegoen gizajoa! Eta firma hori eskatzeko esan egin behar nion zertarako nuen. Eta tankera hartan zegoen gizon hari... Nola aitortu nire senarraren bizia hari batean zegoela? Ezin zitekeen.

KROGSTAD: Hobe zen horretan hegoalderako txango aldi hori ez egitea.

NORA: Hori ezinago. Biaje horretantxe zegoen nire senarraren osasuna eta bizia eta ezin nezakeen utzi.

KROGSTAD: Baina ez al zara konturatzen ze bilaukeria egin zenuen nirekin?

NORA: Ez nuen betarik horretan pentsatzeko, gainera bost axola zitzaidan niri nire senarraren bizia arriskuan zegoela jakinik ere hain hotz eta bihotz gabe ikusten zintudan hortaz.

KROGSTAD: Andrea ikusten denez ez zara konturatzen zer garrantzi duen zuk egin duzun horrek. Kontuan jausi zaitezen hauxe esango dizut..Ni lohipean sartu eta utzi naun txarkeria ez zela hori baino okerragoa.

NORA: Zuk egin zenuena, emaztearen bizia salbatzeko egin zenuela sinistarazi nahi al didazu?

KROGSTAD: Legeei ez zaie ardura zergatik egin dugun gaiztakeria.

NORA: Orduan legeak ez dira zuzenak.

KROGSTAD: Zuzenak edo okerrak paper hau agintariengana eramaten badut lege horien barruan epaituko zaituzte.

NORA: Ez dut uste. Alaba batek ez du eskubiderik hilzorian dagon aita zaharrari buruhausterik eta nahi gabekorik emateko eta emazte batek ez al du eskubiderik bere senarraren bizia salbatzeko? Nik ez ditut legeak zehatz-mehatz ezagutzen baina ziur nago non edo han jarriko duela gauza hori estuasun eta egokiera batzuetan libre dela. Eta... zuk, lege gizona zaren horrek ez al dakizu hortaz ezertxo. Ez derizkiot legegizon bezala oso iaioa zarenik Krogstad jauna.

KROGSTAD: Baliteke baino esku artean darabilzkigun hautuetan ohitua naizela aitortuko duzu: orain egin ezazu nahi duzuna. Baina bigarren aldiz nik nozitzen badut zuk ere nirekin batera nozitu beharko duzu. (Agurtzen du eta badoa.)

 

 

XII. AGERRALDIA

 

NORA: (Pittin batean pentsakor gero buruari eragiten dio.) Ba! Beldurtu egin nahi ninduen baina ez naiz tuntuna. (Haurtxoen jantziak biltzen hasten da eta geroxeago gelditu.) Hala ere ezin liteke! Maite sumindua...

HAURRAK: (Ezkerreko atean.) Ama, joan al da jaun hori?

NORA: Bai, bai, badakit baino ez iezaiozue inori aitatu jaun hori hemen izan denik e! Entzun! Ezta aitatxori ere.

HAURRAK: Ez ama, orain jostatu nahi al duzu gurekin.

NORA: Ez, orain ez.

HAURRAK: A! agindu zenigun ama.

NORA: Ezin dut ba, zoazte ederrok lan asko daukat. (Maitasunez ateraino laguntzen die eta ixten du atea.)

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

Nora eta gero Elena

 

NORA: (Silloian esertzen da, bordatzeko zapi bat hartzen du eta pixka batean jardun eta gero kendu, uzten du, jaikitzen da eta sarrerako aterantz doa.) Elena, ekarri ezazu zuhaitz hori (inguratzen da ezkerreko mahaira eta kaxoi bat irekitzen du, berekiko). Ez! Ezin liteke inola ere!

MIRABEA: (Eguberri zuhaitzarekin.) Non jarri behar da etxeko andrea?

NORA: Hortxe erdi-erdian.

MIRABEA: Besterik ezer behar al du.

NORA: Ez, eskerrik asko. Baditut hemen behar ditudanak. (Badoa mirabe zuhaitza utzi ondoren eta Nora arbola apaintzen hasten da.) Hemen argiak behar dira. Hemen berriz loreak jarriko ditut! Doilorra! Bilaoa!... berriketak e... Ez du ezertxo ere esan nahi. Polita jarri behardugu eguberri zuhaitza... Nik zuk nahi duzun guztia nahi dut Torwaldo... Dantzatuko naiz, zuri atsegin emateagatik kantatuko dut. (Helmer, paper pila bat galtzarbean duela sartzen da.)

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

Nora eta Helmer

 

NORA: Hara! Hemen al zara.

HELMER: Bai inor etorri al da.

NORA: Hona ez.

HELMER: Harritzekoa da ba. Krogstad etxetik ateratzen ikusi dut.

NORA: A, bai, bai, Krogstad egon da istant batean.

HELMER: Baietz igarri zertara etorri den. Bere alde hitz egin diezadazula zuri eskatzera etorri al da?

NORA: Bai.

HELMER: Eta zeuri jaio balitzaizu bezala egiteko esango zizun gainera: bera etorri zaizunik niri esan gabe?

NORA: Bai Torwaldo baina...

HELMER: Nora, Nora zer egin duzu? Hori den bezalako gizon batekin hizketan jarriko zinen ba eta baietz agindu egin diozu gainera. Eta okerrena gero niri gezurra esan!

NORA: Gezurra?

HELMER: Ez didazu ba esan ez dela inor etorri? (Behatzarekin amenazatuaz.) Ez du berriz horrelakorik egingo nire larratxori kantariak... e? Txoriak mokoa garbi eduki behar du txorrotxio alaiak ateratzeko. (Gerritik heltzen dio.) Ez al da hala? Bai, banekien bai nik (uzten dio). Bueno gau honetan ezta hitz ere gehiago! (Tximiniaren aurrean esertzen da.) Bai ederki egoten dela hemen! (Paperari begira. Nora berriz zuhaitza apaintzen kera pixka bat.)

NORA: Torwaldo. Torwaldo!!

HELMER: Zer?

NORA: Etzi Stembergen etxera dantza-aldira joateko pozez zoratzen nago.

HELMER: Eta ni berriz zu nola azalduko ote zaren jakiteko irrikitzen!

NORA: Ba aspertu naiz oraintxe.

HELMER: Zertan?

NORA: Ez dut bilatzen gustuko soinekorik. Denak txatxu eta itxusi iruditzen zaizkit.

HELMER: Ederki gaude! Hori da ateraldia! Nora!

NORA: (Butakaren atzealdetik ukalondoak ezartzen dizkiola.) Presa al duzu Torwaldo?

HELMER: Ba...

NORA: Ze paper dituzu horiek?

HELMER: Bankuko gauzak.

NORA: A...

HELMER: Kargua utzi eta ateratzen diren direktoreek nahi ditudan aldaketa guztiak egiteko eskubidea eman didate, bai pertsonetan eta bai gauzetan eta eguberri aste honetan horixe prestatzen ari behar dut, urte berritarako dena erabakia eduki nahi nuke eta.

NORA: Orduan horregatik Krogstad gixagajoa...

HELMER: Jum...!

NORA: (Eskuarekin ileak igurtziaz.) Horren lanperatua ez bazeunde, mesede bat eskatuko nizuke.

HELMER: Ea, ba, zer litzateke?

NORA: Inor baino gusto gehiago duzu, eta dantza horretara nahi nuke ba apain joan... Torwaldo, ez al zenidake zuk aukeratuko soinekoa?

HELMER: Ara, hara gure kaska-gogorra nola bigundu dan.

NORA: Bai Torwaldo zu gabe ezin dut ezer erabaki.

HELMER: Bueno, bueno, ikusiko dut, asmatuko dut zerbait.

NORA: A, bai ona zarela! (zuhaitzera itzultzen da) (Ixil-unea). Aizu eta oker handia al da Krogstadek egin duena?

HELMER: Lapurretak egin ditu. Ba al dakizu hori zer den?

NORA: Beharbada mixeria gogorrak behartuko zuen horretara.

HELMER: Bai askotan gehiegi pentsatu gabe egiten dira gauzak eta ez dut nik hoinbestez gainera behingoagatik bakarrik gizona gaitzetsiko.

NORA: Ez, ezta Torwaldo?

HELMER: Bat baino gehiago zintzotzen dira baldin eta bere okerra aitortu eta zigorra betetzen badute.

NORA: Zigorra?

HELMER: Baino Krogstadek ez du bide hori hartu. Maltzurkeriaz eta azpikeriaz estali nahi izan du egindako okerra eta horrexek galdu du.

NORA: Uste al duzu...

HELMER: Horrelako pertsona batek. Harra barruan darabilki eta noiz nahi gezurra esan ohi du hitzetik hortzera, baita etxean bere emazteari edo semeari ere. Eta hori seme-alabentzat izugarria da.

NORA: Zergatik?

HELMER: Gezur giro horretan etxeko guztiak kutsatzen direlako. Seme-alabak, arnasa hartzen duten bakoitzean, irensten dituzte gaiztakeri-haziak.

NORA: (Inguratzen zaio.) Egia ote da hori.

HELMER: Ez da ba izango, maite. Nire abokatutzan ikusi dut mila bider. Ia gaizto guztiek ama gezurti hutsa izan zuten.

NORA: Zergatik diozu ama?

HELMER: Gehienean amagatik izan ohi delako, askotan aitek ere berdin-berdin egiten dute baino. Hori abokatu guztiek badakite ongi asko. Eta hala ere Krogstadek urtetan gezurra eta saltsa dariola ibiliz bere seme-alabak kutsatu egin ditu, horregatik ez dut uste gizon hori zintzotu litekeenik. (Eskuak luzatzen dizkio.) Eta horrexegatik agindu behar dit nire larratxoriak ez duela txintik aterako haren alde. Agindu zaidazu. Ekatzu eskua. Holaxe. Egina dago. Hara esaten dizut: nahita ere ezin al izango litzateke horiekin lan egin holako pertsonek gonbitolarria ematen didate eta.

NORA: (Eskuak bereizten ditu eta zuhaitzaren beste aldetik jartzen da.) Bero dago hemen edo ke giroa... eta ni banago ba, hainbeste lan egiteko eduki-eta.

HELMER: (Altxa eta paperak bilduz.) Paper honetako batzuk ikusi behar ditut bazkal aurretik. Gero ea zure soinekoaz gogoratzen naizen. Zuhaitz horretan ere zerbait txintxilikatu beharko dut urrezko paperean bilduta. (Eskuarekin ileak igurtziz.) Nire larratxori polit hori! (lan-gelan sartzen da eta atea ixten du).

 

 

XV. AGERRALDIA

 

Nora eta Mariana

 

NORA: (Kera pitin baten ondoren ixil-mixilka.) Ez, ez. Ez da hori hola! Ezin diteke. Ezta inola erel

MARIANA: (Ezkerraldean.) Haurrek mundu guztitik hona etorri nahi dute.

NORA: Ez, ez, ez. Ez iezaiezu utzi etortzen. Zoaz kanpora beraiekin.

MARIANA: Bai, ondo da etxekoandre. (Bihoa.)

NORA: (Izututa, zurituta.) Nire haurrak kutsatu! Seme-alabak pozoitu! (Altxatzen du burua.) Ez da egia!, gezurra da hori! Ezin daiteke egia izan!

 

ZAPIA

 

 

 

© Henrik Ibsen

© itzulpenarena: Jose Agirre

 

 

"Henrik Ibsen - Andere etxea" orrialde nagusia