NEGUAN LORE

 

 

Nork sorterazten zaitu, bertso-berri labur?

Olerkari zar onek barnean izotza...

Agertu zeraneko, negu-lili, elur

artean argitu zait erabat biotza.

 

Negutean apuru beltzaren lorea

baita zure antzeko, urtuta elurra:

egoaizeak io du; zorion betea

dakarkie artzainei, aizatuz beldurra.

 

Ala, negu gerrian, etxeko aintzina

loretan iazten didan kameli mengela?

Orritan zuri-gorri badakust pinpina,

ederrik labur dirau, gizonak bezela.

 

Nor izan zaitekenez ezin dut igarri:

aitaren magalpeko? ume-zurtz bakarra?

Zerana zeralarik, ene baitan larri

ezin egon naiteke, senide azkarra.

 

Nere bizitzarteko uda-min beroa

al duzu ernerazle guri eta bizkor?

Datorken udaberri garden ta eroa

aditzera ematen al didazu baikor?

 

Noruntz io ezker-eskuin, edo aintzin-gibel,

zure berr(i) izateko? nik neuk ezin iakin.

Len-aldia gogora oi datorkit goibel,

ta geroa, gaupean, zeatz ikus ezin.

 

Nire izangoaren asikina ote

zaitut, ala, damurik, ondakin mingotsa?

Parrearen azkena, ala poza date,

lili, adierazten didazun aotsa?

 

1958

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus