Iokin Zaitegiren mendeurrena

 

        1906ko uztailaren 26an jaio zen Iokin Zaitegi. Idazle, itzultzaile eta kultur ekintzaile nekagaitza, asko dira arrasatearrak jorratu zituen eremuak. Itzultzaile gisa egindako lanak azpimarragarriak dira, batez ere klasikoak euskaratzen egindakoa: Sofokles, Euripides, Platon, J. Benaventeren "Abereen indarra", "Ebanjeliñe"... Euzko-Gogoa aldizkariaren sortzaile eta sustatzaile nagusia izan zen, Guatemalan lehenbizi eta Miarritzen gero. Eta sortzaile ere izan zen. Hitz lauz idatzitako Bidalien eginak lanaz gain, olerkari izan zen Iokin Zaitegi. Tori nire edontzia poemarekin Zarauzko Olerki Egunean 1934an irabazitako sariaren ondoren, hainbat poema idatzi eta argitaratu zituen euskal aldizkarietan. Eta gerora bildu bi liburuetan, Mexikon Pizkundearekin 1946an argitaratu zuen Goldaketan liburuan, eta 1962an Guatemalan plazaratu zuen Berriz ere Goldaketan poemarioan. Jatorrizkoez gain, bi liburuon amaiera aldera euskaratutako hainbat poema ere badaude: Heine, Longfellow, Sully-Prudhomme, Pascoli, Baudelaire (nahiz eta poetaren aurkezpenean erabat gaitzesten duen, bere poemen eta bizimoduaren lizuna eta bide okerra salatuz), Verdaguer, Maragall...

        Bidegileak bilduman Pako Sudupek idatzitakoez gain, Zaitegiren bizimodu eta lana ezagutzeko funtsezkoa da Jose Mari Velez de Mendizabalek egindako liburua, Iokin Zaitegi izenekoa, idazlearekin izandako elkarrizketetan, bere lanaren azterketan eta ingurukoen iritzietan oinarritutako biografia.

 

 

 


www.susa-literatura.eus