Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


ULUA
Allen Ginsberg

 

1955eko urrian San Franciscoko (AEB) Six Gallery arte aretoan poesia errezital bat antolatu zuten Allen Ginsberg eta Jack Kerouacek. Ginsbergek Howl poema irakurri zuen. Biharamunean Lawrence Ferlinghetti poeta eta City Ligths Books-eko editoreak eskuizkribua eskatu zion, eta 1956an argitaratu zuelarik liburua bahitu egin zuten poemaren eduki obszenoengatik. Beat belaunaldiaren ikurretarik bat bilakatu zen.

 


 

euskaratzailea:
Harkaitz Cano

 

 

Carl Solomonentzat

 

                        1

 

Nire belaunaldiko buru argienak ikusi ditut suntsituta

       eromenez, gosez akabatzen, histeriaz biluzik,

arrastaka beltzen karriketan barrena ordu txikietan

       orratz-ziztada amorragarriaren xerka,

aingeru-buru jakitunak behialako lotura zerutiarragatik sutan

       gaueko tresneriaren dinamo izartsurantz,

txiro eta zarpail eta begi-zuloekin eta hordi, zutik pipatzen

       ur-hotzeko apartamentuetako iluntasun naturaz kanpokoan

       hirietako gailur garaietan gaindi airean igeri

       jazzari arreta jarrita,

garun-mamiak Zeruari eskaini zizkiotenak metroko zubipean,

       aingeru Islamdarrak ikusi zituztenak

       eraikinetako teilatu argiztatuetan zalantza-balantza,

unibertsitateak zeharkatu zituztenak begi distirant bozkarioz-

       koez haluzinatzen Arkansas eta Blake-n gisako

       ikuspen tragikoekin gerra-adituen artean,

akademietatik egotzi zituztenak, zoroak zirelako eta oda

       lizunak argitaratu zituztelako burezurreko leihoetan,

gela narratsetan ezkutaturik azpi-arropen ia biluzian

       euren dirua zabor-saskietan erre eta

       hormaz bestaldean Izua entzuten zutenak,

bizar pubikoetatik arrastaka ostikada jaso zutenak

       Laredotik bueltan, New Yorkera

       marihuana gerriko bana soinean zeramatela,

hotel merkeetan sua irensten zutenak, eta turpentina edaten

       Paradise Alleyn, heriotzaren zama edo purgatorioko

       zigorra ezarriz euren bizkarrei gauetik gauera

drogekin, ametsekin, esnai egindako lokamutsekin, alkoho-

       larekin eta zakilekin eta etengabeko potroekin,

kalezulo paregabeak eta laino dardaratiak eta tximistak

       adimenean, Kanada eta Patersongo poloetarantz

       jauzika, bitarteko Denboraren mundu zirkingabea

       argiztatzen,

peiotearen gotorra korridoreetan, zuhaitz berdearen egunsentiak

       hilerriko jardinean, ardoz hordi eraikinetako teilatuetan,

       semaforoen neoia dir-dir, drogaturik autoz zeharkatutako

       auzoak almazenez beteak, eguzkiaren bibrazioak eta

       ilargiarenak eta zuhaitzarenak Brooklyngo negu-

       arrastiri orroatietan, zaborrontzi zaratatsuak eta

       buruko argi onbera,

metroan kateatu zirenak Batterytik Bronx sakraturako ibilbide

       amaiezina burutzeko, benzedrinaz lepo, harik eta

       gurpilen eta umeen zaratak jaitsiarazi zituen arte,

       euren hortz ustelduak airean eta garuna hutsik eta agor

       Zooko argi ubelerantz,

gau osoan Bickfordeko argi urpekoan hondoratu zirenak, jitoan

       jitoari eutsiz, eta Fugazzi taberna desolatuan arratsaldea

       eserita eman zutenak, garagardo kamuts-zozoa

       sudurpean zutela, azken judizioaren karraska hotsak

       hidrogeno-jukeboxean entzuten,

hirurogeita hamar orduz segidan atertu gabe mintzatu zirenak

       parketik etxera tabernara zaharretxera museora

       Brooklyngo zubira,

mintza-lagun platonikoen gudaroste galdua maldan behera

       jauzika leiho arasetatik kanpora, sute-eskaileretatik

       kanpora, Empire Statetik kanpora, ilargira jauzika,

berriketan ari zirenak ttar-ttar garrasika gonbitoka,

       xuxurlatuz oroitzapenak eta gertaerak eta pasadizoak,

       eta halaber begiz jotako orgasmoak

       eta ospitale, espetxe eta gerretako kolpeak,

zazpi egun eta zazpi gauetan etenik gabe

       euren adimenarekin txahala egin zutenak,

       begirada gardenez asfaltoan barreiatuz

       Sinagogarako haragia,

New Jerseyko ez-leku Zen-etik ezerezean desagertu zirenak,

       Atlantic Cityko udaletxearen postal anbiguoen

       arrasto bat utziz,

nozituz Ekialdekoak ziruditen izerdiak eta hezurren kurrus-

       katze Tangertarrak eta burukomin Txinatarrak

       droga-tratamentuan Newarken, apenas altzaririk zuen

       gela biluzi hartan,

gauerdian inora gabe eta inora barik trenbidean zebiltzanak

       nora joan ere ez zekitela, eta azkenik joan zirelarik

       norabait, partitu baitziren bihotz apurturik laga gabe,

zigarretak piztu zituztenak merkantziazko merkantziazko

       merkantziazko bagoietan alderoka elurretan gaindi

       landetxe bakartietarantz aiton-gauean,

Plotinus Poe San Juan Gurutzekoa telepatia eta bop kabbalah

       aztertu zituztenak, senak hala aginduta

       kosmosak zirkin egiten zuelako haien oinetara,

       non eta Kansasen,

Idahoko kaleetan alderrai, benazko aingeru indiar

       bisionarioak izango ziren aingeru indiar

       bisionarioen bila zebiltzanak,

Baltimorek naturaz gaindiko extasian diz-diz egin zuenean,

       haiena eromen single arrunta baino ez zela

       pentsatu zutenak,

Oklahomako txinatarrekin limusinetara igo zirenak

       neguko gauerdian, hiri ttipietako kale-argien azpiko

       euriaren bultzadarekin,

alferkerian eseri zirenak, gosez amorratzen eta bakarti

       Houston ibaian gaindi, jazzaren edo sexuaren

       edo zoparen xerka, eta buru-argi espainiarrari

       jarraitu ziotenak Amerikaz eta eternitateaz

       mintzatzeko, esperantzarik gabeko zeregina horixe,

       horregatik ontziratu ziren noski Afrikarantz,

Mexikoko sumendietan desagertu zirenak

       blue-jean-en itzala eta laba eta papurtutako poesia

       beste arrastorik utzi gabe Chicagoko su-bajuan,

berragertu zirenak gero Mendebaldeko Kostaldean

       FBIa ikertuz, bizardun eta praka motzetan

       bakezaleen begi zabalekin, sexy haien azal ilunak,

       zertarako eta, eskuorri ulertezinak banatzeko,

zigarretarekin zuloak egin zituztenak euren besoetan

       kapitalismoaren tabako-lanbro lo-arazlearen

       aurka protesta egiteko,

panfleto superkomunistak banatu zituztenak Union

       Squaren negar-zotinka eta arropak erantzita,

       bitartean auhen zegiten Los Alamosko tutu-hotsek,

       eta Wall Streetek ere ahuen, eta Staten Islandeko

       ferry hauek ere ahuen,

negarrez lehertu zirenak gimnasio zurietan biluzik

       eta durduzaz inoren hezurduren makinariari so,

detektibeei lepoan hozka egin eta polizi-autoetan

       atsegin handiz garrasi egin zutenak,

       inolako krimenik egin ez zutelako

       ezpada euren pederastia basatia eta

       euren buruen pozoitzea eta egostea,

ulu egin zutenak metroan belauniko eta

       arrastaka jaitsiarazi zituztenak teilatutik,

       euren genitalak eta eskuizkribuak astintzen,

santu motorzaleek popatik eman ziezaieten utzi

       eta pozez intziri egin zutenak,

giza-serafinek miazkaturik eta giza-serafinen miazkari,

       marinelak, Atlantiko eta Karibeko laztan kuttunak,

dantzatu zirenak egunsentian arratsaldean arrosadietan

       eta parke publikoetako belazeetan eta hilerrietan

       euren hazia doan barreiatuz etortzen zen edonori,

etengabe zotin egin zutenak irriño bat behartu nahian,

       azkenean Bainuetxe Turkiarreko horman

       buru emanda negar egin beste aukerarik izan gabe

       aingeru ilehori biluzia ezpatarekin

       haiek ziztatzera etorri zenean,

euren mutil-maitaleak galdu zituztenak patuaren hiru atso

       zitalen erruz, dolar heterosexualaren atso begi-

       bakarraren erruz, umetokitik keinu egiten duen

       atso begibakarraren erruz eta bere ipurdi gainean

       planto eginda artisauaren ehundegiko urrezko hariak

       moztu beste lanik ez duen atso begibakarraren erruz,

extasian ahitzeraino txortan egin zutenak, asegabe hala ere,

       garagardo botila aldean, euren bihotzeko maitea aldean,

       zigarro paketea aldean eta aldean kandela bat, harik eta

       ohetik erori eta korridorean barrena zilipurdikatu eta

       egongelako hormaren kontra konortea galdu zuten arte

       alu definitiboaren eta plazer gorenaren ustezko

       ikuspenarekin, kontzientziaren azken ejakulazioa

       saihestu eta hazia isuriz,

ilunabarreko eguzkipean hozbera zeuden milioi bat

       emakumeren motxinak goxatu zituztenak,

       eta begi-gorri esnatu zirenak goizaldean,

       baina prest egunsentiari ere motxina goxatzeko,

       lastategian ipur-mazelak dir-dir eta aintziran larrugorri,

Coloradon putarik puta ibili zirenak gau-auto lapurtuetan,

       N.C., poema hauetako heroi sekretua,

       hazitarako moduko zezenkoa bera, Denverko Adonis,

       aintza eta loria larrua jo zien neska zenbaezinen omenez!

       orube hutsetan, errepide-jatetxeetako atze-patioetan,

       zinemako besaulki kirrinkarien ilaretan, mendi

       tontorretan zein leizeetan, eta kamarera argalei azpiko

       gonak altxatzen zizkiela bide-bazter ezagunetan;

       eta nola ez aipa gasolindegietako komun ezkutuetako

       solipsismo ariketak zein sorterriko kalexketan eginikoak,

film likits amaiezinetan deblauki lausotu zirenak, ametsetan

       lekuz aldatuak, tupustean Manhattanen esnatu eta

       sotoetatik irten zirenak Tokay bestondo bihozgabeak

       eta Hirugarren Abenidako altzairuzko ametsek bultzatuta,

       balantzaka langabezi-bulegoekin behaztopa egin arte,

gauaren luzean zapatak odolez gainezka zituztela

       elurrez estalitako nasetan barrena oinez ibili zirenak,

       lurrun epelez eta opioz mukuru zen gelara

       eramango zituen atea East Riverren noiz irekiko zain,

antzezpen suizida itzelak sortu zituztenak

       Hudson ertzeko amildegietako apartamentuetan,

       gerra garaiko ilargiaren foku-argi urdinaren pean,

       ahanzturaren erramuz koroatuak behar lukete

       haien buruek dagoeneko,

irudimenaren arkumea eltzean jan zutenak, edo Boweryko

       ibai hondo lohitsuetako karramarroa irentsi zutenak,

esku-orgak tipulaz eta musika zatarrez gainezka zeramatzatela

       kaleetako erromantzeekin negar egin zutenak,

kaxen gainean eseri zirenak arnasa hartuz zubipeko ilunpean,

       eta gero euren ganbaretan harpak eraikitzeko jaiki zirenak,

eztul egin zutenak Harlemgo seigarren solairuan,

       sugarrek koroatuak zeru tuberkulu gisakoaren pean

       teologiaren laranja kaxez inguraturik,

rock & roll ustez liluragarri eta gorenak zirriborratzen

       gaua ematen zutenak, goizeko izpi horixken argitara

       ahapaldi tentel bihurtzen bazen ere lilura oro,

animalia ustelduen birika bihotz oin isats borsht

       tortillak frijitu eta barazkien erresuma aratzarekin

       amets egiten zutenak,

arrautza baten bila okelez betetako kamioien azpian

       sartu zirenak,

euren erlojuak teilatutik behera jaurti zituztenak, hartara

       euren boza emateko denboraz kanpoko Eternitateari,

       gero iratzargailuen kazkabarra nozitu bazuten ere

       buru gainean taigabe hurrengo hamarkadako

       egun bakoitzean,

euren eskuturreko zainak hiru aldiz segidan ebaki zituztenak,

       arrakastarik gabe beti, amore eman eta

       antikuarioak zabaltzera behartu zituzten ondoren:

       bertan zahartzen ari zirela jabetu eta negar egin zuten,

Madison Abenidan franelazko traje errukior eta guzti

       bizirik kiskali zituztenak, berunezko neurtitzen

       eztanden erdian, azken-modaren altzairuzko

       gudarosteen burrunba metatuen erdian,

       iragarkietako maritxuen nitroglizerinazko

       garrasien erdian, editore maltzur bezain adimentsuen

       mustarda-gasaren erdian, edo Errealitate Absolutua-

       ren taxi mozkorrek harrapaturik bestela,

Brooklyngo zubian behera jauzi egin zutenak,

       eta hau gertatu zen zinez; urrundu egin ziren gero,

       denen begietara arrotz eta ahantziak,

       Chinatowngo zopa, kalexka eta

       suhiltzaile kamioien nahasmen mamuzkoan,

       garagardo ziztrin bat ere musutruk lortu gabe,

leihoetatik kantuan aritu zirenak, itxaropenik gabe,

       metroko leihotik behera erori zirenak,

       Passaic narratsera igo zirenak, beltzei lepora jauzi egin

       eta negar egin zutenak edozein kaletan, ortozik dantza

       egin zutenak ardo-edalontzi birrinduen gainean,

       birrinduz halaber 1930etako jazz alemanezko

       fonograbazio europar nostalgikoak, whiskya amaitu eta

       txahala egin zuten gero komun odoleztatuan, intziriak

       eta bafore-txistu kolosalen eztandak belarrietan zituztela,

iraganaren errepideak ziztu bizian zeharkatu zituztenak

       elkarren autotzar-trukatu-Golgotakora bidaiatuz,

       kartzela-bakardadea zaintzera edo Birminghamgo

       jazzaren hezurmamitzera,

herrialdea alderik alde zeharkatuz hirurogeita hamabi orduz

       segidan gidatu zutenak, zertarako eta, ea Eternitatea

       aurkitzeko nik bisio bat ote neukan edo zuk bisio bat

       ote zeneukan edo hark bisio bat ote zeukan ziurtatzeko,

Denverrera bidaiatu zutenak, Denverren hil zirenak,

       Denverrera itzuli eta alferrik itxaron zutenak,

       Denver zaindu, Denverren hausnartu eta euren kasa ibili

       eta azkenik hanka egin zutenak Denvertik, konturatzeko,

       Denbora, eta orain Denver bera ere bai, triste dagoela

       eta heroirik gabe bakarrik,

esperantzarik gabeko katedraletan elkarren salbazioaren alde

       eta argiaren alde eta bularren alde otoitz egiteko

       belaunikatu zirenak, harik eta arimak segundo batez

       bere ilea piztu zuen arte,

kartzelan euren burmuinak birrindu zituztenak,

       urrezko burudun gaizkile ezinezkoen zain egoteagatik,

       errealitatearen xarma bihotzean

       Alcatrazi blues leunak abesten,

aztura txar bat lantzeko Mexikora erretiratu zirenak,

       edo Mendi Arrokatsuetara Budari eskaintzak egitera

       edo Tangerrera mutiko-ehizan, edo Hego Pazifikora

       lokomotora beltzera edo Harvardera Narzisorenera

       nahiz Woodlawnera bitxilore idunekoak egitera

       edo hilobira,

irratiari hipnotismoa leporatuz buru-osasunari buruzko

       epaiak eskatu eta euren zoramena eta esku hutsak

       eta eman gabe geratu zen epaia beste heldulekurik gabe

       abandonatuak izan zirenak,

New Yorkeko Unibertsitate Publikoan dadaismoari buruzko

       hizlariei patata entsaladak jaurti zizkietenak,

       kaskoa soilduta zoroetxeko granitozko eskaileretan

       azaltzeko segidan, arlekinen hitzaldi suiziden bidez

       berehalako lobotomia exijituz, eta horren ordez

       intsulinaren hustasun zehatz eta zinezkoa jaso zutenak

       metrasola argindarra hidroterapia psikoterapia

       berreziketa ping-ponga eta amnesia,

haiek zeinak umorerik gabeko protestaldi gisara

       ez baitzuten ping-pong mahai sinbolikoa

       hankaz gora jartzea beste burutaziorik izan,

       atseden labur bat hartuz katatonian;

       urteen buruan itzuliko ziren Ekialdeko

       zoro-herrietako aretoetako gizon eroaren

       halabehar begi bistakora, Pilgrim State, Rockland eta

       Greystoneko egongela kirastuetara, erabat burusoil,

       odol, malko eta hatzekin egindako ileordekoa soinean,

       izpirituaren oihartzunekin mokoka, gauerdiko

       bakardadearen eserlekuan eta maitasunaren

       dolmen erresumetan rock & rolla dantzatzen,

       lokamutsezko bizitza bat amesten,

       gorputzak harri bihurturik, ilargia bezain astun,

ama ere finean izorratua, eta azken liburu fantastikoa

       apartamentuko leihotik behera jaurtia,

       eta azken atea hertsia goizeko lauetan

       eta horri erantzunez azken telefonoa

       hormaren kontra zartatua,

eta ongi hornitutako akabuko gela, handik

       azken altzari mental puska atera arte hutsarazia,

       paperezko arrosa horia armairuko alanbrezko

       pertxan kiribildua, eta hori berori ere

       irudimenezkoa da, haluzinazio zatiño ttipi eta

       itxaropentsu bat baino ez,

(Oi, Carl, zu salbu ez zaren bitartean neu ere ez naiz salbu

       eta orain denboraren zopa zeharo alimalean zaude...)

eta beraz, lasterka egin zutenak kale izoztuetan barrena

       elipse katalogo metro eta plano dardaratiaren

       erabileraren alkimiak dakarren flash tupustekoa-

       rekin setatuta, pitzadurak amestu zituztenak,

       bai eta pitzadurak ireki ere Denboran eta Espazioan

       gainjarritako irudien bidez, eta arimaren goiaingerua

       tranpan harrapatu zutenak bi irudien artean,

       eta oinarrizko aditzak batu zituztenak

       eta izena eta kontzientziaren marratxoa

       elkarren ondoan paratu zituztenak jauzika

       Pater Omnipotens Aeterna Deus sentipenarekin,

zertarako eta, giza prosa pobrearen sintaxia eta

       neurria birsortu eta zutik irauteko zure aurrean,

       isilik eta adimentsu eta lotsaz dardaraka;

       ukatuak izan garelarik ere, arima konfesatuz

       pentsamenduen erritmora plega dadin

       bere buru biluzi eta amaigabean,

gizon ero alderraia eta aingerua denboran taupaka,

       denon begietara arrotz, eta hala ere hemen izkribatuz

       agian heriotz-ostean esateke gera litezkeen berbak,

eta zutitu zirenak, eta bandaren urrezko turuten

       lorratzean zeuden mamu jantzietan haragiztatu eta

       putz egin ziotenak minbera dagoen Amerikaren

       izpiritu biluziaren sufrimenduari, maitasun bila

       eli eli lamma lamma sabacthani saxo baten intziria,

       hiriak astindu eta hotzikarak eragiten dituena

       azken irratian,

euren gorputzetatik erauzia izan den

       bizitzaren poemaren bihotz absolutuarekin,

       jateko modukoa mila urtez.

 

 

                        2

 

Zementuzko eta aluminiozko zein esfingek egin zuen zapart

       haien burezurren kontra euren burmuinak eta

       irudimena irensteko?

Moloch! Bakardadea! Lohia! Itsuskeria! Hautsontziak

       eta dolar lortezinak! Umeak garrasika eskailerapean!

       Mutil gazteak negar-zotinka ejertzitoetan!

       Gizon zaharrak zinkurinka parkeetan!

Moloch! Moloch! Molochen amesgaiztoa! Moloch

       maitasunik gabea! Moloch mentala!

       Moloch gizakien epaile zorrotza!

Moloch presondegi ulertezina! Moloch berna-hezur

       gurutzatuekin egindako espetxe arimagabea!

       Moloch zeinaren eraikinak badiren berez aski epai!

       Moloch gerrako harri zabala! Moloch

       agintaritza txundituak!

Moloch zeinaren burua tresneria hutsa den! Moloch

       zeinaren hatzak hamar gudaroste oso diren!

       Moloch zeinaren bularra dinamo kanibala den!

       Moloch zeinaren belarria kea darion hobia den!

Moloch zeinaren begiak mila leiho itsu diren! Moloch

       zeinaren etxeorratzek kale luzeetan zutik dirauten

       Jehovaren lekuko amaigabeen gisan! Moloch

       zeinaren lantegiek amets egiten duten eta korroka

       behelainopean! Moloch zeinaren tximinia garaiek

       eta antenek hiriak koroatzen dituzten!

Moloch zeinaren amodioa petrolio amaigabea eta harria den!

       Moloch zeinaren arima argindarra eta bankuak diren!

       Moloch zeinaren pobrezia jeinu baten espektrua den!

       Moloch zeinaren patua sexu bariko hidrogenozko

       laino bat den! Moloch zeinaren izena Adimena den!

Moloch zeinaren gainean esertzen naizen bakarturik! Moloch

       zeinaren baitan amets egiten dudan aingeruekin!

       Molochen baitan zoro! Zakil-miazkari Molochen baitan!

       Maitasunik gabe eta gizonik gabe Molochen baitan!

Moloch zeina laster asko sartu baitzen ene ariman! Moloch

       zeinaren baitan kontzientziarik gabea naizen gorputzik

       batere gabe! Moloch zeinak izutzen nauen nire berezko

       extasitik at! Moloch berari abandonatzen natzaio!

       Iratzarri Molochen baitan! Turrustan doa argia zeruan!

Moloch! Moloch! Apartamentu-robotak! Bazterrauzo ikusezinak!

       Eskeleto altxorrak! Kapital itsuak! Industria txerrenak!

       Nazio espektralak! Etxe zoro garaitezinak!

       Granitozko zakilak! Lehergailu munstroak!

Euren bizkarrak apurtu zituzten Moloch Zerura igotzeko!

       Espaloiak, zuhaitzak, irratiak, tonak! Hiria eraman dute

       Zerura, existitzen da halakorik eta inguru guztietatik

       besarkatzen gaitu!

Ikuspenak! Iragarpenak! Haluzinazioak! Mirakuluak! Extasiak!

       Denak ibai Amerikarrean behera!

Ametsak! Gurtzeak! Iluminazioak! Erlijioak!

       Ontzi-bete simaur sentikor!

Aurkikuntzak! Ibaiaren gainetik! Zoraldiak eta gurutziltzatzeak!

       Beherantz doaz uholdearekin! Drogen euforiak!

       Epifaniak! Etsipenak! Animalien oihuz eta suizidioz

       betetako hamarkadak! Pentsakera ezberdinak!

       Amodio berriak! Belaunaldiaren zoroa!

       Denboraren harkaitzetan zapart egiteraino!

Benetako barre sakratua ibaian! Haiek ikusi zuten hau guztia!

       Begi basatiak! Garrasi sakratuak! Agur esan zuten!

       Teilatutik jauzi egin zuten! Bakardaderantz jauzi!

       Imintzioka! Loreak aldean! Ibaian behera!

       Kalean gora!

 

 

                        3

 

Carl Solomon! zurekin nago Rocklanden

       ni baino zoroago zauden lekuan

zurekin nago Rocklanden

       oso arrotz sentituko zaren lekuan

zurekin nago Rocklanden

       nire amaren itzalaren eran antzaldatzen zaren lekuan

zurekin nago Rocklanden

       zure hamabi idazkariak erail dituzun lekuan

zurekin nago Rocklanden

       umore ikusezin honi barre egiten diozun lekuan

zurekin nago Rocklanden

       idazmakina izugarri berberean

       idazle handiak garen lekuan

zurekin nago Rocklanden

       zure egoerak okerrera egin duela gaztigatu eta

       horren berri irratian ematen duten lekuan

zurekin nago Rocklanden

       burezurraren gaitasunek zentzuen zomorrorik

       gehiago onartzen ez duten lekuan

zurekin nago Rocklanden

       Uticako mutxurdinen bularretatik

       tea edaten duzun lekuan

zurekin nago Rocklanden

       Bronxeko sorginzaharrak diren erizain atsoen

       gorputzen lepotik hitz-jokoak egiten dituzun lekuan

zurekin nago Rocklanden

       alkandora hertsagarri batekin amildegiko

       ping-pong joko benazkoa galtzen ari zarela

       oihukatzen duzun lekuan

zurekin nago Rocklanden

       non aldarrikatzen duzun piano katatonikoa kolpatuz

       arima errugabea dela hilezkorra eta ez lukeela sekula

       hil behar armatutako zoroetxe batean santutasunik gabe

zurekin nago Rocklanden

       berrogeita hamar shock gehiagok ere ezerezean

       gurutzerantz eginiko erromesalditik zure arima

       gorputzera inoiz itzularaziko ez duten lekuan

zurekin nago Rocklanden

       zure medikuak ergel zorotzat jo eta Golgota

       nazional-faszistaren aurkako iraultza hebrear-

       sozialistaren azpijokoa hausnartzen duzun lekuan

zurekin nago Rocklanden

       Long Islandeko zeruak banatu eta zeure Jesus biziduna

       gizakiaz gaindiko hilobitik berpiztuko duzun lekuan

zurekin nago Rocklanden

       non hogeita bost mila kamarada zoro denak elkarrekin

       Internazionalaren azken ahapaldiak abesten ari diren

zurekin nago Rocklanden

       non eta Amerikako Estatu Batuak gure oheko izaren

       azpian besarkatu eta musukatzen ditugun lekuan

       (AEBek eztul dagite gau osoan ez digute lotan utziko)

zurekin nago Rocklanden

       elektrifikaturik esnatzen garen lekuan komatik irten berri

       geure arimen aireplanoak zurrunbiloka teilatu gainean

       lehergailu aingeruzkoak jaurtitzera etorri dira

       ospitaleak argiztatzen dira alegiazko hormen gainbeheran

       oi hezur eta azal diren gudarosteak korrika dabiltza

       oi errukiaren shock izartsua hemen da guda eternala

       oi garaipena ahaztu zure azpiko arropak aske gara

zurekin nago Rocklanden

       nire ametsetan oinez iritsi zara itsas-bidaiatik tantaka

       errepidean barrena Amerika zeharkatuz malkotan

       blai zatoz mendebaldeko gauean barrena

       nire etxolako aterantz

 

 

San Francisco, 1955-1956