20

 

        Aritz ez ezik, bere ama ere baserrian zen. Bidart eta Edurne agertu zirenean, denek oihuka eta laztanka agurtu zituzten, borrokatik garaile atera denari egiten zaion modura.

        — Hots, eseri egingo gara afaltzeko —esan zuen etxeko jaunak—. Ez al dugu holako gertakari batean urdaila ere pozez bete behar? Margarita —agindu zion bere emazteari—, ekar itzazu bi botila Champagne ere.

        Ez zuen, ez Eizagirre jaunak poz makala izan egun hartan, sabelaren legea bete ondoren.

        Aritz Edurneren ondoan eseri zen. Ez zioten elkarri hitz askotxorik esan, baina begiak eta bihotzak ari zitzaizkien mintzo, hitzen ordez. Bi uso bezala zeuden, urrumaka.

        Aski harritu zen Bidart, baina Hernandorenaren emazteak ia galdera gehiago egin zion, etxeko jaunak baino. Oso berritsu zegoen. Bidartek noiz behinka haren ardo basoari begiratzen zion. Baina ez, ez zuen limonada baizik edaten. Pozak bihotz-buruak argitzen ditu, itxuraz.

        Bestela ez zen afarian guk aurretik ez genekien xehetasunik aipatu.

        Azkenean baserrikoek laztankiro esan zieten agur

        Aritzi eta bere amari. Aspalditik ezagutzen zituztela zirudien.

        — Hots —esan zion neskatxak Bidarti, biak bakarrik geratu zirenean—. Gauza bat nagok oraindik jakiteko. Villoslada al zen, Bordatxon ni hil nahi izan zuena?

        — Jakina baietz!

        — Nola jakin zuen, bada, ni han nengoela?

        — Nire bitartez.

        — Zer diok?

        — Tenientea telefonatu nian, arren, ustekabean bezala, zu eta Aritz Bordatxon zinetela Villosladari esateko.

        — Eta esan al zion hi ere han hintzela?

        — Ez eta inola ere! Orduan ez huen ausartuko etortzen.

        — Nire bizia arriskutan jarri huen, e?

        — Bai. Bi bider jarri dinat hire bizitza arriskutan.

        — Baina hiri laguntzearren. Ba al dut barkaziorik?

        — Holako bekatu astunentzat ez zegok barkamenik —esan zion neskatxak belarritik tira eginez.

        Jon Bidartek eskuetan hartu zituen izeba Olatzek eman zizkion eskutitzak.

        Bat Errazutik zetorkiola ikusirik, berehalakoan ireki zuen. Tenientearena zen.

        Buru-belarri irakurri zuen. «Jon, adiskide ahantzezina:

        Sei hilabete igaro dira zu hemen egon zinenetik. Ordutik bizitza aspergarria eta geldia izan da. Ez dugu gauza garrantzitsurik izan. Betiko joan etorriak, zirtzilkeriak eta adarra jotzeak.

        Baina, halere, joan zen astean poz handi bat izan nuen. Horregatik idazten dizut. Kapitaina izendatu naute.

        Izendatze honetan zure laguntza norainokoa izan den ongi dakizu.

        Galarretak ez zuen bere hitza jan. Berehala herstu zituen Madrilgo nagusiak, ni gora nintzaten. Egia esan, gertakari honengatik izan ez balitz, ni sekula ez ninduketen kapitain mailara jaso. Baina Galarretaren zirikada harturik, nire fitxari (nik uste, hauts tartean zegoena) begirada bat egin diote.

        Berrogeita hamar urte beteak eta nire lanaz kapitainaren galoiak irabaziak ditudala konturatu dira.

        Eskerrak, bada, zuri, Jon. «N» horren korapiloa nik askatu nuela zeharo sinetsita dago Galarreta. Hamaika tokitan kontatu du igarkizun hori!

        Jakina, droga kontrabandoko arazoa ere, nik ediren nuela areago uste du. Bi gezur horik izan dira nire karreraren katalizadoreak.

        A! Lehengo egunean Edurne aurkitu nuen «Mendi» edanetxean. Inoiz baino ederrago iruditu zitzaidan Ez dakit, bada, zenbat eta zaharrago ez ote ditugun begi zoliagoak gaztediaren edertasuna ikusteko.

        Aritzekin laster ezkontzeko asmoa duela esan zidan. Aurkitu al duzu beste sekretariaren bat?

        Ederki, Jon. Badakizu non duzun lagun bat. Baztanera itzultzen bazara, arren, zatoz gurera, hutsik egin gabe.

        Beti zurea

Eduardo Cagigas

 

AMAIA

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia