18

 

        — Ergelak al gara, bada? Zalantzarik gabe gaizkilea Aritz zela ez al dugu hemen entzun, heuk esanda?

        Jonek gutxitan ikusi ohi zuen Galarreta hain haserre. Batzar batean hari aurka egin!

        — Hizpidean zaude —lagundu zion Villosladak Galarretari; hizketan era onez egin arren, barrua amorratzen zeukan. Hura ez zen kristauekin hitz egiteko modua.

        — Salatu egin du Aritz eta orain horretarako arrazoirik ez dagoela ikustean...

        — Horraino heltzen al da zure itsumena? —erantzun zion Bidartek—. Nik ez dut oraindik salaketarik egin. Lehengo salaketa egitea tenienteari utzi diot.

        Galarreta sukarretan zegoen.

        — Zergatik jardun behar duk beti hola, isilka misilka, ilunkeria horiekin? Sarritan aspergarri haiz, Jon!

        — Ea zer kontatzen digun orain tenienteak —ahopeka esan zion Villosladak Galarretari, txiste bat entzun behar balu bezalako doinuan.

        — Erailea zu zarela, Villoslada jauna —erantzun zion tenienteak irribarretsu.

        — Bon, leporaino nazkatuta nagok hemengo berriketa eta komeriekin —ohar egin zuen Galarretak eskua jasoz.

        Villosladak, ordea, ez zuen hura txantxatzat hartu. Zurbil geratu zen une batez eta harrituaren harrituz eskuak izter banatan tinkatuz, «Zer ari zara esaten?» erasiatu zuen hitz debekuz bezala.

        Tenienteak sakelatik papertxo bat lasai-lasai atera zuen. Eskutitz papera zen, Anton Hernandorenari egindakoa, hain zuzen ere.

        — Entzun ezazu hau, Galarreta jauna —esan zion tenienteak Napoleonek baino larderia handiagoz. Astiro, astiro, gutun osoa irakurri zuen.

        — Ikus ezazu orain sinadura, Galarreta jauna —esan zion bere nagusiari eskutitz papera luzatuz. Galarretak bere eskuetan mesfidantzaz hartu zuen. Bidarti begira, hark segadaren bat gerturik ote zuen beldur baitzen.

        — «N» besterik ez dut nik hemen irakurtzen —esan zuen haserre, papera mahai gainean zanpatuz.

        — Hori izan da Bidarten eta Edurnen akatsa ere —erantzun zion tenienteak, Villosladagandik begiak kendu gabe.

        — Letra bat al da? Ongi azter ezazu. Hor bi letra daude, baina lasterka eginda daudenez gero «N» bat bakarra dela ematen du. Baina berez eta egiatan hor «I» bat eta «V» bat idatzita daude. Biak batera «N» egiten dute. I eta V, berriz, nor da gure lagun maite Iñazio Villoslada baizik?

        Azken hitzok entzun eta, jauzi batez, katamotza baino arinago zutitu zen Villoslada bera, eskuan pistola bat hartuta.

        Galarreta pareta baino zuriago geratu zen. Infernuan edo lurrean edo non zegoen ez zekien. Edurneri dardarak gorputz osoa inarrosten zion, baina begietan poz handi sakon bat nabari zitzaion.

        — Pentsatzen nuen holako deabrukeriaren bat asmatuta zenuela, detektibe madarikatu horrek. Gerturik etorri naiz. Eri bat mugitzen duena zerraldo utziko dut. Txantxetan ez nabilela badakizue. Eta entzun orain gauzak ongi eta nik esaten dudana berehalakoan egin.

        Entzule guztiei begirada beldurgarri bat egin zien. Eroaldiak jota zegoela zirudien.

        — Galarreta, zutik!

        Galarreta brastakoan zutitu zen, besoak gora. Iruñeko adiskidea postura hartan ikusi eta Bidarti ia barrea irten zitzaion. Pailazo bat ematen zuen.

        — Automobila eta dena prest ditut. Nire arrebak, zuk, Galarreta, eta hirurok alde egingo dugu Errazutik oraintxe bertan.

        — Frantzia aldera, ez da? —galdetu zion lasai Bidartek.

        — Zu isilik! —esan zuen trumoi ahotsez Villosladak.

        — Galarreta, pasa aire aurretik! Eta zure lagunen batek zirkinik egiten badu, zeu eroriko zara lehena.

        Galarreta automata bat bezala ate alderantz abiatu zen.

        Baina une hartantxe tenientea ziztakoan jaiki zen. Alferrik zanpatu zuen Villosladak gatilua. Tenienteak eman zion ukabil kolpeaz, mailuz jotako txahala bezala ahozpez erori zen, luze bezain zabal.

        Galarreta paretaren kontra arrimatu zen erdi zorabiatuta. Edurnek aulki batean jartzen lagundu zion. Tenienteak zintzarri bat jo zuen eta bi mugazain agertu ziren. Villosladari eskuburdinak ezarri eta haren gorputzarekin alde egin zuten.

        Luzaro gabe haietako bat agertu zen kafe bero-bero eta pattarrarekin. Edurnek Galarretari haur bati bezala edanarazi zion. Berriz bizkortu zenean, Bidart hizketan hasi zen, serio-serio. Baina barruan ezin zen barrez egon.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia