17

 

        Bulegoan sartu zirenean, tenientea eta Villoslada aurkitu zituzten. Biek, Villosladak batez ere, onez onean hartu zituzten. Haiei, arazo guztia akituta ikustearen pozak dantzan jartzen zien bihotza.

        Galarretaren zain bost t'erdiak arte egon ziren. Azkenean han agertu zen, beti bezala, kolore gorri, urduri eta sugandila bezala dena keinu.

        — Zorionak, Jon, eta bi arrazoirengatik, gainera —bota zion maxioka lehendabiziko agurtzat. Gero Edurne ere agurtu zuen oso arraiki, eta hitz goxo batzuk esan zizkion.

        — Bai, motel —jarraitu zen—, zorionak gertaera hau argitu dualako. Hik sudurra sartzen duan tokian, irtengo dituk, bai, iheska untxi guztiak. Arbinudia eta azkonarra baino gehiago haiz hi lan hauetan.

        Bidartek nahiago zuen Galarretaren maxioak entzutea, norbaitzuen alabantzak baino. Eskuak pozaren pozez igurzten ari zen.

        — Jakin diat, bai, hire lanak oso gora doazela. Orain arte heuk bakarrik lan egiten huen; orain, ordea, heure sekretuak hobeki gordetzeko sekretaria bat hartu duk, begi onez aukeratu ere.

        Ongi egina, motel. Geuk ere hori bera egingo bagenu, askoz errazago atzemango genituzke gaizkileak. Ziur nagok. Edo behintzat, lana askoz gusturago egingo genuke.

        Edurnek irriño bat egin zuen, lehenbizikoa bezperaz gero. Denak eseri ziren.

        Idazmahaiaren aurrean, bestetan kapitaina eta azken egunetan tenientea esertzen zen aulkian Galarreta jarri zen. Agindu beharraren konplexutxo bat bazuen eta batez ere buru azkartasunez edo jakintzaz bera baino gehiago zirenen aurrean bere kargu eta agintea erakustea atsegin zitzaion.

        Noiz behinka, jendearen merituak beheratzen ere jarduten zuen. Baina xalotasun handiz egiten zuenez gero, inork ez zion txarrean hartzen.

        Orduan ere bere baitan holako gogoetekin ari zen, Bidarti begira. Bakoitzari berea, euskaldunen legea. Bidart bera ere zer zen, bada? Maltzurkeria pixka bat eta izen ezagun bat zeukan detektibetxo bat.

        Baina bular tartean kabo baten medaila eraman ezin zezakeena.

        Konplexutxo horietatik zetorkion Galarretari, Bidarti askotan haur bati bezala hitz egitea, txantxetan, serio hartu nahi izan ez balu bezala.

        Bidarti grazia egiten zioten holako bitxikeriek, Galarreta ogi puska baino hobea zela ongi baitzekien.

        Bestalde, Galarreta ez zen hura bezalako biltzarren zale, Bidartek noiz behinka berariaz, bere azalpenez, bide okerretatik eramaten baitzuen, ondore ustelak atera zitzan.

        Galarretaren aurrez aurre, baketsu eta alai, tenientea eseri zen. Honen ondoan, eskuinetara, Villoslada. Ezkerretara Jon eta Edurne.

        — Hasi hadi, Jon. Zer esan behar diguk?

        Galarretaren hitzen doinua, lezioa eskatzen ari den maisuarena zen.

        — Ez dut gauza handirik esateko —ekin zion Jonek axola gabeko aurpegia jarriz—. Aritz Hernandorena giltzapean sartu zuten eta laster hasiko dugu bere aitaren eta kapitainaren auzia. Berehala emango dizkizuedan azalpenek, erraztu egingo digute auzia ongien burutzen. Aritzek aspertu gabe behin eta berriz ukatzen baitu bera erailea denik.

        — Bere eskubidean dago —moztu zion solasa Villosladak—. Bere aita hiltzen ikusi izan bagenu ere, eskubidea luke bere buruaren kaltetan ezer ez esateko. Areago gure auzi honetan. Izan ere, nork ikusi du, bada, inor hiltzen?

        — Horregatik bildu gara hemen —erantzun zion Bidartek—. Minutu batzuen buruan zuetan inork ez du zalantza izpirik ere izango haren egitateaz. Gertakariak nahasirik daudela badirudi ere, laster harilduko dugu mataza, egiazko hariari helduz.

        Edurne zurbiltzen hasi zen. Jonek azpibegiratuak egiten zizkion.

        — Ez pentsa meritu handiegirik izan dudanik nik arazo honetan. Zuhur jokatuz gero, edonor hel zitekeen ni iritsi naizen tokira. Galarretak erakusbide onak eman dizkigu sarri gertakari honen antzeko kasuetan —gaineratu zuen serio-serio.

        Galarreta gomazko piragua bat bezala puztu zen. Baina momia baten begitarte iluna jartzen ahalegindu zen.

        — Zein ikuskizun dute elkarrekin heriotza biek?

        — galdetu zuen gero bere buru zorroztasuna erakutsi nahian.

        — Hori zen galderarik benazkoena —erantzun zion Bidartek. Galarreta areago harrotu zen.

        — Nik ere hasieratik egin nion neure buruari. Baina luzaroan itsututa ibili naiz. Begien aurrean nuen argia ez nuen ikusten. Egia esan, Aritz honek, Hernandorenaren semeak, ez ninduen oso betetzen, baina ez nuen bere kontra inongo frogarik.

        Berriz ere zehar-begiratu bat egin zion Bidartek neskatxari. Negarrari eutsi ezinik zegoen.

        — Ez nuen bi heriotzen arteko loturarik aurkitzen. Ikusten nuen, bai, esate baterako, Aritzek bere aitaren diru guztiak bereganatzen zituela. Baina berak seme on baten itxura egiten zuenez gero, aitaren 200 milioiak eskuratzeko zirikaldia, aita hiltzeko adina ez zela iruditzen zitzaidan.

        Galarretarengandik hasi eta tenienteaganaino, denak aho zabalik geratu ziren.

        — Bai, adiskideok, Anton Hernandorenak bere testamentuan 200 milioi baino gehiago utzi duela iturririk hoberenetatik ikasi dut. Eta bere seme Aritz zorretan zegoela eta bere aitak hil arte zor horik pagatzeko sosarik eman nahi ez ziola ziur-ziur dakit.

        — Zergatik hil zuen orain ulertzen dut —aitortu zuen Galarretak ozenki, konklusio haren meritua inork ken ez ziezaion.

        — Arrazoia duzu, Dionisio. Baina ni erotuta ibili nintzen bere aitaren eta tenientearen heriotzak elkartzeko. Bere aita zergatik hil zuen garbi zegoen, itxuraz behintzat. Baina zer irabazten zuen kapitaina hiltzeaz?

        — Susmo txarrak bere burutik kentzeko —erantzun zion Galarretak.

        — Oso ederki, Dionisio. Gaur haizea baino zorrotzago zaude. Horretarako. Nik behinik behin ez orduan ez eta orain ere ezin dut beste arrazoirik aurkitu. Bera kapitainaren hiltzailea izan zitekeenik inori ez zitzaiola burura etorriko pentsatu zuen Aritzek, nonbait.

        — Hori ez dut nik ulertzen —ebaki zion autua neskatxak haserre antzean, berari irain bat egin izan balio bezala—. Aritz kapitainaren hiltzailea ere izan dela diozu. Bon! Baina zertarako egin behar zion mendeku eskutitza? Horrekin bere buru gainean susmo txarrak pilatzen zituen. Izan ere bere aitari bengantza egiteko gogoa semeari batez ere egingo zitzaiola berehala barruntatu behar zuen kapitainak. Eskutitz hori gabe inor ez zen goganbehartuko, ez eta heu ere, Jon —bota zion desafioan.

        — Zein eskutitz eta zein eskutitzondo? —galdetu zuen Galarretak zeharo nahasia.

        — Bai, Dionisio. Kapitainari mendekuz beteriko eskutitz bat egin zioten, Anton Hernandorenaren heriotza zela eta. Bai eta beste bat sekretari agurgarri honi ere, guk biok gertaera hauek garbitzen hasi orduko. Jakinaren gainean zeundela uste nuen nik.

        — Nik ez nekien bat ere, bat ere —bota zuen erreta eta ia oihuka Iruñeko polizi nagusiak.

        — Nirea da errua —aitortu zuen tenienteak apal—. Kapitainaren hiletan zuri dena esateko gogoa nuen. Baina ez genuen elkarrekin hitz egiteko aukerarik izan. Zu presaka ibili zinen eta...

        — Hori ez duk arrazoia, inongo arrazoia —esan zuen Galarretak are beroago—. Holako eskutitza hartu zuela jakin izan baldin banu, Errazutik berehala aterako nukeen nik kapitain zena. Hona orain, zuen bizkarrean gelditzen duk erantzun osoa.

        — Ni naiz errudunago —erantzun zion Bidartek—.

        Kapitainak berak erakutsi zidan niri eskutitz hura. Laguntza eskatu ere eta nik ez nion lagundu. Ez nion behar bezalako jaramonik egin.

        — Hori duk hori! —eraso zion Galarretak, xehatu, egin beharko balu bezala—. Hi, Bidart, Euskal Herriko detektiberik ospetsuena, maiz ez haiz gauza lehoia zakurkumearengandik bereizteko. Esaten diat, bada, nik, intxaurrak urrundik hamabost, bertara eta bost. Izena eta izana ez datoz bat.

        Bidartek apal apalik zehatzago azaldu zizkion eskutitzen gorabeherak.

        — Orduan zer demoniotan ari gara? Nola azaltzen dira eskutitz hauek?

        — Egon lasai, Dionisio —esan zuen Bidartek erdi barrezka. Tenientea ere irriari eutsi ezinik zebilela iruditu zitzaion neskatxari.

        — Ez didazu gauzak kontatzeko astirik ematen. Goazen aurrera. Azkenerako dena ongi azalduta geldituko da. Astelehenean, hots, atzo, arratsaldeko lauretan Hernandorena eta kapitaina hil ziren gertatokiak ikustatzeko asmoa nuela esan nuen nik hemen ostiralean nire sekretaria, tenientea eta Villosladaren aurrean.

        Egia esan, nik hori asmo berezi batez egin nuen. Edurnek Aritzeri horren berri emango ziola seguru nengoelako.

        Edurnek burua makurtu eta begiak apalduz, ez zuen txintik atera.

        — Zergatik zenekien hori? —galde egin zion Villosladak. Begiak distiraka zeuzkan. Jakin-min bizian zegoela igartzen zitzaion.

        — Hori aurki jakingo duzue —erantzun zion Bidartek begiak tenientearengan tinkaturik—. Nik susmatzen nuen bezala gertatu zen. Nire sekretaria jator honek ez zuen uste izan, gure Izpegira joan beharra inongo isilpekorik zenik eta dena Aritzi kontatu zion.

        Eta atzo hilzorian izan ginen. Anton Hernandorena eta kapitainaren hilobiak ikusten ari ginela, ez dakit zenbat tiro bota ziguten. Jauzi bat egin eta han aurkitu nuen Aritz ongi ezkutatuta, eskopeta eta guzti. Baina ederki harrapatu genuen.

        — Huen —zuzendu zion neskatxak.

        — Hots, nik harrapatu ninan, baina hire laguntza baliotsua gabe, ez ninan nik inoiz Errazura ekarriko. Odolustuta nengonan ordurako.

        — Bon, Aritzen eskopeta eta kapitaina hil zuen bala kaizu berdinekoak ote diren aztertu al duzue? itaundu zuen Galarretak.

        — Horrek ez du garrantzirik. Nik Aritz harrapatuz gero ez dut inongo zalantzarik.

        — Zer ardura zaizkigu guri hire zalantzak eta malantzak? —oihu egin zuen Galarretak besoak arraunak bezala mugitzen zituelarik—. Hemen froga hobeak behar dizkiagu. Nola joango gara horrela auzitegira?

        — Egia dio Galarretak —baieztatu zuen Villosladak baketsu baina aski harrituta.

        — Gutxi gora beheran inori bi gizonen heriotzaren errua bizkarreratzen nola ausartzen zara? —erantsi zuen modu onez.

        Bidart itzuri gabeko zuloan sartua zela sinesten hasiak ziren neskatxa, Galarreta eta Villoslada.

        — Barka, Villoslada —erantzun zion Bidartek—. Nik ez dut oraindik inor salatu.

        Pastl Galarretak ukabilkada bat eman zuen mahai gainean. Gehiegitxo zen hura!

        — Inpernuko etsaiak. Erotu al haiz. Jon? Hasieratik ari haiz Aritz madarikatzen eta orain ateraldi horrekin irteten haiz? Horretarako deitu al gaituk hona?

        Neskatxak pixka bat izututa begiratzen zion Joni. Hau irritsu eta lasai baino lasaiago jarraitu zen:

        — Berriz ere esango dizuet: nik ez dut inor salatu. Eta zuek besterik pentsatu baduzue, huts egin duzue.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia