15

 

        Kafea lasai hartu, solasean gogara egin eta laurak eta laurdenak inguruan Izpegi alderantz abiatu ziren.

        — Goiz joan eta erosoago ibiliko gaitun —esan zion Bidartek neskatxari—. Baliteke ibilaldi honen ondoren beste egitekoren bat sortzea. Gauzak ezin dizkinagu atzeratu.

        Bide osoan ezin izan zuen neskatxak bere urduritasuna ezkutatu. Berritsu zegoen, edozein umekeria galdetzen zuen, barre algaraz hasten zen eta gero bat-batean muturtu.

        Errazun barna igaro eta karabineroen etxea ikusteak zirraraz jo zuen. Elizondo eta Errazu herri izugarriak bilakatzen ari zitzaizkien.

        Izpegiko maldan gora zihoazela, ez batak eta ez besteak ez zuten aurkientza haietako edertasuna sumatu. Bestetan hain atsegin zituzten pagadi zoragarri eta belardi hunkigarriak lausopean zeuden bi lagunentzat.

        Gailurrera heldu baino lehen geldiarazi zuten kotxea. Harizti ikusgarri baten barna zihoan «Lamiturriko» lasterbidea hartu zuten. Hariztia zeharkatu eta belardi naro bat agertu zen. Haren ertz batean, elkarren ondoan bi gurutze tiki zeuden zutik.

        Neskatxak Joni besotik heldu zion hara hurbiltzerakoan. Gurutz biak harri eder banatan tinkaturik zeuden. Gurutz besoetan idazti bat. Irakurtzen hasi ziren.

        Baina ez bukatu! Bertagotik irakurtzeko Edurnek burua makurtu zuen unean, orduantxe bala batek neskatxaren ondoan jo zuen eta muga alderantz, baina ez oso urrun, txalo baten antzeko hotsa entzun zen.

        Neskatxak esku bat lepoan sumatu eta konturatu baino lehen bere burua lurrean ikusi zuen Jonen ondoan. Bigarren tiroak Jon ezkerreko besoan ukitu zuen.

        Jonek jaka sakelatik pistola atera eta tiroa egin zuen aldera.

        — Hi postura honetan geldi hadi eta burua harriaren babesean gorde ezan —oihu egin zion neskatxari.

        Odoljarioaz jaramonik egin gabe, jauzi bat egin zuen eta une batez baso ertzean etzanda gelditu zen. Gero, indar guztiak bilduz, lasterkari eman zion muga aldera.

        Uste baino lehenago, pago lodi baten ipurdiaren atzean gizakume baten ingurua nabaritu zuen. Bera ere beste zuhaitz batean gorde, aldera beste tiro bat bota eta ozenki dei egin zion

        — Ez duzu ihesbiderik. Irten hortik!

        Pago atzetik Aritz Hernandorena agertu zen. Eskopeta bat zuen eskuan. Pareta baino zurbilago zegoen. Jonek iskilua kendu eta antomobilera bortxatu zuen.

        Gurutzetara heldu zirenean neskatxa harri eta zur geratu zen. Aritz —atera zitzaion bihotz barren barrendik—. Zu?

        — Zinez, ez dakit zertan ari zareten. Ni ez naiz errudun. Oker ari zara, Bidart. Ni bakarrik...

        Joni burua jirabiraka ari zitzaion. Ordurako odol asko galduta zegoen. Pistolaren muturra mutilarengana zuzenduta zuelarik, ahots isilez agindu zion neskatxari:

        — Azkar, ken iezaion honi bere musuzapia eta nirearekin batera lot iezadan zauri hau.

        Aritz bere zintzotasunaren aitzakietan jarraitzen zen.

        — Eta orain heuk har ezan gidagailua. Ni gibelean joango naun honekin. Azkar Errazura, tenientearen etxera.

        Neskatxak tximistaren abiadan zuzendu zuen kotxea.

        — Betor teniente jauna berehala. Bidart hemen dagoela —esan zion kotxearen leihatilatik atarian zegoen karabineroari.

        Begi-kliska batean agertu zen tenientea beste laguntzaile batekin.

        — Hau Aritz Hernandorena da —esan zion Bidartek ahopean bezala, mintzo motelez—. Edurnek azalduko dizu dena—. Ez zuen gehiago erantsi. Bat-batean burua nahasi eta korderik gabe zerraldo erori zen Aritzen besoetan.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia