14

 

        Goiz samar jaiki zen Bidart. Gosaldu ondoren eserleku bigun batean eseri eta Loidiren «Amabost egun Urgainen» irakurtzen hasi zen, atseginez irakurri ere.

        Bederatziak aldean Edurne sukaldean agertu zen. Bezperan baino askoz bizkorrago zirudien.

        — Hemen dun gosaria gerturik —esan zion amak—. Atzo gosari on bat preparatzeko eskatu hiola esan zidan Jonek.

        — Gezurti hori! Nik ez nion ezer esan —erantzun zion amari barrez. Dena dela, han zuen gerturik gosaria: txuleta on bat arrautza birekin, kafesnea, gurina eta fruituak.

        — Jonek ni loditzea nahi du, mutxurdin gera nadin, agian.

        — Ez izan horren kezkarik. Burukominak izango ditun maitaleen artean hoberena aukeratzen —bota zion Jonek irriz.

        Neskatxak gosaria bukatu eta egongelara joan ziren.

        — Zer, gogorik al dun gaur arratsaldean nirekin Izpegira etortzeko —galdetu zion Jonek.

        — Jakina baietz! Horrela gosaldu ondoren edozertarako indarrean nagok.

        — Ontsa da. Arazo hau guztia laster konponduko dugula uste diat nik. Aritzi hiri egindako eskutitzaren berririk eman al hion atzo?

        Neskatxak egia esan zion: baietz. Barne minez eta ezinbestean den dena kontatu ziola.

        — Eta gaur lau t'erdietan Izpegira goazela ere esan al hion?

        — Bai, hori ere esan nioan. Ezkutuan gorde nahi al huen, bada?

        — Ez, ez huen isilekorik. Baina egia esan, gure ibilerak ahalik isilen edukitzea hobe dinagu. Horrela askatasun gehiagorekin eta traba gutiagorekin ibiliko gaitun.

        Ama lasterka sartu zen egongelan.

        — Edurne, «Benta»'ko mutil-koskorra etorri dun. Elizondotik Aritzek hirekin hitz egin nahi omen din. Lehenbailehen joateko. Telefono zenbakia hor dun —esan zion papertxo bat luzatuz.

        — Neuk eramango haut —esan zion Bidartek.

        Mutikoa bera ere kotxean sartu eta zizta batean hirurak «Bentan» ziren. Badaezpada ere, jaka barnean pistola sartu zuen Bidartek. Gaizkileak txantxetarako gogorik ez zuenez gero, bera ere goxotasun guztiak alde bat utzi beharko zituen.

        Neskatxa telefonoz solasean zegoen bitartean Bidart ate ondoan geratu zen zaintzen. Hizketaldiak luzaro iraun zuen.

        — Ez zian gauza berezirik esateko —azaldu zion Edurnek telefono gelatik irten zenean—. Ea ongi ote nengoen eta holako zenbait gauza.

        Ezin zuen ezkutatu bihotzean barruntatzen zuen poza.

        — Mutil barru onekoa duk hau —esan zuen bozkarioak gainezka egiten ziola—. Gau osoan ez omen dik lorik egin nitaz pentsatzen.

        — Lo arina din orduan —erantzun zion Jonek.

        Aldarte onean zegoen bera ere.

        — Hik dena txantxetan hartzen duk, Jon ­esanez besoan atximurka egin zion lagunari.

        Etxera itzuli zirenean, Bidartek kotxea martxan utzi zuen.

        — Hi gera hadi etxean, Edurne. Nik eginkizun bat dinat orain. Eguerdira gabe atzera etorriko naun.

        — Hire sekretaria pixka bat baztertuta duk, e? —erasiatu zuen neskatxak.

        — Arratsaldean heure sekretari dohainak erakusteko aukera ona izango dun berriro. Orain arte ongi henbilen; atzokoarekin puntu batzuk galdu ditunala zeritzadan, baina.

        Kotxean sartu eta durrunda batean alde egin zuen Bidartek. Sakelan Edurneri eta Anton Hernandorenari egindako eskutitzak zituen.

        Elizondorako bidea hartu zuen. Hara heldu eta

        «Mendi» ardanetxean telefono gelara sartu zen.

        — Errazu? —galdetu zuen beste aldean telefono gailua jaso zutela konturatu zenean—. Bai, Errazu, karabineroen etxea.

        — Tenientea hor al da?

        — Noren partez?

        Bere ageriak egin eta aurki jarri zen tenientea.

        — Kaixo, Bidart, zer berri?

        — Garrantzi handiko berriak. Zurekin mintzo beharra dut.

        — Oso ederki. Zatoz nahi dezazunean. Hemen aurkituko nauzu.

        — Ez, Cagigas jauna, nahi eta nahiezkoa da zu hona etortzea. Ni ezin naiz horra joan. Zu hona etorritakoan, esango dizut zergatik.

        — Luzarorako al duzu?

        — Hamar minutu edo ordu laurden bat aski izango dugu.

        — Ongi da. Non elkartuko gara?

        — Zatoz «Mendi» edanetxera. Gero gerokoak.

        Aida baten agertu zen «Mendin» tenientea, uniformerik gabe, oso dotore jantzita. Lasaien Bidarten kotxean hitz egingo zutela erabaki zuten. Han ari izan ziren biak ez laurden batez, ordu osoz baizik, eleketa bizian.

        Bihozti elkarri agur egin eta bakoitza bere bidetik joan zen, tenientea Errazura eta Bidart Amaiurrera.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia