13
Neskatxa isil isilik bere gelan sartu, jantziz aldatu eta sukaldera abiatu zen. Zorionez ez zuen ama han aurkitu. Kafesne bero-bero bat gaileta batzuekin hartu ondoren, indar handiagoz nabaritu zuen bere burua.
Egon gelan zegoen ama. Alaba sartu eta haren galderaz ito beharra. Edurnek, ordea, ez zuen erantzuteko gogorik. Arratsaldea ongi igaro zuela, besterik ez zion atera.
Antzeman zion alabari zer edo zer gertatzen zitzaiola. Edurnek, ostera, amaren aieruak aienarazteko, jatekoa gaizki geratu zitzaiolakoaren aitzakia egin zion. Ez zion amak asko sinetsi, baina isildu egin zen. «Gazteen gauzak», pentsatu zuen.
Gertatutakoa ezin zuen neskatxak burutik kendu. Ia garbitu zuten, alajaina! Eskerrak bizardun hari. Pena ematen zion izenik galdetu ez izatea. Eskutitzez, behintzat, eskerrak eman ziezazkiokeen.
Eta gaizkilea? Nor ote zen? Nondik jakin zuen bera han zegoela? Ongi baliatu zen, bai, argi gabe eta Aritz kanpoan zegoelaren abaguneaz. Baina, ez ote zuen gaizkileak berak argiak itzali?
Bai, horrela izan zen, apika. Aritz aldendu, gaizkileak argiak itzali edo argi hariak ebaki eta berarengana etorri zen. Ikara eman zion berriz ere hartaz oroitzerakoan.
Eta zer egin behar zuen orduan? Dena Joni kontatu? Ez. Den dena isilik eduki nahiago zuen. Zer irabazten zuen gauzak kontatuz? Bai, gertatutakoa isilik gorde eta aurrerako ikasi. Inolaz ere ez zen berriz etxetik aterako, Jonekin ez bazen, behinik behin.
Halere, poz bat sumatzen zuen bihotzean. Aritzi laketzen zitzaiola zekusan. Mutil bikaina hura! Seta bizikoa eta ipurterre ere, hori bai. Baina bazuen alderdi on asko: ausartia, alaia, jendartekoa izatea.
Gogoeta hauek hausnartzen ari zela, Bidart agertu zen. Alai agurtu zituen ama-alabak eta eseri egin zen haien ondoan.
Hizketan hasi ziren. Amak alde egin zuen laster afaria atontzera.
— Zer moduz ibili zarete? —galdetu zion Jonek—. Ez zekinat nire irudimena ote den, baina pixka bat zurbil hagoela iruditzen zaidan. Ez al hago ongi? —galdetu zion maite doinuz.
Ez zion neskatxak ezer erantzun, baina bat-batean negar zotinka hasi zen.
— Zer duzu, Edurnetxo? —galdetu zion Jonek. Neskatxaren ondoan eseri zen. Neskatxak puska batean ezin izan zion ezer ihardetsi. Barnean zuen ikara, beldurra, urduritasuna, dena lehertu arte ezin baretu.
Negarrez nahikotu zenean, poliki gertatutako dena kontatu zion.
— Oso jakingarria —esan zuen Bidartek Edurnek bere kontakizuna amaitu zuenean.
— Eta nabaladun hori nolakoa zen? Ez al dion inoren itxurarik hartu?
— Ez eta inorena ere. Dena leize-zuloa baino ilunago baihuen.
— Eta mutil hori, gaizkileari besoan kolpe bat eman dion hori, ez al huen ezagutzen?
— Ez. Ahotsa zertxoren bat ezaguna egiten zitzaidaan, baina haren aurpegia ez nian lehenago sekula ikusi. Horren pena zeukaat, bada. Bizia berari zor zioat, eta ezin eskerrak eman. Bizitza osoan izango diat horren damua.
— Hori besterik ez badun, nor zen esango dinat nik —erantzun zion Jonek irrizuriz.
— E, nor? —galdetu zion neskatxak bizi bizirik.
— Nerau, aingerutxo, nerau —erantzun zion Bidartek oraingo honetan nahiko serio.
— Hi? Bai zera! —esan zion neskatxak konkorturik baina pozez gainezka.
— Bai, neu.
Neskatxa lepora etorri eta estu-estu egin zitzaion.
— Ene Jon, zein ona haizen! —esan zion barrez burua Bidarten sorbaldatik kendu gabe.
— Bon, pozten naun behin behintzat hire ezpainetatik alabantza bat entzunda. Orain arte bed gaiztoa naizela esan dun eta.
— Bai, hik badakik nik hasieratik antzeman niala, oso gaiztoa hintzela —esan zuen neskatxak, burua zutitu eta Jon samurkiro begira-begira.
Bidartek barretxo tiki bat egin zuen eta gero, haserre eman behar balio bezala eriz mehatxuka hasi zitzaion.
— Ez al dinat nik esan inora ez irteteko? —esan zion gogortxo, haur bati bezala.
— Bai Jontxo, bai, barka iezadak, ez diat borondate txarrez egin eta. Baina hik ere heure bekatuak aitortu behar dituk. Ni Donezteben nintzela nola arraioetan jakin duk. Nire atzetik zelatan ibili haiz e?
— Behar ere, aingerutxo! Aritzek kanpora nonbaitera ere berarekin joateko inbitatuko hinduela hasieratik pentsatu dinat.
— Espatsu direnek gauza anitz asmatzen dutela lehen ere entzuna nian. —esan zuen neskatxak zirikalari.
— Horrela dun. Bada, hiruretarako berriz ere Aritzen etxera hurbildu naun. Aldi bat zain egon eta zuek irten zarete. Arraiopola! Lanak izan dizkinat zuei segitzen. Gogor sakatzen zion horrek lastergailuari. Iruritara iritsi eta bistatik galdu zaituztet. Baina berehala asmatu diat nora izango zineten joanak. Neure burua bizarrez jantzi dinat eta hire ondoan eseri naun, hire zaintzaile izateko. Beste dena badakin.
— Suerte txarra izan duk. Mutur zikin hori harrapatu izan baldin bahu!
— Gizonezko trebea huen, deabruak! Ilunpeei esker aho bete hortzekin utzi nain jauzi bat eginez. Pazientzia hartu behar.
— Bon, eta nondik jakin du gure «lagun» horrek ni han nengoela?
— Modu askotara jakin zezakenan. Baina, hain zuzen ere, hori dun txarrena. Zein ote da horietan egiazkoa?
— Tira, ez diat hire aburua galdetuko, bazekiat ez didaala esango eta.
— Ez zegon gaizki esana. Baina hi hain itsua ez bahintz, aurki aterako huke hori ere.
— Ni itsua? Ez diat ulertzen.
— Laster argituko ditun gauzak. Orduan, Edurne, denak bihotzez poztuko garela ziur-ziur nagon.
— Hori espero diat nik ere, Jon. Dena dela, gaur ez nagok ongi eta ohera noala uste diat.
— Oso ederki. Baina azken galdera: zein isileko zuen Aritzek hiri kontatzeko?
— A, bai. Ahaztuta nengoan —esan zuen neskatxak alai antzean—. Hona eskutitz hau.
— Anton Hernandorenari egindako gutuna eskuratu zion. Jonek poliki-poliki irakurri zuen.
Sinadurari arreta handiz begiratu zion.
— Zer edo zer garbirik ateratzen al duk?
— Ez —erantzun zion. Ez zuen neskatxa mindu nahi, berriz ere isil-misilkeriatan jardun beharrez. Baina eskutitz hark gauza oso garrantzitsuak esaten zizkion.
— Hoa orain ohera, Edurne. Ez al dun lehenago afaldu behar? Edo bestela neuk esango zionat amari afaria ohera eramateko ?
— Ez, eskerrik asko. Jateko gogorik ez diat. Atsedena behar diat, gehien bat. Bihar arte. Esaiok amari burukominez nagoela eta ohera joan naizela. Ez etortzeko, ez dela gauza handirik eta.
Horrela egin zuen Bidartek. Amak buruari eragin eta «Nire usoño honi zerbait gertatu zaio» murmurikatuz batera, Jonen esanagatik zuzen zuzenean joan zen bere alabarengana.
Jon bere gelan sartu eta neskatxari eta Hernandorenari egindako eskutitzen letrak alderatu zituen. Berdinak ziren, makina berak idatziak.
© Gotzon Garate