10

 

        Esan bezala ordu baterako han zen berriz ere Bidart «Larrabide» baserrian. Txistuka eta kantari jaitsi zen kotxetik. Motorraren zarataz ama-alabak tarrapataka irten zuten. Haien aurpegi iluna, haien larria!

        — Zatoz, zatoz laster —biak ikara batean zeuden.

        Sukaldean aita eserita zegoen, gaueko hontza baino uzkurrago.

        — Zer berri dugu, bada, orain? —galdetu zuen Bidarteak, bera ere pixka bat larritzen hasita.

        Edurnek makinaz idatzitako eskutitz bat eskuratu zion artegatsu—. Kapitain zenari egindakoaren antzekoa—, esan zuen eta larriaren larriz oharkabean bi eskuez besotik heldu zion Bidarti, babes eske.

        Eskutitza, halere, ez zen kapitainari egindakoaren antzekoa. Zinismoa falta zitzaion. Hura ere Elizondotik zetorren eta neskatxari egina zen.

        «Andereño agurgarria:

        Badakigu Jon Bidart eta zuek biok kapitain zenaren hiltzailearen bila zabiltzatela.

        Esaiozu hau Bidart Jaunari: zure bizitza ezertan estimatzen badu, arazo hau bertan behera uzteko.

        Horrela ez baleza egin, laster zu ere, kapitaina bezala, gorpua izango zara». Ez zuen izenik ekartzen.

        — Zer deritzozu? —galdetu zion neskatxak. Ez zekien zer egin, negarrari eman edo zer. Bidart isilik geratu zen betozkoa jarriz.

        — Zergatik idatzi dio gure alabari eta ez zuri zuzenean? —galdetu zion aitak astiro, bere burua lasai agertu nahian.

        — Gizon honek ero samarra dirudi. Baina mundu honetan eroak hain jende azkarragorik ez duzu aurkituko. Honek ere ikusi du, noski, niri idatziz gero, arrisku bat zegoela eta arrisku hori kendu nahi izan du.

        — Zein arrisku? —galdetu zuen aitak.

        — Beldur zen, noski, niri idatziz gero, ez niola kasurik egingo; zuei ezer esan gabe aurrera joko nuela, alegia. Orain, ordea, zuek denok larri-larri ipini zaituzte. Zuek arazo hau alde bat uztera bortxatu egingo nauzuela espero du gaizkile horrek.

        Zure bizitza arriskutan dago. Zalantzarik gabe, kapitainarena berriz ere gerta liteke. Jainkoak daki. Xantaian jartzen gaitu.

        — Eta zuk zer egingo zenuke? —galde egin zion aitak, urduri, baina irribarretsu.

        — Holako kasu batean ni ez naiz inor erabaki bat hartzeko. Nola nahi den dela, mehatxua zuen alaban egina da, ez niri. Hi haiz, Edurne, heure buruaren jabe; eta jakina, zuek ere, gurasook —gaineratu zuen amaren aurpegi kezkatsua ikusita.

        — Bai, egia duk —erantzun zuen Edurnek Bidarti begietara eztiki begiratuz—. Baina gurasoek nire eskuetan utzi diate dena. Eta nik... nik neure erabakia hire eskuetan uzten diat. Hik hoberena deritzoana egingo diagu guk.

        Neskatxaren begietan bi malko lodi eder agertu ziren. Bidart gogoetatsu eta isil gelditu zen, bere senaren eta buruaren indar guztiak une baterako bildu nahian.

        — Edurne —esan zuen astiro eta arduraz isilaldi baten ondoren—. Heure onerako delako, geure azterketan aurrera jo behar dinagu.

        Gurasoen aurpegietan ez zen poz handiegirik azaldu.

        — Ez pentsa, nire buruaz bakarrik axolatzen naizenik. Ez. Nola biziko haiz eta nola biziko gara lasai gaizkile hori bizirik dagoela pentsaturik?

        Eskutitz horren pisua beti eramango dun heurekin. Larritasun honetatik gauza batek bakarrik atera hazake: gaizkilea aurkitzeak. Eta edirenen dugu, Edurne. Ez beldurrik izan. Astebete baino lehenago kartzelan sartuta izango dinagu kristau hori.

        Gurasoak eta alaba bera ere lasaiago geratu ziren Bidarten azken hitzez.

        — Bada, orduan —esan zuen neskatxak erabakitsu—, aurrera egingo diagu, zer nahi datorrela ere.

        — Hots, entzun orain ongi. —Bidarten ahotsa ozen eta agintetsu bihurtu zen—. Jainkoaren izenean! Ez hadi inolaz ere etxetik bakarrik irten. Ezertarako ere ez. Entzun? Ezertarako eta inoren esanagatik, nirekin ez bada. Eta hemen baserrian etxe barrura arrotzik ez har!

        Jatorduan Bidartek ahaleginak egin,zituen hiztun eta alai agertzen. Etxeko jaunari, ordea, berezko zuen etorria agortu egin zitzaiola zirudien. Azpiletik ez zuen burua jasotzen. Ama ia betiko aldartean zegoen. Bazkal ondoan aita berehala ezkutatu zen, lan asko zuela aitzakia eginda.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia