8

 

        Biharamunean, gogo onez gosaldu eta berehala abiatu zen Donostiara. Argitasun batzuen bila zihoan eta horrekin bazeukan Galarretagandik urrun egoteko aitzakiarik.

        Laurak aldean heldu zen berriz ere bordara. Han zuen Edurne bere zain, Errazuko gorabeherak kontatzeko.

        — Galarretarekin, mintzo nauk, bai eta tenientearekin ere —esan zion pozez.

        — Ehorzketa ondoan izan duk. Galarreta nor den berehala konturatu nauk meza denboran bertan. Kapitain zenaren emaztearen eta Villosladaren alboan jarri duk.

        — Jeneralik edo etorri al da hiletara?

        — Ez. Itxuraz, Galarreta huen denetan aginterik handienekoa. Hari egiten ziotean agur guztiek, oso apal.

        — Pozik ibili da orduan gure Dionisio?

        — Bada, hilerritik itzuli ondoren, topo egin diat berarekin. Tenienteak eta biak zetozean. Oso ongi hartu naik, hire sekretaria naizena entzun duenean.

        — Bestela ere ongi hartuko hinduen. Galarreta oso adeitsu dun emakumeekin. Gazte denboran neskatxen bihotzak oso erraz puskatzen omen zizkinan.

        — Ezagun duk, bai. Bada, bazkaltzera ere inbitatu naik.

        — Arraiopola! Begi onez jo hau orduan?

        — Ostatuan bazkaldu diagu. Ongi gainera, Galarretak, tenienteak eta hirurok.

        — Eta pisu handiko argitasunik atera al dun?

        — Bat ere ez. Galarreta pixka bat fidakaitz agertu duk. Emakumeekin gizabidetsu bada ere, ez dik uste, apika, detektibe izateko asko balio dugunik.

        — Eta teniente hori, nolakoa da?

        — Oso jatorra iruditu zaidak. Baina ez that neure iritzia eman nahi, bestela hartara lotuta geldituko haiz eta —esan zuen irri algaraz—. Hori duk gizon alea! Ba al dakik lehenago boxeolari izana dela? Horren antza dik, gainera. Sudur zanpatua, aurpegi zabala eta pilota palak adinako esku latzak.

        — Eta, bestela, zer nolako gizona iruditu zain?

        — Oso atsegina.

        Errazun bostak aldean agertu ziren Bidart eta bere laguntzailea.

        Mugazain batek kapitain zenaren langelara eraman zituen. Baina idatz mahai aurrean, zigarrotxo bat erretzen, Bidartek ezagutzen ez zuen gizon handi, lodikote bat zegoen, teniente xingolekin; bere ondoan, kapitain zenaren egunetan bezala, Villoslada jauna.

        Bai tenienteak bai eta Villosladak ere poza agertu zuten Bidart han ikusita. Elkar agurtu zuten eta Bidartek Villosladar sekretaria aurkeztu zion. Oso goxo hartu zuen hark neskatxa.

        — Galarretak atzo zurekin hitz egiteko esan zidan

        — hasi zen Bidart, denak eseri ondoren. Villosladak zigarrotxoak eskaini zizkien eta denek bana erretzeari ekin zioten.

        — Bai, niri ere, atzo, zure bila ibili ginenean eta gaur ere hori bera agindu dit. Gure kapitainaren eta Anton Hernandorenaren heriotzak aztertu nahi dituzula eta.

        — Bada, hori esan badizu, gezurra galanta sartu dizu —erantzun zion Bidartek, haserre itxura eginez—. Nik ez nuen inola ere ez, neure muturra arazo honetan sartu nahi. Hori badaki Villoslada jaunak ere. Gainera zure arrebak —esan zuen Vilosladar begira—, bere gizonaren auzi hau ez harrotzeko eskatu zidan.

        — Ongi, ongi da —esan zuen tenienteak barkamena eskatuz bezala—. Ez nire hitzak gaizki har. Galarretak badaki, jakin ere, oporraldietan zaudela. Dena dela, guri laguntzeko gerturik omen zaude, ez da?

        — Bai, baina garbi gera bedi, Galarretak berak eskatuta egiten dudala lan hau —bota zuen, Villosladak gogoan har zezan.

        — Ederki —erantzun zion tenienteak—. Zinez, guztiz pozten gara. Erailea harrapatzeko egin ditugun ahaleginak ustel atera zaizkigu orain arte. Zure laguntza oso balio handikoa izango zaigu. Alde aurrez eskerrik asko.

        Oso gizalegetsu eta bihoztia zirudien teniente hark. Kapitainaren ordezkoak egiten oso gustura zegoela ematen zuen.

        Bidartek, haren ile urdinei so eginez, berrogei eta hamar urte jo zizkion. Bibotea ongi apainduta zeukan bai eta ilea ongi orraztuta. Hortzak beltz eta ezker eskuko eriak hori zeuzkan errearen errez.

        Irribarretsu jarraitu zen:

        — Lana errazteko beharko dituzun argitasun guztiak emango dizkizuegu.

        Neskatxak hitzez eta Bidartek buruz eskerrak eman zizkioten.

        — Hots, hasteko —galdetu zuen Bidartek sudurzuloetatik kealdi luze bat eginez—. Nortzuk zeuden muga zaintzen Anton Hernandorena hil zen egunean? Eta nortzuk jaso zuten bere gorputza?

        — Erraz da galdera hori erantzuten —esan zuen tenienteak, zer esan behar zuen aldez aurre dena gerturik izan balu bezala—. Bi ginen, Tomas Alonso eta bi ok.

        — Eta kapitainaren gorpua aurkitu zutenak? —galde egin zuen Edurnek.

        Galdera irriñoz egina zen, baina tenientea pixka bat urduri jarri zela ikusi zuen Bidartek.

        — Bada, orduan ere Alonso eta biok izan ginen —erantzun zuen ahalik goxoen.

        — Eta non da Alonso hori? —itaundu zuen Bidartek.

        — Bada, gaur goizean bertan Andaluziarantz abiatu da —ihardetsi zuen tenienteak.

        — Nola, bada? —galdetu zuen Villosladak arduratsuki.

        — Bart ama oso gaixorik zegoelaren gaztigua etorri zitzaion eta.

        Bitxia iruditu zitzaion Bidarti azalpen hura, baina isildu egin zen.

        — Zein ordutatik zein ordutara jarduten duzue mugazain lanetan? —galdetu zuen neskatxak Bidart pentsakor ikusita.

        — Hiru txanda izaten dira. Bata goizeko seietatik arratsaldeko ordu biak arte. Bigarrena ordu bietatik hamarrak arte eta hirugarrena hamarretatik biharamuneko seiak arte.

        — Zenbat lagun izaten zarete?

        — Sei lagun binaka. Talde batek Izpegi lepoko ingurumariak zaintzen ditu. Beste batek eskuinetara jotzen du, Auza alderantz eta azkenak ezkerretara, Gorramendiko kasko aldera.

        — Orduan zeu Izpegiko lepo aldean zinen Anton Hernandorena eta kapitaina hil zutenean? —jarraitu zen neskatxa bigun.

        — Bai. Sendagileak zioenez, Hernandorena goizeko zazpiak aldean garbitu zuten. Eta guk gorpua hamarrak inguruan aurkitu genuen.

        — Eta kapitainarena? —galdetu zuen Bidartek.

        — Hari bederatzietan egin omen zioten tiroa. Guk, ordea, bederatzi t'erdietan aurkitu genuen.

        — Eta ez batean ez bestean ez zenuten tiro hotsik entzun? —itaundu zuen Villosladak zorrotz.

        Hernandorenarekin ez. Ez nik ez eta Alonsok ere. Kapitainarekin bai. Tiro hotsa entzun eta berehala hasi ginen bilatzen, non izango ote zen egina. Halere, ordu erdiren bat behar izan genuen kapitainaren gorpua edireteko.

        — Eta hiltzailearen arrastorik? —galdetu zuen Edurnek.

        — Ez eta bat ere. Jakina, guk kapitainaren gorputza aurkitu genuenean, lehenbailehen Errazura eraisten hasi ginen. Hartan gaizkileaz ia ahaztu ere egin ginen. Baina bestela ere, alferrik izango zen. Hemengo jendeak ingurumari horik guk baino hobeki ezagutzen ditu eta basoan barna edozein tokitan ezkutatzen dira.

        — Anton Hernandorena hil zuten unean oso urruti al zineten? —itaundu "zuen berriz ere neskatxak.

        — Ezin galdera horri erantzun. Gu mendi lepoan ezker-eskuin ibiltzen gara. Zazpietan non ote ginen ez dakigu. Gainera heriotzaren ordua bera ere guti gora behera jarria izan zen. Gure ibilerak ere ordu laurden batez asko alda daitezke.

        — Baina tiroaren hotsa ez entzuteko bezain urruti al zineten? —galdetu zuen Bidartek.

        — Ez dut uste. Nire iritziz, nahi eta nahi ez entzun behar genuen tiro hotsa, karabinak ohi duen zarata atera baldin bazuen, behintzat.

        Halere, ez genuen txintik ere entzun. Gero ere sarritan galdetu izan dut neure baitan, nola izan zitekeen hori. Gaizkileak, nonbait, hotsa isilarazteko tresna zerabilen.

        — Eta kapitainarekin, ordea, entzun egin zenuen, ez da? —galdetu zuen Villosladak jakinguratxo.

        — Bai, garbi asko —erantzun zuen tenienteak uste osoan.

        — Nola azal daiteke hori, orduan? —berriz ere Villosladak Bidarti etsipenez begiratuz.

        — Oso erraz —ihardetsi zuen Bidartek lasai-lasai—. Hernandorena hil zuenak isilgailua zeukan. Kapitaina hil zuenak, ostera, ez. Bi pertsona direla, alegia.

        — Horrela iruditzen zait niri ere —esan zuen Villosladak.

        — Eta balak kasu bietan berdinak al ziren? —galdetu zuen Edurnek.

        — Ez. Hernandorena 7,62 mm kaizuzko karabina erdi-automatiko MI batez hil zuten. Kapitaina, ordea, Eibarren egiten duten ehiza larritarako erabiltzen den «Star» 22 kaizuzko karabina batez.

        — Ongi da. Horrek ere bi pertsona ezberdin izan direla adierazten du. Gauzak argitzen ari dira —esan zuen pozez Edurnek.

        — Horrela da —erantzun zion Bidartek, zigarroaren hondarra hautsontzian zanpatu eta arnasa luze sakona hartuz.

        — Eta kapitaina zertan ari izan zen Izpegin zori gaiztozko eskutitz hura hartu ondoren? —galdetu zuen Edurnek.

        — Ez dago kontatzeko gauza handirik, zoritxarrez. Delako eskutitz horrek kapitainari zirrara handia egin ziola ongi dakizue.

        Teniente berria hemen pixka bat toteldu eta lotsatu egin zen. Villoslada jaunak aker haserretu baten aurpegia jarri zuen. Tenientea Bidarti goibel begiratuz jarraiki zitzaion:

        — Zuk errurik ez duzula badakit, Bidart. Nik gauzak gertatu diren bezala kontatuko ditut, besterik ez. Zu oporraldietan zinen. Eta gainera, guk geure buruak zaintzen ez badakigu...

        Villosladarengan jarri zituen begiak lipar batez. Barkatu ote zion honek Bidarti bere koinatuarekin izandako axolagabekeria?

        — Eskutitz hori hartu ondoren, guk denok eta batez ere bere emazteak kontuz ibiltzeko esan genion. Gutun hura ez zela txantxetan hartzekoa.

        Baina berak ez zigun kasurik egin. Urduri zegoen, zango-zolan arantza sartuta duenaren modura. Eskutitz hura idatzi zuena aurkitu arte ez zuela etsiko esaten zuen behin eta berriz. Eta esan ez ezik, muga aldera sekula baino sarriago joaten zen hango lekuek liluraturik balute bezala.

        Neskatxa begi arraitsuez entzuten ziola ikusirik aurrera egin zuen gertakariak kontatzen.

        — Egia diotsuet. Gure kapitaina postura horretan ikusita aire lagun bati Andaluzian gertatu zitzaionaz oroitzen nintzen.

        Etxean larrasuge pozoitsu bat zeukan kutxatxo batean gordeta. Ongi gordeta, gorde ere. Baina beti zegoen beldur, ihes egingo ote zion eta egunean ez dakit nik zenbat aldiz joaten zen, han zegoelako segurantza hartzera,.. Eta halako egun batean, zizt eta sugeak horzka egin zion. Leher egina hil zen gizajoa.

        Zergatik ez zen kapitaina etxean lasai geratu, suge zulora joan beharrean?

        Denek arretaz entzuten zioten. Bai kontalari bikaina teniente andaluz hura.

        — Horrela joaten zen bera bakarrik mendira, otso zulora, Anton Hernandorena hil zen toki bertara, burdin biziak erakarrita bezala. Eta han bertan, hilobiari begira zegoela, egin zioten tiroa. Hara joan eta irudiz etsai zirenen hil gurutzeak elkarren ondoan ikusiko dituzue.

        — Zein tartetik bota zioten tiroa? —galdetu zuen Edurnek.

        — Espezialistek ziotenez, egun metrotik edo.

        — Bon, badakigu beste xehetasun jakingarri bat —esan zuen Bidartek neskatxari so eginez—. Halere, galderarik minberena hor dugu oraindik erretzen: zergatik hil zuten Anton Hernandorena? Eman dezagun, kapitaina mendekuz hil zutela. Baina Hernandorena?

        — Aterako dugu hori ere, goiz edo berandu —esan zuen tenienteak mahaia ukabilez jo eta solaskide guztiei irri goxo bat eginez.

        — Hori espero dut nik ere —erantzun zion Bidartek eserlekutik jaikiz—. Hots, gaurkoz aski dugula uste dut. Denagatik eskerrik asko. Baliteke egun hauetan noiz edo noiz zuengana etortzea. Gaur ostirala da; bada, astelehenean, arratsaldeko laurak aldean, Edurne eta biok Izpegira joango gara, hango bazterrak zertxoren bat miatzera. Itzulian, sartu irten bat egingo dugu hona, berri eske.

        — Pozik ikusiko zaituztegu geure artean —esan zuen tenienteak hortzargi—. Ze, gurekin baso bat garagardo edan gabe joango al zarete? —hots egin zuen, Bidart eta neskatxa irtetera zihoazela ikusita.

        Edurne zalantzatan gelditu zen Joni begira. Honek, ordea, ez zuen inbitazioa onartu. Egitekorik asko omen zeukan.

        Tenienteak eta Villosladak atariraino lagundu zituzten. Tenientea neskatxari azken agurrak egiten ari zitzaion bitartean, Villosladak Bidarti eskua estutu eta serio-serio baina bihotzez «eskerrik asko guztiagatik» esan zion. Ematen zuen baino bihotz biguntxoagoa zeukan, nonbait, Villoslada jaunak.

        — Zer iruditu zaik? —galdetu zion neskatxak kalera atera zirenean.

        — Ongi. Belarriak erne izanez gero, beti ateratzen dun zer edo zer.

        — Laketu al zaik teniente hori?

        — Eguzkia bihotz barnean dantzan duela zirudin.

        — Oso amultsua begitandu zaidak niri ere. Baina gauza batek harritu naik pixka bat. Hain zuzen ere tenientearen lagun hori Andaluziara bidaltzeak.

        — Bai, ni ere horretaz pentsatzen ari izan naun. Bere iritziak asko lagun ziezagukenan. Denetan ezin suerte ona izan, baina.

        Kotxera sartu eta baserrira. Arratsaldeko seiak ziren. Aita alorrean zegoen. Ama sukaldean aurkitu zuten, galtza batzuei adabakiak jartzen.

        — Egin al duzue gaurko itzulia? —galdetu zien.

        — Bai, ama. Gauzak oso ongi doazkigu.

        — Egia dio Edurnek —esan zuen Bidartek alai—.

        Baina nire egitekoa ez da oraindik bukatu. Oraintxe zuzenean Elizondora noa, hango adiskide batekin W mintzatzera. Eta handik Donostiara. Bihar eguerdirako hemen izango nauzue.

        — Eta hemen uzten al duk heure sekretaria? —bota zion neskatxak txantxetan, baina pixka bat minduta.

        — Donostiara nioen, Manolo Rodríguez, polizia buruzagiarekin hitz egitera. Hitaz egin behar dizkiodan gorespenak hobe dun ez entzutea, lotsatu egingo hintzateke eta. Gainera sekretaria hemen gelditzea komeni dun. Zer edo zer gerta baledi, badakin nire etxeko telefono zenbakia.

        Neskatxak, haserre bailegoen, muzin egin zion eta sukaldetik irten zen.

        Baina gero elkarrekin topo egin zuten.

        — Edurne —esan zion alai— berri on bat dinat hiretzat. Ni Donostiara noan bitartean, zergatik ez dun hik kapitain zenaren emaztearekin hitz egiten?

        — Hitz egin? Zertaz?

        — Denaz! Kapitainaren bizitzaz ia ezer ez zekinagu. Zenbat eta gauza gehiago jakin, hobe. Xehetasunik tikienak bidea argi liezaguken.

        — Um! Ez diat gauza garbirik ikusten.

        — Bai, neska. Begira ezan: emakumeok elkar ongi ulertzen duzue. Guri gizonoi baino errazago kontatzen dizkiozue elkarri zeuen sekretutxook.

        — Hara nork dioen hori! Hik heure hitz labain eta eztiekin emazteki guztien bihotzak urtzen dituan horrek!

        — Bada, alargunaren bihotza hire eskuetan uzten dinat. Nire eskolakoa ote haizen ikusi egin behar dinat.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia