5
Atalburuan kabo bat zegoen zutik, betilun. «Zertara noa barrura?» galdetu zion Bidartek berriz bere buruari. Atzera egiteko gogoak eman zion. Beranduegi zen, ordea.
Kaboak ez zuen Bidart ezagutzen eta honek ezer esan baino lehen, ongi ikasitako leloa bezala bota zion:
— Kapitain zenaren emazteak ezin du inorekin hitz egin.
Bidartek bere detektibe txartela atera eta musu aurrean jarri zion.
— Mesedez, Villoslada jaunarekin hitz egin nahi nuke. Esaiozu behar beharrezkoa dela.
Kaboak zaingela ilun batera lagundu zuen.
Luzaro gabe ate ondoan oin hotsak entzun ziren eta gizon aurpegi triste bat sartu zen. Bai, Villoslada zen, baina askoz zahartuago, azken egun haietan eritasun larri batek bere esku latzez hazpegiak markatu izan balizkio bezala. Haren iluntasuna ikusita, Bidartek berehala bere kezka guztiak ahaztu zituen.
Villosladak eskua luzatu zion eta elkarri serio-serio estutzerakoan, haren begietatik gorrotozko errainu bat irteten zela iruditu zitzaion Bidarti.
Eserleku banatan eseri ziren, aurrez aurre.
— Ez dakit nola hasi —esan zuen Bidartek buru makur eta Villosladari aldika zeharka begiratuz—. Nire bizitzan ez zait holakorik gertatu. Batzuetan senak huts egiten didala dakusat —esan zuen totel—. Egia al da zure koinatu kapitaina hil dela?
— Bai, halaxe da —erantzun zion Villosladak bere begiak belaunetan jarriak zeuzkan eskuetatik goratu gabe.
— Ezbeharren bat? —galdetu zion Bidartek ahopean bezala.
— Tiroz hil dute —puska batean biak isilik gelditu ziren.
— Eta, nor izan den ba al dakizue?
— Ez. Hamarrak aldean hila aurkitu dute bi mugazainek Izpegin.
— Izpegin?
— Bai, beti bezala, bazter haiek ikusi eta mugazainen ibilerak kontrolatzen ari zela.
— Baina, bakarrik al zegoen? —galdetu zion, gero eta erreago.
— Bai, bakarrik. Badaezpada ere, sekula lagunik gabe ez ibiltzeko esan nion neuk ere. Baina alferrik zen nire koinatuarekin. Buruan zerbait sartzen zitzaionean. Berak ez zituela bere ohiturak aldatuko eta... gertatu zaio.
— Bai, eskutitza ez ziotela txantxetan egin, orain ikusten da garbi. Badago hemen bazterrotan umore oso guti duen norbait.
— Horrela da. Orain beranduegi da, ordea. Bi gizonon odola ezin atzera zainetara bihur. Lehenago jardun izan bagenu! —bota zuen Bidarti akar-begirada bat eginez.
— Lehenago hasi bagina —erantzun zion honek bizi—, ez genukeen ezer aurrera. Erailea hiltzeko prest zegoen. Nik ez dut uste hura garaiz harrapatzeko astirik izan genukeenik. Dena dela —gaineratu zuen leunago—, neronek dakit inork baino hobeki, heriotza honen erruaren zati bat nire bizkarrean eraman beharko dudala. Ondoreak atera beharko ditut.
— Gaizkilearen bila hasiko al zara? —galdetu zion Villosladak. Aurpegia pozez argitu zitzaion.
— Ez dut hori esan nahi. Gauzak honela gertatu direnez gero, lehengo hartan nago ni orain ere. Gorabehera guztia ez dagokidala niri. Kapitainak berak laguntza eskatu eta nik ukatu egin niolako, horren damu naiz ni. Pentsatuko dut zer egin.
— Galarreta aurki etorriko dela abisatu digu telefonoz.
— Ongi da. Baina esaiozu, gaur ez dudala berarekin hitz egiteko umorerik. Dena dela, orain alde egin behar dut. Baina lehenago mesede bat eskatuko nizuke. Kapitainaren emaztearekin, hots, zure arrebarekin hitz egin nahi nuke.
Ez zen oso alaitu Villoslada eskaera hortaz. Ezetz esatea ere itsusi iruditu zitzaion, baina.
— Bon, etortzeko esango diot —eta Bidarti agur eginez, alde egin zuen, kopetilun.
Agudo agertu zen emakume gazte bat. Elkar agurtu eta ezagutarazi ondoren, eseri egin ziren.
Kapitaina baino nahiko gazteago iruditu zitzaion Bidarti: hogeita bost urte, hortxe-hortxe. Dena beltzez jantzita zegoen eta gela hartako ilunetik sortua zela ematen zuen ipuinetan bezala. Areago distiratzen zuen bere aurpegiko azal zuriak. Emakume ederra zen, zinez. Begi ezti, bigunak zituen, inongo maltzurkeria gabekoak.
— Andere —hasi zitzaion Bidart betilun baino bihozti—. Barkazioa eskatzera natorkizu. Orainez gero jakin dituzu zure gizonaren egun hauetako azken berriak. Heriotzara galduko zutela mehatxuz beteriko eskutitz bat hartu zuela, alegia.
Emakumeak baiezkoan buruari arinki eragin zion.
— Niri laguntza eske etorri zitzaidan. Nik, egia esan —jarraitu zen totel—, ez nuen pentsatu gutun horrek zure senarrari horrenbesterainoko kaltea ekar ziezaiokeenik.
Baina gauzak nik ez uste bezala gertatu dira. Nik zure gizonari jaramonik egin izan banio, baliteke oraindik ere bizirik izatea.
Emaztekiak ez zuen hitzik atera; isil isilik malko batzuk xukatu zituen.
— Hots, ez zaitut nire hitz hauez samindu nahi. Gauza bat, batez, ere, galdetu nahi nizun. Zure gizona hil zuenaren bila ni hastea nahi al duzu?
Emakumea pitin bat dardaratu zela, iruditu zitzaion Bidarti.
— Bon, jakina. Dena nire kabuz egingo nuke. Zuk ez zenuke ezer ordaindu beharrik. Gogoz egingo nuke, zure senarrarekiko zorra garbitzeko —esan zion Bidartek andrearen larria ikusiz.
Kapitainaren emaztearen aurpegia are eztiago egin zen eta ahots garden, zoli batez esan zion:
— Eskerrik asko, jauna. Badakit, senarrak esanda, detektibe oso trebea zarela. Baina hau dena lehenbailehen ahaztea nahiago dut. Zer onik aterako genuke hiltzailea aurkituz? Nire gizona hila da betiko. Inork ezin du hura biztu —esan zuen zotinari eutsi ezinik.
— Ongi da, andere. Zein asmo daukazu etorkizunerako?
— Ez dakit. Nebak eta biok alde egingo dugu hemendik, Madrilera edo Huescara edo... neba lehen ere han izana baita.
— Ederki. Bai Donostian baita Iruñean ere, niri mesede bat pozik egingo lidaken lagun asko dut. Nire laguntza zer edo zertarako behar bazenu, arren, esadazu. Bestalde, ni abogado naiz.
— Eskerrik asko, Jauna. Gogoan izango dut zuk esana —erantzun zion emakumeak begiratu sakon bat eginez.
Biak zutitu eta elkar agurtu ondoren, Bidart mugazain etxetik zuzenean baserrira abiatu zen.
Barrua triste sentitzen zuen, ezertarako gogorik gabe. Pozik sartuko zen ohean, bazkaldu gabe. Hura ez zen itxura, baina.
Jatorduan denek galdezka ia ito egin zuten. Etxeko nagusiak jateko adinatxe gose zeukan berriak aditzeko. Hura zen galdetu beharra.
Bazkal ostean, gitarra hartuta, etxeburua baino goratxoago zegoen pinudira joan eta bere barrua arintzen saiatu zen. Haizeak leunki laguntzen zion arian-arian pinu orrietan txistua joz. Bihotza apur bat poztu zitzaion.
Ez zen bakardadean luzaro egon, ordea. Gitarraren doinuetan murgildurik zegoela, bat-batean Edurne ondoan zuela ohartu zen. Musu adiskidetsurekin begiratzen nion.
Neskatxak jarraitzeko eskatu arren, gitarra jotzeari utzi zion. Barruko kezkak norbaitekin hustu behar zituen.
— Edurne —hasi zen neskatxari xamurki begiratuz—, kapitainaren heriotza gertatu denez gero, zenbait gertaera kontatu behar dinat. Lehenago gezur tiki batzuk esan nizkinan eta.
— A, txolin hori! —erasiatu zuen neskatxak irribarretsu.
— Hirekin uste handia dinat, baina, halere, lanbidean kontatzen dizkidaten isilekoak ezkutuan gorde behar izaten dizkinat, nire hitz jarioa hori kaltegarri gerta ez dakion.
— Ongi egina! Batez ere emakumeok ezin omen dizkiagu gauzak isilean eduki eta...
Bidartek barre egin zuen.
— Ez ninan hori esan nahi. Oraingoan behintzat egia osoa jakin behar dun. Gertaera latzak izan ditun gure inguruetan azken aldi honetan.
Anton Hernandorena eta kapitainaren heriotzen berri zehatz-mehatz eman zion.
Kontatzen bukatu eta alditxo batez serio-serio egon zen Bidart. Gero, liztorrak helduta bezala, hitzetik hortzera galdetu zion neskatxari:
— Zer deritzon? Komeni al da ni arazo honetan sartu eta bi heriotza hauen egileak bilatzen hastea?
Neskatxa biziro poztu zen. Bai eta harrotu ere pitin bat. Detektibe entzutetsu hark berari galdetu horrelako erabaki garrantzikoa hartu ala ez!
— Bai, bai, zalantzarik gabe egin behar duk hori. Alde batetik Hernandorena laguna zuan. Bestetik kapitainaren emazteari zuzentasuna egingo diok eta heure kontzientziarekin ere lasaiago geratuko haiz. Bai, Jon, heure eginkizuna duk hori.
— Baina kapitainaren emazteak ni azterketan hasteko gerturik nengoela esan diodanean, ez din gogo handirik azaldu. Dena alde bat uzteko esan zidaan.
— Zer esango zian, bada? Sartzeko? Hik gaizkilea edirenez gero, ordea, oso pozik jarriko litzateke; ziur nagok.
— Bai, egia dun. Baina aurkitu baino lehenago istilu gogorretan sartu beharra izaten dun sarritan eta berak ez din bere burua inongo zalapartetan sartua ikusi nahi.
— Hots, eta dena isil egiten baduk? Gaizkilea harrapatu, kartzelan sartu eta kito.
— Gauzak ez ditun hain errazak izaten —erantzun zion Bidartek. Neskatxaren xaloa atsegingarri zitzaion.
— Um! —egin zuen neskatxak, detektibea bere argudio guztiak txikitzen ari zitzaiola ikusita.
— Neu ere zalantzatan nagon —aitortu zion Bidartek, ezpainak estutuz—. Bestalde, oporretarako egun guti gelditzen zaidan eta horik alferrik galtzea...
— Zergatik ez haiz luzaroago gelditzen? Hain gaizki hartu al haugu, bada? —zirikatu zuen neskatxak irribarretxo maltzur bat eginez.
— Ez horixe! Hemen betiko gelditzeko gogoak ematen zidan —erantzun zion Bidartek bera ere amarruki—. Lan egin behar dinat, ordea. Ez zegon!
— Hara! Eta gaizkilea bilatzen jardutea ez al da lan egitea? Beraz, hura atzeman arte, gera hadi hemen. Gero alde egin ezak, nahi baduk, bihotz gogor horrek!
— A, arranoak! Ez dinat usnaketan hasteko gogo handirik.
— Har ezak hori dibertsiotzat. Gainera, nahi baduk... neuk ere lagunduko diat —gaineratu zion totel. Aurpegia arrosa bezala gorritu zitzaion.
— Ja, ja, ja —egin zuen gogoz Bidartek—. Ongi dun. Dibertsiotzat hartuko dinat. Eta bai hire laguntza ere. Orain bai agudo aurkituko dugula gaizkile hori.
— Zein gaizto haizen. —esan zion neskatxak besoan atximurka egiten ziolarik.
— Hots, nondik hasi behar dugu? —esan zuen Bidartek. Begiak zerura begira zituen, neskatxari baino gehiago galdera hari egin izan balion.
Neskatxa pozez gainezka zegoen. Behingoan irudimenak hurrengo egunetako gorabeherak ekarri zizkion. Ametsetan bezala zegoen. Jon izen handiko detektibearen ondoan lan egin, harekin batera egunkarietan agertu.
Bere burua arrisku handietan ere ikusten zuen: gaizkilea harrapatu eta atxilotu baino lehenago bera leize zuloan sartuta; eta jakina, Jon joango zitzaion askatzera eta nork jakin, bazitekeen dena «happy end» batez bukatzea.
— Gauzak errotik aztertu behar dizkinagu —ekin zion berriz ere Bidartek—.Kapitainaren heriotzak Anton Hernandorenarenarekin elkarturik dagoela zirudin. Has gaitezen honekin. Nork hil zuen Hernandorena?
— Mugazainek... jendeak dioenez.
— Ongi esan dun: jendeak dioenez. Baina egiatan horrela gertatu al da? Kapitainak ezetz esan zidanan.
— Eta? Gezurrik ez al zian sartu?
— Maiz zail dun gezurrari usaina hartzen. Baina, ño, nik oraingo honetan egia esan zuela uste dinat. Begi begietara begiratu nionan, eta han ez zegonan azpikeriaren itxurarik.
— Orduan, zergatik hil zuten kapitaina bera? —galdetu zion erronkan bezala. Ezagun zen detektibe lan hura gero eta gehiago gustatzen ari zitzaiola.
— Hori galdetu zionat nik ere neure buruari.
— Eta?
— Ondorioak atera dizkinat.
— Zein ondorio?
— Ezin dinat horrela berehalakoan esan. Ikus dezagun. Hernandorena hil dinate. Gero kapitaina. Eman dezagun kapitainak ez zuela Hernandorena hil. Zer ateratzen dun hik hemendik?
— Bada, nik...
—Utz debekuz neskatxak.
— Ederki, Edurne. Utz dezagun auzia dagoen tokian. Neure iritziak besteei azaltzea ez zaidan niri atsegin. Bestela denak nirekin erizkidetzen ditun eta kito! Ez dinate beren kasa pentsatzen. Nire burubidea hemen zegon —esan zuen bi eriz kopeta ukituz—. Hiri zer edo zer bururatzen bazain, ikuspegi bat izan beharrean bi izango dizkinagu; tira, bada, pentsa ezan, ene sekretaria horrek!
— Hausnartuko diat, bai. Eta bitartean zer egin behar dugu, eskuak patrikan sartuta gelditu?
— Inola ere ez. Lehendabizi hau aztertu behar dinagu: kapitainak gezurra esan ote zuen ala ez. Hots, Hernandorenaren erailea aurkitu behar dinagu.
— Nola?
— Neuk ere baneki! Goazen Elizondora.
© Gotzon Garate