3

 

        Bordara zazpiak aldean agertu zen. Sukalde barrura sartu eta, amari hitz egiteko astirik eman gabe, Edurne ia oihuka hurbildu zitzaion:

        — Jon, arratsalde guztian Errazuko kapitaina hire bila ibili duk. Oso urduri zegoan. Ez al duzue elkar ikusi?

        Jon bera zertxo bat kezkatu zen hitz haiek entzunda.

        — Zer nahi zuen?

        — Ez ziguk ezer esan. Baina haren betilunak eta ikarak garrantzi handiko arazoa zela erakusten ziaten. Ez al da horrela, ama?

        — Bai —erantzun zuen amak bere ardura gorde ezinik—. Harritu egin naiz poliziako bat holako posturan ikusita.

        — Ongi da —esan zuen Bidartek bere kokotsa pitin bat igurtzi ondoren—. Mokadu bat hartzera noa eta gero jaitsiko naiz Errazura.

        Arratsaldekoa gogo onez jaten zuen bitartean, kapitainak zer nahi ote zuen galdezka izan zituen ama-alabak. Zer zekien berak! Bere lagunaren heriotzarekin lotuta zetorren zer edo zer, noski. Lehen ere horretarako deitu baitzuen. Baina gauza ziurrik ezin esan!

        Bestalde, kapitainak berriro deitzeak —aurretik bakean uzteko esan eta gero— garrantziko auzia zela adierazten zuen. Bere barnean harrokeria pixka bat ere nabaritzen zuen, kapitainak berriz ere laguntza eskatzen ziola ikusiz.

        Dena dela, laster irten zen zalantza egoera hartatik.

        Errazura, mugazainen etxera heldu zenean, atezainari agur lehor bat egin eta zuzenean abiatu zen kapitainaren langelara. Barrura sartu zenean, kapitaina eta Villoslada elkarrekin aurkitu zituen. Baina begirada bat eman eta asaldatuta gelditu zen. Hura zen aldaketa! Bezperako kapitain irribarretsua hilobi bat baino ilunago zegoen.

        Burua makurtuta zeukan eta Jonen agurrari ia ez zion kasurik egin. Begiak pixka bat goratu eta berriro lurreratu zituen. Besoak mahai gainean luzaturik zeuzkan. Eskuineko eskuaz etengabe boligrafo bat zerabilen mahaia tarrapatakatuz, bere barneko kezkei erritmoa ematen bezala.

        Villosladak ere betozkoa zuen, baina gizon ikasiaren gisa, hobeki gordetzen zuen arrangura bere kolkoan.

        — Arratsalde on, jaunak —esan zien berriz ere Bidartek ozenki, bikotearen goibeltasuna urratu nahirik—. Hiletak gaur goizean bukatu dira, jaunak.

        Ez batak eta ez besteak ez zuten ezer erantzun. Gela hartan ez zegoen txantxetarako girorik. Txintik atera gabe, astiro-astiro, kapitainak mahai-kutxatik eskutitz bat atera eta detektibeari luzatu zion. Hildakoen zorroan zetorren gutuna, paper zuria eta ertzak beltz. Makinaz idatzita zegoen.

        «Sr. Capitán Fernando Marcos» eta «Errazu», besterik ez zuen eskutitz zorroan jartzen. Bidartek zeharka kuinoari begiratu zion eta Elizondoren izena irakurri zuen. Atzealdean ez zegoen zuzenbiderik. Bidartek buru belarri irakurri zuen

        «Fernando Marcos jaun agurgarria:

        Oso pozik zarela uste dugu, noski. Anton Hernandorena zerura bidali diguzu. Hemendik aurrera lan gutiago izango duzu mugak zaintzen. Zorionak! Oso bapo portatu zara. Hartuko al duzu kondekorazio berriren bat. Koronela izendatzen bazaituzte oraintxetik jartzen gara zutik zure aurrean, buru makur: zure aginduetara gaude, Fernando Marcos kapitaina.

        Baina Jaun Marcos kapitain hori: guri ez diguzu ziririk sartuko. Zurrumurrutxo batzuk zabaldu dira Elizondo aldean; esamesa horien arabera mugazainok ez omen duzue Anton Hernandorena hil, ez ezagun batek baizik.

        Haurrak garela uste al duzu? Kontrabandistak hain erraz hilko dituzuela uste al duzue? Makur jokatzen badugu geure kontrabandoz, zuen lana da harrapatu eta guri zigorra ematea. Baina guretariko norbait hiltzea gehiegizko da, norbait hori geure buruzagi baldin bada, batez ere.

        Marcos jauna: berri txar bat dugu zuretzat. Ez zara iritsiko koronel izatera. Zure orduak bete dira. Laster Anton Hernandorenarekin batera izango zara. Zeruan ere Jaunak San Pedroren ondoan mugazainaren kargua emanen dizula espero dugu. Betiko izan dadila!

        Hernandorenatarrak.»

        Kapitainak begiak tinko-tinko zeuzkan Jonen gain jarriak, honen buru-barruak aztertu nahian.

        — Zer iruditzen zaizu? —galdetu zion azkenean, Bidart gogoetan ari zen bitartean.

        — Bat ere ez!

        — Nola bat ere ez.?

        — Zuri galdera batzuk egin baino lehenago ezin dut neure epaia eman.

        — Zein galdera?

        — Begira, kapitain jauna —esan zion zorrotz eta agintez Bidartek—. Eskutitz hau bietara har daiteke. Hots, zuri beldurra emateko bakarrik edo hor esaten duena burutzeko egina da. Gauza bat da ageri, baina: eskutitz hau idatzi duena lotsagaldu ausarti bat dela. Eta holakoak oso arriskutsuak dira beti. Beraz, hau jakin behar duzu lehendabizi: gizon honek zuri adarra jotzeko asmoa ote duen ala ez.

        — Nola dakizu gizon bat dela eta ez talde bat?

        — Gutun hau idatzi duena bat da. Horrelako irrizuririk ez da edozein garunetatik sortzen. Baliteke berarekin laguntzaileak izatea. Baina idazlea harrapatu edo nor den jakingo bazenu, gauzak konpontzeko erdi bidea egina zenuke. Aurrera jo baino lehen, ordea, kapitain jauna, arren, esadazu argi eta garbi: Anton Hernandorena zuetariko batek hil al zuen? Nik badakit...

        Bidarti aurrera mintzatzen utzi gabe, kapitainak maldizio bat bota zuen eta aulkitik brastakoan jaiki zen, zango azpia erretzen balu bezala.

        — Behin baino gehiagotan esan diat nik —isuri zuen haserre bizian Villosladari begira—. Zer uste dute detektibe hauek? Gu poliziak ustel batzuk garela?

        Hamaika bider esan diot nik hori Galarretari. Baina

        Galarreta bera nola        Ez zuen esaera bukatu,

        Galarreta bere nagusia zela oroituz. Baina Bidarti sukarra zeriola eraso zion:

        — Bai, nerau izan naiz neure pistola honekin hil duena, horra hor! Orain pozik al zaude? —esan zion, gerrikotik zintzilika zeukan pistolari ukabilkada bat emanez.

        Bidart lasai gelditu zen. Bazekien haserrealdi hura beldurrak eta urduritasunak ekarria zela.

        — Ongi da, ongi da —esan zion poliziari eskuz ere baketzeko keinua eginda—. Zuk Hernandorena hil duzunik, ez zaio inori burura etorriko, nik uste. Baina zuetako batek ez duela gizon hori garbitu nola dakizu? Maiz halabeharrak, nahi baino kalte handiago egitera behartzen gaitu.

        — Nola dakidan? Beraiek esan didatelako. Gizon hori hil zutenean ez zebilen kontrabandotan. Zergatik egin behar zioten tiroa mugazainek? Gainera, sakelan zuen pasaportea. Beraz, hortik ere ez zuen mugazainekin topo egiteko beldurrik izan behar.

        — Gauzak horrela izan badira, ez duzu kontrabandisten aldetik beldurrik izan behar.

        — Noren aldetik orduan?

        — Nik ez dakit. Hori aurkitzea zure eginkizuna da. Kapitainak etsipen keinu bat egin zuen. Negarrez hasi behar zuela iruditu zitzaion Bidarti. Villoslada bera ere lehen baino goibelago zegoen.

        — Orduan ez didazu lagunduko?

        Bidart harrituta gelditu zen. Ordura arte ez zuen horrelako mugazainik ezagutu.

        — Zertan lagundu?

        — Eskutitz hau idatzi duena bilatzen.

        — Barka, kapitain jauna, baina oporraldietan nagoela aurreko egunean ere esan nizun.

        — Eta nire bizitza arriskuan balego?

        Barreari heldu ezin izan zion Bidartek. Villosladari ere irribarrea loratu zitzaion ezpainetan. Kapitaina lotsa antzean gelditu zen.

        — Inoiz entzun al da detektibe bat mugazain baten zaintzaile jarri dutenik? Arratoia ipiniko al dugu katazuloa zaintzeko?

        Kapitainak ez zuen zirkinik egin. Bidartek aurrera egin zuen.

        — Nik aholku bat ematen dizut. Eramazu beti zurekin pistola. Eta ahal duzularik, ibil beti zure menpeko mugazain bateren batekin. Kontrabandistak ez dira ergelak. Harkaitz zulo eta pagondo bakoitzean dute salatari bat gordeta. Zuk diozuna egia dela laster jakingo dute: ez zuk eta ez zure lagunek ez duzuela Anton Hernandorenaren hilketan harremanik izan.

        Beste biek ezer erantzuten ez ziotela ikusirik, alde egiteko une egokia iruditu zitzaion Bidarti. Ez zen ausartu solaskideei eskua luzatzen. «Agur, hurrengo arte» esanez, alde egin zuen langelatik.

        Laster zen berriz ere baserrian. Azkenean bukatua zen arazo hura. Bere bizitza osoan ez al zituen, bada, oporraldi baketsu batzuk izango?

        Medikuena baino okerrago zen bere lanbidea. Sendagileak beren oporraldietan, behintzat, lasai ibiltzen ziren. Bera zihoan toki guztietan, ordea, nahi eta nahi ez, istiluren batean sartu behar izaten zuten. Galarreta zela, beste polizia bat zela, ez zioten baketan uzten arazo nazkagarriren bat leporatu arte.

        «Larrabide» baserrian Edurne zain zeukan, jakin-minez beterik.

        — Zer, Jon, beste heriotzaren bat? —galdetu zion hitzetik hortzera.

        Barrea irten zitzaion Bidarti neskatxaren ateraldiaz.

        — Tira, tira, egunero ez dun heriotzarik gertatzen.

        — Hain artegatua zegoan kapitain hori eta...

        — erantzun zion Edurnek sorbaldak goratuz.

        — Bai, egia dun hori. Kapitaina oso kezkati zegonan, baina arrazoirïk gabe, ene ustez.

        — Zer nahi zuen, bada?

        — Arazo batean lagun diezaiodala. Baina ezetz esan zionat, oporraldietan nagoela eta.

        — Zein arazotan laguntzeko? —galdetu zion neskatxak setatsu.

        — Zail dun azaltzen. Dena esango dinat, baina, pasiara laguntzen banaun.

        Nola ezetz esan, jakin-minez janda baitzegoen?

        Baina Bidartek ez zion egiaren txirrintik ere esan. Azken denboretan kontrabando handia zegoela eta, bere laguntza behar zutela eta, kapitaina behintzat oso kezkatuta omen zegoen.

        Lasterbidez Otsondo alderantz jo zuten. Ibilaldi xarmanta hura. Bidea goxotasunez eta antzinako ipuinez beterik dago. Hango zuhaitzak eta bidezidorrak ezkutukiz jantziak daude.

        Edurnek hango berri guztiak zekizkien eta haren ezpainetatik ingurumarietako xehetasunak entzuterakoan, denboraz aldatuta zegoela begitantzen zitzaion Bidarti, bat-batean aspaldiko euskaldunekin harremanetan jarrita edo. Zinez, Edurnek berebiziko dohaina zuen gauzak kontatzeko.

        Ori aitortu zion Bidartek eta neskatxak barre algaraz erantzun

        — Iruñean teatro talde batean lan egiten hasi ninduan. Porrot egin nian, ordea. Gaztetxoago nintzenean, zinemako artista izateko ere gogo bizia neukaan.

        Otsondoko tontorrean, botata zegoen pago lodi baten gainean eseri ziren. Bidart harritu egin zen, horrenbeste gauzaz hitz egin eta heleketa osoan heriotzarik edo gaizkilerik aipatu ez izateaz. Neskatxa jator hark, eguneroko tipikerietatik gora altxatzen zuen edonor, igarri gabe.

        Itzulia bidezabalez egin zuten. Ilunabarra zen etxeratu zirenean. Jon afalondoan etzaulki batean eseri eta liburu bat irakurtzeari ekin zion. Laster aspertu zen, ostera. Kanpora jo zuen. Oskarbian izarrak eten

        I gabe maite abestiak kantatzen ari zitzaizkion ilargiari. Bere barneko sentipenak gaueko haize hozkirriaz hoztu ondoren ohean sartu zen. Etzan orduko lo goxoak hartu zuen.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia