2
Hurrengo egunak ere zoragarri igaro zituen. Ia egunero irteten zen ibilaldi bat egitera. Azpilikueta, Errazu, Arizkun eta abarretako lasterbideak, errekak, zubiak eta etxeak zehatz-mehatz aztertzen zituen.
Zeinen gustora gelditzen zen bazterretan baserritarrekin hitz egiten! Ez zuen ahaztuko, esate baterako, Azpilikuetako frontoian, lasai eserita, Argentinan egondako indiano tripazabal batekin izandako elkarrizketa.
Azpilikuetaren frontoitik ikusten den bista xarmangarria! Baina hura ez zen ezer aldameneko mendietara igo eta ikusten zuenaren aldean. Alkurruntz, Ezkitze eta batez ere Auzatik Baztan osoa ez ezik, mugaz aldeko Euskal Herriaren zabaldi handiak ikusten dira.
Laster, Amaiur ingurumarietako zoko-moko guztiak Donostiako kaleak bezain ongi ezagutzen zituen.
Noiz edo noiz Dantzarineara eta Izpegi aldera ere joan zen, muga igaro eta jendearekin berriketan aritzera.
Beste egunetan Arizkungo edo Errazuko frontoietara joaten zen palaz jokatzera. Errazuko frontoia batez ere bai ikusgarria!
Nafarroan holako frontoiak ugari dira, zabalak, estaliak, gazteriari gorputza zailtzeko aukera ematen diotenak. Frontoi horietan hazten eta koskortzen dira herritarrak. Euskaldun guztien bizitzan ahantzi ezinezkoak dira frontoian igarotako orduak.
Bidartek oso gustura jokatzen zuen palaz. Ez zen, baina, aparteko pilotaria. Hori bai, soin eta muin ekiten zion jokoari eta galduz gero, berotu egiten zen. Hots, frontoitik irten orduko dena ahaztuta zeukan.
Arizkun eta Errazuko mutikoek begitarte serioz begiratzen zioten hasieran. Laster adiskidetu ziren arrotzarekin, ordea. Harez gero, pozik jokatzen zituzten elkarrekin pilota partiduak.
Eta kanpotar hura Bidart detektibe entzutetsua zela jakin zutenean, ez ziren galderak egiten aspertzen. Partiduak bukatu ondoren, aldameneko edanetxeetan bildurik, beren egarria eta jakin-mina asetzen zituzten. Bidartek bere detektibe lanaren zenbait gertaera kontatzen zien.
Aurrenean lanak izaten zituen jende haien eskuara ulertzen. Baina egun batzuen barru ederki moldatzen hasi zen hango euskalkira. Berak ezin zuen haien modura hitz egin, baina ia guztia ulertzen zien. Bai eta haiek ere berari. Euskarazko ikasketa hauetan Edurnek oso atseginik laguntzen zion.
Luzaro gabe, etxeko guztien maitasuna irabazi zuen. Oso alaia zen Bidart. Denentzat zeukan hitz on bat eta irribarrea ezpainetan.
Neskatxarekin oso adiskide egin zen. Hirugarren egunerako biok «hika» egiten zioten elkarri.
Ia hiru aste igaro ziren. Larunbata. Biharamunean,
Hernandorenarekin batera Iruritan txistera jokoa ikusteko asmotan zegoen Bidart.
Goizeko bederatziak aldean gosaria jaten ari zen. Etxean bezala, han ere arrautza bat uretan pasatuta, kafe hutsa, guria eta eztia. Askotan udarea edo beste frutarik ere.
Gau euritsu baten ondoren, eguraldia oso narrasa zegoen. Mahai ondoan Edurne zuen, unibertsitateko zenbait gorabeheraz mintzatzen.
«Larrabide» bordan —halaxe zuen izena bizitegi hark— Bidartek gutxitan ikusi zuen bezala, sukaldea lehengo bizitzan zegoen. Detektibeak, etxean gelditzen zenean, han eta egongelaren ordezkoak egiten zituen sukalde ondoko areto batean igarotzen zuen denborarik gehiena, etxeko andrearekin eta Edurnerekin solasean.
Bat-batean atarian dan! dan! aldabaz jo zuen norbaitek. Ia batera «Ave Maria Pisima» entzun zen.
Edurne jaitsi egin zen nor zen ikustera. Handik puska batera, Bidart ogi zati bat guriz igurtzita ahoratzen ari zelarik, berriz ere sukaldean agertu zen, emakume adintsu bat lagun zuela. Urduri samar esan zion
— Jon, hitaz galdezka zetorrek Garbiñe, «Bentako» emakume hau.
Bidartek, aulkitik jaiki eta, emakumeari irribarrez eskua luzatu zion. Andreak besterik gabe jalki zion esan beharra:
— Jauna, Errazutik telefonoz hots egin didate, lehenbailehen hango mugazainen etxera joateko.
— Zer nahi dute, bada?
— Ez dakit, Jauna. Gauza garrantzi handikoa dela esan didate. Besterik ez.
— Eskerrik asko. Gosaldu eta berehala abiatuko naizela esaiezu, arren.
Emakumeak agur eginez, alde egin zuen. Bidart nahiko kezkati gelditu zen. Jateko gogoa ere ia joan zitzaion. Holako telefono deiak ez ziren gehienetan onerako izaten. Istiluren bat zuten han behean, apika.
Baina, zer arraio, gero. Berak zuzendu behar al zituen bazter guztietako nahasbideak? Laster esango zien mugazainei, konpon zitezela ahal zuten moduan. Bera oporraldietarako etorria zen eta ez zuen sudurra besteen arazoetan sartzeko umorerik.
Antomobila hartu eta Errazura. Zuzenean abiatu zen mugazainen etxera. Aurreko egunetan ikusia zuen. Etxe handia zen, arkupe eta guzti. Gobernuaren eskolek eta bizitegi ofizialek duten itxura astuna igartzen zitzaion hari ere.
Atariko poliziak barrura lagundu zuen. Sartu eta ezkerretara bulego zabal bat zegoen eta eskuinetara arrotzak hartzeko gela.
Karabineroak zuzenean lehenbiziko bizitzara eraman zuen. Han zeukan kapitainak bere langela.
Atalburuan bere izena hizki handiz idatzita zegoen: «Capitán Fernando Marcos».
Mugazain buruak oso bihozkiro hartu zuen Bidart, baina bere kopeta beltzean buruhauste handi bat bazuela antzematen zitzaion.
— Egun on, Bidart jauna, ongi etorria Errazura —esan zion, eskua adiskidero estutzen zion bitartean.
— Eskerrik asko —erantzun zion lehor Bidartek eta burutik zangoetaraino begiratu zion. Hogei eta hamabost urteko gizona iruditu zitzaion. Lodikote samarra zen, tripa hanpatuarekin, nahiko luze eta kankailu izan arren. Ile beltz oso ugari zuen, kizkurra eta dirdiratsua.
Kapitainaren ondoan beste gizonezko gazte bat zegoen, hogei eta hamar urtekoa, hor-hor, luzea, ile urdintsua. Txinpartaka ari zitzaizkion begiak. Atleta bat ematen zuen. Begiratu batean ikusten zitzaion, gainera, gizon handizki horietako bat zela.
— Hemen duzu nire koinatu Inazio Villoslada, gurekin batera bizi dena. Nahiko itzalez hitz egiten ziola iruditu zitzaion Bidarti.
— Oso pozten naiz zu ezagututa —esan zion hari ere Bidartek, baina bere begiak kapitainagandik kendu gabe.
— Zein berri dugu? —hasi zen detektibea betozkoa jarriz. Ez zuen bere burua amultsuegi erakutsi nahi.
— Gauza oso ikaragarria dugu esku tartean, Bidart jauna, ikaragarria eta zugana jo dugu.
— Niregana? —Bidarten harrituak egiazkoa zirudien.
— Bai, Bidart Jauna. Zu arazo honetan pozik sartuko zinela gaztigatu digu Iruñeatik polizien buruzagi den Galarretak.
— Ze Galarreta eta ze deabru beltzak! —atera zitzaion Bidarti, ustekabean—. Ni hona etorri naizela nongo arraiotatik daki horrek? Jakin du, bai, horregatik. Eta ez al diote esan ni barkazioetan nagoela eta barkazioetan gauza bat bakarrik nahi dudala, istiluetatik urruti ibiltzea?
. Kapitaina ez zen ezertan muturtu ateraldi zakartxo hartaz. Are gutiago bere laguna.
— Ongi ulertzen dizut, jauna. Ni Galarretaren esana ari naiz aipatzen bakarrik. Berak hori esan digu: gertakari honetan pozik sartuko zinela.
— Ba, ni ez nago hain seguru.
Kapitainak, ezpainetatik irribarrea kendu gabe,
Bidarti bizkarrean taupada bat eman eta keinu bat eginez, berari segitzeko eskatu zion.
Langelatik irten egin ziren hirurak. Iraganbidetik eskuinetara zegoen gela batera sarta ziren. Lurrean, baiarte baten gainean murru luze bat zegoen maindire batek estalia. Kapitainak argia piztu zuen eta ezer esan gabe izararen muturra jaso zuen.
Bidartek hartu zuen bihotzondokoa! Pareta bezain zurbil geratu zen. Han zerraldo zetzana..: bai, ez zegoen zalantzarik: Anton Hernandorena zen. Heriotzaren horitasunez itsustuta, bai, baina bere lagun mina, Anton Hernandorena, ez beste inor. Begiak irekita, jantzia zikin, lohiz beterik, dena busti-busti eginda, ilea narras.
Eulitzar berde baten burrundaraz nahasitako isiltasun nekagarri bat nagusitu zen gelaz minutu batean. Gero eulia ere, hiru ikusliarren begiak bezala, maindirearen gainean kokatu zen.
Bidartek, bere sena osora berriz etorri zenean, kapitainaren begi zoli maitetsuak aurkitu zituen beregan tinkaturik.
— Zer gertatu da? —galdetu zuen Bidartek, galdera nori egin ez zekiela.
Kapitaina, lehen bezala, ezpainetatik irribarretxoa kendu gabe zegoen. Orduan ohartu zen Bidart, kapitainaren irribarre hartan beldur izpi bat gordetzen zela.
— Gauza oso tristea, Bidart jauna. Orain ordu t'erdiren bat aurkitu dute guretako bi mugazainek Izpegi inguruetan.
— Nola hil da, bada?
— Tiroz hil dute. Bala sorbaldatik sartu zaio eta bularraldetik atera. Bat-batean zerraldo gelditu da.
— Noiz gertatu da hori?
— Ba, medikua izan dugu hemen eta orain lau ordu edo hil dutela dio.
Bidartek erlojuari begiratu zion. Goizeko hamaikak paseak ziren. Zazpiak aldean hila zen bere adiskidea.
— Seguru al da inork hil duena? —galdetu zion Bidartek.
— Seguru baino seguruago. Tiroa urrun samarretik egin diotela, zauriak berak ere garbi asko salatzen du.
Bidarti anartean ere jira bira ari zitzaion burua.
Bere onetan al zegoen? Elizondoko alkatea tiroz Izpegi aldean hil? Bere aurpegi harrituak galdera horik azaltzen zituen, nonbait.
Kapitainak, behintzat, bere koinatuari irriño labur bat egin eta gero Bidarti adiskidero baina errukiz esan zion:
— Ongi ezagutzen al zenuen zeure laguna?
— Nire laguna?
— Hori esan digu Galarretak. Anton Hernandorena zure laguna zela.
— Zer daki Galarretak? —eraso zion haserre Bidartek. Baina hobe diat —pentsatu zuen gero bere kautan— lasai hitz egitea. —Haserrez ez zuen ezer aurreratzen.
— Begira, Bidart Jauna —jarraitu zuen kapitainak. Villosladak serio-serio ez zuen txintik ateratzen—. Ba al dakizu, Hernandorena zein lanetan ari zen?
— Zein lanetan? —erantzun zion Bidartek zertxobait harrituta.
—Zein ogibide zuen, esan nahi dut —eta Bidartek ez ziola ezer galdetzen eta berak ekin zion—: Ez baldin badakizu, ikas ezazu Elizondoko kontrabandistarik ospetsuenetako bat zela.
Aitormen hark ezjakinean hartu zuen Bidart. Baina garrantzirik ez ziola ematen itxuratzeko, ia oihuka bota zion kapitainari
— Eta hori gizona hiltzeko arrazoia al da?
— Ez dut nik holakorik esan —erantzun zion kapitainak goxo—. Hau bakarrik esan nahi dizut hortik hasi beharko dituzula zure azterketak.
— Nik azterketak? —esan zuen Bidartek suminduta.
— Nork bestela?
— Deabru beltzak! Nahi duenak egin ditzala. Galarretari, nire partez, eskumuin beroak bidali eta heriotza hau aztertzera bera etor dadila esan. Ni oporretan nago eta.
Kapitainak ezti erantzun zion:
— Galarretak beste hilketa batean buru belarri sartuta dagoela esan dit. Ez du hona etortzerikan. Zuk lanik ez baduzu egin nahi...
— Orduan zer? —galdetu zion Bidartek desafio antzean.
— Orduan geuk bakarrik lan egin beharko genuke —esan zuen etsian eta Villosladari triste samar begiratu zion.
— Guk badugu geure iritzia arazo honetan —gaineratu zuen Bidarten jakin-mina zirikatu nahirik.
— Oso ederki —erantzun zien Bidartek irri zuriz—. Hiltzailea aurki bazeneza, koronel egingo zenukete, zalantzarik gabe. Beno, besterik ez baduzue, ni banoa. A, galdera bat. Bere emazteak ba al daki gizonari zer gertatu zaion?
Oraindik bat ere ez! —erantzun zion tartetik Villosladak, ahots ederrez—. Nola abisatu ere ez dakigula gaude —gaineratu zion, betozkoa jarririk.
— Parrokoari esaiozue lehenbailehen. Hark emango dio berri hori ahal duen modurik onenean. Baina lehenbailehen. Bestela izango dituzue istiluak, gorputza aurkitu eta ezer esan gabe denbora igaro zaizuelako.
— Eta zu ez al zintezke, bada, joan, berri hau ematera? —gaineratu zion berriz ere Villosladak, arren eskatuz.
Une batean isil isilik geratu zen Bidart pentsatzen.
Gero sinesmen handirik gabe esan zuen:
— Egia esan, bihotzez maite nuen Hernandorena, baina halere, hori nire egitekoa denik ez dut uste. Hobe parrokoak esatea. Edo bestela ere izango du senitartekorik. Horiek nik baino askoz hobeto egingo dute lan hori.
Besteak ez ziren ausartu gehiago esaten eta agur hotz bat eginez alde egin zuen gelatik.
Eguzki gexa zegoen. Egunak goiarre antza zuen. Errazu, ordura arte hain maitea egin zitzaion Errazu hura, itsusi eta ilun iruditu zitzaion antomobilean sartu zenean.
Amaiurrera heldu eta baserrira orduko, gitarra hartu zuen barruko goibeltasuna kentzeko. Etxean momentu hartan ez zen inor. Ahal zituen abestirik alaienak jo zituen. Halere, ezin bere lagunaren gorpu zurbila bere bistatik ken.
Jotzen ari zela Edurne sartu zen.
— Zer, itzulia eginda? Zein berri Errazun? —galdetu zion bere ondoan eseriz.
— Berri oso txarrak —erantzun zion Bidartek gitarra jotzeari utziz—. Elizondoko alkatea hil dun.
— Hilda? —esan zuen zozotuta neskatxak.
— Bai, ezbeharrak jota.
Laster dena jakingo zela eta zertzelada guztiak adierazi zizkion.
— Eta nor ote zen, bada? —galde egin zion neskatxak erabat harrituta.
— Ez zekinat. Inork ez zekinan. Mugazain kapitainak ere ez. Niri eskatu zidaten gaizkilea bilatzeko... baina... nik...
— Hik zer? Ezetz esan al diek?
— Bai, badakin, oporretan nagon eta... Erantzun hark ez zuen neskatxa oso bete.
— Nondik ezagutzen huen alkatea? —galdetu zion isil une baten ondoren.
Bidartek Hernandorenarekin zeukan adiskidegoa azaldu zion. Bitartean ama etorri zen eta hari ere gertatutakoen argitasunak eman behar.
Ordu bata t'erdietan bazkaltzeko elkartu zirenean, etxeko guztiak berri negargarriaren jakinean jarrita zeuden. Aita auzolanean aritua zen eta han jasoa zuen Elizondoko alkatearen heriotzaren zenbait xehetasun.
Bazkal denboran Mikelek galderez josi zuen Jon, jateari utzi gabe. Bidart, ahal zuen ongien erantzuten saiatu zen, baina berak ere ezer guti zekien eta zer esango zion, bada?
Arratsaldean, bostak aldean, Elizondora abiatu zen alargunari doluminak erakustera.
Ordurako gorpua etxean altxatuta zeukaten. Atea erdi irekita zegoen eta barruan sartu orduko adineko emakume batek ongi etorria egin zion. Etxeko andrearen ahizpa zela jakin zuen geroago.
Alarguna ikus al zezakeen galdetu zion. Ezetz. Etxean ez omen zeuden ez ama ez semea. Adiskide batzuengana joanak omen ziren, amak, zain ikara egiterainoko nahigabea izan omen zuen eta.
Alde batetik poztu egin zen Bidart hura entzunez. Bai, doluminak emateko une oso eskasa zen hura. Geroago ere izango zuen agurtzeko eta atsekabean laguntzeko aukera.
Hildakoaren gelan sartu zen. Nahiko jende ikusi zuen kristalezko estalkia zeukan kutxa inguruan. Goizean baino itxura hobea hartu zion, begiak hertsita eta jantzi garbi garbiekin baitzegoen.
«Aita gurea» isilean errezatu, emakumeari buruz agur keinu bat egin eta etxetik irten zen. Gero berriz ere Amaiurrera.
Txoriak arboletan indarrean kantatzen ari ziren, eguraldi onaren seinale. Bihotza alaitu egin zitzaion.
Askalondoan, sei t'erdiak aldean, pasiara irten zen Edurnerekin. Egunak joan hala, elkarrekin konfiantza handiago hartzen ari ziren. Bidarti gero eta atseginago egiten ari zitzaion neskatxa poxpolin, urduri, buruazkar hura. Berak uste izan zuen baino nortasun handiago zuen neskatxak.
Bere itxaropenak eta kezkak azaltzen zizkion Bidarti. Etorkizuna aurrez aurre zeukan, inongo lainorik gabe; bizitzari alaitasunez begiratzen zion eta munduak ere bera bihotz zabalik hartuko zuela espero zuen.
Afaria umore onean joan zitzaien. Bidarti, oheratu zenean, bere lagunaren heriotza bururatu zitzaion berriz ere, baina aspaldiko gertakaria izan baldin balitz bezala.
Nola nahi dela ere, ez al zuten denek heriotza azken muga? Gainera, agertuko zen norbait heriotza hura aztertzeko.
Biharamunean aldarte oso onean esnatu zen. Hamarretarako Elizondon zen Hernandorenaren hiletarako. Jende ugari bildu zen. Donostiar batzuk ere ikusi zituen Bidartek. Mugaz harantzaldetik ere euskaldun piloa etorria zela esan zioten. Han ere ez zuen Hernandorenak lagunen faltarik, nonbait. Elizan, lehenbiziko aulki lerroan, hildakoaren emaztea eta semea ikusi zituen, biak dena beltzez jantzita.
Elizkizunetan ez zen gauza nabarmenik gertatu.
Arratsaldean pala hartu eta gustura jokatu zuen partidu bat Arizkungo «Elkartasun» frontoian hiru mutiko ezagunekin. Partidu ondoren garagardoa edatera inbitatu zituen. Gero, presarik ez zuela eta Lamiarrita ondoan, Baztan errekako «Zapatoneko» putzura jaitsi zen igerian egitera.
Ur garbiak eta gardenak dira hangoak. Sartuirtenga bi ordu eder eman zituen errekan.
© Gotzon Garate