NORI BEREA,
DA ZUZENBIDEA

 

        Biharamun arratsaldean, Don Frantziskok horrela eskatuta, Iker Sarasketaren etxean ahaide guztiak elkarturik zeuden, baita Zorion Epelde ere.

        Bai, Zorion Epelde ere han izan zedila erregutu baitzien Don Frantziskok. Hark ere gauza handiak entzun behar zituela eta. Bera ere korapilo hartan sartuta zegoela eta.

        Han zeuden guztiak elkarturik berriz ere, Gotzon eta Iñaki ezik, baina egia esan, amonaren testamentua entzuteko aldian baino askoz ilunago eta kezkatiago.

        Hura zen urduritasuna, hura larria! Hango elkarri galderak egin beharra, hango estutasuna, hango erantzun ezina. Emakumeek ezin zioten negarrari eutsi.

        Goizeko zortzietan Don Frantziskok Iker Sarasketari telefonoz abisatu zion gauza guztiak konponduta zeudela. Arazo guztia askatuta zegoela, ahal zen modurik onenean. Gaizkileak bere gaizki egina aitortu zuela.

        Ikerrek jakin-minez, gaizkilea nor zen, bada, eta arazo hura ea nola zegoen konponduta behin eta berriz galdetu zion.

        Baina Don Frantziskok ez zion ezer erantzun nahi izan, telefonoz holako gauzak aitatzea oso arriskutsua zela eta. Arratsaldean denak elkartzeko eta bera joango zela gauzak azaltzera. Lasai egoteko, alferrikako asmakizunetan jardun gabe.

        Ikerrek tarrapataka abisatu zion bere anaiari, zer gertatzen zen. Lore ere txundituta gelditu zen berri haiek jakiterakoan.

        Eta areago Zorion, negarrik handienak berak egin zituela ematen zuen. Beterre zegoen, Itziarren ondoan eserita. Nahigabez bi neskatxak inoiz baino elkartuago zeudela zirudien.

        Non zeuden Gotzon eta Iñaki? Zer gertatu zitzaien? Biotako bat al zen, bada, gaizkilea? Galdera hauek eta beste asko ari ziren egiten, batzuk ozenki, besteak beren kolkorako.

        Baina denetan harrigarriena Don Frantziskok beraiei elkartzeko esate hura zen. Zer arraio egin behar zuen apaiz hark arazo hartan? Zer zekien hark bada? Detektibeak nonbait zer edo zer esan zion. Mutur zikin alaena! Arrazoia zeukan bai berak, Julenek, detektibearengandik oso urruti ibiltzeko esan zuenean. Baina alferrik emakumeekin eta emakume guztiak baino okerrago zen Gotzonekin...

        Hiru ordu laurden baino gehiago ez ziren Don Frantziskoren zain egon. Baina hiru hilabete baino luzeago egin zitzaien denei.

        Eta bat-batean atean jo eta laster Don Frantzisko eta... Jon Bidart agertu ziren.

        Bai, ez dut gaizki esan. Jon Bidart, bizirik, sano, osorik, inongo zauriren aztarrenik gabe. Baina sekula baino serioago, sekula baino begirakizun zorrotzagoarekin.

        Denak zutitu ziren eta Ikerrek esertzeko keinu bat egin zien.

        «Jaun, andere eta andereño» hasi zen Don Frantzisko elizan balego bezala. «Gauza mingarriak entzutera goaz. Oso mingarriak. Baina pozgarriak ere, bestaldetik begiratzen badiegu behintzat.

        Izan ere, bi arrazoiengatik dira pozgarriak. Lehenik, arazoa bukatu delako. Eta bigarren, nahiz eta gauzak gogorrak izan, ongi bukatu direlako.

        Baina, hemen hizketan egiteko ni ez naiz inor. Jon Bidartek berak esango dizkizue esan beharrak. Berak askatu baitu zuek leporatutako arazo hau. Ni apaiza naizenez gero aholkularitzat hartu nau, bion artean arazo honi irtenbiderik hoberena bila diezaiogun».

        Inork ez zuen txintik atera. Emakumeak elkarren ondoan eserita, estu-estu zeuden. Bidartek bere lagunari begiratu ere egin gabe, serio-serio hizketan hasi zen, jueza auzitegian egiten duen bezala.

        «Gauzak hobeto uler ditzazuen hasieratik hasiko naiz. Galde nahi duzuenean; ez beldur izan nire hizketa ebakitzen. Behar dituzuen argibide guztiak pozik emango dizkizuet».

        «Beno, mesedez» galde egin zion Julenek egon ezinik «Nor zen gure ama hil zuena?»,

        «Laster esango dizuet. Pazientzi pixka bat izan. Gauzak izan diren bezala, hasieratik entzunda, gaizkilearen berria askoz hobeki hartuko duzuela uste dut».

        Hitz hauek ez zituzten oso gustura entzun, baina inor ez zen ausartu ezer esaten. Bidartek lehen bezain txordo berriz ere hariari heldu zion. Baina hitz egiten hasi baino lehen zigarrotxoa piztu zuen. Besteei ere eskaini zien, baino inork ez zion hartu, Don Frantzizkok ezik.

        «Ezkutua askatuta dago. Baina orain hasten da zuen zuhur jokatu beharra. Arazo hau dena gure artean betiko geldi daiteke. Zuen eskuetan dago etorkizunean bakean eta pozez bizi ahal izatea.

        Gizarteak ez dio inori errukirik. Nahitaez aurrera doa eta ongi moldatzen ez diren gizakumeak eta ohiturak bortxaz baztertzen ditu.

        Niri gizartearen makinaren garbizale izateko zoria egokitu zait. Hau da nire zoritxarra. Nik zokoratu behar ditut berekoikeriaz herdoildutako kristauak. Zuek, apaizok» esan zuen bere lagunarengan begiak jarriz, «Jainkoaren errukian gordetzen dituzue bekatariak. Nik, berriz, espetxetako zokondo ilunetan.

        Baina, natorren harira. Bestela hik, Patxi, betiko leloarekin nabilela esango duk. Ez dut aspergarri izan nahi.

        Nola iritsi naizen gaizkilea aurkitzera? Hori izaten da guztien galdera. Gehienetan erantzuna jendeak uste baino errazago izaten da. Batzuek nahiago dituzte azalpen zailak, asmagaitzak. Askok, eguneroko gertakizun arruntaz asetzen ez delako, irudimenaren drogak behar ditu.

        Errosario anderea hil zuenak zio, arrazoi edo xede bat izan behar zuen».

        Guztiek buru-belarri entzuten zioten. Lasaiago eta pixka bat argiago jarraitu zen detektibea:

        «Amonari eraztuna kendu ziotenez gero, gaizkilea lapurtzeko asmotan ibili zela ematen zuen. Honekin gauzak aldez errazago egiten ziren.

        Zuek korapilo hau askatzeko eskatu zenidatenean ez nekien nora jo. Gaizkilea hildakoaren ahaidekoren bat izan zitekeela pentsatzea gogor egiten zitzaidan hasieran. Gainera, gaizkilea abarkak jantzita ibili zenez gero, baserritarren bat edo izan zitekeela zirudien.

        Dena dela, kanpoko gaizkile baten atzetik hasi baino lehen, zuenganako susmo txar guztiak ustelak zirela ikusi behar nuen. Eta hau izan zen, hain zuzen ere, egiazko bilaketa egiteko bidean jarri ninduena.

        Zoritxarrez, zenbat eta gehiago ahalegindu zuen izen ona gordetzen, areago loditzen ziren zuenganako nire zurrumurruak, orduan eta garbiago ikusten hasi nintzen zuek denok eta bakoitzak zezen ahaide Errosario porrokatzeko, arrazoiren bat bazenutela».

        «Nola esaten duzu hori?» bota zion Itziarrek bat-batean haserre samar. «Zergatik edo zertarako hil behar genuen guk geure amona?».

        «Barka» bitartekotu zen apaiza neskatxaren erasoa geldiarazteko esku keinu bat eginez.

        «Den denok, geure bizitzan gaiztakeriak eta zorakeriak egiteko arriskutan izango gara oso sarritan. Hortik ez datorkigu inongo kalterik. Zirikaldietan baietz edo ezetz esatea geure eskuetan izango dugu».

        «Halaxe da» gaineratu zion detektibeak. «Egia esan, zeu zinen, Itziar, itxuraz behintzat, Iñakirekin batera zuen amonaren heriotza opatzeko arrazoirik gutien zenutenok. Baina gauzak ez ditzagula aurrera.

        Nork bere burua ezkutatzea erraz da, isilik egonez gero. Horregatik dabil horrenbeste gaizkile libre, poliziak harrapatu ezinik. Baina gezurra egiaz itxuraztea oso da zail. Egia, errealitatea da detektibearen lagunik handiena. Gezurrak zangoak motz.

        Susmaketan hasi eta Zorionekin lehendabiziko elkarrizketa izan nuenean, gauza oker batzuk nabaritu nituen. Heriotzako arratsaldeko orduak nola bete zenituen galdetu nizunean» jarraitu zen detektibea neskatxarekin hitz eginez, «zure ahizparenean izan zinela esan zenidan. Gezurra zela iruditu zitzaidan».

        «Baina nik...» hasi zen Zorion mihi motel. «Ez estu, andereño» erantsi zuen detektibeak amultsu. «Hemen ez da inoren izenik zikin geldituko. Ez gara elkartu inor madarikatzeko, elkarri ulertu eta laguntzeko baizik.

        Hots, gero zure ahizparengana joan nintzen zure esanak egiztatzeko. Zure arrebak zeuk esandakoak egiatzat saldu nahi izan zizkidan. Baina haren esana ez zela benetakoa, ez zitzaiola barrutik irteten, alegia, garbi ikusi nuen nik; zuk hola aginduta, gezurra esaten ari zela, zer edo zer estaltzeko. Zer? Hori geroago jakin nuen.

        Bestaldetik, Iker jaunarekin eta batez ere honen emaztearekin harreman oso txeratsurik ez zenuela zure hizketatik antzeman nion. Horiei buruz zuk emandako iritziak sentipen eta sufrimenduz beterikoak ziren.

        Peko eta susmo hauek buruan sartu zitzaizkidan. Gero Lorek gaztaroan Gotzonek Lorategin hilabete batzuk igaro zituela esan zidanean, eta zuk, Zorion, abokatu ikasketak zail ote ziren galdetu zenidanean, gauzak argitzen hasi zitzaizkidan. Zu Gotzonekin, nolerebait lotuta zeundela, alegia».

        «Baina gauza hauek eta gure amaren heriotzak ba al dute elkarrekin zer ikusirik?», galdetu zion boro Lorek. Berriketa haiek min handia ematen ziotela nabari zen.

        Barka, andere. Baina gauza hauek lehenago garbi atera baldin baziren, agian, ez ginatekeen gaur egun egoera negargarri honetara helduak izango.

        Problemak arnasbiderik ez dutenean, usteldu egiten dira Arestian aipatu ditugun arazoek nolako ondorio latzak izan dituzten laster ikusiko duzu.

        Dena dela, neure susmoak segurtatu behar nituen. Nire izeba M. Olatzek, beste emakume askok bezala, gauzak asmatzen ikaragarrizko sena du.

        Denok dakigu, eta hik batez ere, Patxi, emakumeak direla zorakeriarik handienak esaten dituztenak, baina baita egiarik biribilenak ere.

        Zorion eta Gotzon elkarrekin maiteminduta zebiltzalako ustea nuen nik. Bestalde, itxuraz behintzat, Gotzonek bazuen andregaia. Zorionenganako maitasuna ezkutuan gorde behar zuen, beraz.

        Zorioni jaulkitako hitzek Gotzonen eta beraren arteko harremanei eragozpenak jartzen zizkiena, Lore zela goganbehartzeko oinarria ematen zidaten. Maitale batekin ilunean pasiara joatekotan Urgull aldera joango zela aspalditik esana zidan nire izebak. Haren hitzei kasu egin nien. Adur onak lagundu zidan. Toki xarmant batean Gotzon eta Zorion biak aurkitu nituen, estu-estu».

        Zorion urduri bere eserlekuan mugitu zen, baina buruari pixka bat eragin arren, ez zuen ahoa zabaldu.

        «Gertakari honek beste galderak jartzen zituen. Gezurretan ibiltzeko arrazoi bat, gutienez bazuela Zorionek. Eman dezagun Gotzonek bere amona hil zuela. Arrazoizkoa zen Zorionek harekin bat egitea eta gauza isilean eduki nahi izatea. Halere auzia nik uste nuen baino korapilatsuago zela geroago ikusi nuen.

        Baina aurrera jo baino lehen, orduko nire beste susmoak kontatuko dizkizuet, jakin beharrezkoak iruditzen baitzaizkit».

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia