KANPAIA ENTZUN NAHI EZ DUENAK
EZ SOKA TIRA
Ilunabarrean ez zirudien Sarasketatarren arazoak hobeagotuz joango zirenik. Aurreko gertaldien pisua bizkar gainean zuten denek, Gotzonek batez ere.
Antzerki-saioa egin ondoren etxera joan zen, ez baitzuen inorekin hitz egin nahi.
Baina bi ordu barru telefonoari heldu zion geldi egoteaz ere aspertuta.
«Iñaki» deitu zion bere lehengusuari «kanpora irten nahi al duk?».
Baiezkoa harturik, amari agur egin zion: «Gaur ez dut etxean afalduko. Iñakik eta biok nonbaiten, kanpoan afalduko dugu».
Txamarra hartu eta zurubian behera abiatu zen.
Bederatziak inguru zen, Iñakik eta biak antomobilean Orio aldera jo zutenean. Hotel «Zubiondon» afaldu ondoren, berriz ere Donostiarantz egin zuten. Ibilaldi hark bihotzeko astuna arindu ziela iruditzen zitzaien bi lagunei.
Erdibidean mendi-bide baten sarreran antomobila utzi eta «Hirubide» itsas gaineko aulki batean eseri ziren. Berrehun metrotara beste aulki batean neska-mutilak zeuden eserita.
Lehengusu biak itsasora begira gelditu ziren, buruhauste guztiak putzura bota nahian, arrain-gehiegia bota ohi den bezala. Bakardadeak barneko gogoetara inbitatzen zuen. Isila zen nagusi.
Bat-batean, aldamenera isil isilik hurbildu zitzaien SEAT 127 baten sabeletik gizonezko bat irten eta beraiengana etortzen ikusi zuten lagun biek. Ondorago zenean...
Sinetsi ere! Bidart detektibea bera ez zen, bada!
Itsasoko uhinetatik herensuge bat agertu izan balitz, ez zatekeen Gotzon hain txundituta geldituko.
«Gauon, Jainkoak ...eseri al naiteke zuen ondoan?» galdetu zuen detektibeak irriño maltzur batekin.
«Zer nahi...». Esaera bukatzeko hitzik gabe gelditu zen Iñaki, bere lagunaren aurpegi gorrotodun, zurbila ikusita.
Baina erantzunaren zain egon gabe Bidart lasai eseri egin zen aulkiaren ertz batean barretxoz esanez: «Isilik dagoenak baietz esaten hemen du eta eseri egingo naiz, hemendik holako ikuspegi ederra ikusten baita».
Bi adiskideak isilik. Gotzonen aurpegia igeltsuaren zuritasuna hartzen ari zen. Ilargiak bere argi-izpiez begitarteko kolorea jaten ari zitzaiola ematen zuen.
«Benetan toki egokia aukeratu duzue» jarraitu zitzaion Bidart trufazko doinua areagotuz. Besteak isilik... beldurgarrizko isilaldia.
«Buruhausteak kentzeko itsas haizea oso onuragarria dela entzun izan ohi dut beti...» erantsi zuen detektibeak.
«Jauna» esan zion Iñaki Sarasketak ahots beteaz baina ezti «oker ari zara kristau bat horrela amorraraziz».
«Zer? Nik inor amorrarazi? Nor? Ez, ez... ni sendagilea naiz, besterik ez» erantzun zion Bidartek. «Handitsuak berez zolitu eta lehertzen ez badira, irazi egin behar!».
Gotzon eserlekutik jaiki egin zen. Begiak handi-handi zeuzkan. Liluratuta balego bezala, zorabioak emana, sakelatik «Star» pistola bat atera eta haren muturra Bidartengana zuzendu zuen.
«Jauna, zoaz, zoaz, zoaz!» esan zuen gero eta gorago. Eta hitz bakoitzarekin batera arima-zati bat errotik ateratzen zitzaiola zirudien. Iñaki beldurraren zuhaitz egina zegoen.
«Barka, Gotzon... baina lehendabizi gauzatxo bat, bat bakarra galdetu behar dizut. Zorion Epelde neskatxa ederra...».
Ez zuen amaitu. Tiroaren hotsa olatuen marrumekin nahastu zen. Jon Bidart zerraldo erori zen, txahal bat buruan mailuz jota bezala.
Gotzonek kokotsa bularrean sartu eta eskuak dingilizkatu zituen soinaren ondoan. Zentzua galduta bezala antomobilera abiatu eta han sartu zen.
Iñakik ez zekien zer egin. Detektibea han zerraldo utzi? Beste eserlekutik jendea tiro hotsa entzunda bertarantz zetorrela ikusiz, bera ere salto batean Gotzonek martxan zeukan antomobilean sartu zen. Donostia alderanzko bide ilunak bi lagunak iraungi zituen.
© Gotzon Garate