HARRIEN GAINEAN JARRI DENA,
IPURDIAN ATERA DU MINA

 

        Biharamunean egunkari guztiek Arantzaren heriotzaren berria ekarri zuten. «ABC» tik hasi eta probintzietako egunkari maxkalenetaraino hizki larriekin heriotzaren xehetasunak jarri zituzten, ahal zuten garrantzirik handiena emanez; jakina, gauza batzuk handitu eta beste batzuk okertuz.

        Baina batez ere Donostiako bi egunkariek gora handia ematen zioten. Hain harrigarria baitzen Gipuzkoako hiri nagusian gertatutakoa.

        Taberna zuloetan eta baserri urrutienetan ere heriotza zuten ahotan, haren gorabeherak ziren esankizun bereziena. Gainera aste hartan fool partidurik ez zegoen eta hara jendearentzat gogoko elebidea.

        Goizeko hamaikak edo ziren. Julen Sarasketaren etxea bitartean ere aurreko egunen gertakizunez lainoturik zegoen. Etxekoandrea erosketak egiten kanpoan zen. Etxean aita, Iñaki eta Itziar zeuden, egunkariak irakurtzen, denak isilik.

        Tinbrea jo eta laster egon gelara Gotzon Sarasketa sartu zen. Bestela ere ez zen Gotzon aurpegi ederrekoa, baina une hartan itsusiago ematen zuen, haserre bizian baitzetorren. Lurrera begira agertu zen bekoki astunez, munduko gauza guztiei nazkagarri iritziz.

        Jantzi bikainak zituen soinean, udaroari zegozkionak, baina zabar eta okertsu jarriak. Gorputz eskas bat traje on batean sartuta zirudien.

        Iñakiri inoiz baino txaparrago iruditu zitzaion. Nola sortua zen holako guraso mardulengandik gazte argal tiki hura?

        Iñaki han eserita ikusita, Gotzonen barnea pixka bat arindu zen. Bere lagun kutunaren zuhurtasun eta gizalegeak beti eman ohi zioten bihotz bizkorraldia. Umetatik ongi elkartu ziren eta adiskidego hori ez zen inoiz lazotu edo epeldu. Hamaika aldiz joana zen Iñakirengana buruhausteak ustera.

        Ezer esan gabe Itziarren ondoan jarleku luze batean eseri zen sekulako betozkoarekin. Besteak isilik zeuden, kikilduta, nondik hasi ez zekitela. Julenek bere semeari keinu bat egin zion sorbaldak goratuz, Gotzoni zer gertatzen zitzaion galdetzeko edo. Baina Iñakik ez zekien ezer.

        «Zer, Gotzon, zer berri?» hasi zen lehengusua galdezka isilaldi astun hura eteteko.

        Iñakiren hitzok lozorro ilun batetik bezala atera zuten Gotzon. Bekokia esku ezkerreko atzamarrez igurtzi zuen, ideia oker bat aldera bota nahian bezala. Gero purrustaka, bero eta arnas itoka jalki zuen: «...gizon madarikatua... muturra toki guztietan sartu behar!». Hitzak borborka irteten zitzaizkion, barnea irakiten balu bezala.

        «Baina nortaz ari haiz?» galdetu zion Iñakik, musturgoa nondik zetorren barruntatuz.

        «Bidart edo Midart detektibe madarikatu horretaz...» erantzun zion mutilak, pixka bat minduta; beren ahaidekoak beste iritzikoak izan zitezkeela, bat-batean otu zitzaion.

        Hitzok ez ziren Itziarren gustukoak izan, noski. Bere lehengusuarengana makurtu, maitekiro besarkatu eta masailean pin-pin bi musutxo emanez esan zion:

        «Gotzon, ez holakorik esan. Bidart... detektibe hori hain gaiztoa dela uste al duk?». Eta begira-begira eta muturtxo gelditu zitzaion limosnatxo bat eskatzen bezala.

        Gotzonek konkortuta eta harrituta begiratu zion baina ez zuen ezer erantzun. Beste ertzetik Iñakik bere arrebari isil-zeinu bat egin zion burruntzalia sartu zuela adieraziz.

        «Zer gertatu da, Gotzon?».

        Gotzonek begirada lasai bat bota zion lehengusuari. Gauzak izan ziren bezala kontatuko zituen, bai, nahiz eta neskatxari min eman.

        «Atzo arratsaldean eta gaur goizean detektibe zikin horrekin izan nauk» jalki zuen, gizon harentzat sentitzen zuen nazka eta narda guztia «detektibe» hitzean jarriz.

        «Denbora guztian galde eta galde, irri eta mirri, iseka ezpainetatik inoiz itzaltzen ez zitzaiola».

        Itziarrek entzuten zuenarekin ondoeza egingo zitzaiola ikusiz, jaiki eta «Barka» esan zuen «baina neure adiskide Lutxirenera joateko ordua dut». Bere aitari bekokian musu emanez eta mutilei ezer esan gabe aretotik irten zen.

        Gotzonek burua makurtu zuen lotsatuta bezala. «Ez nuen inor mindu nahi» esan zuen poliki.

        «Ez egin jaramonik» gaineratu zion Julenek. «Hobe huen Itziarrek alde egitea, bai. Horrela lasaiago hitz egingo diagu».

        «Jarrai zure mintzaldian» eskatu zion Iñakik entzuteko gogo bizia erakutsiz.

        «Bidart hori nonbait bere ikerketan huts eta haztamuka dabil. Eta hona zer bururatu zaion: ni naizela amona eta Arantza hil dituena. Jakina, ez dit horrela, zuzen-zuzen esan, baina burlazko doinu batekin gure amonarengandik zenbat diru jaso dudan galdetu dit... nire andregaiarekin ondo konpontzen ote nintzen...».

        Julenek solasa biziro kexu hautsi zion. «Ze demonio sartu behar dik horrek muturra besteen arazoetan. Aurkitu dezala gaizkilea, baina bakean bizi garenok suminarazi gabe».

        «Denbora osoan» jarraitu zen Gotzon «gizalegerik gabe galdezka ari izan zait, amona hil zen arratsaldean non izan nintzen. Eta berdantza eta...».

        «Mutur zikina» lehertu zen Julen berriz ere behazunez beterik. «Zergatik aztoratu behar gaitu alu horrek? Niregana ez duk ba etorri! Ez duk, ez, ausartuko niri holako galdera nazkagarriak egiten. Nirekin ez duk ausartuko ez, ez horixe! Detektiberik ez hartzeko hasiera hasieratik esan nian nik. Horik denak mutur zikinak, besterik ez direla eta. Dena alferrik! Hona orain guztiok hemen erreminduta!».

        Egia zen, aldez. Ordura arte detektibea ez zen gizon harekin harremanetan jarri. Beldur al zen berarekin hitz egiteko? Edo detektibea azken kakoak jartzen ari al zen, xehetasun guztiak bere tokian zintzilikatzeko?

        Dena dela, etorriko zen detektibeari aurpegira gauzak esateko garaia. Pentsamendu harekin gero eta beroagotzen ari zen Julen Sarasketa. Ez zitzaion ez adorerik falta, gehienetan isila eta fidagaitza izan arren.

        «Polizia abisatzea hobe zela hasieratik esan nian nik» gaineratu zuen leloari utzi ezinik.

        «Bai, badakit, nik ez nuen pentsatu gizon hori hain aspergarria zenik» esan zuen Gotzonek burua makurtuz.

        «Hots, egiari aurpegia eman behar zaio» bota zuen Iñakik beste bien sumina goxatu nahirik. «Egoera honek ez du luzaro iraungo. Poliziak edo detektibe horrek aurkituko dute gaizkilea eta gero... ez dezatela gure aterpean gehiago zangorik sar».

        «Bai» eta «bitartean txatxu horrek izorratzen ibiliko gaitik, ez da?» ihardetsi zion lehengusuak bizi-bizi.

        «Arrazoia duk» bota zuen Julenek. «Nahiko nahigabe badiagu bestela ere maite genituen bi gizakume horien heriotza dela eta, beste norbait gu zirikatzera etorri gabe».

        «Gaur izan dugun mintzaldian azkenean burua nahastu egin zait eta ez dakit zer esan diodan» esan zuen Gotzonek etsian. «Agian, berak nahi izan duena... baina behin baino gehiagotan gizon horren burua zapaltzeko gogoak eman dit. Eskerrak pistolarik ez nuen...» bukatu zuen buruari bi aldetara zemaika eraginez.

        «Kontuz, Gotzon. Burua ez ezak gal!» oihu egin zion Iñakik. Bihotz erditik irteten zitzaion oihua zen.

        «Ez. Ni ere pozik nagok elkarrizketa onean amaitu denean. Baina berriz zapokeriaz hasiko balitz...».

        «Gainera, Iñaki, nik ez diat uste Bidart hori hain azkarra denik» esan zion aitak sinesmen betean. Gaizkilea nor izan den asmatzeko gauza izango ez dela ziur nagok».

        «Hori uste dut nik ere» gaineratu zion Gotzonek eta bere begietan irriño bat argitu-itzali egin zen.

        «Hots», esan zuen osabak eskuz nazka-keinu bat eginez, «joan beharra diat garrantzi handiko eginkizun batera. Barka, oso pozik geldituko nindukek zuekin hizketan, baina...».

        «Ba nik ere heure barrua hustu dut eta besterik gabe banoa, datorren hilerako antzerki bat antolatzen ari gara eta», gaineratu zuen Gotzonek aulkitik zutituz.

        Osaba-ilobak etxetik irten ziren eta Iñakik, beste egitekorik ez zuela eta Euskal Herrian luzaroan elebitasuna ezinezkoa dela erakusteko, jaio berria zen «Deia» kazetarako idazlan bat idazten hasi zen.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia