HAURRAK HAZI, NEKEAK BIZI

 

        Bidart Arantza Aranbururen gurasoak ikustera joan zen. Bulebarrean bizi ziren, etxe handi batean. Hirugarren bizitzan atea jo zuen. Neskame zahar batek atea ireki zion.

        «Egun on! Gotzon Sarasketaren adiskide bat naiz. Mesedez, Arantzaren gurasoak ikusi nahi nituzke» esan zion zorrotz neskameari, ikustaldi hura garrantzizkoa zela ulertu eta ezezkoa eman ez iezaion.

        Neskameak egongelara lagundu zuen. Etxe osoa ederki apainduta zegoen, Antzinako mahogani baliotsuaz eginiko altzariak oso ongi elkartzen ziren gelako «drizzle» tapizeria berriarekin.

        Horman erretratu handi bat zegoen: andre-gizonena, erdian hamabost urte inguruko neskatxa bat laztantzen zutela.

        Nork esan masail eder, begi zoli neskatxa hari adur txarrak laster bizia moztuko ziola, betiko! Bai, neskatxa hura Arantza bera zen.

        Baina bestelako Arantza bat. Hildakoak eta hark ez zuten elkarren antz handirik. Erretratuan askoz ederragoa zegoen, jatorrago, egiazkoago. Ezer pintatu gabe, motots luzeekin aspaldiko aleman emakume bat iruditu zitzaion Bidarti. Garbitasunak eta lotsak misteriozko ukitu bat ematen zioten.

        Estetika gutxi jakin arren, neskatxa gazte batek ederrago agertzeko bere aurpegia belztu eta margotu behar zuela ez zion inori sinetsiko.

        Ahots garrazdun baten «Egun on!»ak pentsamendu hauek ebaki zizkion. Hanka puntan gainean gizon errespetagarri bat hurbildu zitzaion. Hirurogei urte edo zituen, baina nahigabeak zaharragoaren itxura ematen zion.

        «Zer nahi zenuen, Jauna?» itaundu zion adeitsu; hitz egiteko eran eta begietako altzairuzko dirdiran, ordea, agintzen ohituta zegoela igartzen zitzaion.

        «Ahal bada, Arantzaren gurasoekin hitz egin nahi nuke», esan zion detektibeak eta disimuluan burutik has; eta hanketaraino begiratu zion.

        «Ni bere aita nauzu. Ama ez da gaur hizketan egiteko moduan. Ulertzen duzu...».

        «Bai, horixe. Bada, begira, lehendabizi neure doluminik sentikorrenak eman nahi dizkizuet. Neskameak Gotzon Sarasketaren adiskide bat naizela esango zizun. Hori ez da gezurra, baina ni zuregana beste arrazoi batengatik nator. Ni detektibea naiz, Jon Bidart».

        Etxeko jaunari betozkoa zertxobait argitu zitzaion. «Zure izena sarritan irakurri izan ohi dut egunkarietan. Zer edo zertan lagun ahal banizu!» gaineratu zion esertzeko keinua eginez.

        «Arantza alaba bakarra zenutela entzun dut, ez da?». «Bai, Jauna. Berandu samar ezkondu ginen». «Konprenitzen dut. Baita ere zuen mina alaba bakarra zenez. Holako heriotza ez dut uste aspaldiko urteetan gertatu denik».

        «Horrela da. Nik 59 urte ditut eta hiruzpalau aldiz soilki gertatu da Donostian holakorik. Eta nor eta gure alaba...». Malkoek hitzak moztu zizkioten.

        «Jainkoak izan beza bere eskuetan, Jauna. Goiz edo berandu guztiok agertu beharra dugu Jaunaren aurrean...».

        «Horrela da, baina nork bere haragian sufritu behar duenean...!».

        «Halaxe da. Gotzon Sarasketa ere zeharo jota dago». Bidartek zorrotz begiratu zion. Aitaren hazpegiak ez ziren ezer argitu.

        «Noiztik ziren ezkongai, Jauna?».

        «Orain duela bi urtetik hona».

        «Sarritan etortzen al zen Gotzon hona?».

        «Oso gutxitan. Hamaika bider esan nion neure alabari afaltzera inbitatzeko. Baina ia inoiz ez zen hemen agertu». «Zergatik ez, bada?».

        «Nik ez dakit. Guri ez zigula traba egin nahi esaten zigun

        Arantzak. Jakina, hori ez zen egiazko arrazoia. Nik...». Aurrera jotzen ez zuela ikusiz detektibeak borobildu zion hasitako esaera. «Zure iritziz Gotzon ez zegoen oso maiteminduta Arantzarekin, ez da?».

        «Hori bera, Jauna. Gure alabarekin konpromisoz bezala ibiltzen zela iruditzen zait niri».

        «Nola ezagutu zuten elkar? Ba al dakizu horren xehetasunik?».

        «Ez gauza handirik» jarraitu zen bekatuak aitortzen balego bezala. «Gure alabak euskal antzerkietan lan egiten zuen.

        Eta Gotzonek ere. Hortik etorri zitzaien elkar ezagutzea». «Hil zen egunean gauza berezirik nabaritu al zenuen zure alabagan, holako buruhausterik edo?».

        «Bai, oso urduri zegoen... barnean kezkaren bat balu bezala».

        «Ez al zizuen berak zer edo zer esan?».

        «Ez. Azken denboretan ia sekula ez zigun gure alabak bere bizitzaz ezer kontatzen. Eurrez sufritzen genuen emazteak eta biok. Aldaketa handia izan zuen bi urte honetan. Lehen hain txairo, alai eta argi zena, bat-batean ezkibel, ilun eta fidagaitza egin zen. Beno, ba bart gurekin afaldu zuen, baina ez zuen ia ezer hartu. Denbora guztian isilik egon zen».

        «Zein ordutan irten zen etxetik?». «Hamaikak inguruan...».

        «Ez al zizuen esan nora edo zertara zihoan?».

        «Ez. Gehienetan ez zigun esaten. Baina Gotzonekin elkartuko zela uste izan genuen guk».

        «Eta?».

        «Gotzon hemen izan dugu eta gau osoan ez zutela elkar ikusi esan digu. Atzo lagun baten dei-arratsa zutela eta elkarrekin egotea ezinezkoa zitzaiola aurretik esan omen zion Arantzari.

        Etsairik ba al zuen alabak?».

        «Ez dut uste... ez dut uste Arantzak inori kalte egiteko gauza zenik».

        «Diru asko al zeraman bart etxetik irten zenean?».

        «Ezin dizut esan; baina ezetz esango nuke. Gure alabak ez zuen diru asko izaten».

        «Gotzonez gainera, beste adiskide berezirik ba ote zuen?». «Nola Jauna...?» galdetu zion Aranburu jaunak mindu itxura hartuz.

        Hau esan nahi dut, ia ba al dakizun Gotzon kenduta beste mutilen bat zure alabaz maiteminduta edo ote zegoen».

        «Guk dakigula ez. Arantzak behintzat ez zigun inoiz holakorik esan. Eta bestela kanpotik ere ez dugu horren esanik entzun. Egia esan, gu oso etxezulo gara, gure Arantza gurekin izanda, beste ezeren beharrik ez genuen eta...».

        Sakelatik sudurzapia atera eta isil-isilean irteten zitzaizkion malkoak xukatu zituen.

        Eskerrik asko, Jauna». Esan zion Bidartek hizketari amaiera emateko. «Zure argitasunek ongi lagunduko didate nire azterketak aurrera eramaten. Eta barka, nire galderei erantzun beharrak minik eman badizu».

        «Barkaturik dago. Badakit zure eginkizuna hori dela».

        «Bai. Eta gaizkileari esango diot —behin aurki baneza— neskatxa bat ez ezik gurasoen bihotza ere betiko urratuta utzi duela».

        Berriro doluminak emanez Bidartek alde egin zuen.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia