URREA, EMAZTEA ETA OIHALA
EGUN-ARGIZ BAIZIK HAR EZ DITZALA

 

        Detektibea zuzenean polizi etxera abiatu zen. Gauzak errotik aztertu nahi zituen. Agiz, polizi gizonek xehetasun gehiago emango zioten. Erailearen susmorik ba al zuten?

        Gaizkilearen aurpegia poliki-poliki zirriborratzen ari zen, puzzle jostailu batean bezala. Astiro-astiro egurtxoak elkarrekin lotu eta irudi osoa agertzen ari zen. Jakina, beti zegoen irudi-puskak oker elkartzeko arriskua. Orduan berriz hasi behar.

        Polizi etxera heldu zen. Atarian atezain berri bat zegoen; detektibeak, behintzat, ez zuen ezagutzen. Gizon potolo belztaka bat zen, hegoaldekoa noski, ile eder, lokietan urdin samar.

        Manolo Rodriguez zuzendaria han ote zegoen galdetu zion. Aspalditik zuen hura ezagun. Behin baino gehiagotan elkarrekin lan egin behar izan zuten lapur eta eraile arazoetan. Jatorriz Zaragozakoa zen, gizakume bihoztia eta zabala. Euskal Herrian urte asko igaro ondoren herriaren gorabehera eta ohiturak ederki ezagutzen zituena. Makina bider haren ohar eta aholkuei esker gaua egunsentia egin ohi zitzaion Bidarti.

        «Noren partez» galdetu zion atezainak usaina hartu nahirik.

        «Jon Bidartek berarekin pozik hitz egingo lukeela esaiozu».

        Polizi etxea handia zen. Behean bulegoak, kartzelak eta hauen antzeko gelak zeuden: galdutako gauzen gela, gorputzen gela etab. Lehengo eta bigarrengo bizitzan polizi familiak bizi ziren.

        Atezainak barnera lagundu eta han beste polizi gizon batek telefonoz gora jo zuen.

        «Egun on, Nagusi Jauna, Jon Bidart jauna hemen duzu eta zurekin hitz egin nahi luke...».

        Hariaren beste aldetik pozezko hots bat entzun zen.

        «Orain bertan jaitsiko dela».

        «Orain bertan» hori minutu luze batzuk bihurtu ziren, baina atzenean gizon adineko bat agertu zen. Betaurreko ilunak zeramatzan eta buru gainean sare antzera orraztutako ile bakanak.

        Besaburu bat bestea baino gorago zuen soingoiari pisuak okertutako haztagaren itxura emanez. Aurpegi gorrizta zuen eta masail hezurrak oso atereak. Bai ezpainetan bai begietan irriño bat zekarren.

        Detektibeari maitekiro luzatu zion bostekoa. «Aspaldiko Jon, zer babil?» esanez, bizkarrean taupateko leun batzuk eman zizkion.

        «Beti bezala, lanean» ihardetsi zion Bidartek. «Iker Sarasketarekin aspalditik adiskidetuta nagok» gezurretan esan zion lagunari. «Gizona zeharo jota zegok bere semearen andregaia hilda aurkitu duzuela eta».

        «Bai, motel. Donostian gutxitan gertatzen ohi den gertakari bat. Familiarik onenetako baten alaba alderik alde bihotza zulatu! Ez duk makala!».

        «Hots, Manolo, goazen gorputza ikustera eta bitartean konta iezazkidak zertzelada guztiak, ezertxo ere ez zekiat eta».

        Ateka bat igaro eta eskuinetara zegoen hildakoen gelara jo zuten.

        «Gaur goizean, seietan gutxi gora behera parke garbitzaile batek aurkitu dik eserleku baten azpian».

        Gelaren atea ireki eta barrura sartu ziren. Gela hark hilerriko kripta baten antz handia zuen. Lauzkoa zen eta hormak huts hutsik zeuden, zuri, pinturarik gabe, harlandua erakutsiz. Gela erdian aldare antzeko zurezko mahai handi bat eta inguruan hiruzpalau eserleku. Mahaia zapi beltz lodi batek estaltzen zuen osorik. Eta zapi beltzaren gainean emakume baten silueta agertzen zen, izara zuri batek estalia.

        «Jakina, garbitzailea erdi tutulututa gelditu duk eta gero guregana etorri. Ikus ezak hemen» esan zion Bidarti izara kendu eta neskatxaren bihotz aldea erakutsiz. Eraile trebea benetan! Ziztada bat bakarra. Bihotza aldez alde zulatua. Agian, neskatxak ez dik bere burua defenditzeko astirik izan».

        Hilotza ikusita nahigabeak hartu zuen detektibea. Zein aldea lehenago hiruzpalau aldiz ikusitako neskatxa osasuntsuaren eta begien aurrean zeukanaren artean.

        «Bai, halaxe ematen dik. Hemen ez da borrokaren aztarrenik ikusten. Nola azaltzen duk hik hori?» galdetu zion detektibeak isilaldi baten ondoren.

        «Ez jakin! Neskatxari nonbait etsaia atzetik etorri zaiok isil isilean edo...».

        «Edo zer?» galdetu zion Bidartek lagunaren iritzi osoa jakin nahian.

        «Edo, jakina, hiltzailea neskatxaren ezaguna zelako lasai-lasai aurretik hurbildu zitzaioan. Gauza bat zegok garbi. Neskatxa norbaiten zain zegoela».

        «Bai, dena lapur baten lana izan litekek» esan zuen detektibeak esate aldera.

        «Hori esan behar nian. Gainean ez zian behintzat ez zorrorik ez dirurik. Harritzekoa neskatxa batengan».

        «Eta jantzietan?».

        «Bat ere ez. Hor zeudek» esan zion eserleku batean tolestatuta zeuden jantzi batzuk seinalatuz.

        Bidartek sakelatxoak aztertu zituen. Sudurzapi bat. Besterik ez. Hots papertxo zimur bat. Irakurri egin zuen. Zinema sarreraren antzeko frantsesez idatzitako txartel bat zen:

        «Kasinoko areto guztietarako sarrera 1977.VIII.11. Miarritze».

        Detektibeari ia bat-batean odola hoztu egin zitzaion.

        Zer edo zer esatera zihoan baina poliziak hitza ebaki egin zion: «Minutu batzuk libre al dituk?».

        «Bai... zer nahi duk... ?».

        Erantzun gabe Rodriguez jaunak besotik heldu eta atarirantz bultzatu zuen.

        «Laster natorrek... hogei minutu barru hemen nauk» esan zion ataltzainari.

        «Baina nora goaz?» galdetu zion berriz ere detektibeak etsita.

        «Gorputza aurkitu duten tokira... ez diagu denbora luzerik behar izango».

        Hiru minutu baino lehen han ziren. Parkea kamaxa eta gurbitzez jantzirik zegoen. Han eta hemen eserlekuak. Harri kozkorrezko bidezidor bati jarraituz laster zeuden gertatokian.

        «Hemen huen, eserleku honetan. Oroitzen haiz atzo ilargi betea zela, ez da?» esan zion detektibeari irribarre garaitsu batekin.

        «Eta...?».

        «Norbait aurretik etorriz gero ilargiaren argitan neskatxak ongi asko ikusiko zian. Ziztada, ikusi duanez goitik behera egina huen...».

        «Eta... ?».

        «Gauzak garbi ez daudela, esan nahi diat, motel»: erantzun zion Rodriguezek pazientzia pixka bat galtzen hasita. «Neskatxa hil zuena bere ezaguna edo ez ezaguna izan zitekeela».

        «Arrazoia duk» bota zion detektibeak, nahiz eta gogoak eman kakalardoak harrapatzera bidaltzeko. Berarentzat gauza garbia baino garbiago zen. «Gaiztakeriarik handienak ez al dira bada maitasun itxuraz egiten? Besarkatzerakoan orratz bat sartzea baino gauza errazagorik zer...?» zion bere kolkorako.

        «Norentzako duk susmo txarrik?» galdetu zion detektibeak haur batek maisuari galde diezaiokeen eran. Bazekien galdera hark oso balakatzen zuela Rodriguez.

        «Jon, hi hain ezaguna izan arren, gizajo galanta haiz» irakurri zuen detektibeak poliziaren begiratu errukitsuan. Harro-harro eginda, sorbaldak ere zuzentzen zitzaizkiola iruditu zitzaion Bidarti.

        «Denak eta inor. Baina gauza bat esango diat, Jon. Hik barre egingo duk, bazekiat. Gauzak dauden bezala, neskatxa hori senargaiaren zain zegoela ematen dik. Zer arraio egiten du bestela neskatxa batek holako ezorduetan bakar bakarrik parke batean?

        Halere, egia esango diat. Ez diat Gotzon Sarasketa, neskatxaren senargaiarentzat zurrumurru txarrik».

        Gizon harekin hizketan hasi eta barreari ez ekitea ez zen hain gauza erraza.

        «Hori esateko arrazoi sendoak dituk, ez da? Jakin al daitezke arrazoi horik?» galdetu zion serio-serio.

        «Bai, Jon, hiri esango diat, laguna haut eta. Gotzon hori bere aitarekin gure polizi etxean izan duk. Aitak alde egin ondoren berarekin luzaro hitz egin diat. Biok aurrez aurre.

        Hik sinetsi ez arren, nik jendea ezagutzeko berezko sena zeukaat... eta zinez esaten diat, mutil hori ez duk holako itsuskeriarik egiteko gauza, mutil horrek duen txarkeria guztia azalean baitu. Nik berehala igarri zioat. Hori ez duk horretarako egina».

        Arrazoi haiek indar handia egiten ziotelakoaren aurpegia jarri zuen detektibeak. Apalki galdetzera ausartu zen.

        «Eta Gotzonen aita heure eritzekoa duk, ez da?».

        «Iritzi berdin berdinekoa. Baina bestelakoa balitz ere nik ez diat inoren laguntza beharrik muturraren aurrean daukadan kristau bat errunduna den ala ez jakiteko. Eta garbi esaten diat, Gotzon maltzurkeria gabeko mutila duk. Horrek txantxangorri bat ere ez likek hilko».

        «Ez nekian hain psikologo ona hintzenik» bota zion alai detektibeak.

        «Ze psikologo eta mikologo» erantzun zion Rodriguezek bero samar. «Nik, bi gauza soilik zeuzkaat, esperientzia eta sudur ona. Bizitza ezagutzen diat eta errugabeak nortzuk diren sei kilometrotara usaintzen diat...».

        «Eta antzezlariak ere zenbateraino diren gauza, ba al dakik?» bota zion apaltxo detektibeak.

        Antzezlariekin ez diat sekula harremanik izan» erantzun zion Rodriguezek detektibearen ziriaz konturatu gabe. «Bai, Jon, orain arte adur ona izan duk, baina ez pentsa gero zoriona beti irekin egongo denik... ez bahaiz esnatzen... begiak zabal zabalik izan behar dituk... gaztea haiz oraindik eta».

        Rodriguezek atsegin berezia sentitzen zuen Jonen akatsak zuzentzen. Honek sarritan nahita gauzak oker esaten zituen, bere lagunaren hitz jarioa zirikatzeko. Zenbat gauza ez ote zuen jakin horri esker!

        Gauzak ez dituk azalez epaitu behar. Horra, beste gauzatxoren bat esango diat. Hor duk Iker Sarasketa, gizon irekia dela ematen dik, irribarre bihoztia duk, hizketa goxoa eta abar. Baina Iker hori emakume-zale porrokatua dela esango baniake nik... zer esango huke...».

        Bidartek bere bizitzako harridura-aurpegirik latzena jartzen ahalegindu zen, ume batek sekula ikusi ez duen jostailu handi eder baten aurrean bezala.

        «Hago, hago» jarraitu zen Rodriguez gero eta oilartsuago «mundu osoan ezaguna den detektibe famatu hori. Iker Sarasketa gizon beneragarria delako hori oso bihozbera dela, batez ere neskatxa gazteekin eta horien malkoak xukatzeko diru piloak gastatzen dituela... baheki zer esango huke?».

        Rodriguezek bere urte luzeetan ez zuen holako arrakastarik izan. Jon aho zabalik zegoen liluratuta bezala. Eta egia esanda, detektibearen harridura ez zen osorik gezurrezkoa. Detektibeak ez zekien xehetasun garrantzizko hura. «Diru piloak neskatxekin gastatzen». Beraz, nahitaez Iker Sarasketak dirua behar zuen, diru piloak... Hara gizon tolesgabeko haren beste mesede berri bat. Merezi zuen bai komeri batzuk egitea berri lodi haien trukez.

        Rodriguez Jauna eserlekuan eseri zen eta hanka bat bestearen gainean jarririk ahal zuen zigarro kealdirik luzeena bota zuen. Pozik zegoen; han zeukan hankapean Bidart, pisu handienetako boxeadore txapeldun hura ukabilez K.O. eraitsia.

        «Eta Julen Sarasketa?». Horri buruz ez zion gauza handirik atera. Diru jokalari sutsua omen zen, frontoietan eta frontoi ez diren tokietan dirua jokatzen sarritan izaten zela.

        Gero Lore, Emiliana, Iñaki eta Itziarri buruz ere zenbait galdera egin zion. Baina honetan ere gauza berririk ez. Laster bereizi ziren, nor bestea baino poziago, baina arrazoi oso ezberdinetik...

        Bidart arima erretzen, telefono kabina batean sartu zen. Piarres Iturbide, Miarritzeko Kasinoko nagusiari hitz egin zion. Hiru urte lehenago lapur bat aurkitzen lagundu ziolako, oso adiskide zuen.

        Eta harekin hitz egin ondoren, dena argituta gelditu zitzaion. Badaezpada galdera batzuk eta kito. Kontu hura guztia errotik moztu.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia