ODOLAK SU GABE DIRAKI

 

        Jon Bidart Okendoko kafetegi batean prestagarri bat hartzen ari zen Itziar Sarasketarekin. Neskatxari bere bizitzako gertaerarik irtenenak kontatzen ari zitzaion. Bat-batean tximistak jota bezala sabaia gainera erori zitzaien... Eta une honetan detektibea esnatu egin zen.

        Izeba ohe ondoan zeukan besotik tiraka. «Jon, esna hadi, telefonora, lehenbailehen telefonora. Sarasketa jauna hire galdezka ari duk behar beharrezko arazo bat duela eta».

        Zeharo iratzarri gabe, Bidartek ohea hustu, jantzi-gaineko bat gorputzeratu eta telefonoari oratu zion. Izeba ere ondoan gelditu zitzaion, artega begira. Detektibeak telefonoa belarrira zuen.

        «Egun on, nor da?... Bai... hogei minutu barru hor naiz. Agur». Jakinezaren keinu bat egin zuen.

        «Zer nahi zian» galdetu zion izebak kezkati.

        «Ez dakit. Berehala joateko, baina zertarako ez dit esan. Telefonoz ez mintzatzea hobe dela eta». Besterik gabe gelarantz abiatu zen.

        «Bere etxera hoa orduan?» izebak. Atea ostetik detektibeak: «Ez, bere langelatik hitz egin dit. Hara bertara joateko. Gertu gosaria, azkaaaar...».

        Bizarra kendu, garbitu, gosaria irentsi, xista batean antomobilean sartu eta esan baino lehen han zen, Iker Sarasketaren bulegoan ate-joka.

        «Ugazaba zure zain dago» jalki zion neskameak goxo. Langelaren atea irekita zegoen eta John Bidarten oinotsak entzun orduko, Sarasketak ahots zoliz «aurrera» ozen bat bota zion.

        «Egun on, Jaun Sarasketa, zer berri dugu?». Egia esan, Sarasketaren begitarteak ez zuen egun onaren itxurarik. Betozkoa zuen, eta urduri belarrondokoari hatz egiten ari zen. Berez lodikotea izan arren goiz hartan argalago eta zaharrago ematen zuen. Beste egunetan erakusten zituen alaitasun eta begi zoliak itzalita zeuden. Eskuak torratuz eta zeharka begira hasi zen.

        «Ez al duzu ezer entzun...?».

        «Zer entzun?» galdetu zion detektibeak Sarasketaren norakoa ezagutu gabe.

        «Gauza negargarria, Bidart Jauna. Arantza Aranburu, Gotzon gure semearen andregaiaren gorputza sastakatuta aurkitu dute». Detektibeari begira-begira gelditu zitzaion eta honek ezer erantzuten ez zuela ikusirik eserlekutik jaiki eta gelan gora eta behera hasi zen.

        «Eta noiz eta non aurkitu dute haren gorputza?» galdetu zuen azkenean Bidartek.

        «"Goialdeko" parkean. Honek ere gure ama zenak bezala bihotza ziztatuta zeukan» erantzun zion hotz hotzean Sarasketak buruari eraginez.

        «Non dago gorputza?».

        «Polizi etxean. Orain duela ordu erdi bat han izan naiz semearekin batera. Gotzonek izan duen zirrara: Marmolezko hotza muinetaraino sartu zaio eta gero negarrari eman dio. Zer esango ote duen jendeak!».

        Detektibeak hortzak estutu eta leiho alderantz begira gelditu zen, bestaldeko etxeparetan etorkizuna irakurtzeko bezala.

        «Hemen lehenbailehen jokatu behar dugu» gaineratu zuen Sarasketak burua eskuartean ezkutatzen zuela. «Ene semea... gauzak gero eta nahasiago daude» esan zuen indarrean, etsita bezala.

        «Nire iritziz ostera, gauzak gero eta garbiago daude. Zer uste duzu, esate baterako: bila gabiltzan gaizkilea zure semea izan dateke?».

        Ikerren gorputza dardatako batez inarrosi zen. Gorrotoa baino gehiago harridura erakusten zuen haren aurpegiak.

        «Gure semea? Ero al zaude? Ezta pentsa ere. Holakorik! Nik ongi ezagutzen dut semea, ongi asko». Hitz bakoitza erraietan lotuta zeukala ematen zuen, hain motel mintzatzen baitzen; hortzetara heldu orduko odolez beteta zetorkiola zirudien. «Gure semeak huts bat du edo bertute bat: bere akats guztiak azalean izatea. Hortik kanpora ezertxo ere ez. Eta nik semearen azalean ez dut egite beldurgarri horren aztarrenik ikusten. Gainera badakizu gure semeak amona erruz maite zuela».

        «Zure semea antzerkilari oso trebea omen da, ez da?».

        «Bai, oso» erantzun zuen aitak galdera nora zihoan igarri gabe.

        Isilaldi luze baten ondoren detektibeak:

        «Noiztikan ziren ezkongai Gotzon eta Arantza?».

        «Orain duela bi urtetik honantz».

        «Ongi da. Eskerrik asko. Zure semea non da?

        «Etxean duzu, zer egin ez dakiela».

        «Gaur goizean edo beranduenez arratsaldean berarekin hitz egin nahi nuke. Arren, esaiozu nonbaitera irten baledi niri abisatzeko».

        «Bai, esango diot».

        «Ez estu, Jauna» esan zion detektibeak konfiantza eman nahian. «Egia mingotsa izan arren gezur eder eta borobil guztiak baino hobe da». Eta besterik aipatu gabe gelatik irten zen, Sarasketa ahoa zabalik utziz. Idazkariari agur bihozti bat eginez zurubian behera itzali zen.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia