OGI GOGORRARI HAGIN ZORROTZA
Biharamun arratsean, etxera heldu zenean, zurubian gora «Izarrak malkoak dira» abesti entzutetsua kantatu zuen. Atea ireki eta bere lan gelara sartu zen. Olatz ez zen etxean, noski. Bestela berehala etorriko zitzaion, besterik ez bazen ere, ezer berririk ez zela esatera.
Baina mahai gainean eskutitz bat ikusi zuen. Donostia bertakoa zen. Atzealdean ez zuen inoren zuzenbiderik.
Ireki eta zirriborroetan emakume baten eskua antzeman zion. Han zegoen, eskutitz azkenean, izena txukun eta ongi orraztuta: Zorion Epelde.
Zer nahi ote zuen neskatxa hark? Jakin minez esertzea ere ahaztu egin zitzaion. Zutik eta lasterka irakurri zuen.
«Jaun agurgarria» honela hasten zuen eskutitza. «Aspalditik arimaren zuzendari Don Frantzisko Errekarte dut. Atzo goizean barnean nituen kezkak harekin arintzera joan nintzen. Neure barrua hustu ondoren, Don Frantziskok gorabehera batzuk zuri esateko aholkatu zidan.
Barka, Jaun agurgarria, baina nik... ez nizun egia esan. Amona hil zen arratsaldean, ordu bietatik seiak arte nire ahizparenean izan nintzela esan nizun. Egia besterik da. Ez nintzen han izan eta gero neure ahizpari, arren, zuri gezur hori esateko eskatu nion. Ni beste toki batean egon nintzen. Baina non egon nintzen ezin dizut esan; ez gauza txarrik egin nuelako, baizik... Dena dela, ni ez nintzen heriotzaren orduetan Lorategin izan. Hau egia hutsa da.
Beste gauza bat esan behar dizut, Jaun agurgarria. Eta honek bultzatu ninduen Don Frantziskorengana joatera. Errosario anderea hil bezperan ustekabean entzun egin nuen neure etxekoandrearen eta Don Frantziskoren arteko telefono-hizketaldia... eta Gotzoni geroago dena kontatu nion... Gotzonekin konfiantza nuelako... Badakizu «Lorategin» hilabete batzuk egin zituela. Gotzonek berak esanda dakit egun hartan bertan berak beste Sarasketatar guztiei berri hura jakinarazi ziela.
Sinets iezadazu, Jauna. Gotzon ez da gaizkilea izan... malezia gabeko mutila delako... sinets iezadazu.
Besterik ez, Jauna, mesedez, barka. Azkeneko egunak oso txarrak pasa ditut eta nire kezkak ez dira oraindik zeharo arindu. Bihotz-zimikoak isildu ezinik nabil.
Agur egiten dizu zure aginduetara dagoen
Zorion Epelde».
Hara korapiloa askatzeko falta zitzaion beste hari mutur bat.
Irakurri ondoren eseri eta eskutitzaren gorabeherak hausnartzen hasi zen. Hona lehenen ikusten zen gauza: guztiak gezurti zirela. Hots, Julen Sarasketa kenduta, honekin ez baitzuen hitz egin. Baina ia ziur zegoen, galdetuz gero, honek ere hilburukoaren aldatzeaz ezer ez zekiela esango ziola.
Iker, Lore, Emiliana. Iñaki, Itziar (?)... denak gezurretan nahasiak. Denak elkarri hitza emanda zeuden, noski. Zurrumurru txarrak beren gainetik kendu nahi zituzten. Arrazoi zuen Zorionek lehendabiziko hizketaldian: «Sarasketatarrek beren izena ez zikintzeko bat egiten dute beti», esan zuenean.
Zer egin behar zuen orduan? Gotzonengana joan eta hark zekizkien gauza guztiak zehatz-mehatz esanarazi? Zalantzan egon ondoren dena biharamunerako uztea erabaki zuen.
Nekatuta zegoen. Bezperako gorabeherak nahiko negargarriak ez baziren ere, hona orain denak ziria sartu nahi ziotela ikusi! Eskutitz hark lanerako gogo guztia kentzen zion. Hurrengoan ere sinets horiei! Zorion, Itziar, Emiliana... aingeru aurpegi haiekin!
Sarasketatarren etxera joan eta esan zizkioten gezurrak aurpegira egozteko gogoak eman zion. Eta gero auzi osoa bertan behera uzteko ere. Ardura zitezela beraiek nahi bazuten arazo hartaz.
Baina horrekin ez zuen ezer irabazten. Bide guztia ia egin zuenean, atzera jo? Ez. Bihar Gotzonekin gauzak sakon astinduko zituen. Eta gero Julen ere gelditzen zen...
Gitarra hartu eta «Artolak dauka», «Anteron» eta «Kalean gora» abestiei ekin zien. Gero Dostoiewskiren «Ergela» irakurtzeari jarraitu zitzaion.
Gau hartan zer gertatu behar zen jakin baldin bazuen, ez zituzkeen noski gauzak biharamunerako utziko.
© Gotzon Garate