ATERIK HAINBAT MARATILA
«Baietz ba, motel. Horretan ez duk zalantzarik. Gehienak ez dituk aurkitzen. Eta jakina, gaizkile bat harrapatuz gero zuek detektibeok, eta... beno, barka, bazekiat detektibe ziztrin guztiak baino hobea haizela hi. Ba, detektibeak, Scotland Yard, FBI eta beste denak kakarazaz hazten zarete, barka, hazten dituk, oiloak arrautza errun ondoren bezala. Baina Ipar-Ameriketan ia egunero urbideetan eta zikindegietan aurkitzen diren gorputzak? Nor arduratzen da kristau horietaz? Eta mundu zabalean egunero izaten diren neska-bortxatze, etab. nork jakiten ditu?».
«Baina nik...».
«Baietz, ba, motel. Heuk nik baino hobeto jakin beharko huke. Niri sarritan etortzen zaizkidak gogora holako burutapenak. Kliniketan, adibidez, egunero hiltzen dituk kristauak. Aski duk erizain batek xiringada pozoitsu bat sartzea beste mundura bidaltzeko. Nork du astirik holako maltzurkeriaz ohartzeko?».
«Baina nik...».
Alferrik zen: Anton Zamakolari gauzak handitzea, gertakari arruntak okertzea eta mermelada pote bakoitzean ezkutuki bat bilatzea atsegiten zitzaion. Txakil, koldar eta busti diren askok ametsetan sei edo zazpi lagunen aurka borrokan egiten dute. Zamakolak hori esna egiten zuen, haize errotei gizandien antza emanez. Hizlari burrunbariak bezala keinuka eta sututa mintzatzen zen.
Aspalditik lagun minak ziren Zamakola eta Bidart. Zamakola sendagilea zenez, detektibeak sarritan jotzen zuen harengana, medizinako xehetasunak jakin behar izaten zituenean. Haren poza, euskal osoan ezaguturiko detektibeak zer edo zer galdetzen zionean! Gainera Zamakola oso eraginkorra zen. Aholkatu ez ezik, behin baino gehiagotan lagundu ohi zion detektibeari bere joan etorrietan.
«Ozkarbi» jatetxean maiz elkartzen ziren, batez ere gertakizun bereziak izaten zirenean. Detektibeak Koka Kola batekin aski izaten zuen ordu luzeetan zurrust eginez egoteko. Jabeak bazekizkien haren ohiturak eta pozik hartzen zuen bezero, hostatuari izena ematen baitzion.
Detektibeak ez zekien nola iharduki lagunaren hitz-jarioari. «Gizajo honi atsegiten zaiok bada, inork aurka egiten ez dizkion gauzak defenditzea» pentsatu zuen bere artean, ezpainetan barretxo bat estali ezinik.
«Niri bat» esan zion detektibeak une hartan sartua zen egunkarien mutiko saltzaileari. Bazeukan Zamakolaren berriketari jaramonik ez egiteko aitzakia.
«Baietz, ba, motel... Eh, zer duk?».
Detektibea lehendabiziko orrialdeari begira zegoen eta... Zamakolak bazuen arrazoia galdetzeko, Bidart pixka bat zurbilduta eta urduri beheko ezpainari horzka ari baitzen.
Zamakola zutitu eta sorbalda gainetik «Batasuna» arratsaldeko egunkariari begirada bat bota zion.
«Eeeh...».
«Errosario Iruarrizaga hil egin zuten». Idazlana lasterka irakurri ondoren, egunkaria lagunari luzetu zion eta serio urrutira begira gelditu zen.
Orduan behintzat lasai pentsa zezakeen bere laguna isilik baitzegoen buru belarri irakurtzen: «Errosario Iruarrizagaren ehorzketak duela egun batzuk ospatu genituen. Anderea adur txar batek jota hil zela uste genuen denok. Baina adur txarrak ez omen du eskurik. Eta andereari esku ezkutu isil batek ekarri zion heriotza. Berri asaldagarri, beldurgarriak jaso ditugu gaur geure idazkolan. Berri hauen mamia hauxe da hain zuzen. Errosario Iruarrizaga norbaitek hil egin zuela, ez zela berez hil, lehen uste izan genuen bezala. Norbaitek hil eta gero askara bota zuen ustekabeko heriotza itxuratzeko. Beste gauza bat ere jakin dugu. Arazo hau argitzeko Sarasketatarrek Jon Bidart hartu dutela. Hurrengo egunetan emango dugu argitasun gehiago gure abalean baldin badago».
«Hi, zer da hau? Hi arazo honetan muturra sartuta eta niri ezer esan gabe. Bada, orain ireki beharko duk ahoa».
«Nik?».
«Bai, heuk. Hi saltsa honetan buru belarri sartuta eta niri ezer esan gabe. Zer dakik? Tira bota!» gaineratu zion pixka bat emekiago.
Nahiago zukeen detektibeak ufalean urgora igerian egin, bere adiskidearen hitz erasoari jazarri baino.
Barka, Anton, baina ezin nauk minutu bat luzeago hemen gelditu. Telefonoz hots egin behar diat. Hago hemen; brastakoan itzuliko nauk». Eta bere lagunaren haserreari jaramonik egin gabe, zutitu eta urrutizkin-gelara sartu zen.
«Iker Sarasketa?».
«Zure bila zoratuta bezala ibili naiz... Ah! «Ozkarbin» zaude... bai etorri lehenbailehen... hau da zorigaitza...».
Beste mingurinik ez entzuteko telefonoa eskeki egin zuen. Eta bere lagunarengana gabe kalera irten zen.
Jonek ahaleginak egin zituen isilik ohera joaten. Ez zuen bere izebarekin hizketan hasteko gogorik. Bestela ere burukomin asko bazuen, Sarasketatarrekin mintzatu ondoren. Denak zeharo urduri zeuden eta urduritasun hura berari ere itsatsi izan ziotela zirudien.
«Zer egin behar dugu?». Hori galdetu zioten Sarasketatarrek, haien etxera heldu orduko. Zer egin? Gauzak patxada patxadan hartu, hori lehengoz. Jendeari kasurik ez egin, zer arraio!
Jakina, Sarasketatarrek arazo guztia bat-batean argitu eta gaizkilea lehenbailehen harrapatzea nahi zuten. Baina bera, Jon Bidart, ez zen malabarista bat. Eramana eta eramana!
Izango zituzten, nola ez, telefono deiak. Guztiek jakin nahiko zituzten heriotzaren gorabeherak. Kazetariak haizatzen nahiko lan izango zuten.
«Orain konturatuko dituk zein diren aspergarriagoak, detektibeak ala berriemaileak» pentsatu zuen bere kautan, irri-mirrika.
«Gu, behintzat, ahalegindu egiten gaituk gauzak isilean edukitzen, sarritan gauza mingarriak galdetu behar baditugu ere. Baina kazetariak...?».
«Hor al hago?» entzun zuen gelatea ixtera zihoala. Bere izebarekin ez zen etxean lapur askorik sartuko. Lotan ere erbiak bezala begi bat hertsita eta bestea erne zuen, antza.
«Ordua huen, motel. Berriemaileak hemen hire galdezka eta hi... Sarasketatar arazo hori... eta hi niri ezer esan gabe» erasiatu zuen izebak zeharka begira.
«Bai. Bihar izango dugu horretaz hitz egiteko astirik, izeba. Gaur abailduta nago. Badakizu, siestarik egiten ez dudanean burua astuna eta kirioak kiliberak izaten ditudala...».
Bere izebaren maratilei entzunik eman gabe atea itxi zuen. Nor arraio ote zen Errosarioren hil-berriak bala-bala zabaldu zituena? Halere, aspalditik zegoen Jon horren zain. Nola ezkutatu holako gauzaren bat? Bik dakitena laster jakingo dute hamaikek.
Erantzi eta ohean sartu zen. Loak hartu baino lehen irudimenari ateak zabal-zabal egitea gustatzen zitzaion. Honela barruak lan egiten zion gauez.
Sarasketatarrekin izandako elkarrizketak pentsagaia ematen zion. Julenen etxean aurkitu zituen elkarturik. Denak Julen bera ezik. Gizon hark bazion tipoa! Bera etxean sartu baino minutu batzuk lehenago irtena omen zen, «beharrezko lan batzuk zirela eta», bere alaba Itziarrek lotsati esan zionez.
Lehengo ikusian gehien harritu zuena, Lore horren ezaxol eta alaitsu ikustea izan zen. Emakume harrigarria... ! Detektibea sartu orduko denak jaikiak ziren adeitsu, barreneko kezkak ezkutatu ezinik. Iñaki bera ere inoiz baino urduriago iruditu zitzaion. Gotzon agurtzera etorri zitzaion, kezkatsu baina begi-ausart.
Berriz ere Lorekin kateatu zitzaion goraintzia. Familiaren buruhausteetatik ate zegoela ematen zuen. «Ospe eta aipurako emakume oso minbera omen duk. Errosario zena eta Lore behin bakarrik haserretu hituen... Errosario odolbero omen huen.
Beroaldian Loreri hitz gogorrak esan zizkioan, agian. Eta orain emakume honen aiherkundea bete al da?».
Dena dela, bere amaginarrebaren heriotzaren ezkutua jende guztiaren aurrean biluzik azaltzeak ez zuen ahalketzen... Jakina, hildakoaren eta Loreren odola iturri ezberdinetik zetorren. «Odola odolari deika» pentsatu zuen eta oheko ezker aldera itzulikatu zen, burkoari taupada bat emanez.
Berriz ere arratsaldeko gorabeherak hausnartzeari ekin zion. Iñaki eta Gotzon elkarren ondoan eseririk zeuden. Biok oso artega. Iñakiren barrenari urandiak zerizkion. «Mutil hori gailur gainetik hegan egiteko sortua duk. Behin amiltzen bada, su-leizeraino jaitsiko duk».
Iñaki eta Gotzon lagun minak omen ziren, baina bai ezberdinak ere. Gotzon hurbiletik orduan zekusan lehenbiziko aldiz. Iñaki mutil patxadazkoa, lasaia zen; bere lehengusua berriz, dena larri, eta ipurterre. Denbora osoan keinuka ibili behar, berak hitz egiten zuela edo besteak esandakoa onartu edo zapuzteko.
«Galdera bat zuzen eta garbi egingo dizut, Bidart Jauna» esan zuen Sarasketa zaharrenak apur baten zalantzan egon ondoren. «Ba al duzu gaizkilea harrapatzeko itxaropenik?... Bestela... egia esan, guztiok, leporaino gaude arazo honekin».
Bidartek izarapean ere irriño bat egin zuen, galdera hori ordu batzuk lehenago entzun zuenean bezala. Bezeroen betiko galdera !
«Ni ez naiz sorgin bat, kristalezko bola batean etorkizuna ikusteko». Itziarrek begiak beheratu zituen.
«Lanak denbora eskatzen du. Halere garbi erantzungo dizuet. Itxaropena ez ezik, ziur-ziur nago, gaizkilea oso laster onbideratuko dela...».
«Zer esan duzu?» galdetu zion Emilianak beste denek buruan zuten galdera azkarrena eginez.
Zuentzat gaizkilea aurkitzea bizkarretik kezkak kentzea da. Niretzat xederik nagusiena, gaizkilea gizontzea da. Horretarako abagunerik egokiena aukeratu behar!
Eta ezkutu bat esango dizuet. Gaizkileak aurkitzen horren trebea naizelako, jende asko harritu egiten da. Bada, ez harri: hori maiz ez diot neure buruari zor.
Gaizkile baten atzetik hasten naizenean bi gauzaz arduratzen naiz. Lehendabizikoz: gaizkilea jakin dezala beraren atzetik nabilela. Bigarrenez: nire jokabidea ere ezagut dezala: ez diodala kalterik egin nahi. Gogoan hau bakarrik daukat ia. Bere nortasuna ezagutzea, gero ahalik ongien laguntzeko.
Izan ere, gaizkile asko bere egite txarra aitortzeko gerturik legoke. Baina ez dute inor bere barrua husteko. Lagun hurkoengandik borondate txarra eta madarikazioa besterik ez dutelako izango, etsi etsian daude. Onbidetik horrek atzeratzen ditu. Gaiztagin batzuek beren gaiztakeria beroaldi batean egin dute. Edo bizibeharrak eraginda. Horiei eskua luzatu behar zaie».
«Orduan orain ere gaizkilea bide hobera ekarriko duzula uste duzu?» galdetu zion Iker Sarasketak irudikor.
«Bestela azalduko nuke nik arazoa. Nire susmoak egia bihurtzen ari dira. Hari mutur batzuk lotu behar ditut egia osoa jakiteko. Egia hori gaizkileari onez onean azalduko diot. Eta gero...».
«Eta gaizkileak egia beste modu batera ikusten badu» galdetu zion Gotzonek irrizuriz.
«Egiari jarraitzen bazaio, egia horrek argi egingo dio... Baina bada zenbait gaizkile harro burua makurtu baino edozein zigor hartu nahiago duena».
Jon loak hartu zuen, Gotzonen harritu aurpegia irudipenean gandutzearekin batera.
© Gotzon Garate