HARRI ERABILIK
EZ DU BILTZEN GOROLDIORIK
Asteleheneko gauerdia zen. Ilunak sartuak zituen bere magal beltzean ingurumari guztiak. Isilak eta goibeltasunak nekagarriago egiten zituen Bidarten etxeranzko urratsak. Egun lanpetua izan hura: Zenbat jira-bira, itzul-inguru, joan-etorri. Don Jazinto, Sarasketatarren sendagilearekin hizketa luzea izan zuen; Julen Sarasketaren diru-kontuak nola zeuden jakiteko etab. hiruzpalau diru-gizon ezagun bisitatu zituen.
Ezer guti jakiteko, askotan zenbat denbora galdu behar!
Etxeko giltza atera zuen sakelatik. Sarraila gakoan sartzeko, gorputza makurtu zuenean, holako itzal bat nabaritu zuen aldean.
Zazt!, tximista antzeko mugimendu bat egin zuen. Eskerrak hari: Labainak bestaldeko bizitzatik zetorkion argia distiratu zuen eta bizkarrean sartu beharrean lepauztaian ebaki bat egin zion.
Odola bar-bar isuri zitzaion. Gaiztaginak kolpe hutsa egin zuela ikusirik ihesari eman zion lasterka. Dena beltz-beltz jantzita zegoen eta burua txanoz estalirik zeukan.
Bidart jarraitu nahi izan zitzaion. Baina ezin. Zolan itsatsita zegoela iruditzen zitzaion, hanketan errota harriak baleuzka bezala. Gero begiak lausotzen hasi zitzaizkion eta...
Esnatu zenean, lehendabizi bere izebaren begi urduriak ikusi zituen. Ohean zegoen. Lepa-eta bizkarraldean oinaze bizia zeukan.
«Suerte ona izan duk, Jon». Burua pixka bat eskuinetik zetorkion ahotsarengana zuzendu zuen. Don Karlos, etxeko sendagilea han zegoela konturatu zen orduan eta gertatuko denaz oroitu zen.
«Ez duk gauza handirik. Ebaki luze samar bat baina ez sakona. Nola arraioetan egin duk hori...?».
© Gotzon Garate