ENGAINAZAILEA ENGAINATU DUENARI
EMAN BEKIO EZ PENA, BAINA SARI

 

        Kaleak jendez beterik zeuden. Egunez oso bero handia egina zuen eta arrastirian «Txirla» tik zetorren itsas haizeak egurastera inbitatzen zuen.

        Maiztxo bezala, zenbait gogoeta zerabilen Bidartek bere kolkoan.

        Kaleak inurritegiak ziruditen, jendez gainezka. Zeinek bultzatzen zituen hara-hona gauza askotan hain ezberdin ziren gizon-emakume haiek? Indar batek eta berak: itxaropenak.

        «Itxaropenak bultzatzen dik jendea, motorrak antomobila bezala. Itxaropena galdu, amildegian erori. Baina itxaropena izateko bizitzaren norakoa jakin behar. Eta hara larria, gaurko mundua nora doa? Egiazko aurrerabidean al goaz?».

        Detektibeak berak ere ez zekien zergatik, baina sarritan ezin burutik halako pentsamendu hitsak uxatu.

        «Jendeak barnean hutsa nabaritzen dik eta nola edo hala, antomobilen zarataz edo bestela bere kolkotik datozkion galderei entzungor egin nahi ziek».

        Etxera iritsi zen. Andia kalean bizi zen, bizitza zabal eta dotorean, baina inongo gehiegikeriarik gabekoan. Txukuna eta arruntasuna zituen begiko detektibeak. Jazkeran ere jatortasunak ematen dituen kriketasuna eta lerdentasuna igartzen zitzaizkion.

        Haurtzarotik ohituta zegoen jendearen esamesez baino bere nortasunaz kontu gehiago egiten. Jazkera eta aurpegia barneko ispilu izan daitezela! Horregatik pentsamenduz ere zintzo jokatu nahi izaten zuen beti bere buruarekin, gero eginetan ere leun eta erraz ari ahal izateko.

        Etxean sartu eta izebari afaria lehenbailehen ateratzeko agindu zion. Oihuka agindu, agindu ere, izebari hori atsegin baitzitzaion. Afari gustukoa ekarri zion: arroz-zopa, txibiak beren saltsan eta mahatsa. Edateko Corellako ardoa. Oharkabe mahats-aleak eriekin aho-zulora jaurtikitzen zituen, banan-banan, «xakela» jokoan ariko balitz bezala.

        Izebak hitz egin gabe begiratzen zion. Biok batera bazkaldu eta afaltzen zuten. Hori iloba ohiko orduetan etortzen bazen behintzat. Bestela jatekoa labean gordetzen zion. Eta argi zen izebak hori atseginago zuela. Orduan ume bat bezala ama-senaz zaintzen baitzuen. Bidart jolas hartarako ongi moldatzen zen. Hauxe baitzen bere gogarako lelo bat: «Utzi maitaleari maitale izaten».

        Jende adinekoa haur izateaz zergatik lotsatzen zen ezin zuen ulertu. Ez al zuten guztiok maitasunaren beharrik? Horretarako zein bide errazagorik haur izatea baino? Halere, gutxi ziren beren buruak haur bezala agertu nahi zituztenak. Taxugabekeria galanta!

        «Izeba», esan zion mahai gainean atabal batean bezala atzamarrez tarrapataka joz. «Holako afari baten ostean, pasiara joateko gogoak ematen dit. Urdailari jatekoa egosten laguntzeko ez omen da ibilalditxo bat baino gauza hoberik. Gaueko haizeak heste guztiak gurin-gurin jartzen ditu; nirekin etorriko al zara?».

        «Gaur ezin diat, Jon!» erantzun zion izebak. «Hik heure jantziak horrenbeste ez bahitu zikinduko...» gaineratu zion ezpainak maltzurki okertuz.

        Inork ez zuen esango emakume hark 37 urte zituenik. Askoz gazteago ematen zuen. Olatz, honela zuen izena detektibearen izebak, Bidarten amaren ahizpa gazteena zen. Jonen ama, ordea, senideetan zaharrena, hemeretzi urterekin ezkondua zen, Olatz, urte betekoa besterik ez zela.

        Bi urte zituenean ama hil zitzaizkien eta Jonen amak bere etxean jaso zuen uxker umea. Jonekin batera hazia zenez gero, iloba-izeba baino gehiago neba-arrebak ziren.

        Hala eta guztiz, izebak beti hika egiten zion Joni; ilobak, ordea, zuka.

        Izenak ere azpeitiarra zela salatzen zuen. Hango zaindaria Olazko Ama dela eta, izen hori duen neskatxa lirain asko baita herri jator horretan.

        Emakume luzexka, argal samarra zen Maria Olatz. Begitartean barneko alaitasuna etengabe dirdiratzen zitzaion. Irriñoa begietan, soprano ahots ederrez hitz egiten zuen.

        Artean ere senarraren bila zebilela zioten auzokoek. Erromeri eta jai guztietara joaten zen behintzat, beste neskazahar talde handi batekin.

        Talde horretako guztiak ere arauzko ezkon garaia pasatakoak ziren, gaixoak. Donostian «Saredunak» izengoitiz ezagutzen zituzten, arrantzaleak bezala sareak ezker-eskuinetara botatzen zituztelako, senargaia non harrapatuko. Baina agi zenez, haien sareak zulatuta zeuden.

        «Zein eginkizun duk orain eskuartean?» galdetu zion izebak, ilobak alde egin baino lehen eta azpiltxo zikinak mahaitik kentzen ari zela.

        «Egun hauetan Lorategin bitxi bat lapurtu dute eta arazo hori garbitzea neuri agindu didate».

        Olatzi lehen baino jakin-min handiago jarri zitzaion. «Zein bitxi? Ez Errosario anderearen eraztuna, behintzat?».

        «Esaten dut bada nik, «Who's who» k baino gehiago dakizula».

        «Ze juju eta kuku! Errosario anderearen eraztun horren berririk ez dakienik ez duk inor Donostian. Hori lapurtu diate orduan! Nola izan da, bada?».

        «Tira, izeba, ez inori esan gero, e!».

        «Tira, Jontxo. Ez duk esango hitzontzia naizenik».

        Ez zen gezurra, ez. Emakume berritsu samar izan arren, gauzak isilean edukitzen ongi zekien.

        Halere arazo hartan ezin zuen detektibeak ahoa gehiegi zabaldu. Odolari baino kontzientziari kasu gehiago egin behar zion.

        «Ehorzketak antolatzen ari zirela norbaitek amonaren eraztuna lapurtu zuen» bota zion ilobak.

        «Baina nola? Amonak berak ez al zuen, bada, erian?».

        «Ez. Itxuraz bitxi-kutxako batean ongi gordeta zegoen. Baina hori etxekoen iritziz, jakina. Lapurrari berari galdetu beharko genioke ziur jakiteko. Kutxatxo hori Errosario zenaren gaueko mahai gainean ageri agerian omen zegoen. Gelara sartu eta edonork hartzeko moduan».

        Gero Jonek zenbait egia berak asmatutako beste irudipenekin nahasian eman zion: testamentua nola banatu zen, etab. Izebaren jakin nahia, halere, erdi ase zen eta gogoz ekin zion berriz ere.

        «Emiliana gaixoa, eraztun gabe gelditu».

        «Ezagutzen al duzu emakume hori?».

        «Ez ongi, baina beti begiko izan zaidak. Gezurra zirudik hain aberatsa eta familia onekoa izan eta hain apal jantzita ibiltzea!

        Hots, badituk batzuk hori zekenkeriaz egiten duela diotenak. Baina nik ez zieat sinesten. Emiliana emakume apala duk, ez jantzietan bakarrik, hitzetan eta eginetan ere bai.

        Kristau zurrak berritsu izaten dituk, beren koitasuna hitz-jarioz estali nahi izaten baitute. Emiliana ez duk horrelakoa!

        Lore bere koinata ostera. Hori bai harroputza! Kalean doanean denei goitik begiratzen ziek; kaleetan ibiltzeko baimena berak bakarrik duela ematen dik.

        Ez al dakigu, bada, bere aita Eibarren eskopeta hautsak gaitz eginda hil zela? Hori nonbait ahaztu egin zaiok eta hor zebilek beti handi-mandikerietan, haurtzarotik kondeen etxean hazita izan balitz bezala».

        «Eta bere gizona?» itaundu zion Jonek, adarrez adar ibil ez zedin.

        «Senarra ez diat horren ongi ezagutzen. Ikerrek gizon alaia ematen dik. Baina hori ere maiz harroxko agertzen duk, bere andreak kutsatuta, noski.

        Julen, anaia gaztea, bekoki ilunekoa duk. Dirua parra-parra gastatzen omen dik jokoan. Gernikan, Markinan, Astelenean... frontoirik dagoen tokietan oso ezagun diate.

        Hor zegok, bada, koska! Emazteak sosak zintzo-zintzo altxatzen eta senarrak zarrapastaka xahutzen. Emilianak diruaren ardura hartuko ez balu, zer izango litzateke familia horretan?».

        «Eta Gotzon, Loreren seme hori?».

        Izebak barre egin zuen.

        «Gotzonek beti grazia handia egin zidak. Ez ederra delako, tximino bat ematen duelako baizik. Beti keinuka, beti hizketan, uneoro erabaki garrantzitsu bat hartu beharko balu bezala.

        Baina antzerkietan nor hura ezagutu? Mutila duk hori orduan. Behin ikusi nian «Bordaxuri» egiten; zoragarri, zoragarri! Ongi baino hobeto bete zian bere eginkizuna. Eguneroko bizitzaz beste bat zirudien».

        «Eta mutil zintzoa iruditzen al zaizu?».

        «Bai, hori bai. Ez diat behintzat gauza handirik entzun puntu honetan. Hori bai, bere lehengusua, Iñaki, puntakoa duk. Donostiako neskatila guztiak atzetik ditik. Ez duk harritzekoa: mutil on, leiala, diruduna...».

        «Eta Itziar? Honela du izena bere arrebak, ez da?» autua eten zion berriz ere ilobak, alferrikako kontuak esango zituelakoaren beldurrez.

        «Bai, Itziar gaixoa! Baditu buruan Igeldoko kilker batzuk. Horri ere beste askori bezala gertatuko zaiok! Aldamenean dituen mutil zintzoei baino bere buruko ametsei kasu gehiago egiten badie, azkenean artaburu edo lotsagabe batekin ezkonduko dik».

        «Arrazoia galanta daukazu» esan zion Jonek «zoaz katuak orraztera» esan beharrean.

        Diru asko gastatzen al dute Sarasketatar gazteek?».

        «Ez diat ezer entzun. Julenek bai. Eta Lore ere Frantziara sarritan joaten omen duk bere Mercedesez, erosketak egitera. Edo beste batzuek dioten bezala, bere aurpegi ederra erakustera».

        Hamaikak edo ziren Bidart etxetik irten zenean. Ordurako argiaren ondar izpiek egunari azken agurrak eginak zizkioten Finisterrae aldean. Urgullerantz abiatu zen. Asmo bat zeukan bihotz ondoan. Hutsa ateratzen bazitzaion ere, ibilaldiak mesedea egingo zion.

        Haurtzarotik zen detektibea Urgullen zale. Mendi hartan bere lagunekin sarritan ibilia baitzen gorde-gordeka. Hango zoko-moko guztiak bere eskua bezain ongi ezagutzen zituen.

        Hango bidezidorrak etxeko zurubiak bezainbat maite zituen. Zenbat bider gorde ote ziren beren jolasetan itxas-ler haien azpian! Zuhaitz haiei inori baino pozikago kontatuko zizkien bere bihotzeko kezkak.

        Eta Urgullekin batera «Alderdi Zaharra» gogokoa zitzaion. Beti bekaizti gelditu oi zen, norbaitek han jaioa zela esaten zionean.

        Mendian gora joan hala, barrena umetako oroipenez eta sentipenez umotzen ari zitzaion.

        Urgull gaineko ikuspegia bai zoragarria! Han goitikan mugagabeko itsasoa ikusteak zoramenezko zirrara ematen zion.

        Ezkerretara «Txirla» hondartza zeukan. Orduan batez ere haren bistaz, isilaz eta bakartasunaz sentitzen zuen poza nola adierazi? Jendeak han pilatuta zegoenean bere oihu eta gorputzekin toki hari edertasuna kentzen zion, basamortu erdian zozketa-tonbola bat jarriz bezala.

        Itsas bazterretako argiak piztuak zeuden. Mugaz bestaldeko lurrak ere ikusten zituen euskaldun guztien batasuna aldarrikatzen. Itsaso berak —jainkoaren ezpainak bailiran— laztantzen zituen mugaz bi aldetako lurraldeak. «Jainkoak batua, hemen ere gizonak desegina» pentsatu ohi zuen.

        Han behean, bere oinetan, uhinek harkaitzaren kontra joz, bere gogapenei musika jartzen zien. Pozik gelditzen zen han, aspertzeke, munduak bere sabelean dituen ezkutukiei galdezka.

        Urgull tontorretik jaisten hasi zenean gauerdi zen.

        Ez zion ardura, hurrengo goizean berandu jaiki baitzitekeen. Ilunpetan zuhaitzek lamien eta sorginen antza hartzen zuten. Mehatxuka eta intzirik gaizkileei egindakoaren ordaina eman nahi ziotela zirudien.

        Bidean behera aulkiak, eserlekuak eta belardiak maiteminduz beterik ikusi zituen. Haien hizketa goxoa errekasto apalaren za-zaz-zaren antzekoa zen. Ilunak maiteminduei barrua husteko adorea ematen zien, nonbait. Izan ere, solaskidearen begien zorroztasunak egiten gaitu sarritan lotsati eta uzkur.

        Urgulleko hegalaren erdi aldera, bidezidorrez bazoaz, bi haitz handiren artetik igaroko zera. Haitzarte hori baino beheraxeago argalgune bat agertzen da. Momentu hartantxe ilargiak hutsune haren erdiko eserlekuan eserita zegoen bikotea bete betean argitzen zuen.

        Zirrara bat pasa zitzaion Bidarti alderen beste. Han ziren berak bilatzen zituenak. «Ongi ikusten al dut?» pentsatu zuen bere artean.

        Bai horixe, ongi baino hobeto ikusi gainera, ilargi izpiek maitemindu haien aurpegi elkartuetan zuzen-zuzen jotzen baitzuten: Gotzon eta Zorion ziren.

        Atzera egin zuen. Haitza handia zen eta gordeleku ona, goitik beste inor etortzen ez bazen, behintzat. Entzun ez zuen ezer entzuten, bikotea urrun samar baitzegoen.

        Gehiago hurreratzerik ez zenean, bere burua salatu gabe. Denbora puska batean ban geratu zen gordeta; nahikoa zen bikote hura maitebidean aurreratu samar zegoela ikusteko.

        Bidart etorritako bidean gora itzuli zen eta gero ezkerretara joz, beste lasterbide batetik jaitsi zen kalera. Har, automobila hartu eta etxera.

        Gaur hartan Bidartek ametsetan egin zuen. Urgull gainean zegoen. Bat-batean Gotzon Sarasketa eta Zorion Epelde ondoratu zitzaizkion.

        Irribarrez agur egin zioten, aurrera eginez, beti aurrera. Bidartek lehengoz hitzez eta gero keinuka «Geldi, geldi» esan nahi zien. Baina ezin. Zur eta lur zegoen.

        Bikotea beti aurrera, itsas amilburura ...eta brast, ustekabean berari eskutik heldu eta hirurak putzura.

        Bidart iratzarri egin zen, izerdi patsetan.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia