KASTAZ DU ERBIAK LOTSATI IZANA

 

        «Egun on, Zorion». Detektibea zutik zegoen eta eskua luzatu zion. Neskatxak irrika handirik gabe luzatu zion berea.

        «Ba al dituzu minutu batzuk libre nirekin mintzatzeko?».

        «Minutu guti bada, bai. Ikusten duzu etxeko hara-honakoa. Gauza guztien begirale nago».

        «Nire mintzaldia oso laburra izango da. Eseri egingo gara». Eskuarekin inbitatu egin zuen neskatxa eta bera ere eseri zen. «Galdera batzuk eta kito». Doinu zoliz hasi zen.

        «Joan zen ostiralean, 6.an, goizean hemen izan al zinen?». Neskamea puska batean pentsatzen gelditu zen. «Ez, ostiralean, beti bezala kanpora irten nintzen mandatuak egitera».

        «Goiz osoa kanpoan eman zenuen?».

        «Ez. Ordu pare bat edo. Erosketak egiteko behar den denbora».

        «Zein ordutan irten zinen?».

        «Ez dakit ziur, hamarretan edo... Bai hamarrak baino pixka bat lehentxeago, Aldameneko haragitegitik irten nintzenean Artzain Onaren Katedraleko kanpaiak hamar eta laurdenak jo zutela oroitzen bainaiz».

        Gogoz kontra erantzuten ari zen. Detektibeak arretaz begiratzen zion, ukalondoa zizeiluan jarrita. Angorazko katu zuri eder bat nonbaitetik etorri eta Zorionen zangoetan bere gorputza esku-soinu bat balitz bezala igurzten hasi zen.

        Detektibeak betozkoa jarri eta ahaleginak egin zituen hurrengo hitzei pisu ematen.

        «Orain, andereño, pentsa ezazu une batez lasai, erantzun baino lehenago. Ostiralean goizeko bederatzi t'erdietan hor nonbait, zure etxekoandre zenak dei garrantzitsu bat egin zuen telefonoz. Entzun al zenuen ustekabean dei hura?».

        Isilaldi lodi baten ondoren neskameak.

        «Ez». Erantzun ozen bat izan zen. Baina haren begi, bekoki, betilunak hitzarekin bat ote zetozen zalantzatu zuen detektibeak.

        «Eskerrik asko, andereño. Besterik ez. Barka, nire galderekin aspertzen bazaitut».

        «Ez, ez nauzu aspertu. Tamala ezin gehiago laguntzea».

        «Ez dio ardura. Bide guztiak Erromara omen doaz eta azkenean nik ere neurea aurkituko dut».

        «Baina... Errosario andrearen heriotzan nik parte izan dudanik uste al duzu? Benetan...».

        «Errosario anderearen erailea nor izan den Jainkok daki. Gaizki esan dut; egin duenak ere».

        «Edo egin dutenek» ebaki zion Zorionek.

        «Horixe da. Neska maratza eta fina zarela esan didate; baina buru-argiaren eskasik ere ez duzu».

        Neskatxa zeharo gorritu zen eta ezer esan baino lehen detektibeak jaiki eta agur egin zion.

        «Hots, andereño. Jarrai lanari. Eta mesedez, baliteke egunotan zuri ideia argitsuren bat bururatzea. Ni zure aginduetara nago. Edozein momentutan zurekin pozik hitz egingo nuke. Agur».

        Zurubietan behera abiatu zen. Neskatxa berriz mailburuan gelditu zen. Detektibea itzali zenean, neskameak bere burua nazka-keinu batez inarrosi zuen, euli likitsu bat iraizteko bezala.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia