ITSASOAK ADARRIK EZ
Egun hartan bertan, arratsaldean, Bidart Egaña Kaleko 21. bizitzara alderatu zen. Atarian, eskutitz kutxatxoei so egin zien. Laster aurkitu zuen bilatu nahi zuena:
«Agustin Urbieta. Bigarren bizitokia. C.».
Arratsaldea goiza baino ilunago zen. Ez zuen euririk egiten, baina zeruak berunezko jaka bat jantzia zuela ematen zuen. Giro tristea.
Ez zituen maite Bidartek egun goibel haiek. Holakoetan gaiztoa edo ona izateko gogoak alde egiten zion. Grina guztiak sugandilak bezala nonbaiteko zirrikituetan ezkutatzen zitzaizkion, eguzkia noiz azalduko.
Zurubian ez zegoen argirik. Barandari heldu eta ateraino zen. Atea jo eta emakume gazte bat agertu zitzaion. Ez zegoen azaldu beharrik. Hura bai Zorion Epelderen antzekoa! Pixka bat tikiago, lodikoteago, baino hazpegi berdinak, begiratu urduria, osasunezko itxura bera.
«Arratsalde on, etxekoandre. Zorion Epelderen ahizpa hemen bizi al da?».
«Bai, Jauna, ni nauzu. Zer nahi zenuen, bada?».
Barne aldetik haurren zarata zetorren. Detektibeak ez zekien garbi nondik hasi. Zorionek ez omen zion inori esan, ez eta bere ahizpari ere, Errosario anderearen heriotzaren egiazko arrazoia. Sinestekoa? Badaezpada ere, galderak emakumea goganbeharrarazi gabe egin behar.
Aurpegirik xarmantena jartzen ahalegindu zen.
«Begira, ni detektibe horietako bat naiz».
Kopeta eta begiondoak zimurtu zitzaizkion emakumeari. Detektibe hura? Irabazpide horretako guztiak ez al zuten, bada, bibote eta erdal kutsurik? Hara non agertzen zaion orain mutil sendo mardul bat euskaraz mintzatzen.
«Eta...?».
«Galdera batzuk egin nahi dizkizut. Hobe barnean mintzatzea».
«Sar zaitez, sar, mesedez!».
Egongelara pasa ziren. Bi haur zeuden han, neska mutilak, biak ile horixka baina aurpegia ama baino beltzagokoak. Lurrean erdi etzanda, jostailuekin ari ziren bi antomobil eta kamioi bati eragiten.
Gizonezko arrotz hura ikusita bat-batean isildu ziren.
Hauek dira haur jatorrak: Zureak al dituzu?» galdetu zion detektibeak andreari, haurrei alaikiro begiratuz. Emakumea une batez bere kezkaz dena ahaztu zen eta haurrei bihotzeko irribarrez begiratuta, baietza eman zion.
«Tira, nola duzu zuk izena?». Bidartek mutikoari.
Haurrak begiak handi-handi eginez begiratu zion eta gero amarengana galdezka bezala burua itzuli zuen.
«Ni Jon Mikel naiz eta hau nire arrebatxoa da: Amaya. Nik bost urte ditut eta honek hiru».
Neskatilak aurpegi alaiz begiratzen zion detektibeari. «Nire neba ez al da mutil azkarra?» zioten haren begiek.
Bidartek neskatoa besapetik heldu eta gora igo zuen sabaira bota nahi balu bezala. Neskatoak barre algara egin zuen. Mutikoa bitartean begira-begira zegoen, bekaitzez, eria ahoan sarturik.
Jonek hura ere berdin goratu zuen, xalotasun osoz, haur haiek aspalditik ezagutuko balitu bezala. Ez zen hura apropos egiten zuen gauzarik. Haur guztiak bihotzez maite zituen. Eta haurrek ere laster hartzen zioten maitasuna.
Amak sukaldera bidali zituen, lasaiago mintzatzeko.
«Begira», hasi zitzaion Bidart, emakumearen konfiantza irabazi nahirik. «Errosario Iruarrizaga, zure ahizparen etxekoandrea hil zen egunean, estutasunezko joan-etorri haietaz baliaturik, norbaitek Errosariok zeukan eraztun baliotsu bat ebatsi zuen. Sarasketatarrek niri leporatu didate bitxi hori bilatzea».
«Eta nire ahizpak ebatsi duelako susmorik al duzu?».
«Egia esan, ni ia ziur nago hura ez dela lapurra izan. Baina dena nahas-mahas eta mordoilo dago eta nola edo hala hasi behar dugu gauzak argitzen».
Emakumeari atseden intziria atera zitzaion.
«Zure ahizparekin hitz egin dut. Esan didanez, joan zen larunbatean zortzi, hain zuzen ere andere Rosario hil zen larunbat hartan ez omen zen «Lorategin» agertu zazpi t'erdiak arte. Ordu bietatik sei t'erdiak arte hemen zurekin izan zela. Egia al da hau?».
Bidartek aurpegirik alaitsuena jarri zuen, emakumeari egia esaten laguntzeko.
«Bai, horrela gertatu zen» erantzun zion hark ahopean bezala.
Bidart ez zen oso lasai gelditu. Erantzuna badaezpadakoa iruditu zitzaion... Bere irudipen hutsa ote zen?
«Bai» jarraitu zuen andreak, «ordu bietarako hemen zen. Bai hori da. Nire gizona gaur bezala ordu bata t'erdietan irten zen eta berehala ahizpa etorri zitzaidan. Gero seiak pasata, alde egin zuen».
«Eskerrik asko, andere. Hau bakarrik jakin nahi nuen. Zure ahizpa ikusten baduzu, goraintziak nire partez. Benetan eurrez balio duen ahizpa duzu».
Emakumeak ez zuen ezer erantzun. Biak zutitu eta haurrak ere berriz agertu ziren. Agur egiteko detektibeak tximetatik goxo tira zien.
«Hots, aingerutxoak. Hurrengo arte, Gogotik jolas!».
Emakumeari agur bero bat eginez kalera irten zen. Eguraldia pixka bat argitsuago zen. Eguzkiak hodei artetik eskua luzatu nahi zuen. Jonek begiak pixkanaka zabal-zabal egin zituen, eguzkiaren printzek bere barneko iluntasuna eta korapiloak argi ziezazkioten.
© Gotzon Garate