AUSARKI BORROKATZEA
ERDI GARAITZEA

 

        «Aurreneko galdera», hasi zen Iker. «Jon Bidart arazo honetan sartu dela diozu. Zer edo zer aurkitu al du?».

        «Ja ezer ez. Hona heldu zenean katramila honen berri eman nion. Berehala ekin zion lanari. Bera izan zen aska ondoko belarrak eta bidezidorra zehatz-mehatz miatu eta bide zidorrean marroak eta abarkaren hatzak aurkitu zituena.

        Gainerakoan niri esan zidanez behintzat, ez zuen garrantzizko heldubiderik aurkitu. Jakina, Errosario anderea uretan egon zenez gero, alferrik zen eri aztarren bila ibiltzea. Amona hil zuen tresna maltzurraren aztarrenik ere ez zuen idoro».

        «Beste jardunik ez al zuen egin?» galdetu zuen Julenek fidagaitz.

        «Ez, agudo alde egin zuen, zuen aginduetara gelditzen zela esan ondoren. Niri garbi azaldu zidan, ordea, zuek ez eskatzekotan, inolaz ere ez zuela nahaspila honetan bere burua sartu nahi. Lehen ere bazeukala eta lanik asko».

        «Eta orain zertara jo behar dugu?». Galdera hau egiterakoan, Sarasketatar anaia zaharrenak bere ahaide guztiengana banaka zuzendu zituen begiak.

        «Gure lehendabiziko eginbeharra agerian dago». Gotzon zen honela hitz egin zuena, mintzoa goratuz eta oso urduri, hizketari aurpegi, esku eta gorputz-keinuez laguntzen ziola. Antzerki lanean ari izan balitz, ez zukeen hobeki egingo.

        «Polizia abisatu behar dugu edo Jon Bidart edo haren antzeko miatzaile baten ardurapean arazo hau jarri».

        «Edo guztia bertan behera utzi eta ahaztu, polizia edo detektibea deitu gabe», gaineratu zuen Julenek erre samar.

        Osabaren hitzek Gotzon biziro mindu zuten. Sutan esan zuen:

        «Hori ezta bururatu ere! Mundu osoak nahi ez balu ere, neuk bakar bakarrik ekingo nioke gaizkilearen bilatzeari...»

        Ikerrek keinu batzuk egin zizkion, bare zedin.

        «Nik behintzat polizia ez nuke deituko», sartu zen Emiliana. «Zertarako? Donostia osoak gure lepotik maxiaketan jardun dezan? Hobe dugu detektibe bat gure gain hartzea». Julen ia beti bere andrearekin bat zetorren. Baina oraingoan ez. Bere hariari setatsu heldu zion.

        «Zuek ikus. Detektibe bat deitzen baduzue, niri baketan utz! Horik etxe batean zangoa sartuz gero euliak baino gogaigarriagoak bihurtzen dira eta. Poliziak baino askoz aspergarriagoak...».

        Itziarrek beldur eta goxo hizketa moztu zion.

        «Horrela da, aita. Baina zer ari gara? Ez al gabiltza gaizkilea bilatu nahian? Bada, orduan, detektibe bat hartzea hobe dugu. Eleberri guztietan poliziek aurkitu ezin dituzten hiltzaileak detektibeek edireten dituzte. Eleberri guztietan hala gertatzen bada, benetan ere horrela gertatuko da, noski. Gainera, askoz isilagoa da holako detektibeekin harremanetan jartzea, poliziarekin baino».

        Gotzonek eskuei gora eta behera eraginez neskatxaren iritziari atxikitzen zitzaiola adierazi zuen.

        Lore ostera, Julenekin bat zetorren. Higuina ematen omen zion arazo hura detektibe baten eskuetan jartzeak.

        «Miatzaile horiek beren eginkizunari baino kasu gehiago egiten diete ikusmin eta maitakeriei, batez ere neskatxa gazteren bat tartean denean».

        Hau dena sabairantz begira esan zuen.

        Hitzerdi hura, agi zenez, Itziarrentzat egina zen. Honek behintzat bero samar erantzun zion, beste inor hizketan hasi baino lehen.

        Denek zekiten Itziar eta bere izeba ez zirela inoiz elkarrekin ongi etorri. Lore nonbait gehitxo sartzen zen Itziarren arazoetan; neskatxaren akatsak ikusteko begi zoliak zituen eta maxiatzeko mingaina ez motza.

        «Ez estu niregatik. Ez nago ni miatzaile batekin koipekerietan jarduteko. Unibertsitatean badut mutilik ugari aukeran. Horiekin aski dut».

        Hitzok jalkitzerakoan bera ere nabarmenki sabairantz begira gelditu zen, irribarrez. «Hartu din horregatik, orraztu ederra», zion bere artean. Lore Ikerri, lapa haitzari bezala lotu zitzaiola entzuna baitzen beti senitartean.

        Iñakik, haserre antzean, bere arrebari ezarian atximur egin zion. Ez zen hura txantxetako unea!

        Gero bera ere detektibearen alde agertu zen. Ikerrek hitza hartu zuen.

        «Iritziak ezberdinak dira. Neuk ez dut gertakizun honetan gauza garbirik ikusten. Zer deritzozu zuk, On Jazinto?».

        «Polizia deitzeak baditu bere alde onak. Poliziak, esate baterako, detektibe batek baino bide gehiago du korapiloak askatzeko.

        Halere nik arazo honetan Jon Bidart aukeratuko nuke. Lehendabizi, auziaren jakinean dagoelako. Horrela arazoa isilago biribilduko duzue. Gainera Jon buru azkarra eta zuhurra da. Euskal Herri osoan ez duzue lan hauetarako horren antzeko gizonik aurkituko.

        Eta azkenez: Lorek eta Julenek arrazoi handia zuten detektibeak sarritan aspergarriak direla esatean. Muturra alde guztietan sartu behar izaten dute.

        Baina ez ahantz Jon Bidart legegizona denik. Lege barruan jokatzen badaki horrek. Behin baino gehiagotan egin dugu lan elkarrekin eta benetan gizonezko oso gizabidekoa, bihoztia, apala dela aitortu behar dizuet.

        Ondo dakit ahalik gutxien gogaitaraziko zaituztela. Hitz gutxitan esanda: Jon Bidart gizon lehiatsu eta atsegina da: auzi honetarako egokienik egokiena».

        Julen ez baina Lore pixka bat bigundu zen On Jazintoren mintzaldiaz eta azkenean detektibea deitzea erabaki zuten.

        On Jazintok erlojuari begirada bat eman zion berriz ere. «Josu! Zazpiak eta bost!». Zutitu eta denei agur egin zien. Besteek ilun erantzun zioten.

        Bidart jakinaren gainean berak jarriko zuela agindu zuen Ikerrek. Ahal zen zalapartarik gutien ateratzeko esango zion.

        Gero zenbat diru eman behar zitzaion eta beste xehetasun batzuk garbi jarri zituzten. Emilianak ez zuen ahorik ireki ere. Azkenean Gotzonek gastu guztiak bere gain hartzen zituela esan zuen.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia