GAITZ OROK DU BERE GAITZAGOA
Aretoan bonba bat lehertu izan balitz, ez ziratekeen entzuleak eraitsiago geldituko. Guztiak ikaratuta On Jazintori begira gelditu ziren, piztia bati bezala. Loreri eskutik liburua ia erori egin zitzaion.
Gero bata besteari begira hasi ziren. Denak zozotuta zeuden, sinesgabe eta harrituta.
Emilianak bere senarrari so egiten zion, lehenagotik zer edo zer ote zekien edo. Itziarrek Iñakiri ezarian keinu bat egin zion etsi antzean: «Gizon hau bere onean ote dago gero?».
Gotzonek begiak irten beharrean zeuzkan eta bat-batean ondoeza egin behar zitzaiola ematen zuen. Odolik gabe gelditu zen zurbilaren zurbilez.
Baina ate atzeko punpatako batek guztiak beren kezkatik ernatu zituen. Orain ere lehen bezala Gotzonek jauzi bat egin zuen aterantz; irekitzean gorputz batekin topo egin zuen. Zorion neskamea konorterik gabe zegoen lurrean.
Eskuetan hartu eta sukaldera eraman zuen bizkor.
Aretoan gelditu zirenen artetik azkenean Iker ausartu zen hitz totelka badere esateko:
«Baina nondik dakizu hori?».
«Amonaren gorputza ikusita. Ez uste txantxetan ari naizenik. Berri astunak dira hauek arinkeriaz esateko. Badakit, bai, zer galdetuko didazuen. Baina lehenago bi argitasun eman behar dizkizuet.
Bata: zergatik egon naizen isilik orain arte. Ehorzketak amaitu arte arazo hau baketan uztea hobe zela iruditu zaidalako. Eta gainera, gaur denok hemen elkartzeko asmoa hartua zenutela atzo jakin nuelako».
Gotzon berriro aretora itzuli zen. Itziarrek, ustekabean, anaiaren eskuak estu-estu hartuak zituen; Julen bere buruari hazka ari zen, burutapenak zuzendu ezinik, apika.
Inork tutik ez ziotsola eta aurrera jo zuen On Jazintok.
«Bigarren: Ez dago zalantzarik tipiena ere Errosario anderearen heriotzaz. Haren gorputza ikusi nuenean berehala etsi nuen emakume hura ez zela ito. Gorputzean ez baitzeukan urik.
Nola hil zen bada? Bihotzekoa edo izan zukeela uste izan nuen hasieran. Edo buruko zainen bat leher zekiokeela. Baina ez zen holakorik...».
Hurrengo hitzak On Jazintok astiro jalki zituen, guztiak ongi uler zitzaten eta galdezka alferrik has ez zitezen.
«Gorputza ongi miatu ondoren, bihotz ondoan zulotxo bat aurkitu nuen. Nire zalantza guztiak orduan bukatu ziren. Norbaitek emakumeari bihotza ziztatu egin zion tresna luze, mehe batez».
Guztiek aho zabalik entzuten zioten, ageri ofizial bat entzun ohi den bezala. Sendagileak tekniko baten jabetasunaz amaitu zuen:
«Nire aburuz, jostorratz luze edo ziri batez».
Entzuleen aurpegiak goibeldu egin ziren. Sendagilearen azken hitzak areago nahasten zuen arazoa.
Emilianak berez potoloa eta kolore onekoa izan arren une hartan argal eta zurbil ematen zuen. Gotzoni masail hezurrak irten beharrez zorroztu zitzaizkion.
Julenek haserre keinu bat eginez eta ahots zakarrez esan zuen:
«Nola demonio aurkitu zuen orduan Ikerrek gure amaren gorputza askan?».
On Jazintok otzanki begiratu zion, maisuak epelkeria bat galdetu duen haurrari begiratu ohi dion bezala.
«Garbi da amona hil ondoren ez zela askaraino joan...». Inork ez zuen irribarrerik egin. «Askan aurkitu zuen Ikerrek amona», jarraitu zen sendagilea benaz. «Beraz edota ziztatu zutenean aska ondoan zegoelako bere astunez erori zen; edo ziztatu ondoren gaizkileak askara jaurti zuen, ito-itxura egiteko».
Ikerrek baiezko keinu bat egin zuen.
«Nire iritziz eta... ez bakarrik nire iritziz, bigarren argiera honek egiantza gehiago du: norbaitek askara bota zuela, alegia».
Berriro hitza eten zion Julenek:
«Zutaz beste inork ba al daki, bada, berri hau?».
«Bai, esango dizuet. Argitasun gehiago behar nuen. «Ba al dago beste biderik heriotza hau azaltzeko?». Hauxe galdetzen nion neure buruari eta zuek ere orain bertan horixe itauntzen duzuela uste dut zeuen barruan.
Badaezpada ere zalantza guztiak kentzeko, nire bi adiskide sendagile deitu nituen. Zuetako batzuk konturatu zineten hemen izan zirela. Baina zertarako etorriak ziren ez zenuten asmatu, noski».
Ikerrek, Lorek eta Emilianak aho zabalik egon arren, buruarekin ezetz esan zuten.
«Badakizue Fernan Agirrebalzategi Donostiako bihotz sendagilerik onena dela. Eta Haritz Arbezua ebaketari ospetsua ere guztiok ezagutzen duzue».
Bigarren hau aipatzerakoan Emilianari begiratu zion, honi Arbezuak Itziarrez erditzeko garaia etorri zitzaionean ijaratik atera baitzion.
«Gure lanean eragozpenik gabe jarduteko hau esan nion Ikerri: nire bi lagunek eta hirurok gorputza aztertu egin nahi genuela, itotzearen ezagugarriak egiaztatzeko.
Gorputza astiro ikusi genuen eta zalantza izpirik ere ez dago: Errosario andereari norbaitek bihotza aldez alde zulatu zion. Heriotza hiru t'erdietatik lau t'erdietara bitartean gertatu zen».
Iñakik begiak eskuarekin estali zituen. Ezin sinetsi! Lorek atzamarra jaso, baina gero etsipen keinu bat egin zuen. Sendagileak bere buruaren eragin batez hitz egitera eiakatu zuen.
«Ez... ez, txorakeria bat da, baina... nik ez dut uste baina... ezinezkoa al zen Errosariok berak bere burua hiltzea?». Sendagileak ez beste denak nazka keinu bat egin zuten hitzok entzunda. Holakorik ere esan!
On Jazinto guztiak baretu arte zain egon zen.
«Galdera ez dago gaizki egina, nire iritziz», esan zuen gero.
Lorek begirada xamur bat zuzendu zion.
«Guri ere galdera hori bururatu zitzaigun. Eta zauria ongi ikusi ondoren berak egin zezakeela iritzi genion. Hori egia izanez gero, amona aska ertzera joan eta hantxe bere buruaz beste egin zuen».
«Baina hori ezin daiteke izan», ebaki zion hitza Iñakik kartsuki.
«Zergatik ez?» galdetu zion Lorek. Ikusten zen Iñakiren ateraldiak ez ziola grazia handirik egin.
«Amonak bere burua ziztatu izan balu, jostorratza edo delako tresna hori bihotzean itsatsita eduki zukeelako... Iker izan zen amonaren gorputza aurkitu zuena eta ez dut uste holakorik ikusi zuenik...».
«Ez jostorratzik eta ez susmo txarreko ezer ere», gaineratu zion Ikerrek berak.
«Hori da nire iritzia ere», esan zuen sendagileak. «Jakina, beste bi eratara ere gerta zitekeen heriotza. Amonak jostorratza sartu eta atera egin zezakeen. Baina bihotzeko ziztada hain sakona zenez gero, horretarako astirik ez zuela izan ageri agerian dago.
Bigarrena. Jostorratza sartu eta erortzerakoan edo geroago irten zekiokeen. Hau litekeena da, baina sinesgaitz dirudi. Jostorratza ongi sartuta eduki behar zuelako, noski.
Badaezpada ere, aska ongi aztertu genuen. Ez genuen ezer aurkitu. Ziurtasun osoa izateko aska inguruak ere zehatz-mehatz arakatu genituen».
«Eta?» galdetu zuen Ikerrek larritasunari heldu ezinik.
«Ez jostorratzik eta ez antzekorik ere ez zegoen inon. Baina askara doan bidezidorrean abarka-arrastoa eta bi marra luze ikusi genituen, arrastaka eramanda kristau baten oinetakoek egin litzakeenak».
Emilianari «eeene» luze bat atera zitzaion eta buruari bi eskuekin heldu zion. On Jazinto hari begira hizketan jarraitu zen.
«Bi marra horiei eta abarka-urratsei segituz aska ondoko aulki bateraino joan ginen. Aulki gainean, berriz, egunkari bat aurkitu genuen».
«Beraz, zein da zure iritzia?» galdetu zion artega Itziarrek.
«Nire iritzia ez da ezer askotarako», erantzun zion sendagileak. «Baina... baliteke amona aulkian irakurtzen egotea, norbait ondoratu, hil eta gero askara botatzea...».
Guztiak izututa gelditu ziren.
«Hau denau neure barruak aginduta esaten dizuet. Besterik ez. A, bai. Amonaren heriotzan gaiztakeria nahasirik zela ohartu nintzenean, Jon Bidart detektibea deitu nuen, arazoa lehenbailehen azter zezan.
Ongi ezagutzen duzuela uste dut. Izan ere Donostian ez ezik Euskal Herri osoan lehendik izen handia irabazia dauka, heriotza eta korapilorik nahastuenak askatzen azkarra baita.
Hara bada; zuek, detektibe hori, nire bi lagun sendagileak eta ni kenduz gero, nire ustetan ez daki beste inork auzi honen berririk. Zuek ikus orain zer egin. Arazo honi jarraitu nahi badiozue, Jon Bidartek lagunduko dizuelakoan nago.
Neure esan beharra bukatu dut. Besterik ez baduzue agintzen... banoa».
Hau esanez batera zutitu egin zen.
«Galdera bat», jalki zuen Emilianak. «Gure amaginarrebaren gorputza arakatu zenutenean, ez al zenuten aurkitu ezkerreko eskuan beti zeraman diamantedun eraztuna?».
«Ez. Erietan ez zeukan ezer. Hori garbi dakit. Galdu egin al da bada?».
«Ez dakit, baina nik gorputza ikusi nuenean ez nuen bere erietan aurkitu eta Ikerrek ere ez omen zuen ikusi. Horregatik...».
«Nonbaiten beste bitxien artean edo gordeta izango dun, emakumea», bitartekotu zen Lore. «Bilatuko dun. Ez hadi gehiegi estu».
Emilianari masailak gorritu zitzaizkion, zer edo zer jalki nahi izan zuen, baina hitz ebaki batzuk besterik ez zitzaizkion atera.
«On Jazinto», hots egin zion Ikerrek, sendagileak joatekoa egin zuela ikusirik. «Barka, baina, zure aholkuaren beharra izango dugula uste dut. Zugan uste osoa daukagu. Presaka ez bazabiltza, behintzat, geldi zaitez. Eser, arren!».
On Jazintok eskumuturreko erlojuari begiratu zion.
«Seiak dira. Zazpietan joan beharra dut. Bitartean...
© Gotzon Garate