EMAITZAK HAUSTEN DITU HAITZAK
Astearte goizean «Lorategi» landetxean Sarasketatar guztiak elkarrekin zeuden, amaren testamentuaren zehaztasunak entzuteko asmoz. Ikerrek, notari zenez gero, hilburukoa irakurtzea bere gain hartu zuen.
Areto nagusia oso zabal eta tankera zaharreko zen, eserleku ugari eta dotorez jantzia. Hormari itsatsita antigoaleko tximineta bat zegoen, neguan pizten zena.
Erdian gaztaina-zurezko mahai handi bat, bere loreontzi ikusgarria eta guzti eta bazterralde batean isilez aspertuxea zirudien piano bat. Paretetako goialdeak lauko beztakaz apainduak.
Eta laukoen azpian, hiru alderdietara zabaltzen ziren liburutegiaren apalek, liburu berriak baino zaharrak gehiago zeuzkaten.
Ahaidekoen artean zurrumurru bat besterik ez zen entzuten. Inork ahotsik goratu gabe, denak isil antzean mintzo ziren, nork bere artegatasuna berarentzat bakarrik gorde nahi zuelarik.
Gehienak gogoetatsu zeuden; baina aurreguneko nahigabeak ahaztuxeak zituztela ageri zen. Testamentua banatzearen pozak aurreko ilunaldiak argitzen zizkien, nonbait, eguzkiak laino narrasak bezala.
Zizailu bigun batean Lore Orgamendi eleberri bat irakurtzen edo ari zen. Bere ondoan, berriz, Gotzon zegoen, besoak bular gainean aumatuta, aurreko paretan zintzilik zegoen basahuntz buru bati kopeta beltzez begira, ahuntz hura bere gogoeta hitsen errudun balitz bezala.
Moztaka bat zen Gotzon. Bekain usuak zituen eta hitz egiterakoan ia etenik gabe eskuak gora eta behera erabiltzeko ohitura zuen. Isilik zegoela ere, masailak batera eta bestera erabiltzen zituen, urduriaren urduriz.
Etzan-aulki guri batean Iñaki eta Itziar ahopean ari ziren hizketan. Aldameneko eserlekuan Julen eta bere emaztea elkarrizketa bizian zeuden. Baina guztiek noizbehinka betertzez Ikerrek eskutan zeuzkan paperei begiratzen zieten.
«Hots», hasi zen anaia zaharrena. Aretoan isilaldi bat egin zen. «Hemen gaude gure amaren ahaideko guztiok. Azken nahia irakurtzera noakizue. Ez dut uste ezer ilunik aurkituko duzuenik. Baina galde, zerbait ulertzen ez baduzue».
Ez zuen inork txintik atera. Ikerrek ahots zoliz irakurri zuen hilburukoa. Irakurgaia bukatu arte euli-burrundara eta kanpoko haize-eztul batzuk besterik ez ziren entzun.
Iker Sarasketari «Lorategi» landetxea bere lur eta guzti utzi zion amak. Gotzoni Filipinasko ondasun guztiak. Iñakiri eta Itziarri amonak Euskal Herriko diru-etxeetan eta lantegietako hartukizunetan zeuzkan diruketak, erdibana.
Donostiako Avenidan amonak zuen etxe galanta Julenentzat. Lore Orgamendirentzat ez zen aitamenik ere izan eta Emiliana Sorozabal amonaren bitxi eta jantzi guztien jabe gelditzen zen.
Gotzonen zatitik berrogei milioi laurleko Zorion neskameari ematea eskatzen zuen hilburukoak. Eta On Frantziskori ehun mila. Beste hilondokoak ere baziren, baina garrantzi gutxikoak: mezak ateratzeko eta zenbait elkartasunetarako diru batzuk.
Iñaki eta Itziarren zatia handia izan arren, zatirik bikainena Gotzonek jasotzen zuela garbi zegoen. Errosariok Filipinetan zeuzkan ondasunak 200 milioi pezetatik gora jotzen baitzituzten.
Hilburukoa irakurri ondoren guztiak txutxu-mutxuka hasi ziren. Gotzon ordea kikilduta eta lehenagoko bekozkoarekin gelditu zen.
Errosariok iloba hura kuttunena zuela guztiek zekiten. Mutikotan gaixotu eta luzaro han eduki zuen «Lorategin». Amonak txita bezala hazi zuen mama guztiekin.
Mutila sendatzeko, berak sendagileak baino gehiago egin zuela esaten zuen. Baliteke arrazoiren puska bat izatea ere. Gainera sendatu ondoren ere beti arduratu zen bereziki mutil hartaz.
Ikerrek ezin zuen bere barruko poza ezkutatu eta alaikiro begiratzen zuen alde batetik bestera. Julenek ere ohi baino irribarre goxoagoa erakusten zuen.
Lorek ostera Gotzon bere ondoan muturtuta ikusirik, liburua irakurri-irudi egiten hasi zen, hango gorabehera guztiek berarekin zerikusirik ez balute bezala.
Ez ziren makalaren jabe egin Iñaki eta Itziar ere. Diru-etxeetako ondasun sail handiak beraientzat baitziren; eta nahiz eta zehatz-mehatz ez jakin zenbat zen une hartan, nolanahi ere milioi askoren gorabehera zen, noski.
Ziplo! Atean dangateko batek beren pentsamenduen haria eten zien guztiei. Gotzonek, akuiluz zulatu balute bezala, zart jaiki eta atea ireki zuen.
Zorion neskamea zen. Neskatxak ezer esan baino lehen mutilak ahopean hitz batzuk esan zizkion eta neskatxaren begiak pozez brits egin zuten. Gero neskameak berak ere zer edo zer jakin erazi zion.
Gotzonek urrats batzuk Ikerrengana egin zituen hari isil samar neskatxaren esana gaztigatzeko. Ikerrek bekokia zimurtu eta ezpainak estutu egin zituen, ustekabekoren bat baletorkio bezala.
Baina bere izu eta guzti, baietz esan zion buruarekin. Neskamea irten zen, atea zabalik utziz.
Sarasketatar guztiak atera begira gelditu ziren. Berehalaxe gizon adineko bat estu antzean sartu zen aretoan.
«On Jazinto!» ozen atera zitzaion ustekabean Itziarri.
Bai, On Jazinto Alberdi zen, etxeko sendagilea. Gizon iharra eta lerdena, buru soil samarra eta belarri ertzetan ile zuriduna. Aurpegiz agurgarria, sudur handia eta buru tenteduna, begiraldi, eragin eta keinu guztietan jauregiko handikien tankerakoa.
Aspalditik zen Sarasketatarren sendagilea eta begirune handia zioten familiako guztiek.
Iker eta Julen zutitu egin ziren eta beste denak ondoren. Guztiek galdera berdina zuten beren kolkorako: «Garaiburu honetan zertara ote dator? Doluminak ematera? Aukera zezakeen garai hobea!».
Lorek On Jazintori zorrotz begiratzen zion: egundo baino zurbilago zirudien. «Horrenbesteraino ukitu al du nire amaginarrebaren heriotzak?» zion bere artean.
Ikerrek eserleku bat eskaini zion eta guztiak eseri ziren. Iñaki ere, berez lasaia izanagatik ere, alferrik ahalegintzen zen bere urduritasuna aienarazten. Alderdi guztietara begiratzen zuen, katu izu batek bezala eta eskuak etengabe igurtzika zerabiltzan.
On Jazintok hitz egin baino lehen txistua irentsi zuen, eztarriko lakarra leuntzeko. Aretoan denak uzkur.
«Jaun-andreok. Lehendabizi nire doluminak eman nahi dizkizuet».
Entzuleen aurpegiak alaitu egin ziren.
«Baina ez naiz horretara etorri. Nire barruak behartuta natorkizue. Berri samingarri bat esan behar dizuet. Zuen amona ez zen berez hil. Norbaitek hil zuen».
© Gotzon Garate