D. JOSE IRAZU

 

Fondista del Hotel Loyola

 

 

        PARTIDA

 

        Ni Billafrankatarra, Zelaikoekin (José Antonio Badiola) erten nintzan. Asieran partidan ibilli giñan.

        —Jan-gayak nola biltzen zenituzuten?

        —Errez oso. Alkateai eskatu.

        Alkate batek esan zigun berak ezin eman zeizkigula erraziyoak; iñola ere...

        Artu, lotu ta plazara eraman genduen makilkataldi emateko. Aguro asi zan bayetz ta bayetz, ekarriko zizkigula, ta baita ekarri ere.

        —Zenbat ziñaten partidan?

        —Berrogeiren bat.

        —Indarrez eramanak edo zeren nayez sartuak?

        —Gere nayezkoak.

        —Nun ibilli zinaten?

        —Zumarragatik Tolosara bitartean. Partida bakoitzak bere toki jakiña izaten zun. Noizean bein (amabost egunean edo) Naparroara joaten giñan, Baraibar'era. An alkartzen ziran partida nagusiak eta an izaten zituzten beren esan bearrak.

        —Su askotan egin zenuten?

        —Ez; bein Billafrankara deskarga bat bota genun.

        —Zer egiten zenuten bada?

        —Zer egiten genun? Ibilli gabez geyenetan; leku batean gutxi iraun. Gure egiteko izaten zan bakoitzak bere armaz gañera beste batzuk artu ta bear ziran tokietara eraman, mutil berriak erten zeintezten. Armak geitxo ziranean, mutillak billatu ta erten erazi. Ortarako jai ta erromeri tokietara jun ta an berotzen genitun.

        —Zeun partida askoz geituko zan?

        —Ez. Gu beti berrogei. Gañerako berriak Lizarragari bidali.

        —Jangai ta bearrik?

        —Beñere. Ugari genun. Erriko alkateai eman erazi ta baita oñetakoak ere.

        Dirurik etziguten eman.

 

 

        INGENIEROS (GUDA-LANGILLEAK)

 

        Lizarragak partida txikiak Lesakara jun erazi zituenean, ara joan giñan batalloyak egiteko.

        Opiziyo genekigunak (ni arotza nintzan) alde batera artu ta ingeniero izango giñala. General Alemani nagusi. Lenbiziko ingeniero-konpañi buru Monroy, erdalduna, Manchatarra, tropan sarjento izandua.

        Gero bigarrena osatu zan.

        Agintari Zumarragako Olaran Victor, kapitana, motz sendo bat, Iturberen ayudante izana, ta Tolosar Izaguirre (etxegillea).

        Atzenean irugarrena, Ataungo Zeberio tenientea buru.

        Santestebandik Leizara, kañoyak eta eramateko bide berritu egin genduen.

        Zortzi illabete Adunan.

        —Zergatik?

        —Andoain ta beste inguru guztiak guda-gizonez bete beteta zeuden ta gu atzerago jarri giñuzten. Adunatik goizero erten ta lanera. Urnietako tunelari aboa itxi. Goiburu ta Urnietako inguruko lubakiak egin ere bai. Bestean Ayan ta abar.

        1875'garreneko Otsaillaren lenengo egunetan.

        Andoaingo estazio gañean ari giñan lanean; Buruntza gañera igotzen asi ziran beltzak. Asko ziran. Gañetik oyuka ari ziran. Guk alde egin bear genun. «Cobardes» deadar egiten ziguten.

        Andoaindik ekin zioten gora gureak. Aurretik Jose Miel (Badiola) Guías-ko konpañiakin. Bayonetak pusillen muturretan zituztela. Nik ez dakit zergatik, goyen zeuden beltzak jetxi ziran eta etzan besterik izan.

        Ernaniko plazan arkitu Loma, Andoain aldera zetorrela, ta Oviedo, bera zetoztenen nagusia. Loma sutu ta makillaz jo omen zun... Olazabalek bere ezpata puskatu... Orduan kendu zuten Loma Gipuzkoatik ta Bizkaira bidali.

        —San Markos'en?

        —Ez; batalloetako mutillak berak egin zuten. Estalki ta guztiz.

        —Ta Txoritokietan?

        —Ezta ere. An arkaitz asko da ta.

        —Arlaban?

        —Bai, bidearen eskui aldera. Irugarren batalloiko konpañi bi an egon ziran. Gazteiz'tik etorri oi ziran zaldi bakoitzean gizon bi, ta noiz edo noiz gure lubakietatik su egin genien. Etziran aurreregi etortzen.

        —Zer jantzi eman zizuten?

        —Urdin illuna, ia beltza. Botoi errenkada bikoa.

        —Jan ta diru?

        —Lanean giñanean errazio bi; opor egunetan bat. Gañera eguneko erreala.

        —Etzan asko.

        —Asko!; oraingo kontuz ez, bañan erreal batekin arraultza dozena erosten zanean... Ni sarjento egin ninduten ta erreal bi eguneko.

        —Eleiz gauzak?

        —Zintzo oso. Adunako apaizak igandeko meza artean, gogor egiten zigun. Gudara zertara etorri giñan... guda gizonen galbideak nola ziran ta abar.

        —Gazte txorakeriak izango ziran orregatik?

        —Bai; jakiña... Nagusitxoak (opizialeak) beren artean zuten banca jarria ta soldatak artu orduko jokura. Batzuetan pelotan. Baita gabez ere, mutillak argi zuziak eskuetan zituztela.

        Santa Kruz Beran artu zutenean, an giñan. Plaza inguruko etxeetan sartu giñan ta leyoetan koltxoyak jarri ta, ba-ez-pada.

        Gero Berrobin azaldu zanean, gu Tolosa gañeko Izaskunen giñan bateria egiten. Gabeko ordu batean llamada a la carrera ta Asteasura lenbailen joateko. An zegon Lizarraga ta eleiz inguruko petrillean jarri gindun. Iturbe mutil pilla batekin etorri zanean, pusillak eliz orma ondoren utzi erazi ta eskola etxean sartu zituzten.

        Egun artako zalapartagatik Antxusa gizagajoa il zuten. Goyaz'en. An giñan il toki inguruan formatuta. Lau tiro bota ta oraindik oso ill etzala ta belarri ondoan eman zioten beste tiro bat. Orduan, guk, inguruan giñanak, ildakoaren ondotik ibiltaldia egin bear genula. Ixil ixilik jun giñan, illaren eskui aldetik eta aldamenean esan zun: «Vista a la derecha», alegia guztiok begiratzeko Antxusa izan zanari.

        Beste bat ere iltzen ikusi nun. Eibarko errotaria. Apaiz bati dirua zor ziola ta zorrak ez ordaindu ezik, il egin zun apaiza.

        Bizkai aldera iru batalloi (2, 5, 6)rekin. Berriz atzera, Arzeluz Zarauz aldera sartu zala ta.

        —Ernanikoan?

        —Bai; Santa Barbara aurre aurrean bateria egin genun.

        —San Marzial'en?

        —Baita ere. Ermita aurreko bateria geronek egiña.

        Konpañiko diru zai ni nintzan ta illero joaten nintzan Billafrankara diru billa. Urretan ematen zizkiaten sarigayak.

 

 

 

© Frantzisko Apalategi

 

"Frantzizko Apalategi / Euskal mutillak armetan" orrialde nagusia