H. TOMAS LIZARRALDE

 

        —Zeñekin ibilli ziñan karlistetan?

        —Ni? Agustin Txikiekin (Atistrain, Debatarra).

        Amasei urte nituen. 1873'gko Martxoa zan.

        —Etziñan bada ibilli Santa Kruz'ekin?

        —Begira: izan zan bolada bat, Santa Kruz'ek probintziako partida guztiak bere mendean izan zituena. Ta gu ere apaizaren mendean izan giñan. Agustin berez Lizarragaren aldekoa zan. Gure artean Zabalo, gero kapitan izan zana, ori genduen Santa Kruzen aldekoa.

        Mondragon'en su egin, Arantzazun (an il ziguten Urrestildar bat), Ernion.

        Lenengo agintari, erten berrian, Xanjuan, ttattar beltz bat, guda gizon izandakoa. Euskeraz zer edo zer (gutxi) zekien. Araoz'en —50'en bat mutil izango giñan— asi zan: «Conviene saber la ordenanza militar...» Ekin zion erderaz irakurtzen. Gero euskeraz esan zigun: «Kaboari paltatzen dionari, paloak. Sarjentoari paltatzen dionari, lau tiro... Niri paltatzen diranari... ez dakit zer egingo diogun.»

        Guk parrari ekin genion. Etzizayon atsegin izan.

        Laster alde egin zun ta Agustin Txikiren mendean sartu giñan.

 

        Oñatin, mikelete opizialea Sanchez, ataundarra, (euskalduna ere). «Ondraduegia zan balientia izateko.»

        Karlista partida —gu ez beste bat— bazan.

        Zabalo arotzarena.

        Bazan Oñatin Pernando bat. Onek Sanchezi esan zion Zabaloren aita nun zan, ta mikeleteak etxera joan ta lotu zuten.

        Geroztik, Pernando Arayara tella egintzara zijoala, Zabalok arrapatu du ta baita makilkada taldi ederra eman ere. Utzi zutenean omen zion: «Gizona orrela uzteko obe zenuten il.» «Il nai dek?» esan zion Gerosoko kaiku batek ta tiro bat jo ta an utzi zuen.

        Oker au sarjento izan genun. Oso balientia bañan diru zalea ere. Errazioak eskatu ta «aguro gero.» «Gizon, orren aguro ezin genezake.» «Aguro ezin badezute, ni larri naiz, ta dirutan eman bearko.» Orrela lapurketan ari zan. Guda legez asi zanean, nean, karlistak berak il zuten.

 

 

        TOLOSA AURREAN

 

        Partidatik 4'garren batalloyian sartu.

        Santa Kruz etorri zanean, Alkizan geunden. Zabalo, gure kapitana, apaizarekin jun zan.

        Mutillak geldirik egon giñan, bañan bururik gabe geundela ta sakabanatu ginduzten. Ni 8'garrenera.

        Zabalo, kastiguz, soldado egon zan bolara baten, guardirik eta egiñaz.

 

 

        ERNIOKOA

 

        —Sª Pau Bidanira jun zanean?

        Gu, 4'garrenekoak, Ernioko arkaitzetan. Bazatozten zabal zabal. Mikeleteak Lojendiorekin aurretik. Su egin genien. Lojendiok berak esan zidan urte askoz geroago: «Gogor egin giñuzuten; zaldi gañetik jetxi bear izan nun.» Guk bear bezalako agintaririk ez genun izan. Zabalo, gure kapitanak, alde egin zigun, Paulinok ere etzun...

        —Somorrostron izan al ziñan?

        —Bai, bañan denbora gutxi. Nere aita ara jun ta asistente Ararako ekarri ninduen Bergarara.

        Portugalete aldean jarri ginduzten kastillano ta napar tartean.

        An il zan Azpiazu ((miñez)) ta, arren ordez Bikuña (Errexil'ko sekretayua).

        Komandante, Monserrat, irundarra.

        Kapitana, Guenetxea, gizon txit ona. Zituen diruak guretzako izaten ziran. Eskola gutzi zuben ta neronek egiten niozkan listak eta kontuak. Mutillik ikusten bazuen neskekin eskuka ta, aguro gastigua botatzen zion.

        Santa Kruztarra izana zan, ta orregatik etzuten beñere mallaz goratu.

        Somorrostrotik mutillak Probintzira etorri ziranean, etzekarten kristau itxurarik ere. Jantziak danak urratu ta musuak ere lur koloria.

        Gauza gogorrak ikusi bear izan zituzten.

 

 

        OCHAVO

 

        Partidayoa. Gizon gaiztoa zan. Plazenzi'tarra, Mikelete izandakoa. Mikeleteen diruekin igas egin ta etorri zan gure artera. Donostiko inguruetan plazara zijoazten ziran neskatxai...

 

 

        GETARI AURREAN

 

        Guardiyak oso erri ondoan egiten genitun.

        Oso kontuz ibilli bear. Orma atzeetan ezkutun ta. Beltzak guardiya kanpaitorrean. Gu goitik bera ikusten. Alako batean kanpaitorreko guardiari tiro egiteko gogo eman zidan.

        Enuen iñondik ikusten (berak bai ni, ta nere asmoak igarriaz jarri zan bada neri su egiteko.)

        Nere artean: nere tiroak gizona jotzen ezpadik, kanpaya beintzat jo dezala.

        Pum!! Artantxe bertan besteak ere tira zidan. Ni makurtuta egon arren ederki ikusten ninduan nunbait.

        Ta eskuiko bizkarrean nuen hombreran jo. Hombrera berriz aztindu-ta zanean, matrailean jo ninduan. Uste nuen balak jo ninduala. Nik bereala eskua matrallera odolik ote nuan. Begira eskuari ta garbi, odolik gabe. Baita berriz ere. Ezer etzanean pozik.

        Bereala lagunak: «Zer izan dek?» Ta nik... gezur txiki bat esan bear.

 

 

        MAYATZAN, ERNANIKO ZALAPARTAN

 

        Artean oraindik Bergaran nintzan. Ni bezela beste asko ere. Errekondok asistente bi. Paulino Serrak bat ta abar.

        An zegon bederatzi-garreneko konpañi bat. Abek ezkonduak ziran ta alargun semeak eta orla.

        Bergarara aldatu nintzanean antxe zegoan.

        Bederatzigarrenaren konpañi bat (Dª Margaritaren batalloya esan oi zioten) Comandante del 9° D. Pío Barrenechea. Su hijo Agustín, cocinero del Rey (eran siete los empleados en la cocina). Konpañía fija.

        —Zertarako zegon?

        Bergaran ziran guda-auzitegiak. Auzitegi buru Errekondo, gizon aundi, bizarra matralletan ta ezpain gañean, okotza garbi. Auzitegi ta lotuen kontu zegon konpañi ura. Ezkonduak geyenak (1872'garreneko Apirillaren 21 ezkero ezkonduak), batzuek gaztetxoak, anai zarragoak guda mutil zituztelako,alargun umeak,...

        Gero bi konpañi izan ziran.

        Noizbait Gatzaga gañera eraman zituzten, baita Terzioak ere. Abek guztiak ezkonduak, guda jantzirik etzuten.

        Gatzagara manuari zijoazten: «Ea zertarako ara joan erazi ziezten... familia zutela... andik etsayak eraso egiten bazuten igas egingo zutela» ta abar.

 

 

        BERRIZ ERE ZORTZIGARRENERA

 

        Alako batean etorri zitzaigun brigadier Fortun zar bat eta ainbeste mutil alperrik Bergaran ikusirik «orla ezin zeikiela» asi zan. Gazte danak batutzeko agindu ta bakoitzak bere batailoira joan bearko genduela esan zigun. Gure ordez asistente bederatzikoak geratuko zirala. Mugertza partida nagusiak artu gindun ta Zumarragan ta Tolosan ta gu bezela zeudenak bildu ta guda lanetara Donosti aldera ixil ixilik. Ni 8'garrenera biurtu. 16'ren bat mutil.

 

 

        IRUNGO AURREAN SAN MARTIÑETAN

 

        An giñan. Lenengo egunean kañoi sutunpa entzuterakoan, danok deadar aundi bat egin genuan. Musika ere soñu joka ta. Ez giñan sartu.

        Urrengo guda egunetan Astigarrako benta gañean.

 

 

        ERRENTERI AURREAN

 

        Goenetxea gure kapitanak anai bat zun mikeleteetan. Batean ala esan zigun: «Biar Errenterin pelota partidoa omen da..., zer edo zer egingo al diagu, erriko guztiak plazan izango dituk eta.»

        Partidoa asterakoan sarjentoari deitu ziok, berak (Goenetxeak) braka gorriak kendu (gorriak urrutitik ikusten bait dira ta), gureak (orreak) jantzi ta emezortziren bat mutil goazen ixil ixilik. Arkaldian ezkuturik aurrera polliki polliki. Erri gañean berreun metro izango giñan; lurrean etzanda. Plazako zarata eta deadarrak entzunik. Alako batean kapitanak oju egin ta su egin genun mutil danok. Bereala laxterka arto tartetik alde egin genun. Altzako kañoi aundiak su egin du, kea ikusi aldera bañan etzigun kalterik egin izan.

        —Ta zuek, iñor jo al zenuten?

        —Bai; gure kapitanaren anaya, mikeletea, iztarrean.

 

 

        URNIETAN KONTZEZIYO AURREAN

 

        Asieran Arrikarten giñan, konpañi bi. Su egin genun kartutxorik gabe geratu arte. Lasartetik mandoak etzetoztela ta...

        —Lubakirik?

        —Bai. ((Burruka eguna bañon lenagotik lubakiak egin genitun.

        — Baserriko gizonak egin al zituzten?))

        Andik Azkortako ermita bera aldatu. An giñan ere, lubakian egun guztian surtan. Muturrak beltz beltz egin ta. Gure pusillak kea atzera botatzen zuen. Illunabarrean «aurrera» ta bayonetak pusillen muturrean genitula ekin. Soldadu xarrak oso gaztetxoak. Umeak ziruditen.

 

 

        TXULO'REN PARTIDA BERRIA

 

        Txulo (Alberdi bere abizena) Getariarra da. 8'garreneko kapitan zan.

        Partidak batalloyetan sartu erazi ta orain berriz Txulok partida berria bear zuela. Nai zituen mutillak artzeko baimena eman ziyoen. Zazpigarrena ta zortzigarrena formatuta asi zan: «I, ator nerekin,... i ere bai...» ta orla; 7'ko 40 mutil artu ta 8'ko 15.

        Nere berri bazuen noski; norbaitek esango zion ni berak nai zuenerako egokia nintzala edo...

        Partida berria zertarako zan ez genekigun, bañan guda mutillak agintariai ez dio ezetz esaten ta an sartu giñan.

        Batera ta bestera gebiltzan ederki. Goardirik egin bear ez ta.

        Zeballos jeneralak Andoaiñen billatu ta ezan zion:

        —«Alberdi, ¿cuántos chicos tienes?»

        —«55» Txulok.

        —«Puedes tomar otros 15.» Andoaiñen artu zituen.

 

        Orrela bada, Zarauzen Zubigañen giñan, Orio aldera aldapa asten danean, illunabar batean, komandante bat bere ayudantearekin. Euskalduna zan. Esan zigun: «Ikusten dezute or aurrean Getariko San Anton gaztelua? Amairu artillero besterik ez daude barruan. Gabez itxas ontzietan jun ta Txulok badakizki ederki orko bide txeorrak ta errez sartuko zerate goiko etxean. Andik señak egin ta gu sartuko gera Getarian. Ez bildurrik izan itxasoa barea ziok. Iñork igarri gabe goyan zerate... Nere ayudante au zuekin joango dek.»

        Gu izutu egin giñan. «Or il bear diagu danak» ari giñan. Itxas gizonak ere gu San Antongo arkaitzetara gabez eramateko uzkur ziran.

        Orla giñala, esan geniogun komandanteari: «Zu gurekin etortzen bazera, joango gera; bestela ez.»

        Berak, Getarin sartu bear zuela, gu gora iyo ta gero.

        Guk berriz, ezetz; berarekin joango giñala; bestela ezetz.

        Etzuen gurekin etorri nai izan ta gu gogorrean geratu. Guretakoren batek tiroa bota zun lurrera Txulo izutzeagatik. Gero beste batek. Nik ere bota nun.

        Txulok esan zigun: «Mesede bat eskatzen dizuet: ez dezazutela esan nik ez joateko esan dizuenik».

        Guk ez genduela esango; gezurra litzakela ta...

        Orain alako kastiguren bat etorriko zaigu...

        Urrengo egun batean, Getari aurrean genitun zentinelai esaten omen zieten etsayak: «¿Cómo no han venido los carcas?»

 

 

        NOLA ERITU NINDUTEN

 

        1875'garreneko Ilbeltza zan.

        Lomak Ikusi zuen Urnietatik ezin sartu zeikiela ta itxas bazterretik sayo egin nai zuen, Azpeitiko gure guda olak purrukatuko ote zituen.

        Bera Donostitik Orio aldera, ta baita Zarauz'araño eldu ere; ta beste salla bat itxasoz Getarira bidali. Abek bat batean Garate jo ta Meagetatik ere gureak bota ta mikelete konpañia Oikiara jetxi zan. An il gendun Sastria mikeletetako kapitana. Donostiarra ote zan nago.

        Donostitik Oikiara utsunik gabeko errenkada zeukan Lomak.

        Gureak Indamendi'n (Iturberekin) eta Egañarekin Ayan.

        Oraingoan ere igarri zion Lomak ez aurrerago jun eta an ere luzaro ezin egongo zala. Ta «atzera». Orion ta ziranak Usurbiltik Donostira, ta Meaga gañekoak ontzitxoetara. Beltzak atzera ta gu aurrera. Zazpigarrengoak (Folguera nagusi) Oikiña gora. Gu, Txuloren partidakoak, aurrean jartzeko. Orduan esan genduan: «Au izango dek itxogon genun gastiua».

        Ekin gora. Meaga gañetik bultzak ontzi txikietan aundietara sartzeko nola ari ziran begira geunden. Gure Txulok bazuen nunbait zer edo zer egiteko gogoa ta «aurrera» esan zigun. Jetxi giñan aldapa bera. Gaztañ arbolaz betea zegon aldapa. Beyan, bide zabal gañean, arkaitz batzuek. An geratu. Gure azpian, urrian oso, beltz batalloi bat, ontzi zai. Gu arri tartetik itxasokoai su egiten asi giñan ta bereala Getariko burnizko atetik erten ziran korneta joka ta guri su egiten ekin zioten. Akerregin zeuden gureak atzera, bañan guk ikusi ez ta gure gañean jarri ziran. «Entregaos, cochinos» ziguten. Antze bazebillen bala ugari arbol adarrak nun nai joka. Gu, aguro gero, aldapa gora. Baita bizkarreko morralak azkatu ta bota ere. Neri korapilloa egin zitzaidan, bañan gora nijoan alegin guztiaz. Beltz salla bat gure ezkerretik (gora gijoazela eskuitik) gu inguratu nayean. Iturbek goitik su egin zien, geratu erazteko.

        —Etzan zuetako iñor il?

        —Iñor ere. Amalau mutil zauri txikirekin gertatu, bañan danak gora. Neri anka jo ta ezin ibilli ((nintzala bakarrik)) geratu nintzan gaztañ tarteko zulo orbelez betetako batean. Beltzak ibilli ziran nere inguruan bañan gaba zan ta ez ikusi.

        An negoala nere bizitz guztiko gaiztakeriak gogoratzen zitzaizkidan, Jainkoari barkamena eskatu, Aina Birjiñari otoitz egin... Naigaberik aundiena auxe zan: orain emen ilko nak ta ez dute nere gurasoak jakingo nun il naizen. Auxe zan danetan mingarriena.

        Noizbait ere inguruan norrebait zebillela entzun nuen. Beltzak ote dira berriz ere? Ni ixilik. Nere aldera zetozten. Entzun nien: «Ementxe zan bada, gutxi gora bera.» Orretan igarri nien nereak zirala ta deadar egin nuen. «Emen dek» esan zuten. Etorri dira ta batek poxpol bat pixtu du. Bereala beltzaren tiroak entzun ziran. Etziran andik urruti. «Itzali zak». Itzali zuen. Berriz ere tiro salla bat. Gu ixilik. Etzuten geyago bota. Lagun batek bizkarrean artu ta aldapa gora eraman ninduen. Goyan Iturbek: «Ba al dakarzute» «Bai» «Ta nola dator?» «Ondo. Ankean jo dute.» «Ez bildurrik izan» esan zidan Iturbe berak. «Ankako zauriagatik ez dek iñor iltzen ta. Ya, artu.» Ta ezpañetan zatoaren muturra ipini zidan «Eran».

        Bereala esku eskallera batean jarri eta lotu egin ninduten ta aldapa bera Oikiyara.

        An, berriz, emakumeak galdeka «Zein dakarte? Gaztetxo bat. Bai? Ta bai. A zer mutil polita. Lastima!» Monjak sendatu ninduten ta urrengo egunean Loyolara gurdi batean.

        —Gurdi bakoitzean bi edo joango ziñaten?

        —Ez, bat bakarra. Koltxoi gañean ederki ederki...

 

 

        MOTRIKON

 

        Erdi sendaturik, udaran, Motrikora itxas bañoak artzera eraman giñuzten. Berrogeiren bat izango giñan, mutil ta opiziale.

        An arkitu genitun Batallón Sagrado de Jefes y Oficiales. Kastillatarrak guztiak.

        Berrogei ta amar edo. Zarrak danak. Lenagoko gudakoak. Berriz karlistekin ibilli nai edo beren errietatik gobernuak bota zituztela ta etorri egin bear zuten.

        Etzan ainbeste opizialentzat batalloyetan tokirik eta salla batean bildu zituzten. Baita pusillak eman ere, mutillak balira bezela.

        Egunero jangai bikoa ematen zieten ta orrekin bizi ziran.

        —Ba al zuten mutil lagun (asistente)ik?

        —Ez; geyenak emaztea edo alaba berekin zuten ta familian bizi ziran.

        Aste egunetan lebita xarrakin ta... alprajetak oñetan.

        Igandetan guda jantziz, galoi ta... orduan guk eskua jaso ta agur egin bear. Atsegin zitzayen.

 

 

        GUD-ONTZIAK AURREAN

 

        Noizean bein agertzen zitzaizkigun eta ez gero onik egiteko asmoz. Izbazterreko erriai su egiten zuten ta batzuetan granada aundiak bota ere.

        Asmo oyetzaz zetoztenian bandera gorria ekartzen zuten.

        Erriko komandante de armas (kaballeriko T. C.)ek oyu egin erazten zuen etsaya zetorrela esanaz ta erritarrak alako ta orlako tokitara biltzeko. Menditxo atzean ta bagenikin granadak kalterik nun egin etzezaketen.

        Gu, guda mutillak, izkillurik gabe, udal-etxe aurrean.

        —Zertarako?

        —Etxerik erretzen bazan ere itzaltzeko ta.

        Guk Alkolea gañean kañoitxo bi genitun. Teniente bat ta zazpiren bat mutil (kastillanoak) zaitzalle.

        «Bazetorrek» Bruuum! Txistu egiñaz erri gañetik bazeak granada, bruum! urrutira. «Lertu dek mendian.»

        Bruum berriz ere. Txistu egin gure buru gañetik ta... noizbait ere ixil... «Ez dek lertu. Osorik geratu dek nun ere bait.»

        Gutxitan jotzen zuten errian. Ontziak bere alde batekoak bota ta beste aldeko kañoyak erakusten zizkigun (biratu-ta). j Bruum! berriz ere.

        Gure kañoitxoak beti erantzuten ziyoten: pim-tim. Umeen estulak ematen zuten; ontzikoak berriz berrogei urteko gizonarenak.

        Bañan gure kañoitxo oetako batek il zuen Sz. Barkaiztegi, guda-nagusia.

 

 

 

© Frantzisko Apalategi

 

"Frantzizko Apalategi / Euskal mutillak armetan" orrialde nagusia