ARTEAGA'TAR JOSE ANTONIO
AZTIÑENEA
(J. Antonioren jayotetxea)
Lenengo gerratean, etxe ontan ingelesak egon oi ziran. Gure etxeak bazitun (eta baditu) beyan zutiko (pies derechos) lodiak. Ingelesak metu zituzten axkorakin ezpalak kenduaz su egiteko. Batzuetan ere igari ibayan zebiltzala, karlistak tiroka ekin ta larru gorrian etxera (Aztiñenera).
Liberalak Mundaizko ermitan zuten beste goardia. Emen urbanoak egoten ziran.
N.B.— Abek liberalak Ametzagaña artu ta gerozkoak izan bear zuten. (1835-7-?).
Ni karlistetara joan bañon lenagoko kontuak ere, esan bear diot.
NI IRTEN BAÑO LENAGOKOA
San Antonio eguna. Cantillo (capt.) mobilizadoen nagusi.
—Zer ziran mobilizado abek?
—Gobernuen aldeko konpañi batzuk (3? edo) karabiñero zar: tropan ibillitakoak, kastillanoak geyenak. Bertakoak ere baziran. Mutil alprojenak. Mikeleteai bezela eguneko bi pesta ta errazioa ematen zieten. Alperraz bete ziran konpañi ayek. Etziran erriko boluntarioak bezela erria gordetzeko bakarrik. Noranai tropaekin ibiltzeko baizik.
Konpañi oyetako bat Eskoriatzan egon zan. Dugiols oñatiarra nagusi.
Bestea Astigarragan, Ernani ta Oyartzungo serbizioa egiñaz. Cantillo kapitan.
Beste konpañi bat Ayan.
San Antonio egunean (Garagarraren amairuan) etorri da Cantillo Donostira ta, zapla! Ayuntamentuan sartu. Bere alde asko zitun. Ayuntamentu etxeak ezker eskui baditu terraza bi, andik tiroka. Kai aldera batez ere.
—Zeñi?
—Arbolai edo. Zalaparta egin. Udal etxeko terraza batek Iñigo kalea zuzen zuzen arrapatzen du; besteak Arrandegikoa ta Portu-kalera. Aruntz zijoazten balak. Kayeko portale gañetik erantzuten zieten etsai ziranak.
Erriko boluntarioak korneta joka: biltzeko. An ikusi genitun Lasala ta Matxinbarrena ta, pixtoizko fusil aundiarekin.
Santa Katalin zubi ondoan fortiña (Avenida 7 y 3) (gud-etxea) egiten ari ziran.
An formatu dira boluntarioak, bañan ez danak. Batzuk Cantilloren aldea artu zuten. Gabez asko jun zitzaiozkan.
Urrengo goizean Loyolatik eta zetozten baserritarrak Atotxan geratu ziran.
Kuarteleko tropa San Bizente atzetik erten da muralla zar gañetik Bretxara. Plaza berria inguratu dute ta antxe entregatu ziran Cantillorenak.
Boluntarioak eta mobilizatuak armak plazan utzi zituzten. Gero boluntarioari (ez danai) itzuli.
AMADEO ERREGE ETORRI ZANEKOAK
Agostuko illaren
laugarren eguna,
bizi gean arten Donostian
aztuko etzaiguna.
Erregek iru egun
pasa dizkiguna,
amaika apaizek galdu
digute beren osasuna.
Etorri zaigulako
gure Erregea,
Donostiko apaiz geyenak
oso erre dira.
Etorri izan bazan
Karlos orla errira,
aguro artuko ziguten (pozik?)
apaizak erdira.
Bazituzten bi apaiz adiskide. «Txorron» apaiz zar gizagaxo bat, oso ona. Beste Miserikordiko kapillaba.
NOLA JOAN NINTZAN
1873'garreneko Santiyo biyaramonean edo, Santa Kruz egun ayetan bota zuten Beratik (Frantzira), ta baita arma pilla itxasoz ekarri ere Ondarrabira.
Bost lagun jun giñan (bi Donostiyan Andre Graxiren etxean konpitero, calle de Narrica esquina a Pescadería.)
Oyartzun'en karabiñero, mikelete, boluntario. Aurrera Aritxulegi aldera.
Mutil asko giñan; geyenak armarik gabe. Oyartzun gañean goardiz.
DESEMBARCO
Illaren 27 edo 28'an izango zan. Gu Gaintxurizketan ba-ez-pazan. An etorri zitzaizkigun gurdi pilla armaz beteta; gizonak lepoka.
Armak artu. Soldadu jantzirik ez. Bakoitzak etxetik zuana soñean. Garbiketak eta egiten ikasi genun.
San Inazio besperan Aritxulegin. ((Misa de campaña. Danak pillan batalloi egin gabe)).
San Inazio egunean ((batalloia egin zan)) Alzibar gañera. Karabiñeroak erten-aldiak egiten zituzten, ta guk Altamillaretik su egin genien. Lenengo tiroak an izan nitun. San Inazio egunean. Gero amarretan Meza. Gero batalloya formatu.
((Egun artan edo egin zan batalloya.))
An kantatu genun lenbiziko aldiz San Inazioren martxa.
—Santa Kruzen mutillekin bakarrik egin al zan batalloya?
—Ez; berak bakarrik berreunen bat besterik, ezin. Beste asko sartu bear izan ziran.
GIPUZKOAKO LENENGO BATALLOYA
Lenengo nagusi (coronel?) Aizpurua.
Bigarren nagusi (T.C.?) Itxaso.
Irugarren nagusi (Comandante) Emparan Inozenzio (azpeitiarra)!!
1.ª Compañía - Capitán
Arregi'ko Beltxa (Oyartzuarra) (120 gizon).
2.ª Compañía - Capitán
Jose Martin Aramakua (?edo 7.ª).
3.ª Compañía - Capitán
Antxusa (Oyartzuarra).
4.ª Compañía - Capitán
Iñazio Urkizu (Aizpuruen illoba).
5.ª Compañía - Capitán
Inazio Mari (Oyartzun).
6.ª Compañía - Capitán
Legarretako maixua.
7.ª Compañía - Capitán
?
8.ª Compañia - Capitan
Etxeberria (gero Donostian relojero ezagutu genun).
[1.400 mutil]
Laster sakabanatu giñuzten. (1.° de Agosto.)
Gu (4'garrengoak) Zaldigain (iya Artikutzako mugan). Emen asi giñan ikasketan (instrucción).
Antxusa (3), Altzibar'en.
Arregi Beltxa (1.ª) Iturrioz'en.
Uztaren 15'an Goizuetara (festetara) 3 ta 4'garrengo konpañiak.
Uztaren 16 - Iturrioz'ara.
Emendik Alzara.
— Ez al zan mikeletik edo?
—Ez; an jangayak (errazioak) artu ta aurrera joateko ziguten. Ara zer zan: Antxusa, Usurbillara joan, ta preso artu ditu Alkatea (a) Trampas ta sekretarioa, ta Aritxulegira zeramazkien. Gu bidali ba-ez-pada. Txoritokieta aldera ginjoazela Garberaztik, Arzelus'ek bat-batean deskarga bota zigun. Uts oso. Arzelus Antxusa arrapatu nayean zebillen, bañan alperrik.
—Loyolako Komunio aundian?
—Ez; ez giñan izan.
TOLOSAKO SETIOAN
Ara joateko. Abiya. Berastegi. Ango elizan kantatu genun bigarren aldiz San Inazioren martxa. Oraingoan pausoa eramanaz (oñekin lurra joka).
Gero sakabanatu, Belabieta ta goardietara. Berriz batu Berastegin. Irura. Alkiza. 8 egun.
((Tolosako Miserikordi gañean bazan etxea baztanga zutenentzat. An ere izan giñan.))
Tolosako Miserikordian ere goardi egin genun. Orduko Erruki-etxea etzegon oraingoaren tokian. Iruratik zuazela, zubian sartu bañon lenxeago, exkerrera. Orain etxe berriak daude.
PARTIDA BERRIA
Alkizan giñala esan ziguten Zubieta alderako partida egin bear zala ta nai zuenak pauso bi aurrera egiteko. Inguru abetakoak giñanak, beti ere Beko aldean nayago ta, nik ta beste batzuek bi pausoak eman genitun. Partida aundia, eun bañon geyago. Kapitana Meliton Zatarain [Ambrosio ta Juan Jose osangille nere adiskideen aita], Usurbilko Torrekoa. Teniente Sasiain, Usurbilgo bikario jaunaren illoba. Abiatu giñan.
Guardiak, Usurbilgo San Esteban gañean ta Zubitako. Zubietan. Gabeko patrullak ta urmean (ur gutxi zanean) ibaiz beste aldetik. Usurbillen sartu bai bañon ez lo. Bi ronda: bat gau erdirarte.
Usurbillen etzan guarniziorik, ta boluntariorik batere ez.
Oriora zeramaten convoy koxkor bat ere arrapatu genun. Alako batean, gabeko bigarren ronda egindakoan, goyen giñan Romeroren jauregi ondoan; egun sentia. Zentinelak esan zun: Ara, Usurbillen (gure aurre aurrean). Txaparren zubi gañean jendea ageri dek. —Bai; alaxen dek. Txapel gorriak. —Ea; ondo apuntatu. Bat, bi, iru, lau, pruuum! Laxter ziran danak korrika Kale-txikira. Arzeluzenak ziran. Bat il genien. Plazentxitarra.
—BELABIETAKOAN?
—Ez giñan gertatu. Zubitan giñala jakin genun Santa Kruz ta Lizarragarenak tiroka zebiltzala.
—«Joan bearko diagu», zion Melitonek.
—«Goazen». Artsaldean irten giñan ta Itxumitzan (Sorabilla ibai inguruan) lo. ((Asteasura Antxusa ta preso.)) Gau artan zetozten Asteasutik Santa Kruz ta bereak. Gu goizean Asteasura. Antxusa ta preso zeuden. Lizarragak itzaldi: «Berak Santa Kruz estimatzen zuela bañan ezin zeikiela... Etzuela berak (Lizarragak) Prantzira bota. Valdespinak eta danak ebaki zutela...»
Euskeraz polliki xamar egiten zun.
—Zer deritzaizkizu Lizarragaz?
—Gizon ona zala, ta onegi izateak galdu zula.
Zaratera bidali gindun, ta an giñala izan zan Belabitako atake gogorra. Tiroak ta entzuten genitun.
Bidani, Goyaz. Antxe giñan Antxusa il zutenean.
Oikiña aldera.
—Zertara?
—Esango dizut: Moriones'ek Tolosatik berriz Donostira. Batzuk itxasoz Zarauzara, besteak Arratzain aldetik Orio, Zarauz. Azpeitira jun nai zun, bañan Lizarragak bere batalloyak alde ayetara eraman zitun, ta Moriones itxasoz Bizkairako asmoan. Gu (nere partida) Oikira. Zubia pasatzerakoan lanean ari ziran (gureak) zubia zulatzen. Oikian lotarakoan, prumm! zubia gora, Morionesenak ez igarotzeko.
24 - Olentzaro - Oikian.
25 - Egoarri eguna - Urdanetan Meza entzun. Ayan bazkaldu. Zubitan lo.
26 - Alegira - An berritu zan batalloya ta gure partida lenbiziko konpañia. Irugarrenean, Antxusaren ordez Azkoitiar Karlos Alkorta kapitan.
30 - Gabirira - Bañuetara - Mutillak atsa zutela - 10 egun - Ederki.
6 Ilbel. - Erregetan Azp. 8 egun. 1874.
BI ILLABETE GORA TA BERA
Jo Zumarragara, jo Azpeitira.
—Zer ba?
—Ara: Gipuzkoan 8 batalloi osatu zirala bañan lau (3,4 ta 7,8) Bizkaira junak. Gero Aritxulegitik Asteasuraño bide luzea bait da ta gutxinaz beste bi batalloi bear ziran. Gañera Azpeitia gorde bear, kartutxo pabrikak an genitun ta. Tolosatik berriz, ta baita Getaritik edo Altsatsutik ere, bat-bateko sartu aldia egin zezaketen etsayak, eta orregatik genbiltzen Azpeiti inguruetan.
Orrela giñala Zumarragan eman zizkiguten udarako brusak ta oñetakoak. Andik laxter kapote negukoak; auts koloreak. Gero berriz Urrestillan galtzak; franja gorri azke geronek josteko.
EPAILLEAN
1. Aingeru Goardako eguna, Tolosa entregatu zan. Ara joan ta antxe lo.
2 - Zizurquil - Sorabilla.
Iturrioz'tik Azpeitira berriz. Batalloya Elgoibar aldera ta gu (lenengo konpañia) atzerago.
BIZKAIRA
Azkoititik aldapa gora bueltaka.
Nora ote goatxik?
Elgoibarko sarreran arrapatu batalloya, sartzeko formatzen ari zala.
Aurrera - Bergara ote goaz? Ez; Eibarrara. Lo.
Illaren 3'an Durangora. Zimitorio aundi pean. (Lo?).
Zornozaruntz ginjoazela, bidean topo Segorbeko prisioneroak - Adios! ta Adios!...
Zornoza; pasa aurrera.
Bidebietan ez giñan geratu.
Amurrion. Lo.
Balmasedan 8 egun. Kafe ta kopa 6 koartoz (20 zentimoz) ematen ziguten.
ILLABETE TA ERDI GORA TA BERA
Villaverde (de Trucios) 2 edo 3 egun.
Burgos aldera.
19, San Jose eguna. Callejo dioten erri koxkor batean. Paseoz erten giñan karretera aurrera ta Anton (Santiyo mendikoa) bidertzian exerita, egon.
—Zer dek, motel?
—Zer detan? Amaika San Jose egun eder pasa izan diagu ta orain emen... —Tristurak erpan ziron.
—Motel, ator gurekin. —Tabernara eraman genun ta...
Carranzan (lo).
Villaverde. Valmaseda.
23. Laudiora (Llodio erderaz).
—Zer zenuten orrenbeste batera ta bestera?
—Zer izango genun? Moriones zebillen inguru, nundikan sartuko zitzaigun. Bazirudien batean Orduña aldetik joko zula; bestean itxas aldetik, ta gu ere ibilli bear.
Atzenean Castro aldetik jo zun...
SOMORROSTRORA
(Emen mapa bat dago A. Apalateguiren kuadernoan, Somorrostrokoa obeto adierazteko).
24. Laudiotik Somorrostro gañera. Ara jun da «rompan filas» esandakoan, baimen eskatu genun Arenas'etara joateko.
4'garrena an zegola ta lagunak ikustera. Illunabarrean gure tokira ginjoazela, bidean zalaparta ta deadarrak. Zer ote da? ta naparrak mortero bat mendi gañera zeramatela. Aurrera. Gure goizeko tokira eldu giñanean danak erderaz ari ziran.Zer da au? Arabako laugarrengoak gure ordez. Gureak Cortesera aldatu zituztela. Ara. An lo ta egunsentian trintxerara.
EPAILLAREN 25'AN
Lubakiak zotalezkoak. Barrendik zulo gutxi. Kañoi granadak zulatu ta pasa egiten zizkiguten. Gu makurtuta egon bear. Mutillak bi metrotik bi metrora edo. Gutxi giñan ainbesteri gogor egiteko.
Eguna argitu zanean, gure aurreko karretera beltz-beltz ikusi genun. Carreras aldera zijoazten. Gure aldera salla aundi bat ere. Kañoyak asi zitzaizkigun. Gu etzanda. Noizean bein granadak gure lubaki aurreko lurra jasotzen zuten ta guri kalte.
Aurreko muñoan geratu da salla. «Fuego a discreción» egiten ziguten.
Gerrillak ere asi ziran aldapa gora.
Illarrazuk deadar egiten zigun: «Berrogei pausora etorri arte ez su egin.» Gu egon ta egon. Urreratu dira bada berrogei pausora edo; beren kañoyak ixildu dira; orduan guk ekin. Beranduegi. Aurrera zetozten, arrastaka ta; kefeak ezpataz joka. Gutxiegi giñan ainbesteri egon-arazteko; ezker eskui ere inguratzen giñuzten. Atzeratzeko agindu ziguten. Bost miñutu geyago egon bagiña, danak galduak giñan.
Diyotenez gure konpañi batek (lenbizikoak) uts egin zun ta zulo artatik sartu zirala etsayak ta gure atzera jarri. Besteak berriz zioten, gure eskuiko erreka zulotik iyo ta guri atzea artu zigutela.
Orduan agertu ziran goitik gure batalloi, kastillano, arabar,... Armak armatzeko, ura burni otsa! bayonetak sartu, aurrera ekiñaz. Amar miñutuz lenago etorri izan balira, garaille giñan. Bata besteen parean geratu ziran alkarri tiroka, belauna lurrean zutela. Beltzak gure lubakietan geratu; andik gora etziran aurreratu.
An il zan Alkorta azkoitiarra, irugarren konpañiko kapitana. Itxaso oñez. Zaldiya, mutillak eskutik zeramala, balaren batek jo zun noski ta an jun zan galopeka aldapa gora soldadu artean.
26 TA 27
Goragoko lubakietara.
—Ba-ez-padakoan egiñak al ziran?
—Ez nuke esango ordurako egiñak ziran edo gau artan egin zituzten. Andik suka bi egun ayetan.
Relevoak (aldaketak) lau ordutik lau ordura. Arabatarrak txandan. Lubakitik mendi gora ta bera agerian. An izaten genitun baja geyenak. Andoaindar bati granadak besoa purrukatu, ta beste eskuekin eutsi ta aurrera. Besoa moztu ziyoten bañan sendatu.
Zanjan zauritzen zutena, etzan andik ateratzerik illunaraño. Arabar bat ikusi genun zaurituta, Jainkoari promesak eta eskeñiaz... Gaba arte antxen egon zan. Sendatu zala.
Gabez etzan poxpolo pixtutzerik, ezta dunda edo kardatza erretzerik ere.
28 - Parlamento - Alkar berriketa.
29...... - Goiko lubakietan. Ez aurrera ta ez atzera. Mendi gañeko zelayan txabolak egin genitun. Bai bear ere. Egoaldi oso txarrak asi ziran ta. Lurrean bayonetekin zuloak egin a - b. [Itz auen ondoan badago irudi koxkor bat. An ikusten danez, trianguloaren antzeko txabolak ziran, a ta b beko muturrak ta c, berriz, goikoa] Goyen c lotu ta bizkarrak zotalaz estali. Lau ta bost mutil bakoitzean. Batzuetan erortzeko okertzen asten ziran ta orduan barrendik bayonetekin txarrantxa ematen genien. Erri bat ematen zun. Txabola tarteko bideak oso labain, irrixt egiteko egoki.
JORRAILLEAN
Burruka gogorrik etzan geyago izan. Egunez tiro gutxi; kañoizko bat edo beste. Aldaketa (errelevoa) ordutik ordura. Gabez lubaki lanean paisanoak eta. Egunez ez bait zan egiterik ta. Len bañon geyago zulatu genitun; gizona zutik ibiltzeko aña. Lurra kanpora etsai aldera.
Gero lur au zabaldu egin zuten ta orduezkero artilleroak ezin apuntatu lur zabalduak; soro urratua ematen zun ta.
29 - Cortes, 25'an, artu zutela bañan laxter utzi zuten. Guk, goardi beko zubi zarrean. (Seccio bat. Gañerako konpañi osoa gorago parapetoan.)
Nun, batean, ikusten degun konvoya zeramatela karreteraz. Tenienteak «Ea, mutillak! jarri ta ondo apuntatu.» Pruuum! An ikusiko ziran aurretik zijoazten goardi-zibillak eta igesi mandoak eta utzita.
Tenienteak esan zigun: «Ea, kabo bat lau mutillekin, salta ta joaten dan.» Nik bayetz, ta nere lau mutillekin joan gera. Manduak artu, zortzi, ta abia gurietara. Lenengoan ez giñuzten ikusten goiko etsayak sakonean bait giñan ta, bañan gorago irten giñanean asi zitzaizkiguten tiroka. Guk mandoen babesean aurrera, aldapa gora. Mandoak ostikoka balak artutakoan. Noizbait ere iyo gera. Bat bakarrik eritu; iztarrean. «Ez nazazutela utzi, Jainkoatik.» Artu ta mando gañera bota genun. Mando batek 7 balazo; danak ariñak.
Goyan arabatarrak ((papera eman ziguten. Gu lau mutil ta arabar bi.)) Bapo mutillak! An zegon jeneralak mando bat artu zigun. Gure batalloya alde egiña zan [Gau artan alde egin zuten Somorrostro aurrean ziran batalloi guztiak. Etsayak atzetik arrapatu giñuzten ta.] ta gu lau mutil ta arabar bi. An etzala egoterik ta alde; illuna zan.
Egun artako eginkizunagatik, sarjento egin ninduten ta gañera eguneko erreal zuben gurutzea eman zidaten.
Gau artan bada ibilli ta ibilli gure mandoekin nun genbiltzen ez genekigula (bi arabarrak zekiten) ta gau erdian Olabeagan giñala. Bazekiagu, ibai ondoan. Andik aurreraxeago ta Desierton. Emen lo egin nai gendun bañan obe gendula ibaya igaro; goazen bada ta Plenzi'raño ez giñan geratu. Iya goiza zan. Plenzian sardiñ freskoak. Gipuzkoar batzuk arkitu. Aizpuru koronela aurreraxeago zegola ta araño joan bearko gendula.
Aizpuruk ederki artu gindun. Alojatzeko; mandoentzat ukullu ederra eskeñi ziguten. An mandoak jarri ta gu lo antxe bertan. Ura loa! Goizean esnatu giñanean gure ukuilua zaldiz ta mandoz bete betea. Etxetik kanpora soldaduz ta kañoiz. Guk berriz, lotan giñala, iñor sartu zanik ere igarri ez.
—Zer zan ba?
—Bilboko setiotik zetozten kañoi ta batalloi; brigadak...
Goizean abiatu nai bañan ezin gure txanda izan artean. Noizbait ere errenkadan jarri giñan. Aurrera. Kilometro bat ez genun egingo ta gure batalloya bide ondoan formatuta.
—Zer zabiltzate, mutillak?...
MAYATZEAN
Gipuzkoako batalloi geyenak Probintzira etorri ziran. Gu ta bigarrengoak ez.
Zaldibar'en iru egun.
Elorriotik Arlaban'era. Andik sartuko ote ziran Gipuzkoara. Gu lau mutillak zazpi mandoekin.
Azpeitira. Arratsaldeetan mando gañean Loyola paseoz. 3 edo 4 egun. Mandoak an eman genitun. Bi gure batalloiko gurdirako; beste bostak brigadarako. Andik irten bañan len mandoai azken ikustaldi ta igurtze legunak egin genizkien.
Mondragoira. An lo egindako etxean ezagutu nun gero nere aitagiyarreba izango zana.
Arlaban.
Gatzaga. Illundu ta irten. Goizerako Salvatierran. Lo egin nai gendunean «toque a la carrera». Gora motellak. Vitoriko zaldizkoak zetoztela ta erria inguratu bañon len mendi zuloa artzera.
Urbasa barrena.
San Martin? (lo).
Estella.
Alloz. Emen jakin genun Ernani artzeko asmoetan zirala Gipuzkoan.
ESTELLA AURREAN
San joanak ziran. Iru eguneko burruka gogorra. Gu Grozin'en. Granadak elizatxoan jo ta arriak botatzen zizkiguten.
Sasiain tenientea eritu ta geronek eraman genun Iratxeraño. Irugarren lo eginda deitu ziguten. Orain ere bai? Jarri giñan gere tokietan tente ta nun urrutira ikusten degun etsai gurdi errenkada, len etorritako bidean zijoala. Ziraukira. Artsalde artan bertan.
20? Iratxe aurreko «gran parada»an ezagutu nun Erregea.
Altsatsura. Illabete «contra caballería»-ko ikasketak. Olatzagutiko zelayetan ta.
GIPUZKOARA
Agostuko 22-23 Ataun'en lo. Tolosara. Emendik Andoainara iges aldi bat egin genun. Illunabarreko listara ez giñala etorri ta «arrestados» Tolosako justizi palazioan.
24 - Urrengo egunean San Bartolomé, Ibarrako jayak. Nere gurasoak ta osabak jun dira T. Coronel'engana ta azkatu gaituzte. Andoaiñara. Destakamento. Aste bat edo. Arrikarte'ra. Gure batalloyak mutil asko galdu zitula ta ordaintzeko mutil bilketan Usurbil ta Orio'ko inguruetan. Oitarako gure Konpañia. Zubietan biltzen genitun mutil berriak.
—Oyek ere boluntario al ziran?
—Bai; gogoz etortzen ziran. Baziran zai zeudenak ere.
—Zubitan zeabat mutil ainbat errazio. Bañan gero, bazkaitara beren etxera nai zutenai uzten genien, eta errazioak guretzat.
(Emen Santa Barbara ta Buruntza'ren tarteko mendien irudi edo croquis bat dago.)
SAN MARTIÑETAN (1874)
Irun'en ta burraka gogorra. Gu ez giñan an gertatu. Andoaiñen. Ara etorri zitzaigun Naparroako laugarrena. Naparrak amorru bizian zetozten, berak zeuden tokira uste gabean liberalak sartu zitzaiztela ta. Andoaiñen geratu ta gu ayen ordez Goiburutik Oyartzun gain aldera.
Pagollagan errazioak. Goizeko amarrak edo izango ziran.
Uxategi. Otz ta ebia zan. Gero elurra. Galtzarrietara igo giñanean elurra ia belaunetarañokoa.
Gure kapitanak zaldia bazun, bañan otzagatik oñez zijoan.
Orrela, gure mutil bat otzaz ta aulkeriz lurrera erori da. Kapitanak zaldi gañera jasotzeko. Jarri gendun ta baginjoazen, gu ere ez oso sendo. Gero beste bat lurrera, geroxeago bestea. Gure zaldi gañekoa ere erori ta an utzi gendun. Noizbait ere Lesakara eldu gera. Illuna zan. Goizeko amarretatik ezer artu gabe. Erria guda gizonez bete betea zegon. Errian zeudenak erriz kanpora, baserrietara ta irtenazi zituzten ta gu erriko etxeetara. Su egin. An bertako gizonak irten ziran guk bidean erori ta utzitakoen billa. Batzuk illak zeuden, beste batzuk sukondoan pixtu ziran. Artean udarako blusak genitun. Lo.
Santestebanera. Bide motxa. Lo.
Irurita. Zubieta. Leiza. Ibarra. Emen eman zizkiguten kapote (grisak) ta brakak (franja berdea). Andoaiñara berriz.
URNIETAKOA (1874)
Gu Arkaitzaga gañean. Bala bat edo beste etortzen zitzaigun. Utsa. Goitik begira.
Gure azpiko baserrian, Axkortan, arrapatu genun (Ama Berjin besperan) konpañi osoa. Andoainen ikusi genitun; beren kapitana azuna bañon berdeagoko luze bat.
Ama Birjin egunean. Goitik ikusten genun dana. Aritzola (Ernani gañean) Estado Mayor ta tropa pilla aundiak.
Andik abiatu ta Urnietako estazio parean gerrillak zabaldu; gero konpañi osoak bota... Denak alperrik.
1875
Meagetakon ta ez giñan gertatu. 1875'ko Otsailla.
BURUNTZAKOAN
1875. Kandelarietan. Gu Andoain'en. Beltranenean (Azkonabitako parean). Goizargitu bañon len, tiroak Arrikaitzaga aldera.
Zer ote da? Gureak bata besteak tiroka ari ote dituk? Goizean lañua zan. Garbitutakoan Arkaitzaga gañetik Arrikarteraño liberal errenkada beltz beltza.
Gu Andoaingo aurrean formatuta.
Surik etzan izan. Berak jetxi ziran berez.
ORIO AURREKOAK
(1875'garreneko Otsail asieran)
(Emen Orio ta Zubieta inguruetako mapa bat dago.)
Udaraberri zan ta gure etsayai zer edo zer egiteko asmoz ziran.
Alako batean, mikeleteak ta, Orio aurreko ibaya txalupetan ta pasa ta Amuzko Etxeberri artu ta antxe geratu.
Zer nai zuten? Azpeitiko bidea artu? edo gu arunzko aldera eraman, berak beste aldean egitekoa egiteko? Au izango zan noski.
Gu —batalloi bik— inguru guztia artu genien. Lenengo batalloikoak Zubietatik asi ta Ayaraño: San Esteban, Puella, Zarate (benta), Eztenaga; berago Pagarraga, Lokate, Azpilkueta.
Ayatik itxasoraño Zarauz'en zeuden 5'garrengoak jarri ziran.
Ayako kanposantuan kañoyak ipiñi genitun.
Amuzkotik bota bear genitula, gure nagusiak erabaki dute. Gabez. (Martxoaren 10'an.)
Ni ta beste batzuk Lokaten giñan. An armak utzi ta jetxi gera Azpilkoetako bentara, iñori ezer esan gabe. An mutil pilla aundia jan ta edan. Gu goiko bizitzan. Gu an giñala ta ezer ez genikula, abiatu dira nere konpañiakoak Amuzkora. Bentan giñala bada entzun gendun ti ta. Zer ote da? Gure konpañia Amuzkoan tiroka. Ea, mutillak. Abiatu gera aldapa gora. Lokaten armak artu ta bagiatxik ito itoan. Amuzkora orduko bazetozten atzera gureak.
Illunakoan sartu ziran lubakian, bai an billatutakoak bayonetaz josi ere, bañan barrengoak gogor egin zuten, ta gureen lanak alperrik. An il ziguten Jose Petritza, Zubietako semea, atea aizkoraz joka ari zala.
Jose gizagajoari gerrikoan ontz urrezkoak billatu zizkioten. Bai ta urrengo egunean mikeleteak deadar egiñaz ziguten «Orlako asko al dituzute? Bialdu, bialdu onera. Pozez artuko ditugu ta».
Parlamentoa. Ostiral santu eguna zan. Gu Amuzko aurrean Urkigian (etxerik etzan; urkiak baizik). Mikeleteak asi ziran: «Gaur ostiral santu eguna; ez degu su egiteko ordenarik.» «Ondo —guk—, noizean bein pake aldi pixka bat.» «Nai al dezute armarik gabe etorri?» «Bai» guk. (Goizean zan.) Jetxi giñan batak ta besteak armak utzita, ta an aritu giñan berriketan, bazkaitara arte. Artsaldean berriz. Paisano ta asko. Orrela giñala gure artilleroak kañonazoa botatzen digute. «Ea, motellak; bakoitza bere zulora. Aguro gero.»
Pagarragan gure injenieroak bateriak egin ta kañoyak ipiñi genitun ta zipli zapla zubia purrukatu genien. Erriari ezer ez. Orioko apaizak etzun nai ta.
Urkigiko trintxeratik gure teniente Martin Jose (Ernanin alprajeta denda izan zun) betaurrekoekin begira zegola, balak betaurrekoak jo ta garrondotik irten. Sendatu zan, bañan aurpegi guztia kristal zuloz betia utzi zion. Emigrazioan il zan. Etzun etorri nai izan.
Bitartean liberalak Igeldo gañetik asi ta Oriamendira fuerteak (gudetxeak) egiten ari ziran. Egindakoan (Mayatzean) Amuzko, Orio ta Usurbil utzi ta atzeratu, ta gu aurrera. Mendizorroztik Teresategira. Orio ta Usurbil oso guretzat geratu ziran. Orion jarri zan 5'garren batalloya.
(Emen Donosti inguruetako mapa bat dago.)
Usurbillen jarri zan seigarrena.
Lasarte, Arrikarte ta Andoaiñen 1, 2 ta 7. (Ez beti.)
3 ta.4'garrena Txoritokieta ta San Marcos'en.
8'garrena Irun aldera.
Ernaniko bidean, kalte aundi egiten zieten gure Erastorbe (Mugerzak) ta, Oriamendi bideko etxeak sendotu ta bide ondo esiak zotal ormaz egin zituzten.
Intxaurrondo.
Txandermenea.
Katxola (orain Pakea) bide ezkerrera; Ayeteren urren.
EXPEDIZIOA
(Bigarrena. Lenengoa Somorrostro ta Estellakoa izan zan.)
San Juan eguna edo. Trenez Zumarragaraño. Bergara (lo). Elgeta. Elorrio. Zornoza...
Valmaseda aldera...
San Pedro eguna zan. Burgos aldeko erri txiki batean illunabarrean sartzeko giñala. Aurretik gastadoreak, urren banda, gero plana mayor. Errian sartu bañon lentxeago erritik zetorren batek esan du, Nora zoazte? Liberalak barruan daude, zuen zai enboskadan.
Alto! Geratu ta etxera. Etsayak ikusi zutenean, kaballeria bota ziguten. Zaldi gañetik tiro gaizki egiten da. Kuadro formatzeko. Goazen aurreko menditxora. Andik su gogor egin genun ta pakean utzi giñuzten. An bertan lo.
Araba aldera. Maeztu. Naparroara. Población. Logroño aurrera.
VIANA
Garagar illaren 28 edo 29'an.
Ibiltaldi gogorra egin genun. Erria bañon lentxeago egon ta danak lurrean etzan giñan. Aurrera. Sebastian Komandanteak: Ea, mutillak, beste pixka bat. Jaiki ta musika joaz sartu. Plazara. Alto! ta etzan berriz antxe bertan.
Bando egin zuten guri etxeetan lo tokiak atontzeko.
Morgrobejo zan an guda nagusi.
Urrengoan, beragoko barriora aldatu. Goazen. Andik Ebroko ibarrak. Logroño gure aurrean. Gure nagusiak betaurrekoaz ikusten zuten trenak nola zetozten soldaduz bete beteta.
Illunabarrean «toque de llamada». Aurreko muño batera. Bageneramazken mortero bi. Illunakoan asi dira artilleroak morteroak ta bonba Logroñora botaka.
Urrengo egunean Morgrobejok alde egin du La Guardi aldera, zaldizkoak berekin eramanaz.
SAN INAZIO EGUNA
Bazetoztik Logroñotik etsayak, iru salletan. Gure ezker aldera zaldizko sallak gu inguratzera. Gure eskuikoak zearka; gure konpañi bat arrapatu zuten. Erdiko salla aurrez aurrez errira.
Gu (gutxi; konpañi erdi edo) ostatu etxean. Logroño aldera. Ederki ikusten genitun nola zetozten. Gariak iya mozteko zeudela, su eman zien. Kea izugarria soro ayetan.
Guk, leyotan koltxoyak ipiñita, su egiten asi giñan. Uste genun seguru giñala. Norbait etorri zitzaigun esanaz: Zer ari zerate? Zuen batalloyak eta alde egin dute. —Bai? ta Bai. —Goazen bada. Lenago errazioak artu genitun ta guretako batek baita ardo zar ontzi bat ere.
Erritik ertetzerakoan zetozten ezker aldekoak. Amar miñutuz ez giñuzten erdian artu.
Laxterka laxterka aldapa gora; noizbait ere batalloya artu degu. Eskuiko kaballeria aurreratu zitzaigun. Sebastianek: Kuadro egin. Bai egin ere. Olatzagutin ikasiyai eskerrak. Su; aguro itzuli ziran. Ura burni otsa!
Mendi gañean geratu giñanean, guk (ostatukoak) zatuak beteak; besteak utsik. Sebastian'ek: Ardo tanta bat bai al dezute? —Bai, jauna, bai. Ar beza; baita ogia ere. Artu zitun ta erreal bi eman zizkidan.
Gu an gebiltzala izan ziran:
Zumelzu (Treviñoko burruka). 7'an.
Billafrankan Carlos VII'k Fueroak juratu zituna.
(Oraindik izan zan Naparroara expedizioren bat, bañan aguro itzuli ziran. Liberalak Donostira jende asko ekarri zutela ta.)
URKABE
Andra Mayetako Tolosan.
Andoañara.
Iraillaren 15'an artu ziguten. Egun argi bañon lenago. Andoaindik irten ta karlistak atondutako bidetik joan giñan.
—Zer bide zan ori?
—Ara: Andoaindik Oyartzunako bide zabala, Ernanitik dijoa, ta guretzat ez bait zan Urnietatik aurrera sartzerik eta orregatik atondu zituzten Goiburutik Bentetara arteko bideak. Artilleri ta kotxe ta danentzat.
Prantzillagan lo. Otzazuloetatik Bentetara. Emen egon alditxo bat. Goiz goizetik entzun gendun San Markos aldeko tiro-zalaparta. An zan gogorrena.
Gure aldera kolumna bi. Bat Errenteritik. Malda gañez, aldapa legun legun sakonik gabe Zamora gañeraño errex etortzen ziran. An aurrean bagenun trintxera, konpañi bat edo. Abek galdu ziran. Zamoran zeudenak atzea artu zieten uste gabean. Ekin diyote bayonetaka. An il zuten Etxeberria tenientea (Eskoriatzakoa) ta besteen bat. Gañerakoak alde.
Urkabe zetoztenak Iturriotztik Munuaundi aldera. Gu irten giñan Bentetatik eta arbola tartean ikusi ditugu; bai su egiñ ere. Atzeratu egin ziran.
—Ta Zamorakoak?
—San Markos aldekoa nola ote zijoan zai. Beltzak gora iyotzen baziran, ayek artuko zituzten atzetik; bañan etzizayen orla gertatu, ta Errenterira berriz. Bai aguro ere. Gu ayen ondoren. Laxterka. Bidez, morralak arintzeagatik arroza ta pillaka boteaz. An billatu genun Etxeberri gizagajoa bayonetakaz josiya.
MENDIZORROTZ'KOA
1876 Ilbeltzaren 29'an.
Gu Arrikarten giñan. Artsaldean, aurrera joateko. Teresategi aldetik sartu giñan. Liberalak Belartza goikoan ta bekoan sartu, gaba pasatzeko asmoan.
Guk ekin genien bekoai, etxea zulatzen ari zirala. Atzeko atetik jun zitzaizkigun goikora. Andik arrika egin ziguten.
MONTEBIDEO
(Emen Montebideo ta Ergobi inguruetako mapa bat dago.)
Montebideo (Ernaniko estazio parean).
—Montebideo zuen mendean?
—Bai.
—Nola zeikeen bada, etsayak Ernani ta Astigarragan zirala?
—Liberalak Astigarraga utzi zutenean artu genun. Andik Ernanira tiro noiznai ta angoak naigabe.
MIKELETEAK
Amuzko-Etxeberri ta utzi zutenean Loyolan jarri zituzten. Emendik Donostira iges-aldiak (gabez batez ere) egin oi zituzten. Ezin jun zeitezken karreteratik, Alkoleako goardiak (boluntarioak) galerazi egiten zien ta, mendiz, ibaya igarota Txorkoenetik... ta Polloe edo... Atotxara.
Alako batean, mikeleteako agintariyai esan diote urrengo egunean, egun sentirako, Txoritokietako bean izan bear zutela.
Zendoya kapitanak kornetak jo erazi ditu, oraindik mutillak lo zirala. Jaiki bear. Formatu. Lista pasa. Mutil batzuek falta. Zendoya amorratuta. Batzuek Donostira junak. Sarjentoak esan omen zion: —Goyen ere batzuek izan bear dute. An dijoa Zendoya ta... belar pilletan ezpata sartu, bai bayonetak ere. Ai, ai, ai! Ator, ator. Pitax tolosarra ta (etzan Pitax bakarrik). Bizkarretan zigorkadak emanaz daramazki... Txoritokietara.
MENTA-ZIKIN
1934 - Jorraillaren 18'an. Etxera datorkit Anastasi (Jose Antonioren emaztea). Senarra gaizki dagola ta. Ara noa.
19 - Menta-Zikiñara J.L. Azpiazu'rekin karlisten bateriak nun ziran...
20 - J.A.'rengana. Gaizki arkitu nun; esan niyon orratik: «Atzo Menta-Zikiñen izan nintzan.» «Bai?» Ta bai. «An egon nintzan zentinela...» Nik «Bateria, etxe ondoan al zegon?» «Ez; etxe ondoan metak eta alderako.»
21 - J.A.'k Elizakoak; berak eskatuta. Kaputxino Nagusiak aitortu.
G. B.
1934'garreneko Jorraillaren 27'an
© Frantzisko Apalategi