DIBORTZIO TRAMITAZIOA

 

Zenbat aldiz ez ote nion esan nere buruari:

agian hori da zoriona.

Arratsalde bat eta maiteminezko begirada bat ispiluan.

Egun batez opari izan zen eta egun,

oraindik,

Paveseren liburuko hogeitamabigarren orrialdean

zimeltzen ari den lore bat.

Gorputzaren kontra kixkurtzen

eta behatz bakar baten laztanez lotzen den beste gorputz bat.

Itsas-ondoko arrastirian adiskidetasunezko une bat.

Oraindik norbaitengana eraman uste zaituzten urratsak.

Karta bat eta esku bat karta idazten.

Eta zoriona ez zen hori, ez behintzat erabat.

Nik zeinu hoiek ikusi ditut

—hainbat eta hainbat dira nere bizitza bezalakoak...—

eta nere adimenak oraindik ez ulertu arren

gorde egin ditu egundaino,

eder, eta hein berean alferrikako, denaz

egiten den bi ahotako atseginez.

 

 

© Maria Jose Kerejeta

 

 

"Maria Jose Kerejeta / Ezezagun baten kuadernoa" orrialde nagusia