|
22
Teresari erreparatu non. Ispilu bati bezala, hilobiaren lur koadro gorrituari begira segitzen zuen buru-makur. Ordu batzuk lehenago elizpean baino oraindik bakartiago zegoela iruditu zitzaidan.
Kolpetik suspirio bat bota zuen, itzuli eta niri besotik heldu zidan eta hitzik esan gabe, begiratu ere egin gabe, zuzendu ninduen aterantza. Bere gorputza nireari beharturik gabe egokitzen zitzaion sentipena izan nuen, urteak elkarrekin biz-bitan ibiliak bagina bezalaxe.
Zein bakarrik uzten gaituen Jainkoak esan zuen azkenik. Nik ez nuen erantzuteko hitz egokirik aurkitu. Badaudela une batzuk, pentsatu nuen, isiltasunak bakarrik luza ditzakeenak eta isilik segitu genuen herriko plazaraino. Eskutik heldu eta tabernara eraman ninduen. Kafe bat eskatu zuen berak eta anis kopa bat nik. Bihotzak taupada bortitzak ematen zizkidan. Teresak begirakun arraro batez begiratu zidan, barrenean egonezin batek bakea galaraziko balio bezala. Bere eskuetako poltsa hartu eta komunera zihoala esan zidan. Nik oin bat lurrean jarri nuen. Une batez itxoin eta ez dakit zer bihozkadak eraman ninduen emakumea ezkutatu zen lekura. Atearen zirriztutik bere begiaren distira ikusi nuen. Pitin bat ireki zuen sar nendin eta ondoren krisketarekin itxi zuen atea. Biluzik zegoen. Belauniko jarri eta galtzen gainetik miazkatzen hasi zitzaidan. Ez nuen horren beharrik. Galtzarbetatik heldu eta zutik jarri nuen. Itzuli egin zen orduan eta esku bat hormaren kontra jarriz, bestearekin nire zakila hartu zuen hankartean sartzeko. Bere barruan sentitu zuenean aiuma larri bat egin zuen, isiltasun hartan laguntza eske ari den pertsona baten oihu bezala interpreta zitekeena. Une batetik bestera norbait ate joka etor zitekeela pentsatu nuen, baina dagoeneko ez zitzaidan askorik axola. Etor zitezela herriko guztiak nahi bazuten, has zitezela denak ate joka, horrela gutxiago entzungo baitziren Teresaren hasperen eta aiumak.
Sar zaitez barruraino, bete nazazu erabat eta ez aldegin mesedez, ez aldegin esaten zuen.
Nere indar guztiekin saiatu nintzen agindutakoa betetzen, hain zinez ez Teresari kalteren bat eragingo niola pentsatzera iritsi bainintzen, haren bularrak urratzeko zorian ikusten bainituen hormako igeltsoaren kontra. Bestalde, bere barruan ere min hartzen zuela ematen zuen, halakoxeak baitziren egiten zituen kexu eta suspirioak, baina aldi berean nik hormaren kontra ezarririk nuen eskua miazkatzen zidan eta bere ahoan bi behatz sartu eta mingaina hartu nionean ere, ez zen gelditu, ahoa erabat zabaldu eta esku osoa barruan sartzen ahalegindu zen, urdailean kilima egin niezaion nahi balu bezala.
Tarteka nik nire esku librearekin komuneko bonbari tiratzen nion taberna barruan zeudenek gure zaratarik entzun ez zezaten, azken aldera bereziki, plazerraren aldapari ekin genionean alegia, Teresaren aiumak entzuteko modukoak bihurtu baitziren. Une horretan norbaiti laguntza eskatzen ari zen sentipena izan nuen, niri laguntza eske ari zen beharbada, baina ni ordurako atzera geratzen hasia nengoen, ni plazerraren bila ari bainintzen soilik eta Teresa, seguru ez badakit ere, heriotzarekin jolasean.
Azken aldiz ur bonbari tira, presaka gure jantziak txukundu eta atera ginenean, jendeak zeharka begiratu zigun, gu kanpora gindoazen bitartean. Haize freskoak arnasa lasaitu eta memoria freskatu zidanean ohartu nintzen, Teresak hasperen eta suspirioen artean behin eta berriz errepikatzen zuen izena Elgetarena zela. |
© Joxean Agirre