VI

 

Pausoz pauso

ez egin ostropo.

Estrata zahar honetan

mundu madarikatu honetan

egin behar dugu

gizonen zerua,

zeren gizonak

zoriontsu izateko

ez du behar aingeruen lekurik.

 

Aingeruak ibil daitezela beren lurrean.

 

Irtenbiderik gabeko estrata

dugu guk

esperantza bakarra.

 

Ez utz aingeruei zirrikurik

mundu honetako haizeetan

sar daitezen,

eta etortzen badira

ez iriki leihorik.

Gizona bere bide zuzenetik

okertzera heldu diren

izpiritu eta fantasma hoiek

ahal den azkarrena ehortz,

kapaz baitira

gizon sufrituari nekea ahaztuarazi

eta beste mundo bateko arrazoiez

ni

  zu

  eta denak engainatzeko

Hori atzokoa zen.

Atzo zuengana

heldu ziren

gizon guztiak

laguntza

eta explikazio bila;

gaur ere gara explikatzen,

baina ziurtasun ezaren

uretan murgiltzea

nahiago dugu

geu geure bidetik

okertu ondoren

zuen zipriztinetan sinetsi

zuen urratsei segitu

eta atxiki egotea baino.

 

Hemendik aurrera

momentu sakratu honetatik

hasten da gure bizia.

Alferrikako dira

gizonari hain estrainio zaizkion

zuen pentsamolde

eta proposamenduak.

Orain,

oraindik aurrera hain zuzen,

guk jarriko ditugu

hamar mandamentuak

edo behar bada

hamabost edo hogei

baina ez zerua irabazteko,

(balitz edo bada hobe!)

gure sozietate teknikoak

exijitzen duen neurrian

gizonok gizonago

izan gaitezen,

inork inon

menpekorik eduki ez dezan,

edo-ta

benetako maitasun bero baten

esperoan

dauden guztiek

kamamilu gisako

lore xinple bat bederen

arki dezaten

irrikiaren osagarri.

Gizona mundu honetakoa

izan da

eta lapurtu egin digute

Parnasoko indarrek.

Baina oraindik sinesten dut

gure uso txuriak

hego haizearen kontra

eta algara izugarria aterako dute

kaskabarraren kontra

edo litekeena da

putasemeren baten kontra izatea ere,

gure uso txuriak

aldatuko digula

gizona bere lekura

baso

muga

eta hirien gainetik.

 

Eta orduan

tutu haundi bat joko dugu

munduko orkesta

osatzen dugun guztiok,

eta koro batek

kanta berri bat

irrintzatuko du

eta mendiek oihartzun garbiz erantzungo

gehiago oihuzkatuz.

Eta dudarik ez izan,

denak anaiak bezala

sentituko gara,

munduko ezkila guztiek batera

zalaparta

eta algara izugarria aterako dute

animalia guztiak

eta zomorro txikienak ere

ohar daitezen

MUNDUTAR GARELA

ZERURA IRITXI BAINO LEHEN.

 

 

© Mikel Arregi

 

 

"Mikel Arregi / Hego haizearen konpasean" orrialde nagusia