V
Landareei udaldiko lurrina zerien; euliek durundio egiten zuten, eguzkiak dirdiratzen zuen ibaiaren gainean eta teilatuetako arbelak berotzen zituen.
Simon andrea, gaixoaren gelan berriro gozaro lokartzen zen.
Bezperako dangadek iratzarri zuten. Zorione bere zorabioan barneratu zen. Atso gaixoak prozesioekin amets egiten zuen, bera bertan egongo bailitzan.
Eskoletako haurrak, sotxantreak eta suhiltzaileak espaloietatik zebiltzan, kale erditik lepoan gurutze handia zeraman gizona, zeremonia-burua eta gainerako elizgizonak zihoazela, bidetik txatxuak kenduz.
Erlijiosak neskatila iladaren burutzan zihoazen, haietako hiruk beren ile politak aingeru modura kiribilkatuta, airera arrosa-petaloak jaurtikitzen zituztela; diakonoak, besoak jasota, musika zuzentzen zuen eta bi akolitok, urrats bakoitzean makurtzen zirela, Irudi Txit Sainduari beren intsentsontzietako mirra jaurtikitzen zioten; herenile gorrizko paliopean, parrokiako lau elizainek zeramaten: apaiza, mezajantzi ederrez atondua, nabarmendu egiten zen jende saldoaren artean, eta beronen atzean, ostenduta geratzen zen fatxadetako zintzilikarien dirdira koloretsua.
Izerdi hotz batek bustitzen zuen Zorioneren lokia. Simon andreak oihal batez lehortzen zion, berak ere kinkaldi hori pairatu beharko zuela esanez.
Jendetzaren murmurioa ozenagotu egiten zen, zarata gorgarria zen; apurka-apurka motelduz joan zen.
Fusilen eztandak zoladura dardarerazi zuen: Irudi Txit Sainduari agurra ematen zioten zaltzainak ziren...
Zorionek betazalak ertireki zituen, eta zera esan zuen arrunt ahopean:
Ondo al dago? papagaioaz pentsatzen.
Hiltzorian zegoen; maizagotuz zihoan korokak bularraldea eragiten zion; ahotik lerdea zerion borborka eta gorputz osoa dardara batez zeukan.
Fagoten dundurio erlatsa, umeen ahots garbiak eta gizonezkoen abestiak aditzen ziren. Dundurio ozena pixkanaka-pixkanaka amatatuz eta urrunduz joan zen, eta lorez alfonbraztatutako zoluan urratsotsak soropil gainean dabilen artalde bat zirudien.
Apezteria Zorioneren ate aurrean gelditu zen. Simon atsoa, sabaileihoaren aurrean ezarrita aldarea ikus zitekeen aulki batetara igon zen.
Ingalaterrako puntu-farfailez apaindutako aldarean lorasorta berdeak zeuden edergarri. Hondoan, erlikiak zituen koadrotxo bat, bi laranjondo ezker-eskuin eta alde biotan zilarrezko zutargi zerrenda luze bat eta azuzena eta artaburu, hortentsia eta ekilorez betetako portzelanazko pitxerrak nabarmentzen ziren.
Kolore dirdiratsu pila hau lehen solairutik zeiharka jaisten zen bi tapiz gainetik, harlauzetaraino luzatuz eta ikusmena alegeratuz. Kristal horizko azukreontzi batetan brioleta-koroa bat zegoen; goroldioan Alençon-eko harrizko txirringolek dir-dir egiten zuten; bi txinatar pantailak beren paisaiak erakusten zituzten...Loulou-ri, bere arrosa-ezkutalekuan zegoela, bakarrik burutxo urdina ikusten zitzaion, lapislazuli harri baten antzekoa.
Anaikideak, sotxantreak eta umeak baila inguruan jarri ziren. Elizkizunburua, geldiro zebilela, aldareraino iritsi zen eta elurrezko zamauan jainkotiar ekizaindu dirdiratsua ezarri zuen. Ixiltasun ikaragarriaren pean jendetza belaunikatu zen eta intsentsontziek airean kulunka beren kateatxoetan irrist egiten zuten.
Mirrazko laino urdinska bat sartu zen Zorioneren gelan. Gaixo gixajoak antsiatsu irentsi zuen mosu urdin hura sentikortasun mistikoz, eta jainkotiar jarioak betazalak itxi zizkion ezari-ezarian...
Haren ezpainek irri egin zuten. Haren bihotzeko taupadak gero eta geldoagoak izan ziren, motelagoak, leunagoak, agortzen den iturburu bat bezala, amatatzen den oihartzun bat bezala; eta bere azken arnasa bota zuenean ertirekitako zeruetan bere buru gainean hegaldaka papagaio bat ikusi uste izan zuen.
© Gustave Flaubert
© itzulpenarena: Karlos Santisteban
"Gustave Flaubert - Bihotz apala" orrialde nagusia
www.susa-literatura.eus