IV
Papagaioa Loulou deitzen zen; gorputz berdea zeukan, bere hegoen ertza bekoki urdinaren gainean eta eztarri urrekara. Txori ezin ederragoa eta maitagarria zen, baina bere maniak zituen: makila horzkatzen zuen, bere lumak erauzten zituen, biloxka barreiatzen zuen eta bainutokiko ura isurtzen.
Aubain andreak ez zituen laket txoriaren nabarmenkeriak eta noizpait Zorioneri aditzera eman zion.
Zorione, pozarren, hezten eta esaldiak esaten hasi zen; txori porakiloak gauza asko ikasi zuen denbora gutxian:
Mutil xarmangarria! Jauna, zure esanetara! Maria, agurtzen zaitut!...
Ateondoan zegoen eta asko miretsita zeuden Jacquot deitzen ez zelako, papagaio guztiak Jacquot deitzen dira eta. Indioilo kokorro batekin alderatzen zuten eta honek Zorioneri gaitz eta min handia egiten zion. Loulouk begiratzen zioten arte sekula ez mintzatzeko ohitura zeukan. Hala ere, igandeetan, Rochefauille andereñoak, Houppeville jaunak eta beste solaskide batzuk, Onofray botikariak, Vasin jaunak eta Mathieu kapitainak kartetan jokatzen zuten bitartean, Loulok bere hegoez beiradurak astintzen zituen, eta hain gogorki jauzi egiten zuen non ezina baitzen elkarraditzea.
Zalantzarik gabe Bourais-en itxura irrigarria iruditzen zitzaion Loulori; zekusaneantxe barre algaraka hasten baitzen, ezin gehiagoan barreka. Haren barrearen barrunbak bailan oihartzun egiten zuen eta auzotarrenganaino heltzen zen, eta barrez leihoetara irteten ziren, eta papagaioak ikus ez zezan, Bourais harresiaren ostetik irristatzen zen eta bere aurpegiaren soslaia ezkutatzen zuen bere kapelaren belztasunean; batzutan landaldeko atetik irten behar zuen eta berriro sartzen zen inork ikusi gabe lorategitik; eta honenbestez, Bourais-ek ez zuen Loulou begirada samurregiz behatzen.
Loulouk harakinaren txakateko bat jaso zuen behin, beraren manastan burua sartzen ausartu zelako, eta zirtizarta bere alkondaran txatxamurka egiten zion. Fabu-k lepoa bihurrituko ziola mehatxu egiten zion, beso bat mokokatu zion arren bere tiranoarekin krudela ez bazen ere. Aitzitik, Loulourenganako halako begikotasuna zuen, eta humore ona zuenez, laket zuen biraoak botatzen irakasten.
Gauzok Zorione beldurtzen zutelarik, Loulou sukaldean jarri zuen, eta katerik gabe orduoro etxetik zebilen.
Loulouk eskaileretatik jaisteko bere mokoaren okerguneaz zurmailei eusten zien, noiz eskuin hanka noiz ezkerra altxatuz, ariketa hauetaz ikaratzen zen Zorione zeharo beldurtuz.
Behin papagaioa gaixotu zen, ezin zuen hitz egin ez jan; mihi azpian oiloek eduki ohi duten halako gantza zeukan.
Zorionek eritasuna sendatu zion soldatxo hezea atzazalez erauziz.
M. Paul-ek behinola Loulou-ren sudurrera bota zuen bere zigarroaren kea zuhurgabeki; beste behin, uneoro asaldatzen zuen Lormeaz andreak, ekitako baten muturraz ukitu zuen; Loulou gixajoa zorabiatu egin zen. Zorionek belar gainean jarri zuen hozkirritzeko eta ikaraldia pasa zekion, baina itzulitakoan, papagaioa ez zegoen!
Berehala ur bazterrean, atariko sabaietan eta sastraken artetik beraren bila ihardun zuen, Aubain andreak bitartean boz goraz zera ziotsola:
Kontuz ibili! Zoratuta zaude! ...Zorionek Pont L'Evêque-ko lorategi guztietan bilatu zuen, eta ibiltari guztiak geldieraziz zera galdetzen zien:
Nire papagaioa ikusi al duzue? Loulou ezagutzen ez zutenei bere txoriaren deskribapena egiten zien. Landa erdian noragabeturik, erroten ostean, erreka ondoan, hegaldaka zebilen gauza berde bat ikusi uste izan zuen, baina, hurrandu zenean, ezer ez!
Kinkilari batek goizean goiz Saint-Melaine-n ikusia zuela, Simon atsoaren dendan, esan zion. Finean, ahituta, eskalapoiak apurtuta eta ariman heriotza zuela iritsi zen.
Simon andrearen aurrean eserleku batetan jezarrita zegoela, bere bilaketa eta nahigabea kontatzen, bere bizkarretik pisu arin eta mugikor bat igoten zela sentitu zuen. Loulou! Zer arraio egiten zuen bertan? Agian etxe inguruan lasai-lasai egurasten zebilen.
Zorione, zorioneko topaketaz zoriontsu, txundituta zegoen.
Hoztu zela eta, Zorionek angina bat izan zuen; geroxeago belarrietako gaixotasun berri batek osasuna txarragotu zion; eta, azkenez, hiru urte beranduago entzungor zegoen eta elizan bertan oihuka mintzatzen zen. Haren bekatuak txatxarrak zirenez, ez zen ahalkeizun berarentzat ezta munduarentzat laidoa ere; baina haren ahotsak tenpluko txoko guztietan durundi egiten zuen. Zorione gaixotasun kroniko batek jota zegoela ikusirik, apaiz jaunak aitortza sakristian egin zezan erabaki zuen.
Maiz, asaldatzen zuten ustezko burrunbadak sentitzen zituen; bere ugazabandreak zera esan ohi zion:
Ene jainkoa, ganorabakoa zara gero!
Eta zorionek honela erantzun:
Bai, bai, andrea!... bere inguruan zeozer bilatzen.
Ideien gurpil urria egunero eta gehiago mehartzen zen, eta ez kanpaien errepikak ez idien marruma ez zituen aditzen. Izaki guztiak mamuen ixilpekotasunaz zebiltzan. Soil-soilik xuxurla bat belarrietaratzen zitzaion: papagaioaren ahotsa.
Olgatzeko edo, Loulouk etengabe erlojuaren tikitaka, arrain-saltzailearen oihu zolia, hurreneko etxean bizi zen zurginaren zerraren tarrata errepikatzen zituen, eta txilinak jotzen zuenean Aubain andrea imitatzen zuen, zera esanez:
Zorione, atea, atea!...
Zorionek eta Loulouk elkarrizketa gozoak zituzten. Txoriak behin eta berriz errepikatzen zizkion zekizkien esaldiak, eta Zorionek laztan-hitzez erantzuten zion eta bihotza lasaitzen zitzaion. Loulou bere kaiolan ia ume mainatu bat zen. Bere ugazabandrearekin jolastuz hatzetatik igoten zitzaion, ezpainak horzkatzen zizkion, eta motxotari eusten zion; eta Zorionek burua higituz bekokia makurtzen zuen, unideek beren txanoko hegal handiak bezala, eta txoriaren hegoek aldi berean dar-dar egiten zuten.
Hodeiak pilatuta trumoiak burrunba egiten zuenean, Loulou oihuka hasten zen, bere jaiobasoen oihartzunak gogoratzen zituelako agian. Euri hotsak bere eldarnioa kilikatzen zuen, hegaz egiten zuen zentzugabeki, sabairaino igoten zen, dena nahasten zuen eta leihotik lorategira irteten zen hegaldaka: baina agudo itzuli zen tximiniako uharrien bila, sutan lumak, buztana eta mokoa xukatzeko.
1837.eko neguko goiz batetan, Zorionek tximinia aurrean jarri zuen eta gero kaiolan hilda aurkitu zuen, buru-makur eta hatzaparrak burdintsareskari atxekita zituela.
Zalantzarik gabe odolkolpe batek hil zuen! Zorionek perrexilez pozoinduta hil zutela uste zuen, eta inolako frogabiderik ez izan arren, Fabu jo zuen susmagarritzat. Neskatilak hainbeste negar egin zuen bere loulou hil zitzaiolako ezen Aubain andreak zera esan baitzion:
Ez larritu; disekaraz ezazu.
Zorionek andrearen ideiaz galde egin zion botikariari. Botikariak begiko izan zuen beti Loulou eta Havre-ra idatzi zuen. Fellacher delako bat arduratu zen zeregin horretaz. Baina dilijentzian maiz enkarguak galtzen zirenez, Zorionek papagaioa Honfleur-eraino hark berak eramatea erabaki zuen.
Bideondoan sagarrondo eiharrak zeuden lerroka; areketan izotz-geruza handiek dir-dir egiten zuten eta txakurrek baserrietako ateetatik ibiltariei ahausi egiten zieten; Zorione agudo zebilen hartxirri artetik, bere eskalapoi ilunak eta eskusaskia zeramatzala eta mantu batez estalia. Basoa igarota, Haut-Chéve zeharkatu zuen eta Saint-Gatieu-ra iritsi zen.
Beraren atzetik, hausmordo batetan sartuta, eta aldatsean behera zoroki abiaturik, postagurdi bat harrapaladan zurrunbilo bat bezala oldartzen zen. Emakumea ez zela aldentzen ikusirik, gidaria zutitu zen eta morroiak txistu egin zuen, ezin geldierazi zituzten lau zaldiek abiada arinagotzen zuten bitartean; lehen biek ia-ia igurtzi zuten igarotzean; eta zaltzainen zartada batek jota, arekara jausi zen zilipurdika.
Zorione aurretik eraman zutela konturatu zenean, aurrenik bere otzarea ireki zuen; zorionez ez zitzaion ezer gertatu Loulou-ri. Ondoren, eskuin masailen erresumina sentitu zuen, eskua bertaraxetu eta odola zuela ikusi zuen. Orduan harri baten gainean eseri zen, aurpegia xukatu zuen zapiaz, eta ogi apur bat jan zuen.
Espremanville-ko goira heldurik, gauean izar pila batek bezala dir-dir egiten zuten Honfleur-eko argiak ikusi zituen; itasoa urrutian, xuxurlari zebilen nahasian. Orduan etsiune batek geldierazi zuen; eta here haurtzaroko miseria, lehen amodioaren etsipena, here lobaren urruntzea, oroitu zituen eta nahigabetu zen.
Ondoren, Havre-rantz abiatzen zen itsasuntziaren kapitainari hitz egin nahi izan zion, eta kutxatxoan zer zegoen adierazi barik, biziki zain zezan eskatu zion.
Fellacher-ek luzaro izan zuen papagaioa; beti hurrengo asterako bidaliko zuela agintzen zuen; azkenean, sei hilabete eta gero, Fellacher-ek noizpait kutxa bat bidaliko ziola aditzera eman zion. Zorionek ez zuela sekula berriro Loulou ikusiko uste zuen. Loulou inoiz berreskuratuko ez zuela uste zuen. Lapurtu egin didate! zioen here kautan.
Loulou here eskuetara iritsi zen, zuhaitzabar baten gainean sotilki ezarria, hankatxo bat altxatuta, burua grazioski apaindua eta disekatzaileak, arte-erakuspen bat eginez ederto urrekaratu zuen intxaur bati horzka; Zorionek bere logelan ezarri zuen Loulou, inor sartzen ez zen baztertxo batetan, erlijiogaiak eta here gauza maiteak gordetzen zituen kristalontzi baten gainean.
Logela edergaiez eta zaharki bitxiz beteta zegoen. Sartutakoan armairu zahar handi bat zegoen; here ohantze ondoan mahai batetan ur pitxer bat, bi orrazi eta, plater markets batetan, kubo bat zituen. Paretetan lerrokatuta, hamaika iruditxo, domina eta errosario, bibliagaien inguruko koadrotxoak eta koko-kosko batetan landutako ur bedeinkatu ponte bat. Komodaren gainean, kurtxoi zuri batez estalia, aldare gisa, here lobak oparitu zion maskor nakareztatu kutxa bat, geografiazko irudiak, idazteko koadernoak, kolorezko globo bat eta pare bat botatxo polit zeuden; eta xingolez lotuta ispilutik eskegia Virginiaren felpazko kapelatxoa.
Zorionek maitekiro gordetzen zituen igaro denborak oroiterazten zizkioten gauza guzti hauek, eta «jaunaren» lebita bat gordetzen zuen ere gorde.
Zaharrak izateagatik Aubain andreak baztertzen zituen gauza guztiak; eta honela lore artifizial asko eta argizulo hondoan Artois-eko kontearen erretratua gordetzen zituen ere.
Oholtxo baten erdian, Loulou logelako tximinia baten atzekaldeko ertzetariko batetan ipini zuen.
Egunero, goizurratzearekin batera, Zorionek joandako egunak gogoratzen zituen, eta xehetasunik txiki eta axolabakoenak; eta dena nahigabetu barik, kezkarik gabe, lasaitasun eskerga batez murgildua.
Inorekin komunikatzen ez zelarik, ametsibiltari baten modura durdituta bizi zen. Gorpuzti eguneko prozesioek berpizten zuten, eta errukizko erromeria egiten herri guztia kurritzen zuen txirio-apurrak eta zerria-puxkak biltzen, kaleko atean jasotzen zuen aldarearen oina edertzeko eta estaltzeko xedeaz.
Elizan beti egoten zen Izpiritu Sainduaren irudiari beha, eta Jainkotiar ezaugarriak bere papagaioaren zerbait zuela antzeman zuen. Antzekotasuna are benetakoagoa iruditzen zitzaion Gure Jaunaren bataioa irudikatzen zuen Epinal-en imajina bati begira. Purpurazko hegoekin eta esmeraldazko gorputzarekin here Loulouren benetako erretratua ematen zuen.
Koadro hau erosita, Artois-eko kontearenaren lekuan jarri zuen, halako moldez ezen begiztada batez irudi biak aldi berean baitzekuskien; biok burutazio batetan elkartu ziren; papagaioa bapatean saindutu egin zen, biziago eta ulergarriago heltzen zitzaion Izpiritu Sainduaren irudiarekiko analogiaz. Aita Betikorrak bere Iragarkundea egiteko ezin zuen usorik hautatu, hegazti hauek ahotsik ez dute eta, ziur asko Loulou-ren arbasoetarikoren bat hautatuko zuen... Eta Zorione Jainkotiar irudiari hegira zegoen; baina apurka-apurka eta konturatu gabe azkenean here papagaioa begiratzen zuen.
Zorionek Mariaren Alaben Ordenan sartzeko gogoa izan zuen noiz edo noiz, baina Aubain andreak asmoa bazterrerazi zion.
Garai honetan berebiziko gertaera bat suertatu zen Aubain andrearenean: here seme Pabloren ezkontza. Notari baten laguntzailea izan eta merkataritzan, Aduanan eta akura-bilketan lan egin eta injeniari karrera hasi ondoren, hogei eta hamasei urterekin, bapatean eta zeruak iradokia, here bidea aurkitu zuen: erregistroa!, eta halako ahalmenak agertzen zituen ezen peritu batek bere alaba eskaini eta here babesa agindu baitzion!
Formala bihurtu zen Pablok, here amarenera eraman zuen.
Neska ezkonberriak Pont L'Evêque-ko ohiturak laidotu zituen, printzesa baten ekanduak hartu zituen eta Zorione nahigabetu zuen. Joan zenean Aubain andrea hobe sentitu zen.
Hurrengo astean M. de Bourais hil zen Bretainia Behereako ostatu batetan; buruhilketa baten zurrumurrua zabaldu zen, eta zalantzek haren zintzotasuna zikindu zuten. Aubain andreak here kontuak aztertu zituen eta laster haren delitu ugariez ohartu zen: atzerakinak ebastea, zura ezkutuan saltzea, ordaintzeko gutun aizunek, etab; gainera, Bourais-ek odolezko seme bat zeukan eta amorío garestiak Dorulé-ko emakume batekin.
Ignominia hauek biziki atsekabetu zuten. 1853.eko martxoan, bularraldeko batek jo zuen. Gero eta larriagotuz joan zen, mihia halako humore zoldatsu geruza lodi batez bete zitzaion; izainek ez zuten deus lortu, sendabide guztiak erabilita alferrik gertatu ziren ere, gaixotu eta bederatzi egunen buruan zendu zen, hirurogei eta hamar urte betetzen zituenean.
Jendeak askoz gazteagoa zela usten zuen, haren fisonomía margula eta nafarreriak joa xingola handiz apaindutako ile ilunek pixkat alaitzen zutelako. Adiskide gutxik egin zion negar: beraren izaerak begikotasun guztiak eragozten zizkion.
Bakar-bakarrik Zorionek egin zion negar, ugazabei negar egiten ez zaien moduan. Neskatila gixajoak ez zuen ulertzen Aubain andrea bera baino lehenago hiltzea; ideiak nahasten zitzaizkion, gauzen ordena naturalaren aurka zegoela iruditzen zitzaion, onartezina eta izugarria zen.
Hamar egun geroago (Besançon-etik heltzeko beharrezko denbora), oinordekoak agertu ziren. Errainak kutxatilak ikustatu zituen, altzari batzu hautatu, beste batzu baztertu, banaketa egin zuten arte.
Aubain andrearen besaulkia, haren mahaitxoa, suontziska eta zortzi aulkiak, dena banatu zuten. Pareten erdian lauki horiskek grabatuen hutsunea agertzen zuten. Pablo eta Virginiaren mahaitxoak jaso zituzten ere, eta haren arasan ez zen Zorionek hainbeste maite zituen oroikarrietarik ezer geratu. Gelak tristeziaz beteta zekuskien.
Biharamunean ate gainean kartel bat agertu zen: botikariak etxea salmentan zegoela esan zion Zorioneri belarrira; Zorionek ezin zuen sinetsi, eseri beharra eduki zuen.
Gehien nahigabetzen zuena bere logela utzi behar izatea zen, hain erosoa bere Loulou gixajoarentzat!...
Betilun begiratzen ziola, Izpiritu Sainduari otoitz egiten zion, eta bere grina zoratuan, here otoitzak papagaioaren aurrean egiteko ohitura hartu zuen.
Batzutan, argizulotik barneratzen zen eguzkia Loulou-ren beirazko soan isladatzen zen eta Zorione estasiatzen zuen ñirñir bat zerion.
Zorionek here ugazabandreak utzitako 350 liberatako errenta zeukan; lorategiak behar beste barazki hornitzen zion, eta jantziei dagokienean, hil arte janzteko adina zeukan eta argia aurrezten zuen ilunabarrean oheratuz. Oso gutxitan kaleratzen zen, etxekoak izandako zenbait altzari erakusten zuen trukatzailearen denda aurretik ez igarotzearren.
Zorabiatu zenetik nekez zerabilen hanka bat eta ahulduz zihoan.
Simon atsoa, janaridendan lur jota, egunero zetorkion here zereginetan laguntzera.
Begiak makaldu zitzaizkion eta pertsianak ez ziren berriro ireki. Urte asko igaro zen eta etxea ez zuten saltzen, ez akuratzen. Kasurik egingo ez zioten beldur, Zorionek ez zuen inoiz konponketarik egitea eskatzen; gapirioak ustelduz zihoazen; negu oso baten zehar euriak here oheburua busti zuen.
Bazko jaiak igarota, Zorione odola botatzen hasi zen. Orduan Simon atsoak sendagile bati hots egin zion. Neskatila gixajoak zein gaixotasun zeukan jakin nahi zuen, baina sendagileari aditzeko gorregia zela, hitz bat ulertu zuen bakarrik: alborengoa!
Zorionek zera erantzun zion eztiki:
A, nire ugazabandrea bezala!... Aubain andrearen urratsei jarraitzea oso normala irudituz.
Gorpuzki eguneko aldareak jarri beharko ziren laster.
Lehena aldapeko behekaldean ipintzen zuten beti, bigarrena Postetxe aurrean eta hirugarrena kale erdian. Hirugarrena jartzeko lehia izan zen, eta azkenean eliztarrek Aubain andrearen etxartera eraman zuten.
Hersturak eta sukarrak areagotzen ziren; Zorione prozesiorako ezer egiten ez zuelako kexu zebilen. Behintzat zerbait egin ahal izan balu!...
Bapatean papagaioa bururatu zitzaion...Baina ez, ez litzateke duina ez serioa izango esan zioten auzakideek. Hala ere, apaiz jaunak erakusteko baimena eman zion; Zorione hainbeste poztu zen ezen apaiz jaunari bere ondasun handiena zen Loulou-ren oinordeko izendatzea agindu baitzion.
Asteartea eta Gorpuzki egunaren bezpera zen larunbata bitartean maizago eztul egin zuen. Gauean haren aurpegia zurrunduta zegoen, haren ezpain lehorregiak barneratzen zitzaizkion, goitika egiten zuen, eta biharamun goizean, txartoago sentitzen zelarik, apaizari dei egiteko agindua eman zuen.
Hiru emakume auzotarrek inguratu zuten oleazioa ematen zioten bitartean. Ondoren, gaixoak Fabu-ri hitz egiteko gogoa zuela adierazi zuen.
Fabu jaiegun-trajez jantzita heldu zen, eta giro itzaltsu hark inpresio txarra egin zion.
Barka nazazu, Fabu!... esan zuen Zorionek besoa luzatzeko ahaleginduz. Nire txoriaren hiltzailea zu zinela uste nuen.
Zer dira esames horiek? Bera bezalako gizon bat hiltzailetzat jotzea? Eta haserretu egin zen jokabide horrengatik. Emakume hau burutik dago!...
Zorionek mamuekin hitz egiten zuela ematen zuen. Emakumeak joan ziren. Simon andreak gosaldu zuen.
Geroxeago Loulou hartu zuen, eta Zorioneri hurranduz:
Hara esan zuen emaiozu agurra.
Loulou gorpua ez zen arren, harrek janda zegoen; apurtuta zuen begietariko bat, eta iztupa sabeletik irteten zitzaion. Baina itsu zegoela, Zorionek bekokian mosu eman zion eta here masailez laztandu zuen.
Simon andreak hartu zuen eta aldare gainean jarri zuen...
© Gustave Flaubert
© itzulpenarena: Karlos Santisteban
"Gustave Flaubert - Bihotz apala" orrialde nagusia
www.susa-literatura.eus