III
 
        Tenpluko atarian belaunikatutakoan, barneluzego garairantz aurreratzen zen ixilpean, bi aulki iladen artetik, bere ugazabandrearen eserlekua irekitzen zuen, esertzen zen eta bere inguruan begiratzen zuen.
        Eskuin-ezker, mutiltxoek eta neskatilek koruko eserlekuak betetzen zituzten; apaizak zutik hitz egiten zuen denen erdian, bere eskuak mahai baten gainean ezartzen zituela.
        Absideko beirina batetan, Izpiritu Saindua zegoen Birjinaren buru gainean; beste aldean Jesus Umea zegoen belauniko, eta azkenez, tabernakulu azpian, zurezko talde batek San Migel herensugea garaitzen irudikatzen zuen.
        Apaizak lehenbizi historia sakratuaren laburpen bat egin zuen.
        Zorionek, apaizaren hizketaldi gozoaren bitartean, Paradisua, Uholdea, Babeleko dorrea, hiri guztiak sutan, herriak hiltzorian, idoluak lurreratuta ikusi uste zituen, eta Jainkoaren ministrarien hitzak aditu zituen lehen alditik, Goiko Jaunari begirunea zion eta haren jainkotiar haserreraen beldur zen.
        Ondoren, Zorionek negar egin zuen hunkituta Jaunaren sufrikarioa entzuten. Zergatik gurutzifikatu zuten umeak maite bazituen, jendetzak elikatu, itsuak sendatu eta, maitasunagatik, txiroen artean ikuilu ziztrin batetako lasto gainean bere gogoz jaio bazen? Ereintzak, uztak, dolareak, Ebangelioak aipatu ohi dituen gauza guzti horiek beraren bizitzan zeuden; Jainkoaren iragaitzak santifikatu egin zuen, eta ordudanik emekiago maitatzen zituen bildotsñoak Izpiritu Sainduaren maitasunagatik.
        Zorione gozoki zorabiatzen zen Jainkoaren irudiaz pentsatzean. Jainkoa ez baitzen txori bat bakarrik, sua zen ere, argi bat, putzaldi bat. Hauxe zen berak zingiretako ertzen gainetik zilarrezko xingolak bailiran hegaka ikusten zuen argia; haren arnasa hodeiak bultzatu zituen arnasa zen, haren ahotsa, kanpaietan armoniaz dir-dir egiten zuen eta elizako hormen freskura eta lasaitasuna gozatzen estatiko zirauen ahotsa.
        Dogmei dagokienean, ez zituen ulertzen, ezta horretan saiatu ere.
        Apaizak bere erretolika sainduekin jarraitzen zuen, umeek abestiak kantatzen zituzten boz apalaz, eta atsegin izugarri batez beterik, eliz xarmaz atondutako ametsetan lo egiten zuen, harlauzetatik zebiltzan eskalapoien kirrizkadek bapatean itzartzen zuten arte.
        Elizara egin zituen bisitaldietan katixima ikasi zuen eta bere erlijiozko hezkuntza landu zuen, gazte-gazterik ahaztu zuen eta. Ordudanixe, Zorione Virginiaren erlijiozko ohitura guztiak imitatzen ahalegintzen zen; baraur egiten zuen berarekin batera eta berarekin batera aitormena egin.
        Jainkoaren egunean, elizingurua egiten zuten elkarrekin aldarerarino heldu arte.
        Lehen jaunartzeak, aurretiaz nahasi zuen. Zorione zapatek, arrosarioek, liburuek eta eskularruek artegatzen zuten. Nolako hunkidura dardartiz atontzen zizkien jantziak Aubain andreak!
        Mezaren bitartean, Zorionek larritasuna sentitu zuen. M. Bourais-ek koruko parte bat ezkutatzen zion; baina aldiz, neskatila gazte talde hura zekusan, beren koroa zuriak errezel beheen gainean zituztela, arrosalarre bat eratuz; eta urrunetik bere umetxo maitea errekonozitzen zuen bere idun txairo eta jarrera goibelaz: Zorione mundu guztiak behatzen zuen.
        Zilarrezko txilinak bere doinua ezarri zuen eta ixiltasun handiz fededunak belaunikatu ziren. Organoaren akordeei jarraiki, korukideek Agnus Dei abesten zuten. Gero mutiltxoen eta neskatilen desfilea hasi zen. Eskuak gurutzaturik eta aurpegi makur, argi dirdiratsuz iluminaturiko aldare oineraino heltzen ziren, eta lehen mailadian belauniko Jaunartze Sakratua egiten zuten...Banan-banan beren belaunaulkietara itzultzen ziren pagu.
        Virginiari txanda heldu zitzaionean, Zorionek bere abenturaren unea heldu zaion neskatila baten ezinegonezko samurtasunaz begiratu zion. Bere bihotza taupadaka zuen, hunkidura zirraragarri baten bero gozoa sentitzen zuen.
        Ezpainak ireki behar zituen goreneko liparrean betazalak nirrotu zituen eta konortea galtzeko tenorean egon zen.
        Biharamunean, Zorione goizean goiz joan zen sakristiara apaiz jaunari jaunartzea egin nahi zuela esanez. Berak debotuki jaso zuen; baina haren hunkidura ez zen aurreko egunekoa bezainbestekoa izan.
        Aubain andreak bere Virginia emakume jantzia izan zedin nahi zuen; eta Guyot-ek ez ingelesa ez musika ezin irakatsi zionez, bere alaba apopilo gisa Honfleur-eko Urtsulinekin sartzea erabaki zuen.
        Neskatilak ez zuen inolako eragozpenik jarri.
        Zorione zizpuruka eta betilun zebilen bere andrea soraio ohartzean.
        Gero agian bere ugazabandreak arrazoia zuela pentsatu zuen. Ezin zituen ulertu honelako gauzak.
        Azkenean, egun batez gurdi zahar bat Aubain andrearen ate aurrean gelditu zen; bertatik Virginiaren bila zetorren serora bat jaitsi zen.
        Zorionek andereñoaren ekipaia jarri zuen gurdiko fardeltegian, gurtzainari zenbait gomendio egin zizkion amoitsuki eta barruan sei gozoki pote, dozena bat udare eta brioleta sorta bat ipini zituen.
        Abiaunean, Virginia negar-zotinka hasi zen eta bere ama besarkatu zuen behin eta berriz, bekokian mosuak ematen zizkion bitartean emeki zera ziotsola:
        — Tira, adorea, adorea!...
        Atetilak itxi ziren eta gurdia agudo abiatu zen. Orduan, Aubain andrea zorabiatu egin zen eta, gauean, lagun guztiak, Lormeau familia, Lechaptois andrea, Rochefauille andereñoak eta Houppeville eta M. de Bourais kontsolamendua ematera joan zitzaizkion.
        Alabaren ezak, hasieran kalte handia egin zion.
        Baina astean hiru aldiz Virginaren gutunak hartzen zituen, beste batzutan idatzi egiten zion, lorategitik paseiatzen zuen, irakurtzen zuen, olgatzen zen, eta honelatan bere larrialdietan nabaritzen zuen hutsunea betetzen zuen.
        Bere aspaldiko ohiturari jarraiki, Zorione goizean Virginiaren logelan sartzen zen, toki guztietara begira. Zorione gogaitu egiten zen bere ileak orrazi eta botatxoak lotu behar ez zizkiolako, ohea egin eta kopetan mosurik eman ezin ziolako. Triste zegoen bere gorputz sotila ez zekusalako eta elkarrekin ateratzen zirenean bezala eskutik ez zeramalako.
        Bere astialdietan, neskame apala farfailak egiten saiatu zen, baina beraien hatzak zakarregiak ziren eta haria puskatzen zuten. Bere tristeziaren bakartasunean ez zuen ezertan arretarik jartzen eta ez zekien ezer ziurtasunez; logalea galdu zuen eta, bere esanetan, «sorgindua» zegoen.
        Astia emateko, Aubain andreari bere iloba Bittor etxera joateko baimena eskatu zion.
        Bittorrek igandeetan bisitatzen zuen bere izekoa, meza nagusiaren ondoren. Masailak zurigorrituta, bularruts eta zeharkatzen zituen landetako usaina zeriola heltzen zen. Berehala, Zorionek bazkaria atontzen zuen eta aurrez aurre gosaldu egiten zuten. Zorionek oso gutxi jaten zuen jakitegia ez husteagatik; baina bere iloba hainbeste asetzen zen jakiez non loak hartzen baitzuen bazkalburukoan.
        Lehen kanpanotsa aditzen zuenerako iratzarri egiten zuen, toilettea egiten zion, prakak eskubilatzen zizkion eta gorbataren korapiloa egin, eta beraren besoari atxekia tenplurantz abiatzen zen ama-harrotasunaz.
        Ahaideek zeozer ateratzen zioten beti; azukre pakete bat, xaboia, pattarra nahiz dirua izan; eta janzkiak adabatu ohi zizkien ere.
        Abuztuan Bittorren aitak bere semeari itsasoratzeko deia egin zion.
        Oporraldia zen eta haurren etorrerak kontsolatu zuen. Baina Pablo uzkur eta guratia itzuli zen eta Virginiaren adina kontutan hartuz nagusien begiruneaz tratatu behar zuen, bion artean oztopo bat ezarriz.
        Bittor, Mortaiz, Dunkerque eta Brighton-era joan zen jarraian, bidaia bakoitzetik itzultzen zenean opariren bat eskaintzen zion bere izekoari; lehenbizikoan maskor-kutxa bat izan zen; bigarrenean kafe katilu bat eta hirugarrenean mazapanezko txotxongilo bat.
        Bittor kozkortzen eta aldi berean edertzen zen; gorpuzkera txairoa zuen mutila zen, bibote hazberria, begi bizi eta ausartak eta larruzko kapelatxoaz jantzita, piloto gisa atzerantz jarria.
        Zorione Bittorrek itsas hizkeraz apaindurik kontatzen zizkion istorioak entzuten gozatu egiten zuen.
        Astelehen batez, 1819.eko uztailaren l4ean (ez zuen sekula ahaztu data hau), Bittorrek itsasaldi luze bat egiteko hitzemana zegoela jakinerazi zion, hurrengo gauean abiatuko zela Honfleur-eko paileboteaz, Havretik berehala irten behar zuen bere goletara joateko. Azterketazko itsasaldiak agian bi urte iraun litzake.
        Egoneza hain luzearen perspektibak, Zorione enkoniatu zuen, eta agurtzeko, asteazken gauean, Aubain andrearen bazkariaren ondoren, galoxak jarri zituen eta Pont L'Evêque eta Honfleur arteko lau lekoak ibili zituen.
        Zorione kalbario aitzinera iritsi zenean, ezkerralderantz jo beharrean eskuinalderantz jo zuen eta guztiz noragabeturik, untzitegietan galdu zen; etorri bidetik atzera eginez jendeari galde egin zion. Zorionek itzuli osoa eman zuen amarretan eragiten ziren untziez betetako kaian; bertan, bidaiari samalda eta jendetzaren artean, Bittorren bila hasi zen. Bapatean, uhinek ferekatutako behea deusezten hasten zen, argiak elkargurutzatu ziren eta ihes egiten zutenen lasterketek eta zapaldurek aurretik eramanda jende-ilada bat gora igon zen.
        Zorionek, oldeak estuturik, hil behar zuela uste zuen. Kaiaren ondoan zaldiek uhui egiten zuten, txalupa batetan sartuta, non bidaiariek sagardo upel, gazta-otzare eta garau-zorroen artean elkar zapaltzen baitzuten; oiloen kakara eta marinelen oihuteria aditzen ziren. Txalupan arraun bat zegoen, tonu hunkigarriak zituen koadroaz axolagabe.
        Ordura arte ezagutu ez zuen Zorionek zera oihukatu zuen:
        — Bittor, Bittor!... —berak burua altxa zuen, eta Zorione berarengana oldartu zenean, bapatean zaldaina kendu zuten eta untzia abiatu zen.
        Alai barre eta kantu egiten zuten emakumeez beterik irten zen untzia.
        Taketak kirrika egiten zuen, uhin geldo eta pizuek brankan jotzen zuten; hegala aldatu zen; jende guztia desagertu zen, eta itsaso zilarreztatu eta dir-dirtsuan, desagertu arte indargetzen zen orban beltz batek flotatzen zuen. Kalbariotik igaro zenean, Zorionek berriro inor baino maiteago zuen mutil hura zain zezala eskatu zion
        Jainkoari, eta luzaro zutik egonez, otoitz egin zuen, aurpegia malkoz beterik eta begiak urrutitasunean finko zituela.
        Hiria lotan zegoen; mugazainak paseiatzen zebiltzan eta ura urateko zuloetatik erortzen zen xuxurlaka bere urjauzi hotsarekin. Ordubiak ziren.
        Mintzatokia ez zuten irekiko ortzondoa baino lehen. Gibelamendu handi honek Aubain andrea nahigabetuko zuen ziur asko; hala ere, beste mutiltxoa lehenbaitlehen besarkatzeko gogoz zegoela, etxera egin zen trankil.
        Zorione Pont L'Evêque-n sartzen zenean ostatuko neskatilak jaikitzen ziren.
        Bittor bihurritxoa, bi hilabetez ibili zen untziko gainaldean eta uhinen artean leku batetik bestera. Aurreko bidaietan ez zen izutu, Ingalaterra eta Britainiatik aise itzultzen zelako; baina Amerika, Koloniak eta uhinak eskualde ezezagunetan galdurik zeuden, munduaz bestaldean.
        Ordudanik, Zorione bere ilobagatik arduratzen hasi zen. Egun eguzkitsuetan egarriak itotzen zuen, eta ekaitza zegoenean dar-dar egiten zuen tximistaren izarniadura elektrikoa sentitzearen beldur.
        Tximinian txistu egiten zuen eta teilatuko arbelak higitzen zituen haizea entzutean, Zorionek bere iloba ekaitz berberak ihaulia irudikatzen zuen, habe baten otzarean lotuta eta aparrezko gailur baten gainean etzanik... Bestetan, irudietako Geografia gogoratuz, basatiek janda, tximinoek harrapatua eta hondartza huts batetan hilda antzematen zuen. Baina, bere etengabeko oldozketak nahigabetua izan arren, ez zion sekula inori bere beldur eta ezinegonaren berririk ematen.
        Aubain andreak ere pairatu egiten zuen bere alabaz pentsatzen. Serora bihotzonek neskatilari maitagarri eta guztiz onbera zeritzoten. Zirrararik arinenak sumintzen zuen. Pianoa utzi beharra izan zuen.
        Bere amak komentuari gutunak maiz idaztea exijitzen zion. Postaria agertu ez zen egun batetan, Aubain andrea artegatzen hasi zen; leku batetik bestera eta bere eserlekutik leihora zebilen egongelan. Benetan harrigarria zen, lau egun berririk jaso gabe!
        Bere ugazabandrea kontsolatzeko, Zorionek bere abnegazioaren adibidea aipatzen zion, zera ziotsola:
        — Begira, andrea; duela sei hilabete nik ez dut gutunik jasotzen...
        — Norenak?
        — Nire ilobarenak! —ihardetsi zion eztiki Zorionek.
        — A, zure iloba!... —eta lepoa altxatuz, axolagabe, itzuli-mintzuli jarraitu zuen, hotzartean zera esanez:
        — Nik ez nuen uste... beraz pihotxoa..., a!, bai! ...untzimutil gizajo bat... Negozio ederra! ...Baina nire alaba... Zer gertatu ote zaio nire alaba gizajoari?
        Zorione, nahiz eta gogortasunean hazia, ederto konturatu zen eta Aubain andrearekin haserretu; gero dena ahaztu zuen.
        Virginiaren isiltasunak bere amaren osasuna kolokan jarriko zuela ematen zuen. Bere bi semealabek garrantzi bera zuten berarentzat; amaren haragizko lokarriak bere bihotzean biltzen zituen eta patu berbera izan behar zuten, Halabeharrak ez zituen inoiz bere altzo gozotik banandu behar.
        Botikariak Bittorren itsasuntsia Kubatik iritsia zela adierazi zion Zorioneri. Egunkari batek eman zuen berria.
        Kuba eta tabakoari buruz entzun zuenagatik, Zorionek La Habana erretzeaz aparte ezer egiten ez zen herria zela imajinatu zuen, eta Bittor honat-harat zebilen beltz samalda eta tabako-hodei handien artetik. Beharrezkoa izanez gero, bere jaioterrira itzul zitekeen? Urrun ote zegoen Amerika Pont L'Evêque-tik?
        Bere jakingura betetzeko, Zorionek M. de Bourais-i galdetu zion.
        M. de Bourais-ek bere Atlasa hartu zuen eta ondoren distantziei buruz azalpenak ematen hasi zen eta irri egiten zuen harro Zorioneren txundidura ikusiz; azkenean, bere makiltxoaz obalantzeko orban baten gainean puntu beltz ohargaitz bat seinalatu zuen, zera oihukatuz: Horra hor Kuba! ...
        Zorione Atlasaren ondoan makurtu zen, eta lerro eta puntuen sarean adi-adi begiratu arren, ez zuen aurkitzen nahi zuen puntutxoa.
        Zorionek xaloki bere iloba bizi zen etxea erakuts ziezaion eskatzen zion Bourais-i.
        Bourais-ek besoak altxa eta azantzaz barre egin zuen; halako xalotasunak barregura pizten zion.
        Neska gixajoak ez zuen ulertzen barre egitearen zergatikoa. Bere Bittor maitearen gorpuzkera ere ohartzea itxaroten zuen berak!...
        Hamabost egun geroago, Liebard beraren bila aritu zen goizaldean eta bere koinatuaren gutun bat eman zion.
        Biotako ezeinek irakurtzen ez zekiela, Zorionek Aubain andreari eman zion, zeinak, bere gelan sartuta, bere soingainekoaren saretxoak konpontzen baitziharduen.
        Aubain andreak bere alboan jarri zuen; gutuna ireki zuen, Zorione dar-dar zegoela ikusiz, eta ahots apalez eta begirada sakonez, zera oihukatu zuena:
        — Ezbeharren bat iragartzen du honek...Zure iloba... Hilda zegoen!, ez zuen besterik esaten...
        Zorione aulki baten gainean jausi zen zorabiaturik eta bere burua paretan euskarrituz betazalak itxi zituen, zurigorri motel batez koloreztatu zirenak.
        Gero, bekoki makur, eskuak zintzilik eta begiak finko, negar-zotinka zera murmurikatzen zuen: nire ilobatxo gixajoa, nire untzimutil gixajoa!...
        Liebard-ek zizpuruka begiratzen zuen; Aubain andrea Zorioneren malkoek hunkitu zuten eta Trouville-ra, bere ahizparen ondora joatea proposatu zion.
        Negarti gixajoak keinukera batez ez zegoela bidaia egin beharrik erantzun zuen, ixilik eta betilun gogoetatsu geldituz.
        Liebard zaharrak joateko egokiera zela pentsatu zuen.
        —Beraiei zer axola!
        Zorionek oinaze izugarria sentitzen zuen bere buruan eta igarotako bizialdia berrikusteari ekin zion.
        Sukaldeko burdintsaretik ikuzlekuetarantz barneratzen ziren emakumeek, bere koinatuaren zoritxarreko gutunaren zioz oraindik hasi barik zuen egun hartako zeregina oroiterazi zioten.
        Bere ezbeharrekin etsituagoxe, zapaldura joan zen bere arropak ureztatzera eta bere atorrak lisatzera.
        Landako giroak kontsolatu egiten zuen. Zelaiak berdez jantzita zeuden; haizeak itsasadarraren uhinak eragiten zituen emeki, eta beraren ondoan belar idor sorta handiak kulunkatzen ziren, gorpu-adatsak uretan flotatzen bailiran.
        Zorionek bere zereginen bitartean dolorea gogoratzen zuen eta negarretan hasten zen neskatila bat bezala. Gauean, bere logelan, oroitzen hasi zen eta eskuak aurpegian eta bekokia ohantzean sartua goizurratzearen zain geratu zen.
        Zenbait hilabete geroago Bittor-en kapitainak bere iloba nola hil zen aditzera eman zion.
        Sukar horiek gogorki erasoa, lau mediku saiatu ziren berarekin aldi berean; baina untzimutil gixajoak odol larregi zeukan eta berehalakoan hil zen. Buruak zera esan zuen: Tira, beste bat!...
        Gurasoek lazkiegi tratatu zuten beti eta ez zituen berriro ikusi nahi. Bitartean, komentuan Virginia egunero eta txartoago zegoen. Bularreko hersturak, eztulaldiak, sukar etengabea eta masailalboetako zurbildura zituen, gaixotasun larriren baten antza.
        M. Poupart-ek Provenzan egonaldi bat egitea aholkatu zion. Aubain andreak horixe erabaki zuen eta artegatsu ibili zen bere alabarengana iritsi arte, nahiz eta hura Pont L'Evêque-ko klima ez izan. Provenzatik, Aubain andreak hitzarmen bat egin zuen gurdi-alokatzaile batekin astearteetan komentura eraman zezan.
        Komentuko lorategiko terraza batetatik Seine ibaia ikusten zen. Virginiak, bere besoari lotua, eroritako hostozko alfonbra baten gainetik ostera egiten zuen.
        Maiztxo, hodeietan zeharko eguzki-errainuek neskatila gaixotxoari min egiten zioten betazaletan, Tancanville-ko gaztelutik Havre-ko faroetaraino urruntasunen hodeiertza behatzen zuenean.
        Berehala atseden hartzen zuten etxean. Amak flaskotxo bat malagardo bikain uzten zion prest. Virginiak barre egiten zuen mozkortu eta jausiko zelakoan, eta berori gertatzearen beldur zela, oso gutxi edaten zuen.
        Udazkena eztia eta laztangarria izango omen zen. Gaixotxoak sendotzen zela sentitzen zuen. Zorionek lasaitzen zuen eta Aubain andreak etengabe asaldatzen zuen beldurra urruntzea lortzen zuen ere.
        Baina neskame zoragarriak ingurunetik ibilaldi bat egin zuen egun batetan, itzulitakoan ate aurrean M. de Poupart-en gurdia topatu zuen; bera atalondoan zegoen itxaroten; Aubain andreak bere kapela atontzen zuen.
        — Emazkidazu nire eskularruak eta nire poltsa... Arin, arin...
        Virginiak bularreko fluxio bat zeukan; beharbada arriskuan zegoen.
        — Oraindik ez —esan zuen medikuak; eta biok jausten ziren elur malutek zuriztaturiko gurdira igon ziren. Gautzen ari zen. Hotz egiten zuen.
        Zorione elizan sartu zen otoitz egitera eta argi bat piztera; ondoren ordubete beranduago harrapatu zuen gurdiaren atzetik antxintxiketan abiatu zen, azkar eta trebeki atzekaldetik jauzi egin zuen eta langen artean lekutu zen. Gogoeta batek jaitsi eta etxera erazi zuen. Ez zuen baila itxita utzi eta lapurrak sar zitezkeen.
        Biharamunean, goizean goiz, sendagilearen etxean agertu zen. M.Poupart itzuli eta berriro landaratu zen. Gero Zorione ostatuan egon zen, edonoiz gutunen bat ekarriko ziotelakoan zalantzarik gabe. Azkenez, ilunsentian Lisient-eko dilijentzia hartu zuen.
        Komentua kalexka harkaitzu baten hondoan zegoen lekutua. Atalondoan zarata estrainioak aditzen zirela eta herio-kanpaiek jotzen zutela iruditu zitzaion.
        — Beste hildakoren bat iragarriko du kanpaiak!pentsatu zuen Zorionek, eta atera hurbilduz mailukoez jo zuen indarrez.
        Pixkatera hurrantzen ziren eskalapoien zaratots motela aditu zuen, ateak ertireki ziren eta serora bat agertu zen. Serora onak gertatu berri zena jakinerazi zion. Aldi berean, San Leonardo-ko txilinak jo zuen.
        Zorione bigarren solairura igon zen. Gelako ataritik Virginia heriotzazko ohantzean etzanik ikusi zuen, eskuak gurutzaturik, ahoa ertirekia eta burua gurutze beltz baten gainean hanturik. Inguratzen zuten gortinak ez zirela Virginiaren aurpegia bezain zurbilak iruditu zitzaion.
        Heriotzazko ohantzeari iratxekia, Aubain andrea negarrez ari zen eta doluminezko larriduraz zizpuruka. Seroraburua zutik zegoen eta begiak Virginiaren musu urdinskan finko zituela. Komoda gainean piztuta zeuden hiru zutargik ere negar egiten zuten beren malko horien txinkaz, eta gauaren argitzalak burdintsareetako zuretan zilueta zuriak marrazten zituen.
        Andre erlijiosoek Aubain andrea kanporatzea erdietsi zuten.
        Bi egunetan zehar, Zorionek ez zien utzi hildakoaren ondotik baztertzen. Orduoro otoitz berberak errepikatzen zituen, ur bedeinkatua botatzen zuen katafalkoan, neskatilaren gorpua behatzen zuen berriro eta gogoetak egiten esertzen zen. Bere lehen beilaren goizaldean Zorionek hildakoaren gorputza larutuz zihoala nabaritu zuen; ezpainek urdinskagoak ziruditen, sudurra zorrozten zitzaion eta begiak hondoratu. Zorionek behin eta berriz mosukatu zuen eta sentipen izugarria nabaritu zuen Virginiak begiak ertirekita zeuzkala ikustean. Zorionerena bezalako arima hain apalarentzat, naturaz gaindikoa apala da.
        Hark berak egin zion azken toilettea; hiloihalean bildu zuen, katabutean sartu, koroa jarri zion eta ilea apaindu; ile leun eta hezeak zituen, bere adinerako meheak eta luzeak.
        Zorionek setantzeko ile xerlo bat moztu zion eta bere bularraldean gorde zuen azken oroikarri legez eta bere Virginia maitearen bitxi hura sekula ez galtzeko erabaki irmoa hartuta.
        Neskatilaren gorpua Pont L'Evêque-ra eraman zuten, estalpeko gurdi batetan bere alabaren jarraitaldearekin joan zen Aubain andrearen aginduak betez.
        Meza eta hileten ondoren, hiru ordu laurden behar izan zuten hilerriraino iritsi arte.
        Pablo agerian eta negar-zotinka zihoan. Beraren ondoren M. de Bourais, herriko auzotar printzipalekin, eta azkenez emakumezkoak, otoizka eta oihal beltzez estalita. Azkena Zorione zen, une hartan bere iloba, untzimutil gixajoa gogoratzen zuela, Virginiari bezalako ohorerik ezin egin izan ziolako eta Virginia bezala zuloraino lagundu ote zuten ez zekielako...
        Aubain andrearen etsipen larriak hiratua zirudien; ama onak Jainkoari zergatik izan ote zen zuzengabea Virginia eramaten galdetu zion ...Munduan ezer txarrik egin ez zuen, bizitzaren gozotasunak ez mingostasunak ezagutzen ez zituen eta hain arima zilarra eta hain kontzientzia birjina zituen bere alaba ...Baina ez, berak ez zuen inondik ere Hegoaldera eraman behar izan; beste doktore batzuk zalantzarik gabe salbatuko zuketen. Aubain andreak bere buruari leporatzen zion bekatu handiaren errua; berpiztu nahi zuen eta amets artean oinazea handiagotzen zitzaion. Batek obsesionatzen zuen batez ere. Urte asko zela hil zen bere senarra, marinel jantziz bidaia luze batetatik itzultzen zela zen, besarkatzen zuenean Virginia oso bidaia luze batetara eramateko agindua jasoa zuela esanez. Orduan, senar-emazteak ezkutaleku baten bila aritu ziren, Virginia eraman ez zezaten.
        Egun batez, Aubain andrea lorategira sartu zen bere lokamuts izugarriak bertaraturik. Lorategiko bakardadean, berriro amets egin zuen itzarri eta hurraneko bidezidor batetatik aita-alaba zetozela, bata bestearen ondoren, ikusi zuen, adi-adi begiratzen ziotela. Ikuspen beldurgarri honen zioz, hilabete asko eman zuen ohean. Zorionek eztiki begiratzen zion; haren osasuna sendatzen saiatzen zen, haren seme Pablorengatik eta berarengatik ere.
        Maiz, Aubain andrea eldarnioan zegoen ametsetan eta bere obsesio izugarriaren zorabioan esnatzen zen.
        — Bera...A, bai, bai, bai, ez ahaztu inoiz —sartzen debekatu zioten hilerriaz ari zen.
        Zorione egunero zihoan hilerrira. Arratsaldeko lauretan etxetik irteten zen, hilerriko aldapa igoten zuen, langa irekitzen zuen eta Virginiaren hilobira heltzen zen.
        Virginiaren hilobia katezko hesi batek inguratutako lorategitxo batetan zegoen, eta erdian marmol zurigorrizko zutarri bat, oinean dalia polit bat zuena. Platabandak lore usaindun oihal baten pean ezkutatzen ziren. Zorionek loreak aldatzen zituen, lur sakratu puxka hura ureztatzen zuen eta belauniko aldi batez otoitz egiten zuen.
        Aubain Andreak hobekuntza eta kontsolamendu handia sentitu zuen lehen aldiz alabatxoaren hilobia ikusi ahal izan zuenean.
        Eta honela urteak igaroz joan ziren, gertakizun bakarrak Bazko, Igokunde eta sainduen urteroko jaien itzulera izanik. Barneko gertaerek beti gogoratzen ziren datak ezarri zituzten. 1825.ean, bi beirinalarik atalondoa iztukatu zuten; 1827.ean, sabaiaren zati bat bailara erori zen, eta ia-ia gizon bat hil zuen. 1828.eko udan Aubain andreari egokitu zitzaion ogi bedeinkatua eskaintzea; garai honetan Bourais misterioski desagertu zen, eta aintzinako adiskideak pixkanaka-pixkanaka baztertu ziren ere. Guyot, Liebard, Lechaptois andrea, Robelin eta aspaldidanik elbarri zegoen Gremanville osaba.
        Gau batez postagurdiko gidariak Uztailaren iraultza iragarri zuen Pont L'Evêquen. Zenbait egunetara, osatutako Gobernuak Lasonniere-ko baroia izendatu zuen prefektu berri, Ameriketan kontsul izandakoa eta bere emaztea, koinata eta hiru alaba kozkortxo zituena. Beti soropilaren gainean egoten ziren alabok, brusa zabalez jantzita, eta beltz bat eta papagaio bat zeuzkaten. Aubain andreak amerikar jaun-andrearen bisitaldia jaso zuen eta une egokian itzuli.
        Zorionek urrutitik prefektuaren familia hurbiltzen zela zekusanean, Aubain andrea apaintzera abiatzen zen lehiaz. Aubain andrea gauza bakar batek hunkitzen zuen: bere semearen gutunek.
        Pablok ez zuen karrerarik bukatuko; tabernetan bizi zen. Bere amak ordaintzen zizkion zorrak egiten zituen eta leihoaren azpian eserita Aubain andreak botatzen zituen hasperenak sukaldean iruten ari zen Zorionerenganaino heltzen ziren.
        Emakume biak etxekaldetik egurasten ziren, eta beti Virginiaz hitz egiten zuten; halako gauza laket izango zukeela, halako egoeran zer esango ote zukeen, eta abar.
        Virginiaren oroikarri guztiak haren gelako arasa batetan zeuden gordeta. Aubain andrea ahal gutxienetan ikusten saiatzen zen. Udako egun batez aldi berean sufritzeko eta gozatzeko etsi zuen, eta armairua irekitzerakoan tximeleta saldo batek arin-arin ihes egin zuen arropen artetik irtenda.
        Janzkiak lerro zuzenez zeuden andrekila, arotxo eta neskatila-kapritxoz betetako ohol baten azpian.
        Zorionek gonazpikoak, galtzerdiak, zapiak atera zituen eta dena mahai gainean zabalduz joan zen berriro tolestu baino lehen. Eguzkiak gauzatxo hauek argiztatzen zituen eta gorputzaren mugimenduak sortutako tolesturak eta zimurdurak nabarmenerazten zituen. Haizea beroa zen; zozo bat kantari zegoen; dena lokartzen zen eztitasun sakon batetan.
        Virginiaren ostilamenduaren artean marroi koloreko luma luzedun felpazko kapelatxo bat aurkitu zuten; baina arrunt zikin eta bipiaturik zegoen. Zorionek beretzat nahi zuela adierazi zion Aubain andreari; haren begiak halako emetasunez kokatu ziren bere ugazabandrearenetan ezen malkoz beteta hunkitu baitzituen; Aubain andreak, negartsu ere, Zorione besarkatu zuen eta Virginiaren oroipen izpirituzkoak elkar-mosu bat ernarazi zien bihotzoi. Aubain andrea asaskatzen zen lehen aldia zen. Zorionek, bere aldetik eskertu egin zion eta aurrerantzean bihotz-bihotzez eta erlijiozko benerazioz maitatu zuen.
        Haren bihotzaren onberatasuna handitu zen. Kaleetatik joaten zen erregimentu baten danborrak aditzen zituenean, Zorione atera irteten zen pegar bat sagardo zeramala eta edaten ematen zien soldaduei. Kolerak jotakoak zaindu zituen, poloniarrak babestu zituen eta berarekin ezkondu nahi izan zuen bat ezagutu zuen. Baina amorio hauek ez ziren gorpuztu, Zorione biziki haserretu baitzen xarmatzailearen jokabidearekin: egun batez, elizatik itzulitakoan, sukaldean topatu zuen trankil asko sakotea jaten.
        Haren ontasunaren dohaia jaso zutenetariko beste bat aita Colmiche izan zen, 93.ean izugarriak egin omen zituen agurea.
        Colmiche zaharra ibaiondoan bizi zen, ikuilu baten hondakinetan. Pihotxoek harresiko zirrikituen artetik begiratzen zioten eta lastairan erortzen ziren uharriak bota; bera ia beti zetzan hantxe, katarro batek jota, ileak oso luze, betazalak hanpatuta eta beso batetan buru bat baino tokor handiagoa zuela. Zorionek arropa eman zion, aterpea konpondu zion eta andrea molestatu gabe mandro batetan instalatzen saiatu zen.
        Minbizia lehertu zitzaionean, Zorionek egunero sendatzen zion, gailetak eramaten zizkion, eguzkitan esertzen zuen lasto-meta baten gainean eta agure gizajoak, hunkituta eta dardarti, eskerrak ematen zizkion bere ahots motelaz eta, galduko zuen beldur, besoak luzatzen zituen urruntzen zekusanean.
        Agurea hil zen; Zorionek beraren arimaren alde meza bat agindu zuen.
        Egun hartan, neskatila xumeak sorpresa atsegin bat jaso zuen. Bazkalorduan, Larsonniere andrearen beltza agertu zen, papagaioa kaiolan sartua zeramala, makila, katea, giltzarrapo eta guzti. Baroisaren txarteltxo batek Aubain andreari bere senarra, prefektutza batetara goratua izan zela jakinerazi zion eta gau hartan bertan abiatuko zirenez oroikarri gisa eta bere begiramenaren agergarri papagaioa onartzea eskatzen zion.
        Papagaioa aspaldidanik zegoen Zorioneren irudimenean, Ameriketatik zetorrelako eta «Amerika» hitzak bere loba oroiterazten zion, hainbeste non maiz beltzari herri hartaz mintzatzen baitzitzaion.
        Behin esan zion prefektuaren beltzñoari: —Andrea zoriontsua izango litzateke haren papagaioarekin!
        Beltzak bere ugazabandreari errepikatu zion elkarrizketa eta, ezin eraman zezakeela, Aubain andreari oparitzen arazoa konpontzen zuen.
 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Karlos Santisteban

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz apala" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus