Andre Joxepantoni

       

I

       

Gure Gipuzko maite onetan basetxe edo baserri aberats eta paketsurik baldin ba'da, Joxemiel ta Joxepantoni bizi ziran uraxe ba-zan, noski. Ezkondu-ezkeroztik gora ta gora zijoazten...

        Ikulluan aziendak, naiz txerri ta bei, naiz txekor, txal eta idi, nola nai ta ala; zelai eta belardiak bezela baratza ere, urtetik urtera emakor eta ugarikorragoak.

        Senar-emazte ta semetxoen biotzetan, berriz, egizko maitasuna ta pake zerutarra.

        Zorion-aingerutxoak ego zuriak zabalduz, basetxe-gañean batetik-bestera egan zebiltzala esan ziteken.

        Baño zoriontasun osorik ez dago mundu ontan. Basetxe-alboko loretegian, atzo bertan liraiñ eta mardul loretegiko apaingarri ta zoragarri ziran lore batzuek, gaur igartuta, bizitzaren kutsurik ere gabe lurrean daude, udaberria izan-arren, ugaldeak bere ur zikiñetan arrastaka daramazkiela...

        Joxemiel omen zan gizona noski...! Trinko, luze ta sendoa, gorputzez; arpegiz, musu gorri ta sudur luzea; besoak, zaintsuak, esnarria bera baño gogorragoak; eskuak babaz josiak, atxurrean eta laiean trebeak. Langillea, langillerik ba'da, biozbera ta maitalea era berean, aurtxo apalaren antzera. Bere Jaungoikoa, bere emazte, semetxoak, baserri-lanak, beste lelorik etzuan buru-biotzetan.

        Igande-jaietan, entzun Meza Nagusia, —etzan iñoiz Meza labur batekin, al ba'zuan beintzat geldituko—, eta arratsaldeetan Bespera-ondoren bere kideko baserritarrekin Eleiz-atarian berriketaldi bat egin, pipakada bat ketuz baso erdi bat edo beste ardo ala sagardo edan ezkero, bapo zegon gure gizona aste osoan lanari ekiteko. Oso gutxitan iñork joko edo apusturetan ikusiko zuan, eta ardotegietan, bein illundu-ezkero, sekulan iñork ez.

        Jaietan bezela, azoka ta perietatik ere, illuntzetan etxeratzen jatorra zan.

        Egunero bere andrea ta morroiarekin errosario santua sukaldean errezatu, apai-legea egin, beiak jetxi, —ordurako jetxita ezpazeuden—, eta oera, al zuan bezin laister, ta goizean eguzkia bera baño goizago jeiki. Orra, etxe paketsu ta zoriontsu artako biziera.

 

       

II

       

Bein batean, —ilbeltzako egun bat zan—, sorotik, ezurretaraño guzia blai eginda, otzez dardaraz, etorri zan etxera.

        Oeratu zan, bañan geroztik etzuan gizajoak onik izan. Izugarrizko berotasun babek kiskaltzen jarri zion soin osoa. Asnasik ezin artu ta ito bear.

        Joxepantoni'ren atsekabea zenbatañokoa, ez ta adierazten biziro erraza. Inguruko sendagillei ots-egin zien, Donosti'ko ospetsu bat ekarri-azi ere bai. Baña, dana alperrik. Bere Joxemiel egunetik egunera okerrago, gaizkiago.

        Sinismen biziz, itxaropen osoz, Zeruko Amarengana jo zuan. Amaika aldiz, eguzkiak bezela illargiak ere, ikusi zuten andre doakabea, besoak-zabalik, belauniko ta auzpezka ere, Ama Birgiña'ren iruditxoaren aurrean, negar ta negar esaten:

        «Ama errukitsua, kupitu zaite ama doakabe onetaz. Senda ezazu nere señarra... Zuk Zeru-lurretan guzia zenezake-ta, sendatu zenezakidazu nai ba'dezu. Nai ezazu, Ama maitea... Biok juango gera urtero bizi geran artean Arantzazu- ra, Zuri antxe eskerrik beroenak ematera. Sendatu, bada, Zuk, gizonak ezin dute-ta, sendatu Zuk... ».

        Baña, Joxemiel gaxoa, oinkada luzez eriotz-bidean, betiko bizitzara zijoala antzematen etzan gauza zalla. Ta Joxepantoniren biotz naigabetuan burruka gogorrak sortu ziran.

        Norbaitek, bere alboan, par-antzean edo ezpañetan par-irria zuela, aopean bezela, esaten ziola zeritzaion:

        — Oraindik ere Jaungoikoa eta apaizen esanak sinisten jarraituko ote den? Ara, ik uste osoz, amaika bider, ain errukiorra unan Amarengana jo, ta zer iritxi den azkenez, gajo orrek? Euk otoi ta arren egin ala, ez den, ba, eria gaizkiago ikusten? Ta Jaungoikoak maite aunala, siñisten al-den oraindik ere?

        Ta itz auen ostean, par-algara zoli bat entzun zuela zerizkion.

        Tximista-argiaren antzeko alako, astiñaldi bizi bat nabaitu zuan bat-batean andre gaxoak burutik-oñetara gorputz osoan. Etzion ez etsai gaiztoaren tentaketari lekurik eman. «Aitaren egiñaz» Jesus'ka ta Maria'ka asi zan Zerurantz begira: ta belaunikaturik, Kredoa esan zuan.

        Arratsalde artan, Joxemiel'ek berak eskatuta, Bikario jauna etorri zitzaien, eta gaxoak, bizitza osoko aitorketa apalki egin ondoren, apaizaren Azkezpena ta itz zerutarrak entzunda, iñoiz ez bezelake, lasaitasun ta poza biotz barnean somatu zituan. Jaunaren eskuetan jarri zan gero Joxemiel, bere borondatea jaunarenarekin bat-egiñaz.

        Erriko eleizatik urbil baizegon basetxea, Elizakoak illunabarrean ematea erabaki zuan Bikario jaunak, erritarrik geienak jaunari laguntzera ta eriaren alde otoitz-egitera eldu zitezen.

        Illunabarrean, kanpai edo ezkil-otsak, enara beltzen gisa, batetik-bestera zabaldu ziran, eta etxe guzietan berri naigabetsuaz jabetu. Laister ziran eleiza-bidean emakume ta ume koskorrak ezik, agure kankallu ta gazte lerdenak ere.

        Emakumezkoak burua estalki beltzez estalirik ta batzuek besoetan aurtxoak zeramazkitela. Etorri ala, eleiz-barrura sartu oi ziran.

        Gizonak, berriz, aguretxoren bat edo beste kenduta, eleiz-atarian gelditu ziran. Apaiza eleizara eldu zan bezin laister, beste kanpai-ots luze bat entzun zan, eta atarian zeudenak oro, eleizeratu ziran.

        Gizon, emakume ta umeak ere zekarzkiten kandelatxoak batek bestenarekin piztu zituzten. Apaiza aldarera igo zanean, guziok belaunikatu ziran.

        Ua zan ikusteko gauza...! Eleiza sutan zegoala zirudian.

        Apaizak Jauna eskuetan artuta, bular-gañean estalirik izkutatu-ondoren, abiatu zanean, gizon ta umeak aurrera jo zuten. Gizonezkoak eta mutikoak, —auek aurretik—, ixil-ixilik errenkada bitan ezker-eskubi, kandela bana piztuta zeramatela...

        Ondoren iru mutil koskor sotana gorriz ta atorra antzeko soñeko zuriz jantzita, batek txintxarriari noizean beinka eragiten zion, eta beste biak eskuan parola aundi banakin, aren bi aldamenetan, aingerutxoen antzera, zijoazen.

        Atzetik apaiz jauna «Miserere»-otoitza, ixil-une batzuek egiñaz esaten... Onen ondoren, neska ta andre mordoska ederra, erdi-negarrez...

        Joxemiel'en etxera eldu ziranean, gizonezko bi errenkadak belaunikatu ziran, ta erditik igaro zan apaiza. Ezkaratzatik entzuten ziran Joxemiel gaxoaren asnas-estu-otsak eta etxekoen negar-zotiñak.

        — «Pax huic domini...» Pakea etxe oni, ta bertan bizi diran guzieri, —esan zuan apaizak eriaren gelan sartu orduko.

        Jauna mai zuria-ren gañean utzi, ta latiñezko otoitz batzuek esan-ostean, Joxemiel zetzan oera urbildu ta galdatu zion:

        — Jaun-Goiko, Alguztidun Zeru-lurren egillea sinisten al-dezu?

        — Bai, jauna. —darantzuio eriak.

        — Jesukristo Bere seme bakarra sinisten al-dezu ?

        — Bai, jauna, bai. — Era ontan Sinismenaren aitormena apaiz jaunaren galdeari erantzunaz egin-ondoren, gurutzea ipiñi zion ezpañetan muiñ-egiteko, ta gela osoan entzunteañoko musu bero luze bat eman zion Joxemiel'ek.

        Gero bi biatzez jauna artuta erakusten dio esanaz:

        — Eta nik eskuan daukadan auxe, Jesukristo'ren egizko, Gorputza dala, Bere odol, anima, Jaungoikotasun ta guzti, sinisten al-dezu?

        — Bai, jauna.

        — Ortaz gañera, naigabe ala ezbearren bat egin dizuten guzi-guziei biotz-bio,tzez barkatzen al-diezu?

        — Bai, jauna, barkatzen diet.

        — Eta zuk bein-edo-bein, itzez ala egitez, atsegabeen bat eman diezunei barkapena eskatzen al-diezu?

        — Bai, jauna, bai, eskatzen diet, —esan zuan Joxemiel'ek poliki-poliki, gelan belaunikaturik zeudenei begiratu xamurra zuzenduaz.

        Bai pozez sartu zala Jesus eriaren barruan...! Laga ditzagun biok alkarrekin izketa gozoan, ta guazen gu berriro eleizara.

        Ozkarbi dago. Izarrak dirdizka ta alkarrei kiñuka bezela, bere Jaungoikotasuna ta gizatasuna estali ta izkutaturik dijoan jaunari agur dagiote. Illargiak, alako zillar-argi legunez eleiz-bidea argitzen du. Ixil-ixilik dana... Eleiz-mutikoaren zintzarri-otsak eta gizon-emakumeen oinkada-ots neurtua, beste soñurik ez da entzuten...

        Eleiz-barruan sartu diranean, apaizak jauna eskuetan duela, onetsi ditu guziak, eta jaunari lagunduaz eta eriaren alde otoi-egiñaz zer nolako egintza ona egin duten aditzera eman die. Olaxe bukatu zan eleizkizun xamur ta eder ua.

 

       

III

       

Urrengo goizean, Meza asterako; eleizan zan Joxepandoni. Negarrez bustitako amaika arren eta eskari egin zituan gajoak. Senarrak gaua oso poliki igaro zuala-ta, itxaropenaz biotzak pil-pil zegiola, Meza santua entzun-ondoren, indarberriturik bezela etxeratu zan.

        Gosari-legea egin-ostean, laister zan Bikaio jauna ere, Joxemiel'enean. Okerrago zegonik etzitzaion iruditu, baña ezaguera osoz Sakramentu au artzera obe zala-ta, Azken-Igurtzia bereala emango ziola adierazi zion Joxemiel'eri. Pozik eta apalki artu zuan eriak, eta itz ezti batzuek gaxoari zuzendu-ondoren, «gero-arte» maiteki etxeko guziei ziola, irten zuan apaiz jaunak.

        Eguardi-aldean erriko osalari edo medikua izan zan eta eria oso gaizki arkitu zuan. Biotza era bat nastuta zerabilkila, ta bere ustez, ordu batzuetako bizitza besterik ez zeukala esan zion Joxepantoni'ri; agoni-aurreko biotzaren burrukak zirala oiek, eta ondo egingo zukeala apaiza bazkal-ondoan deitzeakin.

        Giza-biotzarentzat ez da gauza naigabetsuagorik itxaropen-sua itzaltzea baño. Joxepantoni'ren negar-malko-samiñ eta antzi estuak...! Otso-amak bere semeak ostu dizkiotela somatzen duanean, eztu orru atsekabetuagorik egingo, noski.

        Gure animaren etsai gaiztoak orduantxe berriro erasan zien andre gaxoaren adimen illunean gogoketa auek piztuaz:

        — Oraindik ere Jainkoak maite aunala sinisten jarraituko al-den, ttuntun orrek? Alperrikakoak izan zaizkin ire eskari ta arrenak. Noletan merezi den ik ainbesteko zoritxarra? Ezkondu-ezkero biok Jaunaren legea nola ongien ta osoro beteko bizi izan zerate... Ta orra orain damaizuten saria.

        Joxepantoni'k negarrari eman zion, Joxemiel azken-asnasetan zetzan oera alboratu, ta ari begira-begira negar-malko beroak matrailletatik-beera zerizkiola, tente gelditu zan. Maitasun-oñazearen aragizko irudia zirudian gajoak.

        Apaiza agoniko otoitzak errezatzen ari zan, eta auzoko emakume ta gizon batzuek ere belauniko erdi-negarrez otoi-zegiten. Joxepantoni ere belaunikatu zan gaxoaren oean burua makurturik, negar-malko ugariz bustitzen zuela.

        Ontan argitu egin zan Joxemiel. Begiak zabaldu ta gelan zeudenei begira asi zan. Jeiki zan Joxepantoni ta apaiza ixildu zan.

        — Joxemiel...! Joxemiel...! Zer nai dezu?, —esan zion negarrez ta maiteki Joxepantoni'k.

        Eta poliki-poliki beregana begi lausotuak zuzendurik, esan zion:

        — A..gur... Ba-noa: U..me... gaxoak ... zai- tu... ondo... Zeruan... danok...

        Ezin bukatu izan zuan. Joxepantoni negar ta negar zutik gelditu zan gizonari begira, erdi-erotuta, naigabearen naigabez zer egin etzekiela. Apaiza eriaren belarrira otoi labur bat edo beste esaten asi zan, gurutze santua ezpaiñetan ipintzen ziola.

        Asnasa luze bat, gero beste bat, ta illotzik gelditu zan.

        Joxepantoni'k bere asnasez, negarrez eta musu beroz bizitzara erakarri naiean bezela, illotzik zetzan senarraren gorputza besarkatu zion:

        — Joxemiel... Bakarrik gelditzen naiz. Etzaitut sekulan aztuko. Jaungoikoak eztitu nere eskaririk entzun nai izan. Beregana eraman zaitu... Ni bakarrik, gure iru semetxoekin lagata. Zer egingo det nik orain zu gabe? Noletan Jainko gure jaunak nai izan du au..?

        Apaiza asko ikasia ta ikusia baizan, etzan ezer arritu orrela emakume gaxoa ikusita. Eta artuta beste gela batera eraman nai zuten auzoko emakume on batzuei esan zien:

        — Laga zazute pakean. Lasaitu dedilla. Askatu dezala biotza estutzen dion korapilloa. Orduan lasa ta pakean geldituko da-ta.

        Alaxe gertatu ere. Andik ordu-erdira beste emakume bat zenuten Joxepantoni. Orduan ots-egin zion apaizak eta sukaldean, sutondoan exeri-azirik esan zion xamurki ta maitekiro:

        — Joxepantoni irea bakarrik al-unan, ba, ire senar ori, ala Jainkoarena? Jainkoak eman ziñan, Bere-Berea unan, ta Berak nai izan duanean, kendu din, Beretzat artzeko. Jaunaren naia, orixe izan den, eta guri orain etzagokigunan Aren nai santua agurtzea baizik. Zer zakiñagu guk jaunaren bideak aztertzeko ta okerrak ala zuzenak diran esateko? Udaberriko illunabarretan ez al-intzanan ibiltzen ur-ontzia eskuetan eramakiñala, ire baratzako loretegi eder orretan jo batera ta jo bestera lore egarrituak urez asetzen? Ta, ez al-itunan eorrek gero, lorerik mardulenak eta ederrenak ebaki ta ire etxeko gela nagusian apaingarritzat ipintzen? Orixe egin zigun, ba, gaur gure Jainkoak Joxemiel'ekin. Ta gañera, Joxepantoni, guk etzekiñagu, Jainkoak bakarrik zekiñ, guri egokiena zer zaigunan, eta zeruratzeko ta arako irabazi aundiak irabazteko biderik zuzenena ere zein bide zaigun, Berak zekiñ ongiena. Ire semetxio Txomintxo'k ez al-din askotan itai zorrotza negarrez eskatu? Ta ik ematen? Ez, noski. Zergatik? Maite unalako, ez den ala? Ire semetxoak etziñan ori usteko, baña, alaxe unan benetan.

        — Bai, jauna, arrazoi du. Burugabe jokatu det, aitortzen det Beorrek dion guzia egia dala ba-dakit, ta beti sinistu izan det, baño neonek eztakit zer gertatzen zitzaidan. Etsai beltza ibilli da, noski baño, noskiago, ni galdu naiean. Jaungoiko errukitsuak barkatuko al-dit nere ausarkeria.

        Ta apaiz jaunaren aurrera belaunikatu ta Zerurantz begiak jasoaz, zion damuz josirik:

        — Barkatu, Jaun ona, nere ausarkeri aundia. Zeruan bezela lurrean ere, egin bedi zure naia. Zure mirabea besterik ez naiz: egin nerekin nai dezuna.

        — Jaungoikoaren izenean barkatzen dizut dana. Jainkoaren pake santua zurekin bedi orain eta beti, —erantzun zion apaizak, abotsak dar-dar zegiola ta biotza danbaka zuela.

        Eta tente jarri eta eskuak goruntz jasoaz, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bedeinkau zuan.

 

       

IV

       

Joxemiel'ek iru semekin utzi zuan Joxepantoni. Sei urtekoa zarrena, amaika illabetekoa gazteena. Gurutze galanta jarri zion, ba, sor baldan gure Jaungoikoak. Ume aiek azi ta ezi, baserria lur jo gabe, aurrera eramateko bid-eak artu: orra, emakume batentzat naiko lan ta buruauste.

        Baña, gure Joxepantoni etzan nolanaiko emakumea, buru argia zan, adoretsu ta trebea. Otoitzari ta lanari ekin zion, ta Jainko gure Jaunak; osatu zuan gañerakoa. Baserria, beintzat, gora zijoan, ta umeak, aitaren bildurrik gabe ere, inguruetako umerik onenak eta maitagarrienak ziran, ao-batez guziok ziotenez.

        Berriro ezkontzeko era, eta era egokiak gero, izan zituan, baña gure Joxepantoni'k gai ontaz aspaldian erabaki sendoa arturik zeukan: bere biotza Jainkoarentzat eta semetxoentzat bakarrik izango zan andik aurrera. Joxemiel'ek Zerutik lagunduko zion.

        Gipuzkoa'ko erri batean apaiz zeukan anaiak artu ta berekin eraman zion seme zarrena, eta beste anai bat, kalean bizi zana, etorri zitzaion baserri-lanetarako. Pakean ta buruaste geiegirik gabe bizitzeko eran jarri zan, beintzat.

        Gero, andik bost edo sei urtera, anai apaizarekin zegoan semeak, apaiz egin nai zuala-ta, kezka ta zalantzarik pranko sortu zitzaizkion gajoari, baño, tira... arena ere zuzendu zuan. Bigarrena, Joxe Erramon, zetorren mutilla, noski. Sendoa ta trinkoa, paketsua ta amaren esanetara josia, aita zanaren tajua bera omen zekarren lanerako. Onexek bai jasoko zuela baserria, jainkoak lagun!

        Ta txikiena ere, Txomintxo, etzan makal-makala, sorgiña umea benetan. Aiek azitzean, orduan bai eroso biziko zala! Beti ametsetan amaren biotza! Gau ta egun bere aiekin amets gozoetan...!

        Baña, askotan ametsak amets, eta usteak ustel...

        Udako goiz eder bat zan. Artajorran ari zitzaizkionen gosaria antolatzen ari zala, Txomin txikiaren ateraldiak par-eragin zion. Umearen burutasuna izan ere...!

        — Ama, —esan zion bat-batean, oetik jeiki ta ikusi zuan bezin laister—, amatxo, nik aitatxongana jun nai det.

        —Ago ixilik, umea, —darantzuio amak—; ez al-dakik aitatxo Zeruan dagola? Ona ta zintxoa izaten ba'aiz joango aiz Zerura, bestela, berriz, inpernura deabru beltzekin erretzera...

        — Bai, bai, Zerura joan nai det... Aitatxongana juan nai det nik... zion bein eta berriz mutikoak.

        Amak gosaria eraman ta etxeratu zanean, etzuan etxean arkitu mutikoa. Ots-egin ta erantzunik ez; nora joan ote da? Jo zuan baserri gañeko sagardira, ta Txomin'en zantzurik ez. Auzoko baserrietan gero galdatu, ta iñork mutillaren berririk ez. Joxepantoni'ren biotza kezka gogorretan goibeldu zan.

        Gosaltzen ari ziranengana itzuli, ta zer gertatzen zan aditzera eman zien. Etziran asko estutu: umea agertuko zala bai, ta lasaitzeko esan zioten Joxepantoni'ri.

        Baña, amaren biotza larriagotzen ari zan errukitu ziran azkenean danok, eta soroan pitxarrako botella-ardoa, ogi-pusketak eta okel-zatiak bertan laga, ta mutikoaren billa sakabanatu ziran.

        Eguardian, etxe-aurreko baratzako osin edo putzu sakonean topatu zuten, azkenez, illotzik.

        Etziran, alajaña, guziak gutxi arritu, Joxepantoni'k, negarrez urturik umearen goizeko ateraldiaren berri eman zienean.

        Bost urteko umearen atarramentua izan ere...! Ametsetan aingerutxoen batek esan ote zion bart, gaur aitatxorengana Zerura joango zala? Eztakit: baña, umea Zeruan arkitzen dala bai, ta bere aita, munduan ezagutu etzuan bere aitatxo, antxe arkituko zuela ere, sinistu genezake.

 

       

V

       

Naigabe ta zoritxarren-ondoren poza ta atsegiña ere giza biotzetan ixuritzen ba-daki Jaungoikoak. Orixe egin zuan Joxepantoni'ren biotzean. Gurutze astuna eraman-azi zion bizitzako zenbait urteetan: baña, amaren biotzak artu lezazken ezti-tantorik gozoenak ere, oparo ixuri zizkion. Gañera, zartzaro luze ta paketsua eman zion.

        Patxi, bere seme zarrena, apaiz D. Francisco, ta gañera Gipuzkoa'ko erri aundi bateko Bikaio jaun egiña ikusteko añako poza ere, izan zuan, beintzat.

        Joxe Erramon auzo erriko neska bikaiñ batekin ezkondu zan. Etzuan mutillak begi txarra izan: Joxepantoni'ri izan ziteken errañik onena, egokitu zitzaion. Egiteko aginduta ere, etzuan onagorik izango. Langillea, apala, garbia... Baserri batean, bear bezelakoa: ez etxean sartu-orduko, danak mendean artu bear ditun alakoa, ez. Bere seme-alabakin, ama: ta amamarekin, alaba. Senarrarentzat, berriz ziñez emazte maitagarria.

        Orra, nola bizi zan gure Joxepantoni Jau nak eman zion zartzaro luzean. Bizitza paketsuagorik eta zoriontsuagorik ez liteke lurrean. Zer nai ta ua zeukala esan nezake, etxeko guztiak berari kutixi oro betetzeko beti gertu zeuzkan-eta.

        Nik Joxepantoni ezagütu nuanean, larogei urtetik gorako amona lodi ta motz bat zan. Ba-zuan gorraize pixka bat, begiak zerbait lausotu rik zeuzkan, eta ibiltzeko ere etzegoan ain ariña. Baña, urte-sail ori bizkar-gañean dauzkagunean, guk ere zerbait orrelako, izango degu, noski baño noskiago.

        Ondo bizi zan amonatxoa, beti sukaldean exerita, seaskari eragiñ eta eragiñ, bi edo iru ume koskor inguruan zitula. Alaxen arkitzen nuan, beintzat, nik, baserri artan sartzen nintzanetan.

        Bein esan ere bai:

        — Joxepantoni, beti seaskari eragiñaz arkitzen zaitut: ainbeste eragiñ gabe ere, lo artuko du bai aurrak.

        — Ez beza uste, —erantzun zidan—, eragiten ezpazaie, laister negarrari eman oi diote. Orrela oitu ditut, eta atsegiñtxo auxe ematen segi bearko det, onezkero. Zaartu naiz ta ez naiz beste ezertarako gauza, gañera.

        — Ez diezu, alajaña, zure seme ta erraiñari mesede txikia egiten. Jainkoak kontuan artuko dizu. Ez uste, ba, Joxepantoni, munduan alperrik zaudenik, zerurako irabazi ugariak irabazten ari zera bitartean.

        — Baita, Purgatoriyorako egurra ere ugari... Eztaki beorrek zenbat erneazi ematen dizkidaten ume auek: nere onetatik ateratzen naute, ta utsegite asko egiten ditut nere auekin. Ezin eraman pazientziz, beti biurrikerian ari baitira, —eta aurrean arrastaka ta alkarren gañean zebiltzan iru ume koskor musu gorri erakutsi zizkian beatzez eskua luzaturik.

        Iruai ots-egin zien beregana, txukundu zitun eta bere alboan jarri zituan apal eta ixilik... Orduan jardun nion

        — Andre Joxepantoni, utsegite txikirik ere gabe, eztago emen lurrean bizitzerik. Argatik errez barkatu ere oi dizkigu Jainkoak. Baña, esaidazu: zenbat ume azi dituzu seaska ortan?

        — Nereaz gañera, amargarrena izango det onekin. Danak bat bestearen ondoren neonek azi ditut, eta «Aitaren» egiten eta «Aita gurea» esaten neuk erakutsi diet. Gogoratuko al-dira nitzaz, iltzen naizenean!

        Oraindik beste bost urte egin zituan lurrean, eta egunetik egunera aurrerago arkitzen nuan santutasunean. Arrituta uste niñuan aren Jaungoikoarekiko batasunak; Jainkoarekin maite-besarka estu batean bizi zala bai-zirudian. Aren izen santua itzetik ortzera ateratzen zuan, baña, bai begirunez eta lots-itzalez...!

        Gertaera guzietan Jainkoaren eskua ikusten zuan eta Bere aurrean bizi zala etzitzaion iñoiz aztutzen. Eriotzak etzion batere bildurrik eta kezkarik ematen, eta gertu zegoan, Jainkoak nai zuanean Beregana joateko. Berez, berak lenbailen nai zuan, baña ontan ere, Jaunaren naia egitea zan bere naia.

        Amaika bider berekin mintzatu-ostean, nere etxera netorrela esan oi nuan nere baitan:

        — Oiek gauzak ikusi bear ditugu beste bizitzan! Eskola pixka bat ba-degula-ta, zerbait geralakoan, gabiltz arro-arro; eta eskola gabeko amonatxoa au, guziok baño geiago da Jaunaren aurrean, ta zerbait gerala uste degunok baño gorago arkituko da Zeruan. Lurreko gauzakin lilluraturik gabiltza ta milla aldetara sakabanaturik dabilkigu biotza. Joxepantoni'k ez: bere gogo ta nai guziak Jainkoagana zuzenduta dauzka, ta beretzat ez da munduan gauzarik lilluragarriagorik Jaungoikoa baño. Aita bezela maite du, ume txikiak bere aitatxo bezelaxe, ta bere uste osoa Argan ipiñita bizi da, Ark nai duan-arte eta Beregana deitzen duan-bitartean.

        Begiak geiago ta geiago lausotzen ari zitzaizkion: azkenean, gauzen errañuak besterik etzituan ikusten, baña animaren begiak orduan ta argigo ta bizigo sinismeneko egi sakonenak ikusteko jarri zitzaizkion. Gorputzeko belarriak gogortuta, erdi-itxirik zeuzkan azkenerako: Jainkoaren itzak entzuteko, ordea, iñoiz baño egokigo jarri zitzaizkiola esango nuke.

        Joxepantoni'ren eriotza lozorro eztitsuan eroritzera bezela izan zan: paketsua, oñazerik gabea, Jesus'en besoetan burua makurturik illotzik gelditzea.

        Urtez bezela, egintza onez ere aberats, Zeruko Amari ta Jesus-Biotz errukiorrari otoi laburrak esaten ari zala, bere seme apaiza alboan zuela, etxeko ta auzokoaz inguraturik, azken-asnasa eman zuan.

        Geroztik urteak joan dira baña ez da erritik aienatu Joxepantoni'ren izen onaren usai gozoa. Oraiñdik ere erritarren biotzetan, aren irudi oroigarriak bizi-bizirik dirau. Ez al da iñoiz ilko...! Gaurko gure gazteak, euskaldun-fededun zaar aien ikasbide zerutarrak, jarrai-bidetzat artu bearrean daude, iñoiz baño geiago zerurako bizi nai ba'dute, beintzat.

 

 

© Luis Jauregi, Jautarkol

 

 

"Jautarkol / Ipuiak" orrialde nagusia