Erramon gudaria

       

I

 

Etzetorren belakuan gure mutilla. Zortzietako emen zala gaztigatu, ta bederatziak joak diralarik, agertzen ez. Etxe artako ixkanbilla ta naspilla! Nork ixillik eta geldik euki-azi gau artan umeak? Izan ene, maite zuten beren osaba Erramon gudaria!

        Basetxeko leioetan ba-dago norbait zazpietatik ezkero erriko bideari begira ta begira. Amaika aldiz, gudarien bat bidean ageri dala-ta, "bera da, Erramon da" esanaz, erakarri dituzte umeak, leioetara pozaren pozaz etxeko danak. Ta zenbat bider berak buru-biotzetan daukaten uraxe dala ere, sinistu! Batzuetan gañera, zarragoak dira, «bera dala ta bera dalari» gogotsuago ekiten diotenak, andik laister, Erraon, ez dala-ta, atsekabetzeko.

        Au mundua! Zenbat aldiz uste oi degu begiak dakustena, biotzak izatea nai lukena, dala! Bai dala egia, gizona itxaropenez bizi oi dala..!

        Baña, amarrak dira, ta ez da mutilla iñondik ageri. Ama, batez ere, kezka gogorretan, jarri da. Etortzen laga ez ote-dioten, bidean zerbait gerta ote zaion, ta abar... Ama-biotzak, bakarrik, orrelakoetan, esaten dakizkian beste maite-kezkarik asko. Etzan, noski, etxe artan giro: ba-zan zer esana, egon-eziña ta buruauste pranko.

        Andik laister, orratikan, zakurraren zaunga zoliak eta gazte baten oiñkada edo pausu sendo batzuen otsak baretu zuten itxaso nastu ua. Ango poza sukaldean Erramon ikusi zutenean! Gazte trinko ta lerdena da bera. Eri edo gaxo egon danaren ezaugarriak dakarzki bere arpegi orixkan eta matrailla-ezurretan. Frantzia'ko gudari-soñekoz jantzia dator.

        Amak, maite-laztanez besarkatu du, pozaren pozaz negarra dariola; umeak gerritik zintzilik jarri zaizkio, «osaba Erramon, osaba Erramon» bein eta berriz diotela.

        — Ongi makaldu aiz gizajo ori, —dasai (esaten dio) bere anaiak esku bat gudariaren sorbalda-gañean ipiñi ta begiz-begi oñetatik bururaño begiratuaz.

        — Eta pozik onela natorkizutenean. Amaika erori dituk ankaz-gora geiago ez jeikitzeko... Ta oraindik, guda madarikatu au bukatzerako eroriko ditukenak, anai.

        — Baña, mutil, exeri adi, or tente egon gabe, nekaturik etorriko itzan-eta, —esaten dio amak maiteki. Ta gero neskameari:

        — Mari, ipiñi zan maia lenbailen, ao zabalik begira egon gabe; gero ere kontuok jakingo ditun, bai.

        Batek galdera bat, besteak beste bat, orain ume bati muxu eman, gero bestea belaun-gañean jarri, etorri zan apaltzeko garaia.

        Apaltzen ari diran bitartean, gudari onen eta bere etxekoen berri eman bear dizut, irakurle, onezkero jakin-miñez eukiko zaitut-eta, seguru-aski.

        Laburdi'ko basetxe batean gaudela igarriko zenion, noski, ta gudari au basetxe ontako semea degula ere bai. Ama, alarguna aspalditik, irurogei ta amar urtetik gora dijoa, baña, amona gordiña dago oraindik; seme zarrena, etxera ezkondua, emaztea ta lau seme-alabakin ; eta Erramon, ezkongaia, Frantzia'ko gudari orain dana, ta neskamea: auexek dira bertan bizi diranak.

        Leen ere, gudaritza edo soldaduzka egina zan Erramon, eta auzoko baserri on batean, bertako alaba bakarrarekin, ezkontzekoa zana laister. Baño, ezkon-deiak egiteko aurreko astean, berriro gudaritzara, bere asmo oiek ondo lagata, joan bearrean arkitu zan. Alemandar ta Frantzitarren artean gudate gogorra sortu baizan. Europa'ko guda, 1914'garrenetik 1918'garreneraño iraun zuan, guda odoltsua.

        Garai artekoa dezu, ba, nere ipui auxe.

        Doixtarrak edo, alemanak Belgika'tik barrena Frantzia'n sartu ziran. Illabete-barru gudatea bukatuko zalakoan zeuden asko ta asko. Baña, Ingalandarrak eta Prantzitarrak Paris-inguruetan indar ikaragarriak bildu zituzten, eta Doix- tarrai andik gogor egiñaz, aurrera igarotzen etziten utzi.

        Bi urte zeramazkian gure Erramon'ek aurreko lerroetan kementsu burrukaturik. Bere izena gudari zintzoen eta bulartsuen artean aipatzen zuten beti agintariak: eta sari goralgarri batzuen jabe ere egin zuten. Bi urte auetan osasuntsu ta zauri bat ere gabe ibiltzeko zoriona izan zuan. Gero, Marne'ko lubakietatik edo trintxeretatik irten, ta Prantzitarrak egin zuten aurrerakada bizkor artan, bala batek jo, iztarrezurra pitzatu, ta odola mara-mara zeriola, basoko zulo batean gelditu zan korderik gabe.

        Andik laster, zaurituen billa zetozenak, ori-ori, odol-ustuta, il-zorian arkitu zuten. Baña, gogorra izan, orratik, mutilla, ta illabete batzuek Gudari-Gaxo-Etxe'an egin-ondoren, ainbestean jarri zan.

        Bere erriko aize osasuntsuaz indar-berritu zedin, etxera aldi baterako joateko baimena eman zioten. Ara andik laister, amari egin zion eskutitza:

 

        «Ene amatxo maite-maite ori, agur: Alaituko zaituztela uste det nere gaurko albiste onek, Eguarri-Urte-berriak aurten zuekin igarotzeko zoriona izango det, Jainkoa lagun. Oraindik makal-xamar nagola-ta, orko talo-esneaz indar- tzera noakizute. Gerratean zintzo ta kementsu orain artean jokatu detelako ere, mezede au egin omen didate. Baña, ontaz eta beste milla kontuaz, orreratzean, mintzatuko natzaizute. Il onen 15'an, arratsaldeko zortzietarako or nauzute, beraz, Jainkoak ala nai dualarik. Agur, ta ordurarte. Eman lenbailen Malentxo'ri onen berri.

Zure seme, Erramon».

 

        Ez da esan bearrik, Erramon'en etxean eskutitza onek sortu zuan poza, ezin adierazi añakoa izan zala.

        — I, Josetxo, —esan zion amonak lenengo arrapatu zuan billobatxoari—, oa lenbailen Malentxo'rengana, ta esaiok nik esan diatela belaxe nigana etortzeko. Bai ote-dakik gero, nun bizi dan?

        —Ez, zera? Makiña bat goxo jan ditut berak emanta.

        Eta mutillak bideari laisterka eman zion bitartean, Andre Maria'ren irudiaren aurrean belaunikaturik, begietatik negar-malko gozoak zerizkiola, bere seme ua ez zezatela geiago, bere albotik kendu ta eraman, arren eta arren eskatu zion Zeruko Amari.

        Etziran belakoan juan egun aiek! Nork esan amonatxo on arrek, illaren 15'garren eguna bitartean, bere buru-biotzetan zerabilzkian asmo ta gogaketak? Orain zetarkion ezkero, geiago etzutela gerrara eramango noski... Sari ori emango al zioten beintzat, ainbeste neke, iru urte luzetan, igaro bear izan zituan mutil gizaxoari... Ainbeste gudarien artean, bat gutxiago izatea, Erramontxo bere etxean ama zarraren bazterrian lagatzea, zer ajola izan bear zitzaien, ba?... Bai, Malentxo'kin orain ezkonduko zan, eta jaunak zemazkioken azken urtetxoak beintzat, zorionean igaroko zituan...

        Zer ote-da, irakurle, bat biotz onekoa izan, eta besteak ere, bera bezelakoak dirala uste izatea? Aundikeri ta arrokeriak guda geienetan sortu oi dutela, gudak, berriz, gorrotoa, ta gorrotoak biotzik ez duala, noletan gure amonatxoak bear bezela ulertu? Ezin sartu zitzaiokean buruan, zergatik ainbeste odol ixuri, orrenbestee negar ta buruauste etxeetan ipiñi zezateken eta nolaz ainbateko zoritxarra lurrean zabaltzeraño gizonak itsutu zitezken.

 

       

II

       

Erramon, etxean, poz-pozik, batere kezkarik gabe, lasai ta zoriontsu bizi zala usteko dezu, bear bada, irakurle. Alabaña azaletik bakarrik begiratuta, edozeinek uste zezaken bezin alai etzegoan mutilla, kezka baten arrak zulatzen zion biotza. Pozez zegoan bai, ta ondo baño obeto, danok maite baizuten errian, eta etxean zer esanik ez. Baña, bere pozak luzaro iraungo etzuela ba-zekian ; laister-bai-laister bere burua, arratoi zikiñaren antzera, lubaki zabaletan eta baso, ta oianetako zulo estu-loitsuetan sartuta ikusi bearko zuala ere bai; ango kañoi-otsa ta sua, ta izkilluetako bala-txistu bildurgarriak gogora zetozkion; zaurituen deadar negargarriak eta iltakoen arpegi zuriak berriro entzun ta ikusi bearrean zegola, uste zuan... Nolaz geiegizko pozaz alaitu ziteken, ba?

        Baña, egia esan dezadan: oroigarri illun oiek baño, bere amaren ta Malentxo'ren alaitasun geiegiak, geiago biotza goibeltzen zion. Ez al-zituan, bada, ikusten biok txoraturik ezkontza antolatzen, era bat eta betirako etxera etorria zitzaielakoan?

        —Ez, Erramon, ez —erantzun oi zioten ao batez amak eta andregaiak—: berriro ez aute gerrara eramango. Bi illa bete ba-dituk emen agola, Eguarri-Urte berritako bakarrik etorri intzala ik uste uan baño. Gañera, gutxien usten degun garaian, eta laister, guda bukatzera dijoan zurrumurrua dabil bazterretan. Utziok, ba, ire leloari, sinistu zak, lasaitu adi beiñ-betiko.

        Baña, ezin gure mutilla lasaitu. Egunak joan eta egunak etorri, bere biotza estuago ta larriago, urbillago ikusten baizuan bere zoritxarra.

        Erramon beti izan zan elizkoia ta sinismen bizikoa; eta eriotza begiz-begi gudako su-lerroetan ikusi-ezkeroztik, areago. Argatik, bere buruausteak oro laga, ta azkenean, Jaingoikoaren eskuetan jarri zan era bat, Aren naia osoro ta gogoz betetzeko gertu.

        Jaungoikoari egin zion bere buruaren eskeintza latz onek, ezin esan aiñako pakea sortu zion biotzean.

        — Berak daki, —zion bere baitan—, zer zaigun onena... Lurrean batutzen ezpagaitu, Zeruan maite-lokarri illezkorrez betiko alkartuko gaitu... Jauna, zuk piztu dezu ni ta Malen arteko maite-sua, biok maitasun batez sutsuago maite zaitzagun...! Lurrean itzali nai ba'diguzu, berpiztu eiguzu Zeruan.

        Osasunez berdindu, makaltasuna bota, indarrak gaitu, ta bapo zebillen mutilla anaiari baserri-lanetan lagunduz.

        Batek baño geiagok aitatu zioten Naparro'ra ala Gipuzkoa'ra iges-egiñaz bere burua azke ipintzeko, alakok eta alakok bezela; baña, beti entzungor egin zien. Bere bizi-bidea, an zegoan, Malentxo'ren baserrian, eta an ez izate-ezkerotan, beste iñun bizitzeak etzion pozik ematen.

        Otsaillaren asierako goiz eder bat zan. Udaberriko goiza zirudian. Ozkarbi ta urdiñ-urdiñ goia, eta eguzki epelez jantzia lurra. Oraindik mendi-gallurretan elurra ageri zan... Zuaitzak billutsik oraindik, eguzkiaren musu maitekorrak atsegiñez arturik, bizitza berri babera ernetzen asi ziran. Baso-bideetan ote-lora oriak, eta erreka bazter babesetan saratsak, lore zuriz jantzita, udaberriaren agerkunde zoragarria zagerten. Txoriak ere, goiz-goizetik txio-txioka egun artan besteetan baño alaiago, ziruditen.

        Bederatziak-edo izango ziran, Malen, kabitik lenengo aldiz egan egin duan txori alaiaren antzera, Erramon'en baserrian, "Jainkoak egun on" esanaz, sartu zanean.

        — Izan naiz Erretore-etxean, —esan zuan belaxe.

        — Eta zer esan din?, —derantzuio amonak, zutik jarrita.

        — Zer esan didan? Ezetz asmatu, Erramon? Ja, ja, ja..! Esan gutxiena uste dezuna, ta asmatuko dezu.

        — Malentxo, zearka-mearka ibilli gabe esan ta kito, —erantzun zion mutillak maiteki ta jakin.miñ biziz.

        — Zure ama ta nere arteko asmoa izan da: alegia, Erretore jaunaren iritzia jakitea, gure ezkontzaren gora-beraz, eta ara zer esan didan datorren astean Garizuman sartzen gerala-ta, obe degula Pazkoetarako lagatzea.

        Ta amonak galdatu zion:

        — Ta, ez al dion galde-egin beste esantako artaz?

        — Bai, ba: esatera nijoakizuten, eta zuk, amona, ez didazu utzi esaten. Orra: onezkero ots-egin ez diotenean, izan litekela eri dagona ta gerrarako gauza ez dana bezela etsirik, etxean lagatzea. Gañera, dana dala, laister gerra bukatuko dala, ta lasai egoteko danok, orain-arte bezela, Jaungoikoak lagunduko digula-ta.

        — Ondo esan du apaiz jaunak —esan zion Erramon'ek— Jaunak lagunduko digu. Berak daki gure zorionerako biderik egokiena zein bide dan, eta andixetik eramango gaitu.

        Baña egia esateko, etzan amona oso pozik gelditu Malentxo'en esanakin. Arek gauza lenago amaitu nai zuan; Pazkoak urrun zerizkion, eta Erramon'en gora-beraz, bere ama-biotzean zerabilzkian amets eztiak, apaizaren itzez pizka bat ozpinduta gelditu zitzaizkion.

        Bakoitzak bere iritzia agertuaz, iruok izketan ari zirala, ate-ondoan loturik zegoan zakurra zaungaka asi zan; gero atejoka norbait. Eskaleen bat zelakoan joan zan amona atera, ta erriko aguazillakin topo egin zuan.

        — Sartu, sartu zaite barrura... —esan zion amonak sukalderaño berekin erakarriaz—. Zer berri, Matxin?

        — Onik ez, andre Mantoni. Erramon Bourdeaux'ko Gudari-Gaxoitegira joateko agindua etorri zaio alkate jaunari. Biar, arratsaldeko, seitako trenean joan bearrean dago. Goizean joan dedilla Erriko Etxe'ra, ta txartela ta gañerako bear ditunak, emango zaizkio. Auxe aditzera ematera etorri natzaizute.

        Ezta azaltzea erreza, itzok entzunaz, sukalde artan jazo zana. Amona ta Malen antsika ta negarrez asi ziran, umeak eta beste gañerakoak ere bai; etxean oso maite zuten baten bat il zala, zirudian. Ango naigabea ta zoritxarra.. Danetan, naigabearen naigabez baña, paketsu ta kementsuena Erramon ageri zan. Albiste naigabetsu ori noiz edo noiz etorriko zitzaiolakoan baizegon aspalditik.

        — Jaungoikoak ala nai izan du. Bere erabaki santua apalki artu dezagun eta kristauei dagokigunez bete dezagun. — Auxe izan zan Erramon'en erantzuna.

        Etxeko guziak arrituta utzi zitun Erramon' en sinismen biziak. Izan ere, orrelakoetan agerian jartzen baita norberaren siñismena ta kristautasuna egizkoa ala aizuna edo itxurazkoa dan adieraziaz. Zan bezela, agertu zan gure Erramon abagune ontan: Kristau jator, egizko Fededun.

 

       

III

       

Gudako su-lerroetara etzeramatela-ta, apur- txo bat lasaitu ziran Erramon'en etxekoak eta Malentxo. Bere kutun aiei poz pixka ori ematearren, era ortara mintzatzen zitzaien, baña berak bazekian ondo, Gudari-Gaxo-Etxe'ra deitzera, laister aurrenekotako sulerroetan bere buru ikustea izango zala, nai-ta-naiez.

        Oraindik erren pixkatxo bat egiten zuan, baña osasuntsu zegon, eta bera baño makalagoak amaikak joan bearko zuten guda-zelaietara.

        Bere anaiak eta Malentxo'k lagundu zioten trenaren geltokira. Inguruko errietako beste gudari asko ere an zeuden trenaren zai. Etzan poz-irintzi aundirik eta algara gozo alairik entzunten antxe, orratik, arratsalde artan, gazte-pillo ederra bilduta arkituarren.

        Esantako orduan etorri zan trena, ke beltza zeriola, txistuka ta asnaska... Burni-ots tarrapata bat entzun zan, eta gelditu zan.

        Gudariak oro, sorbalda-gañean eta eskuetan, beren tresnak zeramazkitela, bagoi berezietan sartu ziran, iltokira dijoazten abere antzo. Orduantxe sortu zan naiko zarata ta ixkanbilla...

        — Agur, Txomin, berri onak biali zion batek.

        — Ez aztu, eta errezatu asko nere alde zion beste batek.

        — Etzak kendu, beintzat, lepotik, nik emantako medallia.

        — Ikusi-arte... Gorantsiak oroi...

        — Agur, anai, ondo bizi. Agur, Malentxo... Otoitz-egin...

        — Agur... Agur... Agur...!

        Alako batean trenak irrintzi bizi-luze bat egin zuan, asnaska asi zan eta poliki-poliki gel- tokitik ezkutatu zan. Gudari geinak euskaldunak ziran, ezkongaiak asko, baña, gizon ezkonduak ere bai. Guztiak sasoikoak, gazteak eta alaiak, baño etzeukaten jolaserako gogo aundirik, ezta berriketako gurarik ere. Baizuek leioetatik begira, etxeetan laga zituzten maite-biotzekoez oroipenetan, bestetzuek, beera begira, ausnarrean dagon abelgorriaren gisa... Guziak, ixil-xamar, urduritsu, goibel, eta kezkatsu.

        Bitartean, Malen gazteak eta amona Mantoni'k jardunketa au zerabilkiten alkarrekin:

        — Oraingoz, beintzat, ez daramate gerrara —zion Malen'ek. Eta gerora, eramango, ba'ligu- teke ere, ez degu, Mantoni, itxaropenik galdu bear. Ara daramazkiten guziak iltzen al-dira, ba? Ortxe ibilli zan Erramon bi urte luzetan zauri bat ere artu gabe. Gero, ederra eman zioten gizajoari baña.

        — Gaur-arte ondo zaitu zigun jainkoak, eta aurrerantzean ere, izango din bere laguntza gure Erramon'ek, bai. Berak egunero eskatuko zionan, baña, guk ere Ama Birgiñaren bitartez eskatu bear zionagu. Etorri adi, arratsaldero, garaitxu ontan, edo al-denanean, eta errosario bat bion artean errezatu diñagu.

        — Bai, pozik etorriko natzaizu. Eztet uste nere gurasoak orixe ukatuko didatenik. Gañera, astero jauna artuko det. Geltokian, bere azken itzak auexek izan ziran: Agur Malentxo...! Otoitz-egin..! Eta gure itza bete dezagun, oraintxe bertan errezatuko degu. Ezta, amona?

        Eta Andre Maria'ren irudi-aurrean belaunikaturik Errosario santua bero-bero esaten asi ziran...

        Bi emakumeok otoitzean ari ziran bitartean, erriko apaiz jaun Erreto-rea, sartu zan baserrian «Jaungoikoak arratsalde on», esanaz. Beren errezua amaitu-arte jarraitzeko amonari aginduaz, sukaldean, zurezko aulki batean exeri, ta zigarrotxo bat piztu zuan. Neskamea arropak jaboatzen ari zan arraskan, aldamenean luraspil aundi bat, izara, maindira ta janzki zuri garbitu-berriez betea, zeukala. Etzan arritu an apaiz jauna ikusita, oso etxekoa baizuten. Umeak gutxigo, goxoak ematen zizkien-ta, zetorren geinetan. Sukaldean zala usmatu zuten bezin laister, an ziran danok «Abe Mari'ka» eskuan muiñ-egitera.

        Irurogein bat urteko gizaseme gordiña zan, egoki ta atsegiña, biotz aundiko gizona. Ogei urte gutxienez ba-zerarnazkian erri artan Erretore, ta etzuan etsai bat erri osoan. Bere eleiza ta eliztarrak, beste ametsik eta buruasterik etzuan eleiz-gizona ta aita. Argatik, ezbearrik edo, zori-txarrik etxeen batean nabaitu oi zuanean, an izan oi zan biotz naigabetuak zeruko ezti-tantoaz gozatzen. Lau urteko gerrate gogor artan batez ere, aita errukitsu ta aingeru zaitzalle izan zitzaien.

        Erramon'en aldendu bearrak miñ aundi ta sakona eman zion, txit maite baizuan mutilla. Iñork baño obeki aren biotz ederra berak ezautzen zuan, lenengo Jaun-artze ezkeroztik animaren zuzentzale bera izan zitzaion-eta.

        Mantoni'ren naigabea etzala txantxetakoa izango ondo zekielako, sartu zan gaur etxe artan. Malen ere, antxe arkitzeak etzion poz makala eman, eta biok otoiz-egiten ikusteak biotza lazaitu zion.

        Izan ere, bere lanari asiera on bat emateko erarik egokienean zetorren. Otoitza baita zeruko laguntza gureganatzeko biderik motz eta erosoena.

        Errosarioa esan-ondoren laister ziran sukaldean bi emakumeak. Itz-azpertu gozo bat iruen artean egin zuten, eta etxeratzeko asmoz jeiki zan apaiza, baña, atera eldu orduko sorotik zetozen senar-emazteakin topo-egin zuan, eta jakiña aiekin ere berriketalditxo bat egin gabe ezin gelditu, ba. Orduan jakin zituan Erramon'en anaiak esanta, aren geltokiko azken-agurra ta Malentxo'ri zuzendu zizkion azken-itzak.

        — Egunero oerakoan esan oi degun errosarioa, izan bedi gaurtik bere alde. — Esan zuan señarrak—. Gañera, nik beintzat, nere illeroko, Jaun-artean ta jaietako Mezak ere, bere alde Jainko gure Jaunari eskeintzeko asmoa det.

        — Eta gu biok, Erretore jauna, —esan zuan Mantoni'k Malen'en sorbalda-gañean eskua ipiñirik—, beste errosario, bat esango diegu egunero, Jainkoa lagun.

        — Eta nik gañera astero Jauna-artuko det emendik aurrera —jarraitu zuan Malentxo'k.

        — Ederki, ederki... —bukatu zuan apaiz jaunak. Orixe da Kristau bezela jokatzea. Goiko Jaun onak entzungo ditu zuen eskariak, eta Erramon'entzat eta zuentzat onena litzaizutekena emango dizute. Ezta izan or, alperrik otoitza sekulan. «Eskatu ta emango zaizute», esan zigun askotan Jesus gure Jaunak, eta beti eman oi du, edo eskatzen degun uraxe, ala betiko zorionerako geien dagokiguna. Urrengo batean jarraituko degu. Agur, ba, ta urren-arte. Ba-noa, garaia da-ta...

        — Etorri berriz ere nai duenean —esan zioten ama-semeak—. Ongi daki beorrek, gure etxeak ez duala beorrentzat giltzik, eta abegi onez artuko degula beti.

        — Bai, bai, etorki natzaizute, ta gutxien uste dezutenean gañera. Agur...! Agur...!

        — Agur, ta nai duan-arte...!

        Illuntzen asia zan Erretore jauna baserritik beera tapa-tapa bere etxeruntz abiatu zanean, bere-artean ziola:

        — Ondo eman diot asiera Erramon'en aginduari. Mutil gizajo ona...! Etzait aztuko bere azken-eskaria: Juan bedi, arren, nere etxera, eta Malen'kin ere mintzatu al-duan maizena, zeruko itzez poztu ditzan eta Jaunaren naiarekin beren naiak bat-egiten erakutsi dezaien. Oraingo gudaketa gogorra baño gogorragoa izango da, ta gudari asko ilko dira; ni ere iltzea gerta litekena da. Ni eriotzarako ongi gertuta noa, ta Jaunaren erruki aundiaz Zeruratuko naizela uste det. Lurrean geiago ikusten ezpagera, Zeruan ikusi gaitezela. Auxe da nere otoitz-eskaria, eta era ontan otoitz-egiten ikusi nai nituzke nere maitaleak ere, Malen ta nire ama beintzat...

        Eta bai ederki bete zuala Erretore jaunak Erramonen nai txalogarria! Illabete zan Erramon'ek alde-egin ziela, ta apaizak eskutitza auxe egin al-izan zion:

 

        «Ene Erramon maite: Malentxo ta ire etxekoak oro, ongi. Ni ere bai, jaunai eskerrak. I ez aiz ongi egongo su-leize ortan, baña, tira... osasunez ba'ago, gaitz-erdi. Eguneroko papelak diotenez, Verdun-alde ortan gogor ari zerate. Gu ire alde otoitz-egiten aspertzeke. Zerbaiten bearra izango dek gaxo orrek. Malentxo'kin ta ire etxekoekin astero mintzatzen nauk, i juan-ezkero. Poztuko auen berri on bat eman bear diat danok Jaunaren eskuetan erabat jarrita zeudek, ta lurrian geiago alkar ez ikustekotan, Zeruan betiko alkar ikusiaz eta maitatuaz alkartzeko asmotan. Agur, Erramon. Nere Meza ta otoitzetan ez aut aztutzen, ezta aztuko ere. I ere ez adi, arren aztu ireetan nitzaz. Ire serbitzari zintzo ta aita Kristo'gan,

P. Goyenetxe».

 

       

IV

       

Gure Erramon'i berak uste zuana gerta zitzaion, Bordeaux'ko Gudari-Gaxotegian bi egun igaro-ondoren, Verdun'go su-lerroetara bidali zuten. An, bere adiskide maite batekin arkitu zan bere erritarra ta lagun zarra, betiko adiskide mamia izan zunarekin, alegia Malentxo'ren lengusu Matxin'ekin.

        Bai maite-besarka estua alkarrei eman ziotela topatu ziranean! Ta, ua bion poza, alkarrekin zirala ta alkarrekin bizitzeko era zutela jakin zutenean!

        Verdun'go gudaketaren egun ikaragarriak ziran. Egun odoltsuak Europa Gugan egun odoltsurik izan ba'zan. Doixtarrak edo alemanak uri indartsu au nundik-edo-andik bereganatzeko, asmotan zebiltzan. Gizonak erailtzeko ta esirik gogorrenak purrukatzeko ordurarte asmatutako kañoi ta izkillu erailkorrenak, gau ta egun; su ta gar zerioten. Baña, Frantzitarrak Uriari eusteko, andik atzera ez egiteko, zin-egin zuten. Antxe erabaki zan gudaren zer ikusi ta gora-bera, ta Frantzitarren garaipena, Verdun'go gudarien oldar-aldi arrigarri ta kemen bikañari eskerrak etorri zala, esan liteke.

        Eguzkia mendi-ostean ostendu ta izkutatu-arren, guda-zelaian arratsa danik ez du ematen. Ango su ta garraren argitasuna itzalduko duan gau illunik ez dago. Besoan gurutze gorridun gudariak, gudaketaren ixil-uneaz baliatuz, zaurituak eta illotzak oetxoetan landa zabal batera dakarzkite. An osalariak eta era askotako sendagilleak zaurituei lenengo sendaketa negargarriak egiten; an apaizak, gauza diranak aitortzen, Sendotza santuaz igurtzitzen, eta ildakoen alde Eleiz-otoitzak egiten... Ango deadar, orru ta katazi naigabetsuak...! Ikuskizunaren negargarria...! Emen gizon-atal bat beso ta bururik gabe, an beste bat, oñik gabe, deadarka; pilla batean gizon-aragi-gorri-puskak...

        Euskaldunak nun-nai eta beti izan dira gudari oldartsu, sendo ta kementsuak, eta gudate gaitz artan ere, euskal-odolaren leialtasun ta ausartasuna agerian jarri ziran. Frantzi'ko gu- dari-buruzaiak eta gañerako buruzagiak ba-zekiten ori, ta argatik, Verdun'go gudakan, su-lerro aurrekoenetan, al-izan zituzten euskaldun guda-mutillik geienak bildu, ta ipiñi zituzten.

        Be-Nabarra, Zubero ta Laburdi'ko euskal-gudari aien artean zeudeen gure Erramon ta Matxin ere. Apaiz euskaldunak ba-zituzten berekin eta al-zuten maizena aitortu ta Jauna artzen zuten.

        Maiatzeko egun bat zan. Gauean, lubakietatik irten ta aurrera jotzeko ta aurrerakada bat egiteko agindua jaso zuten gure mutillak. Aurreko egunez beren aitorketak egiñaz, gertu ziran urrengo eguneko gudaka gogorrerako. Asko eroiko ziran zaurituta ta geigo ez jeikitzeko ere bai. Erramon'ek bere bizitza osoko aitorketa egin zuan. Egun-sentian apaizak lubakian Meza eman zuan, Erramon eta Matxin'ek lagundurik. Jauna artu, ta gaueko gudaketarako gertuerak egiten igaro zuten eguna.

        Frantzitarren kañoiak, sua ta burnia zerizkiotela, bere lozorrotik esnatu zuten gau illuna. Euskaldun gudariak lurrean arrastaka ta zulotik-zulora, tiroka, aurrera zijoazten polliki-polliki. Doixtarren kañoi-otsa ixilldu zan baña lubakietatik ta ametralladora-kabietatik izugarrizko su-jasa bizia zetorren aurreratzen ari ziran gudariengana. Erramon ta Matxin, alkarren ondoan, orpoz-orpo zijuazten. Alako batean Matxin lurrera zerraldo eroritzen da... Makurtzen zaio Erramon ta aztertzen du... Oraindik bizi da. Bizkarrean artu ta zulo batera darama, gurutze-gorridunak, bizirik jaso dezaten. Baña, bere eginkizun maitekorra betetzeko betarik etzuan izan. Su-bolada batek, biok maite-besarka-estuan, lurrean zerraldo utzi zitun.

        Guda-zelaia zaurituz ta illotzez josia gelditu zan. Gero, auek jaso, ta eramatera etorri ziranak Matxin ta Erramon, laztan batean loturik, eta illotzik arkitu zituzten. Eta esan ere bai beren artean: «Beti alkarrekin ziran bizi zirala, ta alkarrekin juan dira betiko bizitzara». Ta belaunikaturik «Aita Gure» bat esan zuten bien alde.

        Bitartean, berriz, Euskal-Erriko txoko alai batean sartzera zijuan eguzkiaren argi-izpiak arpegia jotzen ziotela, iturrian jaboatzekoak egiten ari zan baserritar neskatil eder batek kantatzen zuan:

       

                «Nik bai-dut maiteño bat,

                oi zein hura lako...!

                Ez da tipi ez handi,

                bai bien arteko,

                Begia du ederra,

                urdin, ezti oso.

                Biotzean sarthu zaut

                ez baizaut jelgiko».

       

        Ta ixil-une labur baten ondoren beste abesti xamur auxe. Zerutik jetxitako aingerutxoa edoa bere maite-naigabeak kantari urrumaka ari dan uso maitalea zirudin.

       

                «Nik maite nuban kutuna,

                nere atsegiñ-zoruna

                ibilli bai-ta bai-egon

                ez dut arkitzen iñinon.

                Billaka beti bai-nabil,

                baña, da agian, nunbait il.

                Ibai-ertzetan galdetzen

                dut iya ote-den emen.

                Batzutan dagit oyua,

                bestetan, berriz, ulua.

                Maitea, diyot, nun abil?

                Baña da, noski, nunbait il».

       

        Baña, il eztala, ta bere begiak oraindik ikusiko dutela bere maite kutuna, ta biok oraindik zoriontsuak izango dirala oro aditzera eman nairik-edo, berriro ta leen baño indartsu ekin zion:

       

                «Nik bai dut maiteño bat,

                on, zein hura lako!

                Ez da tipi ez handi,

                bai bien arteko.

                Begia du ederra,

                urdiñ, ezti oso:

                biotzean sarthu zaut

                ez baizaut jelgiko».

       

        Erramon'en eriotz-berria jaso ta andik bi illabetera il zan andre Mantoni, gozoki Kristo'ren besoetan, bere seme laztanarekin Zeruan arkitzeko pozez. Eta errezago ta segurugo berori lortzeko asmoz, Karmendarren Konbentu itxi batean sartu zan gure Malentxo ona. Saintutasun-bidean egunetik egunera aurreratuz, Karmelo-mendiko gallurretaraño igo zan. Andik urte batzuetara, oraindik gazterik, doneen eriotzaz il zan. Gaur, noski baño, noskiago, iruok Zeruan daude, betiko zoriontsu, emen lurrean maite izan ziran baño sutsuago elkar maitatzen.

 

 

© Luis Jauregi, Jautarkol

 

 

"Jautarkol / Ipuiak" orrialde nagusia