Urka-Mendi

 

I

 

Negua zan eta izan ziteken negurik gorriena, benetan. Apalduondoren, otzaren igesi, su-ondoan laister giñan guziok. Leio-baztarrean berriketan jarduteko baño, sukaldeko babes epelean egoteko obea zan gau ua, izan ere.

        Ua zan gaua, ua...! Ekaitza txistuka, zuatzik lerdenenak jo ta ipurditik atera bearrean... Trumoi bildurgarriak, eta sukalde-barruraño sartzen zirala ziruditen tximista ikaragarriak... Ta euri jasa ta txingorra, leio ta etxeko zoko guziak astintzen...

        Aitona lenengoz abiatu zan tapa-tapa sutondoan beretzat beti egon oi zan aulkitxora, antxe pipakada bat ketu ta umeei ipuitxo bat edo beste esateko asmoz. Umeak, berriz, aitona an ikusi zuten bezin laister, ipurtarindu ziran, eta jaten ari ziran taloa ta esnea, bete-bete egin zirala-ta, mai-gañean lagata, aulkitxo bana artu ta aitonaren ondoan exeri ziran.

        — Gaur ipuik bai?

        — Ez, umeak, gaur oera goiz-goiz, otz dago-ta.

        — Ez, aitona, ez. Emen sutondoan ez dagot otzik... Ipuitxo bat... —zioten umeak erdi-negarrez. Ta jakiña, umeak orrela jarri ezkero, garaile irten oi ziran beti. Geiegi maite zituan, izan ere, bere kutuntxuok, aien kutixiak, —zuzenak ba'ziran beintzat—, ez betetzeko. Gañera, ze arrano!, berak ziona, beti gauza onen bat-edo-beste geldituko, zitzaien burutxoetan. Bere aotik etzuten ipui zatarrik entzungo, beintzat. Dana dala, gu ere, —esan oi zuan sarritan—, orrelaxe azi ta ezi ginduzen gure aurrekoak, eta ez giñan, orratik, kristau maketsak iñoiz izatera eldu.

        Ziñez, yaioa zan gure aitona kontu zaarrak esaten ez ezik, berriak asmatu ta antolatzen ere. Bertsolari trebea zan, gañera, ta ez da arritzekoa, kontu-kontari edo bertsoetan asten zitzaienean, umetxoak bereala txoraturik ipintzea. Ikustekoa zan gau artako ume aien begiratua. Adi ta zur, begiak pozaren pozaz ñir-ñir, aitonari begira...!

        Gogoan daukat gau artan esan zien ipuia. Gertatua dan, ala ipui utsa, eztakit. Geroztik, maiteki gordeta, buruan euki det, bidaztiak bide-ertzean arkitu, jaso ta liburu baten orri-aldeetan tolesturik, gorde oi duan loretxo zimela bezelaxe.

        Orain, al izan detan edertasunez apainduta, bizitza-dardara berri batez jantzirik, zure eskuetan ipintzen det, irakurle, atsegin izango zaizulakoan, eta gure aurrekoen antziñako kontu zaarrak egin oi diguten biotz-ikutu goxoa zure biotz-mamian somatuko dezulakoan.

 

 

II

 

Gipuzkoa'ko Deba erri pollitaren inguruko gaztelu ta basetxe aberats batean gertatu omen zan. Orain urte askotxo dirala, noski.

        «Artadi-gaztelua» deitzen zioten batzuek, «Jauregi-berri» baserria bestetzuek. Dana dala, izen biok ondo baño obeto zetozkion, aitonak zionez. Batetik, aritz eta arte sendo, ugaridun toki alaitsuan zegolako, gaztelu-antzo, tente ta lerden, eta bestetik, nolanaiko basetxea baño, jauregi eder, berri bat zirudilako. Nik, nolabait deitu bear eta, «Jauregi-berri» izenaz aitatuko dizutet.

        Ango aberastasunak, noski! Iru soro ta zelai aundi bat, etxe-inguruan, baso ta oianak, zuaitzez josiak, mendian, sagardi ederrak, eta ukulluan amar bei esnetsu bai, beren txokor ta txalekin, eta eztakit nik zenbat olla, ollaxko ta ollanda.

        Ipuia asten detan garaian, senar-emazte ezkon-berriak, morroi hi ta neskame batekin bizi dira bertan. Baña, ez dira senar-emazteok, zoriontsu; ba-dute beste zerbaiten bearra zorion izateko, ta ori gabe, etxe aundi-eder au otzik eta utsik daukatela deritzaie. Ba-dira bi urte ezkondu zirala, ta ez die oraindik Jaungoikoak eman semerik.

        Amaika otoitz, eskari, ta opari ere, egin dizkiote Itziar'ko Ama maiteari! Etzien orratik luzaroan entzun-gor egin Ama errukitsu onek. Andik laister Jauregi-berri baserrian egundoko pestak ziran: alabatxo mardul bat jaio zan, goizeko izarra bezin ederra ta udaberriko larrosa gorriaren antzekoa.

        Aien poza! Aste bete iraun omen zuten Bataio-ondoko jai ta jolasak. Antxe egun aietan bildu zan gende-pilloa, noski. Txal oso bat jan omen zuten eta sagardo-barrika bat eta bi zaragi ardo uztu ere bai.

        Beren alabatxo arekin zoraturik zeuden senar-emazteok, musuka jan bear zuten bere ua. Makiña bat bider ikusi zuten bidetik zijoazten baserritarrak ama zoriontsua, aurra besoetan zuela, baserri-aurreko artadi-kerizpean! Baita amaika aldiz bidetik emakumeak aurtxoari pa-ematera etorri ere! Ainbesteraño maite zuten guziok ume zoragarri ua.

        Bein batean, —Orrillako arratsalde eder bat zan—, ama-alabak arestian aitatutako kerizpean zeudela, andre-Muskin zeritzan sorgin ezaguna bidetik igaro zan. Ta sorgiñak ere barnean biotza euki nunbait, eta amaren magalean parrirri gozoa ezpañetan zuela lo-zegian aingerutxo arrek, biotzean alako kilimatxa bat egin zion noski, ta aurtxoaren bekoki legunean musutxo bat emateko asmoz berenganatu zan. Baña, arrigarria! umetxoa bat-batean, ametsetan bezela, esnatu zan eta bere eskutxoaz eta negar-malko samiñez sorgiñ-musurik nai etzuela adi-erazten zuan. Andre-Muskin begietatik su ta gar zeola jarri zan, eta arrokiro aurtxoari begira-begira esan zion: «Madarikatua izango al den ire biotzak lenengoz maitatzen duan mutilla!».

        Sorgiñak itzok esanaz batera, ega beltz aundidun saguzar bat igaro zan egaka umearen aurpegi-aurretik. Amak deadar egin zuan ikaraz, eta alabatxoa bular-gañean estu-estu laztantzen zuela, etxean sartu zan. Sorgin gaiztoak, ostera parrez eta algaraz, bere bideari eman zion.

        Orduantxe eguzkiak mendi-tartetik azken-izpiaz argitzen zuan Jauregi-berri basetxea; txoriak txio-txioka beren kabietara zetozen... Ortze urdiñean poliki-poliki izarrak agertzen asi ziran, eta azkenez udaberriko gau eder batek, illunez ta ixiltasunez estali zuan lozorroan zetzan ludia.

        Baña, gau artan Jauregi-berri-ingurutik igaro izan ba'ziñan, ene irakurle maite ori, ume-negarrik ugari entzungo zenituan, bertan ume bakar bat besterik izan ez-arren. Ua gaua, gau ura! Ez zaio belakoan aztuko amari. Antxe gau osoan, aurtxoaren seaska-alboan, seaskari eragin eta lo-abestiak kanta ta kanta:

 

                «Aurtxuo, egik lotxo bat,

                emango diat goxoa:

                aitak bat eta amak bi

                ta Goiko Jauna'k amabi.

                        Lo...! »

 

                «Lotxu eginda lotxua gozo,

                lotxu eginda kalera...

                Tanbolintxua kalean dago

                umetxu oni begira,

                tanbolintxua kalean dago

                umetxu oni begira.

 

                        Lo..! Lo..! »

                «Itsasoa laño dago

                Bayona'ko alderaño,

                nik zu zaitut maiteago

                txoriak beren umeak baño.

 

                Gure oroiz aita dago

                lañopean gaberaño,

                nik zu zaitut maiteago

                arraitxoak ura baño».

 

        Baña dana alperrik. Loak iges-zegian aurtxoaren begietatik. Goiz-aldera, egunsentian, eguzkia mendi-tontorrak argitzen asi zanean, loak bere magal gozoan artu zuan aur gaxoa.

 

 

III

 

Geroztik emezortzi urte aundi igaro dira. Jauregi-berri'ko alabatxo ua, orain begi urdindun neskatillik lirain eta ederrena dezute. Ta geiago dana, soñez edo gorputzez ederra bezela, gogoz edo animaz ere osaro maitagarria : benetako edertasunaren argi zerutarrak argitzen baizion biotza, eta udarako gau ozkarbietan illargiak bezela, bere begi aundi-eder aietan dirdits baizegion.

        Neskatxa apala ta garbia, gurasoen esanekoa, langillea ta maratza. Itziar'ko Amaren maitale sutsua zan eta maiz juaten zitzaion laguntza-eske. Auzoko guziak ta ezagutzen zutenak orok, begirunez begira oi zioten eta neskatilla garbi ta atsegiña zalako maite zuten.

        Etxe aberatseko alaba bakarra zan gañera, ta jakiña, mutil gazteen begiak lendabizi, eta begien atzetik biotzak laister, bereganatu bear. Lenengo-lenengoz Martin'ek, Olazabal baserriko mutillak bere maitasuna agertu zion. Mutil on eta langillea zan ziñez, basetxe artako bigarren semea ordea, ta ezin ezkontzara bere beso sendoetako indarra ta bere biotzeko maitasun gartsua besterik ekarri zezazkioken neskari. Olazabal basetxea, lurrez, aziendez eta diruz ondo ornitua zegon. Baña, oiek guziak, etxeko seme zarrenarentzat izango ziran. Orixe zan garai aietako oitura. Orain ere zerbait orrelako gure baserrietan egin oi da, baña, nabarmenago orduan. Eta noletan —esan dezu zure artean, noski—, bururatu zitzaion Martin'i Jauregi-berri'ko alaba bakarrarekin ezkondu zitekela eta orrela ango etxejaun izateraño iritxi? Nolaz etzitzaion asmo ori, burugabekeri borobilla iruditu?

        Polliki-polliki, irakurle, Martin'en naia, bear bezela aztertu-ezkero, ain iritxi-eziñezkoa ez dezu-ta. Etxe-aldeko mutilla zenuan, ondo azia, ederki eskolatua, lanean ikasia, mutil gazte kementsu ta ederra, batetik: eta bestetik, berriz, —ta onexek itxaropenik aundiena zemakion—, neskak bene-benetan maite zuan, ogei urtetan neskatilla garbi batek bere egizko senargaia maite lezaken eran.

        Egia zan, izan ere: Jauregi-berri'ko alabak biotz-biotzez maite zuan Martin, eta auxe zenuan, bere biotzaren jabe izateko aukeratua, Jaungoikoak ala nai ba'zuan. Alaz ere, egunetik egunera illunago zegon bere biotz maitalea. Aspaldian, begien aurrean odei beltz bat dakus (ikusten du) gaxoak, ekaitz-aurretik ortze edo zeru goibelean agertu oi dan laño beltz bildurgarriaren antzekoa. Alper-alperrik ez ote zebillen, iñoiz mutil ura beretzat izango ez ote zan, azkenean biotzetik nai ta naiez maitasun ori uxatu bearrean arkituko ez ote zan, ta nik eztakit beste zenbat axanpa ta kezka zerabilzkian neska gaxoak bere baitan, egunaren buruan.

        Ba-zuan gajoak, izan ere, biotza estutu ta illuntzeko añakoa. Alaba ona zan, eta gurasoen esanera ez egotera, gogor zitzaion. Ama bere aldera erakarriko zukealakoan zegon. Baña, nolaz aitari bere iritzia aldatu-azi? Ez dira bi illabete oraindik aitak, etxeko gela nagusira deitu, larruzko aulki zabalean exeri-azi, ta amaren aurrean esan ziola:

        — «Amak esanta zekiñat, Olazabal'ko Martin'ekin izketan sarritan ikusten autenala. Alperrikako ametsik etzan egin. Mutil ori ez den ire kideko mutilla. Ona ta zintzoa izatea ez den naiko, ire eskuaren jabe ezkontzaz izateko. Ontzako gorri asko ekarri bearko dizkin gañera, irekin ezkondu nai duan mutillak. Orra, argi ta garbi esan. Esaion lenbailen, ik ere, orrela, Olazabal'ko Martin jaunari».

        Amaika negar samin egin du gaxoak geroztik! Au lana! Aitaren esana egin nai, biotzetik maitasun ua uxatu nai, ta ezin; mutil ua aztu nai, ta ezin iñondik ere aztu. Burruka onen garraztazuna, barnean noiz-edo noiz somatu duenak bakarrik, ezautu lezake argiro.

        Egunak, ordea, aurrera zijoazen eta aitak esan ziona, mutillari aditzera ematera, etzan neska ausartzen. Ondo zekien eman bear zion naigabea, benetan sakona izango zitzaiola, ta luzatu ta luzatu ari zan. Baña, asko luzatzerik etzeukala antz-emat,en zion. «Nere aitarekin ez dago txantxetan ibiltzerik», zion gajoak negarrez. Eta, urrutitik eta poliki asi, ta gero, argi ta garbi, ikusten zuan bezin laister esango ziola, ba, erabaki zuan.

        Bitartean aita ere luzetsita zegon, Martin'en erantzupenaren berririk alabak ezpaizion ematen. «Zirt-edo zart egin bearra ziok emen, —zion bere artean—; mutil ori arrapatu bear diat nik nun edo an, eta nere aotik entzun bear dizkik ederrak».

        Orretarako abagune berezia ta era egokia, andik egun gutxi barru izan zuten aita-alabak.

        Igande-arratsaldea zan, maiatzeko arratsalde zoragarria, baño, beroa : udaran bezelaxe, eguzkiaren musu sutsuak berotzen zuten lurra. Etzuan, orratiokan, Martin beroak ikaratu ta Jauregi-berri'rontz jo zuan, arin-arin. Azkazalak ere izerdi patzetan zituala inguratu zan eta beeko zuaiztitik begira gelditu, maitea noiz agertuko zitzaioin zai. Laister ikusi ere, basetxearen aldameneko baratzan loreei ura ematen ari zala.

        — Garai onean ator, Martin, —esan zion neskak irriparrez mutillari gerturatu zitzaion orduko.

        — Zer, ba?, —darantzuio era berean mutillak.

        — To... —ta landarean zintzilik zegoan larrosa gorri-mardul-usaitsu bat artu, musu eman, eta mutillari eman zion.

        Baño, azkar antzeman zion Martin'ek, bestetan ez bezelako zerbait bion artean gertatu zala. Zer zitekenik ezin igarri, baña, bai antzeman, neskaren begi urdiñak naigabe-lañoz lausoturik zeudela, ta zoritxarren baten eztenak, noski, biotza zulatzen ziola.

        Martin erretzen zegoan, zer gerta ote zan jakin-miñez. Biotzean burruka gaitza zerabilkian. Beste egunetako itz-jario goxo ua agortu zaie. Gaur, itz bat edo beste, gero ixil-une bat...

        Zuaitz lerden baten kerizpe atsegintsuan exeri dira. Amaika bider egon dira antxe bertan, gaur baño alaiago, etorkizunaren buruauste latzak amets urdiñetan itotzen...! Itxaropen-suak, bizitza-bideko arantzak ere, lore biurtzen baizizkien:

        — Gaur, bestetan baño illunago, kezkatsu, topatzen aut, Martin. Berri txarren bat jaso al dek-edo?, —galde-egin zion maiteki neskak.

        —Bai, zerbait bai zeukanat, eta etzakiñat zer. Beti bezin alai etorri naun ire ondora, ta bi zeru urdin ditun ire begiei begiratu zienat, eta arantza bat sartu zaidan biotz-muiñean. Juan dan aste onetan alako zerbait gertatu zaiñ iri, neska. Zergatik ez dian alik-eta laisterren aitortu gustia? Zer dala-ta, itzez estali nai den, gaxo orrek, ire begiok ain argiro desatena? Aitortu zaidan, bada, maite, orain bertan guzi-gauza...

        Eta bere bi eskuetan neskatillaren eskua artu ta estutuaz, maite-miñez josirik, esan zion:

        — Ez naun len bezela maite, ala? Beste norbait sartu ote den ba, len neretzako bakarrik unan biotz orretan?

        Orduan neska onak barruan zerabilkian burruka gogorraren berri eman zion, aitak esan zizkion itz garratzak garbiro azaltzen zizkiolarik.

        — Ori esan al din? Ez aiz i, ene kutun ori, neretzako, beraz?

        — Ez dakik euk ondo, ordutik-ezkero zenbat negar samin egin diatan, biotz-barru barruan aukat-eta... Ezin bertatik uxatu aut-eta.

        Eta negar ta negar zegian neska gaxoak.

        — Argatik izango aiz i nerea eta ni irea izango naun betiko uxatu-eziña den-eta gure maitasuna, illezkorra den-eta. Ez den iñor izango bere sua itzaltzeko, gauza. Txukatu itzan, ba, negar-malko oiek. Ez adi orrela estutu. Ire aitarekin biok egongo gaitun gaur bai, ta gure maitasun bizia, illezkorra adieraziko zionagu. Ire zoriona naiko din aitak, noski. Entzungo zigun, ba, ta gure naia azkenekoz beteko diñagu.

        — Ta ezezkoan gelditzen ba'zaiguk? Orduan zer...?

        — A...! Orduan... Orduan ere... Nai-ta-naiez i neria izango aiz.

        — Bai, ote? Polliki-polliki, gizontxoa, ni bizi naiken-arteraño, beintzat.

        Urdamuturra baño gorriago jarri ziran nes- ka-mutillak itz auek entzun zituztenean. Ba-zuten lotsatzeko aña izan ere, Jauregi-berri'ko jauna ber-bera antxe begiz-begi ikusten baizuten.

        —Entzun dizkiat ire azken-itzok, —jarraitu zuan irribarrez Martin'eri begira: Ederki, motell. Orrelako mutillak atsegin zaizkiak neri, bulartsuak, eragozpenen aurrean «jo ta kea» esanaz beti aurrerontz egiteko bularra dutenok, ez utsagatik uzkurtuta gelditu oi dituken alako mutil gazte ollook. Ederki, Martin: egingo nikek azkenean iretzat izan baietz nere alabaren esku zuria. Entzun zaidak eta jakingo dek nere asmoa:

        —Ba-dakik, eta ezpadakik jakin zak orain, nere alabaren senar egiten ba'aiz, ontzakurre pilla baten eta lur askoren jabe ere egingo aizela: gañera, jakiñan gañean egongo aizan ezkero, nere aurrekoak, eta neonek ere, izerdiaren izerdiz egindako ontzakurre gorriok eta lur eder oiek, utsean iñortxori emateko etzaukatela gogorik. Ez iñolaz ere: ez nauk oraindik ainbesteraño txoratu. Maitasuna ere bai, bear-bearrezkoa dek ezkontzarako, baña ontzakurreen dirdira ere aintzakotzat artzeko gauza deritzaidak. Augatik gure aurreko zaarrak zioteken : «Ire berdiñarekin ezkon adi, eta ondo izango aiz beti». Ara, bada, ona edo txarra, nere erabakia: Ogei ta amar eguneko epea ematen diat egun oien buruan, nere alabaren eskua artzeko lain aberaztasunen jabe egiten ba'aiz, iretzat izango dek bera. Baña, ogasunok ireganatzen ezpadituk, beste baten emaztea izango dek laister. Orra, jakiñaren gañean aurrez-aurretik jarri.

        Alperrik izan ziran mutillaren zergatiak, arrenak, eta neskaren antzi ta marruak ere, dana alperrik. Ua zan bere erabaki sendoa ta beteko zuan, bai ziñez.

        Mutilla Jauregi-berritik aldendu zan bezin laister, bele ega luze bat basetxe-gañean egaka agertu zari. Ama-alabak deadarrari eman zioten eta etxeko zokorik zokoenean izkutatu ziran. Alako bildurra sartu zitzaien biotzean egazti beltzaren bat-bateko agerpenaz. Ama batez ere, deabru beltza ber-bera begiz jo ba'lu bezelaxe, aitarenka ta otoizka asi zan: eta ez zion emakume gaxoak gau osoan senarrari pakean utzi Muxkin sorgiñaren biraoa erantsiko ez ote zitzaion, orduan agertu zan saguzar ega beltza, ta oraingo bele ega luzea, danak nastu zizkion senarrari, tarteka-marteka bildurrez airean ziolarik:

        — Ene..! Ez egitekoren bat egingo digu mutil orrek, ez degu atarramentu onik ontatik aterako...

        — Lasa egon zaite, emakumea, —erantzun oi zion senarrak—, sorginkeriak besterik ez dira oiek danak-eta. Gañera, okerrenera jota ere, zer egin lezaiguke Martin'ek gure kaltean? Ni ta gure bi morroiak oñen gañean gaituzun bitartean, aienatu zaituzu zure kezka bildurti oiek, etzaigu kaltezko ezertxo ere gertatuko-eta. Zer, ba? Ez al da nere erabakia bidezkoa? Gure alaba maite duala-ta, besterik gabe, gure aberastasun guzien jabegai, lau txanponen jabe besterik ez dan mutil ori egitera, beartuak ote gaude, ala?

        —Bai, gizona... Nai dezuna esango dezu zuk... Arrazoi osoa zurea izango da, bear bada. Baña... emen gauza onik ez dator. Ene bada! Iziar'ko Amak lagun gaitzala!

        Emaztearen bildur-ikarok azkenean senarraren biotzean eree bildur-dardaratxoen bat ez ote zuten sortu gero? Ametsetan edo erdi-lotan, —noletan eztakit—, baña, Alostorre'ko kanta zarraren alako bertso aiek aopean esaten somatu omen zuan beintzat emazteak gau artan:

 

                Alostorrea, bai, Alostorrea,

                Alostorre'ko zurubi luzea!

                Alostorrean nengoanean

                goruetan,

                bela beltza

                kua, kua, kua, kua

                leioetan.

 

 

IV

 

Arratsaldea zen oraindik, Martin'ek, Jauregi-berritik alde eginta, bideari laisterka eman zionean. Nora zijoan oartzeke, aurrera ta aurrera jo zuen. Otoitza bezela biraoa ere zerion aotik. Naigabeak eta asarreak ezaguera lausotu ziotela zirudian. Ua burruka zeraman gizajoak bere biotz-nastuan!

        Ibilli ta ibilli, azkenez izerdiak eta nekeak ernetu zuten, eta bee leloari utzirik, bide-ertzeko arri baten gañean exeri zan.

        —Baña, noruntz noa ni? —zion bere baitan—. Ez da au nere etxeko bidea... Ez naiz, arranopola!, gutxi ibilli. Baño... muño orrexen atzeko aldean ez dago, ba, Muskin sorgin zarraren txabola? Bai, noski. Noan beregana... Matazik nastuenak zuzentzen ta korapillorik estuenak askatzen trebea omen da. Berorrek zuzenduko nau arazo naspil onetan.

        Eta aruntz abiatu zan ausarki. Ta, ia sorgiñaren txabolaraño eldu zanean ordea, oroipen zerutar baten argi-izpi-dirdirak bat-batean, tximistak gau illunean antzo, biotz-illunpeak urratu zizkion zeraman bidearen okerkeria ikusi-azten ziolarik; eta tximistaren-ostean, trumoi-ots ikaragarria bezela, Jaungoikozko ots auxe argiro biotz-barnean entzun zuan: «Ez zak ori egin».

        Alabaña, etsai beltzari leen botzean leku geiegitxo artzen laga ziolako edo, ta berearekin irteteko seta biurriak, kate gogorrez bezela, naimena lotu ziolako noski, Jaunaren dei maitekorrari entzungor egiñaz, sorgin-txabolaren atea jo zuen.

        Berealaxe iriki zan atea, eta esan ere ez liteken atsorik itxusiena jarri zitzaion gazteari begien aurrean. Ua bildurra, orduan Martiñ'ek biotz ta ezurretan somatu zuena! Ez ote zan gero, inpernuetako etsaia ber-bera, atso txima-jario, sudur-luze itxusi ua! Atzera egin nai izan zuan, baña alperrik, berandu zan, atea, mutilla sartu bezin laister, morrolloz itxita gelditu zan-ta.

        Igarri zion sorgiñak noski, mutilla bildur zala, ta amona xamur baten antzera, maitez eta zurikeriz esan zion:

        — Zeren bildur aiz, gazte? Etziok iñoiz Muskin sorgiñak bere laguntza eske datorrenari kalterik egin.

        Eta mutilla maitekiro eskutik arturik sutondoko aulkitxo batean exeri-azi ondoren, itza ta pitza zeriola, jardun zuan

        — Gazte, zerk erakarri ote au nere txabolaraño? Ala-bearrak edo- maitasun-min zorrotzen batek, seguru aski. Alaxe etorri oi dituk geienetan i bezelako mutil gazteak. Dana dala, aitortu zaidak esku-artean darabilkiken arlo-ori bai, ta bion artean zuzenduko, diagu, zuzen-biderik baldin ba'zaukak, beintzat. Amaika mataza nastua baño nastuagoko arazo zuzendutako andre Muskin sorgiña ni! Ta orrexegatik bein baño geiagotan gorriak ikusitakoa! Izan ere, on-egiteagatik, latzak eta beltzak ikusten bizi bear du batek mundu gaizto ontan. Baña, besteren esamesak gora-bera, bost ajola neri! Orrexeri eskerrak: bestela...

        Era ontan, itz-jario goxoz eta koipekeri eztiz, ziaro limurturik eta lilluratuta laga zuan azkenerako gure mutilla atso zantar berritsu arrek. Orra, leen bildurrez uzkurturik zegoan Martin, orain pozaren pozez lerdena dariola, bere etsairik gogorrena zitzaion sorgiñaren uste osoa ipiñita! Ua atsoaren poza, gazte au Jauregi-berri'ko alabaren lenengo senargaia zala jakin zuanean!

        — Oraintxe ordainduko dizkiñat, ardi bat ere utzi gabe, aspaldiko nere zor guziak, —zion bere artean sorgiñak—. Gaiztoa, gaizto alena! Laister artuko den ire zigorra, bai ziñez. Oraintxe ezautuko den, berandu bederik, gaxo, orrek, ik ezetsi unan Muskin sorgin au, nor den jaiotzetik gorrotatzen naun ik: neonek ere, alako egun oroigarri artatikantxe, sorgin-biotz gogorrenak iñor gorrota lezaken lain, gorrotatze aut... Ez aukanat eorri nere eskuetan: ik geien-geien maite den mutilla ordea, nere mendean zeukanat. Orain arte ire maitasun unan auxe, ire lotsakizun zaikenan gaurtik.

        Txerren beraren burutaldia izan zan, noski baño noskiago.

        Dirua bear zuala mutillak Jauregi-berriko alabarekin ezkontzeko: gaur bertan diru oien jabe egin ziteken, nai izan ezkero, eta erraz alare.

        —Bai ote? Erakutsi zaidazu, ori irixteko bidea, arren bada, eta juango nauzu orretarako nere burua iltzeko zorian ikusi bear ba'det ere.

        — Burutsu ta ausartsu jokatzen ba'dek ire eskuetan dituk gaur bertan ontzakurre gorri oiek. Neuk emango nizkikek, ba'nitu, baña beartsu arlote bat besterik ez nauk, eta ezin. Baño, ezautzen diat nik norbait ire naia bete leizakakena. Orretarako eztaukak bide bat besterik kontuz eta arreta aundiz ibilli bearrekoa, baña segurua.

        Nola itz egiñ ote zion atso gaizto bezin azkarrak gure mutillari, ezta adieraztea gauza erraza. Martin, mutil on eta argia, era artaraño atzipetzeko (engañatzeko) eta alako gaiztakeriraño bultza ta eraman-azteko, itz guziak ezti ugariz eta koipekeri galantez igurtzi bearko, zituan, noski baño noskiago. Dana dala, sorgiñaren txabolatik Itziar'ko Elizaruntz jo zuan Martiñ'ek, beintzat, zuzen-zuzen.

 

       

V

       

Itziar'ko Andre Mari'ren eleiz-atadira illuntzean eldu zan. Eleiz-abeak irikita zeuden oraindik. Ez eleizan, ez inguruetan, iñor etzan ageri. Eleiztarrek ezpaizuan euskaldunentzat giltzik, gauez bakarrik itxi oi zuten-eta.

        Eleiz-barrura sartu ta Ama Birgiñaren irudi aurrean arkitu zanean, alako bildur zerutar batek estutu zion biotza, ta etzuan, zekarren asmo gaiztoa betetzeko, bularrik izan: atzeruntz egin zuan. Izan ere, ango ixiltasun santuak ta Andre-Mari'ren begitarte xamurrak mutil kristauaren biotzean kezka bizia sortzea, ez da arritzeko. Baña, bere maite kutunaren irudia ipiñi zitzaion bat-batean begien aurrean; griña gaizto baten suzko argiak lilluratu zuan; sorgiñaren itzak bizi-bizi buruan jarri zitzaizkion, eta inpernuko indarren batek bultzatuta, noski, laisterka aldare-gañera igo, Andre-Mari'ren urrezko koroi ederra artu, kolkoan al zuan bezela ezkutatu ta eleizatik atera zan. Inguruko bazterretara pixka batean begira egon zan: etzan iñor ageri, gertuan beintzat. Beraz, iñork etzuan ikusi. Ondo asi zan, bere usbez. Eta lasai-lasai, itxuraz, sorgiñak esan zion bideari ekin zion. Oso illundu arte toki ezkutu batean egon, eta laisterka bere bideari eman zion. Mendiz-mendi aurrera jo bear zuan: Itziar-aldetik urrutiratu, gau osoan jo ta jo. Gero, eguna argitzerakoan, berak jakingo zuan zer egin, eta nora jo berriz.

        Ibilli ta ibilli, atsedentxo bat artzeko ustean, lurrean zetzan enbor lodi batean exeri zan. Orduantxe ari zan eguna pixkaka-pixkaka argitzen. Mendi-buruen gaiñ-gallurretan alako argi-lerrotxo bat ageri zan lendabizi; polliki-polliki gero zabaltzen asi zan, eta azkeneko, eguzkiak, txinparta ta garra zerizkiola, bere arpegi dirdiratsua azalduz, lozarroan zirudian lurra esnatu zuan.

        Orduan Martiñ'ek ere, nun zegoan ezautu zuan argiro.

        — Baña nola liteke au? —zion bere artean arriturik—. Gau osoan izerdi patsetan goiak eta beak jo ditut eta oraindik ere emen arkitzen al naiz? Ametsetan ez ote nago, gero?

        Eta begiak igurtzi ta igurtzi ari zan gizaxoa begien aurrean zekusana (ikusten zuana) sinistu-eziñik. Ezin, ordea, egia ukatu; mendi-gañean garra zerion eguzkia bezin argi, ikusten baizuan, Itziar-alboko, muño batean arkitzen zan: antxe aurrean zeukan Andre-Maria'ren eleiza, bertan bart egin zun lapurreta lotsagarria Itziartarrei deadarka aditzera ematen. Laister erri osoan za baldu zan berri samiña: Itziar'ko Amari burutik urrezko koroi ederra bart lapurtu diote...!

        Baserritar, gizon ta mutil-gazte mordo, ederra bildu zan bereala eleiz-aurrean, eta lapurraren billa bazter guzietara sakabanatu ziran. Martiñ'ek nabaitu zuan, gizon pilloaren izkanbilla ta galduta zegoala etsi ere bai. Orduan, pekatarien Ama errukitsua degunaren altzo gozora, apalki ta negarrez jo izan ba'zuan, Pedro'k bezela, bere pekatu izugarriaren barkapena lortuko zuan, beintzat: baña, Judas'en antzera, bere gaiztakeriak barkapenik etzuala etsi zuan, noski, mutil doakabeak. Kolkoan zeraman koroiak, burni gorituak antzo, bularra erre ta kiskaltzen ziola irudi zitzaion, eta beregantik jaurti nai izan zuan: baño, alperrik, bere aragian itsatsita zeukan-eta. Lapurraren billa zetozenen zarata ta otsak gero ta urbillago naibatzen zituan. Bere burua ezkutatu-naiean igesari eman nai izan zion, eta ezin: oñak motelduta ziaro, indarrik batere gabe arkitu zitun.

        Larritasun artan zer egin? Estutasun artan nora jo? Bere billa zetozenen eskuetan bere burua jarri, bere gaiztakeria apalkiro aitortuaz?

        Asmo illun bat sortu zitzaion orduan bat-batian... Eta pentsatu ta egin. Gerrian zeraman eunezko gerriko luzea askatu, zuaitz baten gora igo, bere lepoa ta zuaitz-adar sendo bat gerriko-mutur banaz lotu, ta goitik-beera bota zuan bere burua.

        Illotzik, zuaitzetik zintzilik, arkitu zuten Itziartarrak andik laister. Auxe izan zan Martin gaxoaren bukaera negargarria. Urka-Mendi izenez deitzen omen diote oraindik ere askok muñoari.

        Orra, gaiztakeri bideari eman-ezkero noraño eldu liteken gizona, gaizkillea izan ez-arren, biotz-irritsak ezitzen ez ba-ditu.

        Aitonak ipui au amaitu oi zuan eran, egin nai dizutet nik ere.

        — Umetxoak...! Ez aaztu Martiñ'en eriotza bildurgarria. Irurogei ta bi urte aundi ba-daramazkit bizkar-gañean, baña, umetan, nere amona Mantoñi zanaren aotik jaso nuan-ezkero, gogoan euki izan det beti.

        — Aitona, —esan zion, orduan amar urteko mutiko musu gorriak erdi-negarrez: —Beraz, Martin inpernuan erretzen dago orain, gaxoa!

        — Ez dek egongo, ba?, —erantzun zion amabi urteko arrebatxo poxpoliñak: —Andre Maria'ri koroia ostu ta bere burua urkatu zian-ta.

        Entzun..! —jardun zien aitonak—: azkeneko asnasetan zegoala bere pekatu astun guziaz maite-damuz benetan damutu ezpazan, inpernuan dago seguru baño segurugo. Guk, ordea, ez jakin ori. Jaungoikoak daki orixe. Zuek saia zaitezte beti bide onetik, zeruko bidetik ibiltzen, bai, ta etzaizute Martiñ'ena gertatuko. Ua ere, sorgiñ gaiztoarengana jo bearrean, erriko apaizarengana edota bere gurasoengana zuzen-zuzen arratsalde artan joan ba'zan, ala ilko zanik, ez det uste. Lagun gaiztoekin ez beñere ibilli, umetxo maiteak, eta ez joan laguntza-eske sekulan oiengana. Izan beti Jaungoikoaren bildur santua, eta etxean ta eleizan ikasitako agindu zerutarrak maitasunez betetzen alegindu beti. Bide ortatik joango zerate Zerura, beti-betiko atsegiñetara.

        —Amen, —erantzun genion danok, aitonaren jardun ederrari.

        Orduan aitonak umetxoei musu luze bana emanaz esan zien:

        — Orain lo aundia egin, eta aingerutxokin amets-egin...!

 

 

© Luis Jauregi, Jautarkol

 

 

"Jautarkol / Ipuiak" orrialde nagusia