Itz-Aurre-Gisan

 

Agur, Irakurle: Ainbestexe urteen ondoren, ba-natorkizu berriro. Kontu-kontari etorri ere. Eginkizun jatorra apaiz batentzat —diozuke zure baitan. Ara, ba: batere lotsakizunik gabe natorkizu oraingoan, beintzat. Pulpituan apaizak ainbat egi mardul, esango baidizkitzute nere aitonak, Erramon gudariak eta Joxepantoni amonatxoak.

        Euskera erraza erabiltzen alegindu naizaizu. Alare, zure errian esaten ez dituzuten itz bat edo beste arkituko dezu. Liburu guzietan, —euskerazkoetan bezela erderazkoetan ere—, gertatuko zaizu orixe. Ekin irakurtzen bai, eta gero ta errezago irakurtzen dezunaz jabetuko zera. Nekerik gabe ezin liteke ezer ikasi, ta ikasi gabe, ezin zerbait jakin.

        Nere liburutxo ontako lenengo ta bigarren ipuiak, 1924'garren urtean, argitaratuak ditut, Intza'r Damaso Aita Kaputxino euskal jakintsuaren itz-aurre maitekor batekin. Nereganako maitasunak esan-erazi zizkion beste goralpen askotxoren artean, auxe zion orduan Damaso Aitak:

        "Or dezu, ba, euskalduna, gure euskal-iturriak ematen duten urik garbienetakoak. Euskera garbi, baño erraza. Euskal-esanera berarizkoa ta erritarra; baño irudimen bizi ta sutsuak biziaz betea".

        Ipuiak zeritzan nere liburutxo ua, aspalditik agorturik zegon, eta ba-ziran gure artean, berriro beren eskuetan ikusteko irrikitzen zeudenak. Ona, ba, emen, orraztu ta txukunduta, lengokoaren antzeko, baña dotorego, ta soñeko berriaz jantzita, zar-zimurrik gabe, zearo gaztetuta. Erein maitasunez ipuiaren ordez, Andre Joxepantonirena damaitzut oraingo liburutxo ontan. Au nik asmatua baita, ta beste ua erderatik euskeratutakoa baizan. Beraz, gaurko iru ipui auek, nereak dituzu, Urka-Mendi'ren gaia Arakistain'renarengandik artutakoa ba-da ere.

        Nere iru lantxo auek atsegin ba'zaizkitzu, berriro ere, beste auen antzeko batzuekin etorri natzakizuke. Euskaldun guzien artean gure Euskera gaxoaganako maitasuna zabaltzea baita nere gogorik biziena. Euskera euskaldun guziena da, ta Jaungoikoak Euskal- -Erriari eman zion mesederik aundienetakoa. Euskeraren eriotzik ez du Jaungoikoak nai, Berak eman zigun izkera ederra euskaldun guztien ezpañetan erabiltzen ikusi nai du. «Euskerak burua jasotzea, Jaungoikoak nai du» utzi zigun idatzita Aita jesuita Kardaberaz santuak. Beraz, gure izkuntza garbia iltzen ba'zaigu, euskaldunen erruz ilko da. Gañerako esameza guziak, aitzaki lotzagarriak besterik ez dituzu. Euskaldunak nai ba'degu, Euskera piztuko da, indartuko da ta mundua, mundu dan artean biziko da. Alaxe izan dedilla.

 

Urrestilla'n 1963'gko. azaroaren 3'an

JAUTARKOL

 

 

© Luis Jauregi, Jautarkol

 

 

"Jautarkol / Ipuiak" orrialde nagusia