VII
HAR-ZAK IZAAK
(Etor. XXI, 1, 13
XXII. 1, 2)
(Su handi baten ondoan:
Zara, burua belaunen gainean lokartu zaion mutikoari fereka.
Abraham suari beha).
Zara
Abrahami nork erranen zion
Amatzeko nindakela ni on?
Hara orai nere haurra gizon:
Xaharrean aitak zer zorion!
Kantariekin
Bihotzaren altxagarri
Seme bat zait sortu neri.
Ikastean berri hori,
Egin dautet denek irri.
Zara
Ximurtuak nituen eskuak
Bihotz argiz begiak hustuak;
Hara orai haurraren musuak
Gaituela aitamak piztuak.
Kantariekin
Bihotzaren altxagarri
Seme bat zait neri.
Ikastean berri hori,
Egin dautet denek irri.
Zara
(Abrahami)
Igor-azu Hagar neskatoa,
Igor ere haren mutikoa.
Hak ez dezan deus parterik izan
Zure izen eta izaitetan.
(Abrahamek hitzik ez.
Kantariek, aho hetsirik, kantu).
Abraham
(xutitzen da eta, besoak altxatuz, Jaunari mintzo)
Zuk eman Semearen
Funski maitatzeko,
Egin behar ote dut
Bertzeari uko?
Izmael ere, Jauna,
Zuk nuen emana:
Hunen zorigaitzak daut
Jaten zoriona.
Jainkoa
Ez zazula gaizki har Zararen galdea:
Utz Hagar neskatoa, utz haren semea.
Zu ganikako jendea Izaaken seme;
Bainan Izmael ere gaitzeko gizalde.
(Kantariek, aho hetsirik, kantu; edo musika).
Abraham
Bihotzean ezin bizi bi amodio;
Baten maitez bertzeari diot adio;
Doanaren bihotzminak kentzen baitio
Dutanari bai atsegin bai bozkario.
Kraskatzen daut tirabirak orai bihotza:
Zoriona minez baizik ezin nik goza.
Ai, nik jasan bihotz minen gaitzaren gaitza!
Zuk hitzeman gizaldeak sor araz bitza.
(Kantariek, aho hetsirik, kantu; edo musika).
Zara
Abrahamek badu ondokoa:
Zoin argia du orai geroa!
Lano gabe xahartzerat doa:
Bai, hitzekoa izan du Jainkoa.
(Kantariek, aho hetsirik, kantu).
* * *
Kantariek
Ager ditela begira gauden
Lurreko Jainkosemeak,
Zeruko argiz eta indarrez
bihotz-gaindika beteak,
Abraham
Nola daiteke lurretik nihor
Jaun Goiko seme bilaka,
Zainetan eta bihotz barnean
Lur huntakorik badauka.
Kantariek
Kraska ditela mendi buruak
Erraustuz arrail arkaitzak,
Goiko argiaz bertze guziez
Huts ditela huts bihotzak.
Abraham
Argi dirdiran Jaun Goiko seme
Betikotz diten bilaka,
Su-mendiekin denak ditela
Bihotz-barnez huts goitika.
Kantariek
Uhainez uhain bota bezate
Olarro beltzek pozoina,
Gizon bihotzek bota ere bai
Beren baitan on ez dena.
Abraham
Jaun Goikoaren Izpiritua
Bihotz barnetan sar dadin
Eta guziak diten betikotz
Jaun Goikoaren haur egin.
Kantariek
Udaberriko loren ihintza
Goiz-argiari ke-lano:
Gizon bihotzik ezin nehoiz hel
Jainkoaren garbiraino.
Abraham
Lurreko amek, lurreko aitek
Zeru-alderat dei egin,
Amodioa zuen umetan
Goi-goieraino hel dadin.
Jainkoa
Abraham! Abraham! Goikoaren gizona.
Abraham
Hemen nauzu, Jauna.
Kantariek
Zuri buruz mendiak burua xut dauzi;
Zuri buruz uhainek orro eta jauzi.
Abraham
Ni ere Jainko Jauna,
Zurea naiz: huna.
Kantariek
Xoriek zuri sistu, itsas-aizek oihu;
Bihotz guziak beude zuri dena kantu.
Abraham
Ni ere, Jainko Jauna,
Zurea naiz: huna.
Kantariek
Gau eta iguzkiak, su eta galernak
Zure nahi sainduan badabiltza denak.
Abraham
Ni ere, Jainko Jauna,
Zurea naiz: huna.
Jainkoa
Har-zak
Zure semea, zure bakarra, Izaak
Eta zoazi Moriah alderat,
Eskainiz hil dezazun han,
Erakutsiko dautzutan
Mendi baten gainean.
(soinu)
* * *
Abraham
(Kanpoko batzueri)
Hemen astoarekin zaudezte
Gu etorri arte.
Haurra eta biak bagoatzi hantxeteraino.
Jainkoari ahuspez egonen gitzaio
Eta berriz zuetarat itzuliko.
Kantariek
Zu ere ote Jauna, Jaun ikaragarri,
Ortzi bezala zare odolez egarri?
Zuk zer irabazia,
Kentzean bizia?
Gaztearen irria zuretzat ohore:
Begi eta loreak hil-eta zer dire?
Zuk zer irabazia,
Kentzean bizia?
Ondokoak hitzeman, zergatik, zertako?
Seme bakarra hola garrazki kentzeko?
Zuk zer irabazia,
Kentzean bizia?
Kantariek
Eskain duela zuri Jainkoa
Munduan diren guziak:
Hilez ditzala denak zutara
Zu ganik duten biziak.
Bai egiguzu nahi bezala
Nahi guzien galdea,
Bainan ez galda, ez otoi galda
Aitari bere semea.
Agor ditela iturburuak
Itsaso eta ibaiak.
Erre ditela oihan zabalak,
Larre bilaka zelaiak.
Bai egiguzu nahi bezala
Nahi guzien galdea,
Bainan ez galda, ez otoi galda
Aitari bere semea.
Zimel ditela ostoak eta
Eihar ditela loreak.
Eror ditela lurrean hil-hotz
Hegaztin eta abreak.
Bai egiguzu nahi bezala
Nahi guzien galdea,
Bainan ez galda, ez otoi galda
Aitari bere semea.
© Xabier Iratzeder