II
ZARAI ETA HAGAR
(Etorki II, 29, 30
XII, 1, 5)
(Ezker: Zarai jarririk, oihai zerbeit eskuetan
Eskuin: Hagar, ogi-bihiak ehotzen ari).
Hagar
(Kantuz)
Maiatzian gaba labur:
Hiruretan argia.
Zarai
Ai! hi beti kantuz, Hagar;
Eta nik bihotzean nigar.
Hagar
Zer ba! Zuk, Zarai Abramen anderea,
Haran-herriko lorea,
Zuk nigar?
Zer nuke nik egin behar?
Zarai
Ai! gaixoa,
Xoroa haiz, xoroa.
Hagar
Alaintxo! ni Ejiptziano dohakabea
Merkatuan lau sosetan erosia...
Zu etxekandere paregabea
Kaldear guziek goretsia.
Zarai
Ixil, neska, ixil Jainkoaz!
Laudorioka ez handiaraz
Nere mina.
Bai badut ontasun, badut ere fauna
Bainan haurrik ez.
Hogoi-ta-hamar urte nagola nigarrez:
Jauna bai, haurrik ez...
Nori erran, nori aipa nere mina?
Zu bederen Hagar bihotz on-ona,
Nere minaren minez
Egon doi bat nerekin auhenez.
Hagar
(Kantuz)
Ai! Zarai, ai! Zarai,
Jauna bai, haurrik ez.
Ai! Zarai, ai! Zarai,
Egon bai, nigarrez.
Zarai
Ez ote dut atxikiko ttikiñorik besotan:
Haren begian, haren irrian,
Begiak argi zaizkitan.
Hagar
Ai! Zarai, ai! Zarai...
Zarai
Noiz ote dut sentituko haur bihotz bat ni baitan?
«Amatua naiz, amatua naiz»
Alegeraki diotan.
Hagar
Ai! Zarai, ai! Zarai...
Zarai
Ez duket ba xahartzean nere haurrik ondoan,
Azken nigarrak xukatu-eta
Nere begiak hets ditzan.
Hagar
Ai! Zarai, ai! Zarai,
Jauna bai, haurrik ez.
Ai! Zarai, ai! Zarai,
Egon bai nigarrez.
(Mintzatuz)
Andre, nik uste,
Eginen dautzute
Auhen horiek kalte.
Zarai
Ez, Hagar, husten dautate
Barneko mina
Min ezin jasana.
Hagar
Minak aipatuago eta handiago.
Zarai
Ez. Abram aita ez deno,
Gero ta geiago
Ene mina min dago.
Hagar
(Kantuz)
Ai! Zarai, ai! Zarai...
Zarai
Noiz eginen ote dauku seme batek noiz irri,
Bien bizien, bien bihotzen
Paregabeko lokarri.
Hagar
Ai! Zarai, ai! Zarai...
Zarai
Noiz behar zait amatuen zoriona etorri?
Ai! nitan banu amen bizia,
Abramtar baten pizgarri!
Hagar
Ai! Zarai, ai! Zarai...
(Adar-soinu luze bat)
Zarai
Abramen adarra ote?
Hagar
Bai, andre.
Zarai
Fite, fite!
Ura eta gaineratekoak nun dire?
Ez nau ikusi behar
Begitartea dena nigar.
(Hagar-ek pegarretik ura hartzen, nunbeitik usain gozoak eta oihalak).
(Andrea laguntzen duelarik):
Alta! nausiak badaki
Zure minaren berri.
Zarai
Ba... Badu berak minik aski:
Etxeratzean, zor diot begitartean irri.
O! ilunpean gaitun ere.
Hagar
Berehala, andre. (argi-keta doa).
(Argiarekin heldu deneko, huna Abram).
Abram
(Kanpo alderat mintzo)
Bai, sarri arte, Eliezer.
Zatozte, Lot itzuli bezein laster.
(andreari mintzo):
Agur, agur, Zarai.
(Bieri):
Bakarrik zaizte?
Zarai
Bai
Eta zu non zinen orai arte?
Abram
Gauza izigarriak
Ikusi ditut egun,
Ikusi eta entzun!
Ene begi beharriak!
Zarai
(Hagar-ri):
Utz argia hor eta
Hail egur-keta.
(Abrami):
Zer gertatu da kanpo hoitan?
Abram
Ez duzue hemen galernarik entzun?
Zarai
Ez, dakitanaz segurik, ez.
Abram
Gu, Ur aldeko oihanetan
Zaldiz ginabiltzan
Eta, tanpez,
Egundainoko galerna piztu.
Nahitez
Behar izan dugu gelditu.
Iragaiten ikusi ditugu hor Ortzi-en apezak,
Apez errabiatuak.
Heien dantzak,
Heien kantuak!
Heien orro eta irriak!
Heien odol-ixurtze izigarriak!
Ortzi ez da jainko, Zarai.
Zarai
Gain-gaineko Hura
Jainko bakarra.
Abram
Zorigaitzez orai
Galerna, izar, abere, harri
Denak dauzkate jainko.
Jainko Jaunaz beraz nor da sarri
Orroituko?
Fededun jende bat, fededun gizalde bat behar laite
Izan dadin munduan
Jainkoa baitan
Mendez mende sineste.
Zarai
Eta guk... semerik ez.
Abram
Jainkoarentzat ezin-eginik ez.
Haran gaineko haitzetan
Iragaitean,
Entzun dut gaur Jainkoa
Entzun haren mintzoa.
Kantariek
Atera
Zure herritik
Ahaiden artetik
Aitaren etxetik.
Atera, atera
Eta joan
nik erran
Lur-aldera.
Eginen zaitut herri
handi eta aipagarri.
Zure izena eginen dut izen handi
Eta ongi guzien iturri.
Zuri ongi ari denari
Nik ere ongi
Zuri gaizki dabilanari
Nik jo garrazki.
Munduko herri guzieri
Zure izena on-iturri.
Zarai
Beraz... zer egin gogo duzu?
Abram
Joan, joan.
Jainkoak deitzen duenean
Joan behar da joan.
Ez zaitzu?
Zarai
Bai. Jainkoa Jainko.
Abram
Eta harek hitza atxikiko.
* * *
Zemeida
(Kanpoko aldetik norbeitek):
Ep! hela!
Abram
Aintzinat, Zemeida.
Zemeida
Galdetu bezala
Huna nun gauden.
Zer berri da?
Abram
Herritik banoala.
Zemeida
Zer!? Zu, Thera zenaren premua,
Aitaren etxea uzten?
Ekimel
Zer? Zu, Abram, etxeko-jaun aipatua,
Haranetik joaten?
Abram
Bai, artaldekin
Eta etxeko guziekin.
Zemeida
Bainan zergatik ihes egin?
Abram
Badaki Zeruko Harek zer ari naizen
Eta hortan gauden.
Eliezer-ek partituko dauzkitzue
Bazter hautan nituen bazka tokiak
Eta iturriak.
Ekimel
(Eliezer-i)
Nausiarekin zoazi zu ere?
Eliezer
Abram Thera zenaren seme izanen deno
Norat-nahi jarraikiko nitzaio.
Abram
Milesker,
Eliezer.
Zemeida
Horiek hola, Jainkoak gau on!
Zarai eta Abram
Bai zuri ere.
Abram
(Lot-i)
Zu istan bat egon:
Mintzatu behar gare.
Zer diozu?
Lot
Badakizu
Aspaldidanik
Toki-berri gosea
Dutala nik
Eta, geldi-arazi ez baninduzu,
Aspaldi hartuko nuela urruneko bidea.
Abram
Lot, nere iloba maitea,
Urruneko goseaz bertzerik
Nerabila abiatze huntan.
Lot
Badakit fedeko gizonetan ez duzula parerik
Eta Jaunaren nahiak zerabiltzala urrats guzietan.
Ez dut arrotz, haatik, nik ere
Jainkoaren gosea.
Osaba, zure nauzu, bai zure:
Zurekin hartu gogo dut Jaunak erran bidea.
Abram
Goazen ba Jainkoaren grazian.
Lot
Eta gauden bat bizi guzian.
Kantariek
Atera
Zure herritik
Ahaiden artetik
Aitaren etxetik.
Atera, atera
Eta joan
Nik erran
Lur aldera.
© Xabier Iratzeder