Euskaldunen ipuin berriak
1
Denpora asmatu zen baino
lehenagoko gizona ei zen,
ta, ipuinek diotenez,
argia asmatu nahi zuen.
Mendetan jardun ziren
haren matxinoak,
haren auspoak,
haren labeak
pentsamentuaren burdinari
txinpartarik atera gabe.
Bainan jo ta jo.
Gizon gotorrak
ez zuen etsi nahi.
Deseoen potzutik
karreiatzen zuen ura,
grinaren basotik egurra.
Desespero gorrienean ari zela,
jo ta jo,
matxinoen moskorrean
mila zatitan aidean
apurtu zen lantegia.
Ta argi izpi izarrez
argitu zen gaueko zerua.
Egun hartan hil zen, ordea,
pentsamentuaren ola gizona.
2
Euskal ola gizonak,
antzinate zaharrean,
sua ta kea apartatzen
saiatu ornen ziren.
Su garbia behar zuen
euskal lantegien suak.
Sorginek asmatu alako
metodo guztiak
enplegatu zituzten, alferrik.
Milaka ola gizon
gelditu zan itsu,
milaka eskumotz,
kiskalduta milaka,
bainan ez zuen inork etsi.
Egun batean,
metodo berri baten
entseiatzen zeudela,
sua itzali egin zitzaien.
Lantegitik irtetzeko atea
asmatu ezinda zeudela
esan zen orduan.
Espeleologoek diotenez, ordea,
sua ta kea apartatzen
enpeinatzen dira oraindik
euskaldunak...
3
Behinola Euskal Hernian
Heriotzea jaio zen.
Inork ez daki noiz,
eta bataioko partidetan
ez dut kausitu
ito beharrez
bataiatu egin zuen
deabruaren izenik.
Mutil bikaina zen Heriotze.
Mendi leize izkuturen bat
zuen aterpe,
ibar osoan
ez zitzaion inor oldartzen.
Batzarra bildu zenean
larri bezain alferrik agertu ziren
herri izutuaren protestak
Heriotzearen herio eske.
Gure demokraziak
ez zuen agindu
desterrurik ere
ez dakit nundiko aitor-seme zela-ta.
Bazterretan ez zen hitz bat entzuten,
iziak bete zituen ibarrak.
Heriotzek irribar egin zuen,
goiko mendi kaskotik.
Hurrengo urtean Batzarrera
ez zen presentatu Heriotze besterik.
Hori bai, guztiz demokratikuki.
4
Euskal Herria
ez zan beti pobre izan.
Gauza harrigarririk topa dut
kronika zaharretan.
Bainan kondairagile guztiak
bila zebilzkion pergaminoa
bezelakorik ez inoiz:
Bizitzak Bordelen euskaldunen kontra
egindako hauzia.
Munduko beste edozein gizon
bezain gizon ginan euskaldunok
lamina zitalen batek
iturriak pozoitu zizkigun arte.
Testiguek ez dute
pozoiaren argitasunik eman ahal.
Bainan denek aho batez aitortzen dute
ur edan orduko bereganatzen duela edonor
gaitz misteriozko harek.
Eta gizonak jartzen ziren dardaraz
zikindu bildurrez, eta andreak
garraxi bateko leher zorian
hodeietan pipi hauts bat igarri orduko.
Haurrek ez zuten ezer jan nahi,
desjatearen bildurrez.
Egun osoan leizeetan gelditu ziren
aiton-amonak, kuzkurturik.
Horman errainuak ere izutzen baitzituen,
ez zuten pizten surik.
Gazteek ez zuten eskurik
patrikatik atera nahi, zikinik ez ikutzeko.
Zikinaren izu amorratuak
kiskaltzen zituen euskaldunak.
Eta bizitzak hauzia jarri zien
euskaldun gajoeri.
Letran-go Batzarrak gudu santua
erabaki zuen euskaldunen kontra,
eta kataroak zirelakoan
Bordele-ko Inkiziziora ekarri zituzten,
zahar eta gazte, euskaldun guztiak.
Euskal herriak hutsik gelditu ziren,
haur-min zen emazteren bat ezik.
Ez zen gehiago eilorrera
ganadurik etorri.
Ez zuen bizitzak ezer irabazi:
Inkiziziotarrek ez ginuzten erre,
sua baino garbiago geunden.
Huraxe disgustoa euskaldunentzat!
Heriotzeak ere ez zuen ikutu nahi
bizitzak ezin ikutu zuena.
Hau da pergaminoek dakarten kondaira.
Gero dekreto bat edo beste
inportantzia gabeko, eta finean:
behinere urik edan gabeko
euskaldunik topatzen bada,
zikinaren bildurrik ez duena,
egin bezate apezpiku ta nagusi
fedea ez dedin erabat galdu.
Firma irakur ezinak, eta zigulua.
5
Gure ama gaixotu zenean
Tolosa-tik ekarri genuen osagilea.
Galestia bezin ona bazen
ez zen ama hilgo behintzat.
Ez makala galantzia gurea!
Ez omen zen larritzekorik
esaten zuen,
bainan baezpadan
osagairik munduko hoberenaren
bita joan zitzaigun.
Hala abiatu zen
Donostian, Madrilen, Europan,
Amerikan ta Mozkun.
inoiz Pekinen ere, entzun denez,
osagaiaren bila.
Bitartean, ez baitzen larritzekorik
bainan baezpadan,
kamamila katilutxo bat,
eta jarabe txurrut batekin,
eta Ama Doloretakoari
hiru abemari gabero esaten
jardun ginan.
Osagilearen berririk jakin gabe
joan ziren hilak.
Bihotzekoa zen gaitza.
Heldu zitzaigun noizpait,
ta osagairik hoberena zekarren,
jakintsurik azkarrenak
propio gure ama osatzeko asmatua.
Bai propio osatzeko.
Bainan berandu,
ez baitzan
hildakoak hilberritzeko.
6
Hasarre ziren anaiak.
Aitonaren aitonen lehenagokoek
egindako etxabola zaharraren habeak,
ustelduta baizeuden,
teilatua kraskatu egin zen
udaberriko edurtearekin.
Esan zuen batek hobe zela
ibai ondoan berria egin,
bainan ez zioten aintzat hartu.
Gazteena baitzen.
Teilatu zaharra konpontzea
aski zela erabaki zuten,
eta hartan hasi ziren,
Anaia zaharrenaren gustoak
ez zuen hurrengoa kontentatzen:
haritza hobe pagoa baino.
Hirugarrenak eskubirago jarrita
hobe legokela zeritzan,
ez zitzaion hurrengoari
erreparoren bat inoiz falta.
Ezin inolatan ados jarri.
Eztabaidan joan zitzaien udaberria,
errez ahaztu zuten udan teilatu premia,
udazkenean berriz sesioa.
Alferrik zion gazteenak
hobe zela berria egin.
Hartan gaineratu zitzaien negua.
Beltza duk negua mendietan.
Bela zaharrak ere
ibar zokoetan izkutatzen dituk.
Bisutsa hasi zenean
hasarre ziren anaiak berriro.
Baina nola ez duen
hasarreak teilaturik jasotzen
neguak jan zuen euskal artaldea.
7
Gazte hazkarrak ziren haietxek
euskal herrietan inor hazkarrik ezagutu bada.
Elkartu ziren hotelen baten puntako puntaren batean
eta han erre zituzten orduak
ezerezaren zer-izana ta zer-izanaren ezereza maixeatzen.
Hura bezalako filosofiarik
ez du bazterretan kristauak barrunta.
Eta hala harmaturik erabaki zuten
Euskal Herria salbatu behar zutela.
Erremedio harekin instant batean
osatuko ziren gaitz guztiak.
Halakoxeak baitzituzten izan ere
asmoak asmatu!
Abiatu dira eskaileratan behera
plan izugarri haiek eztabaidan,
ez ta ez ta ez ta ez,
ta bai ta bai ta bai ta bcü,
eta eta eta,
esku ta gorputz osoarekin argudioka,
arrazoi ta desarrazoi zarrapada zeriela.
Arranetan! Akordatu ziren halako batean
jetxi ta jetxi arren
ez zirela inoiz kalera jeixten.
Nola demonio!
Gorako eskailera automatikoan zebiltzan,
behera nahita.
III
© Joxe Azurmendi