Nora

 

Zer egingo zuen orain

txalopatxoak

itsasoa hustu da-ta?

txalopa txalopatxoak.

 

Sikatu zaio sahetsetako

dirdai lizuna.

Aspaldian egon zan txalopatxoa

beti egon, plaian erorita.

Txori zuriak

pasatzen ziranean

zerua kurbatu gabe

aidean.

 

Mendi gainetan

gelditu da eguna.

Ibarretan gelditu da

eguna, gizarte hau, ibaiak,

bideak. Nora ote doan

eguna. Egun triste bat,

egun denak bezala

triste, egun argiz bete

oso tristea plaian erorita

eguzkitan sikatzen.

 

Plaian erori zan eguna,

gizarte hau, neska itsu bat,

maitasuna, geroa,

eta nire zerua.

 

Itsaso dena sikatu zan

eta nik ez dakit,

txori zuriak

argia kurbatu gabe

doazenean,

zein esperantza daukan

oraindik gure txalopatxoak,

egunak, ibarrak,

zure ta nire zeruan.

 

III

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia